Deklinabide-printzak

Alfontso Mujika Etxeberria

Blog honetan maiz plazaratzen diren gai potolo eta hainbatetan soziolinguistikoak ikusirik, ia lotsagorritu egiten naiz nire gai ñimiñoekin agertuta, baina —Xabier Letek kantatu zuen bezala— Fidel Castro izateko ez bainintzan jaio, txikikeria horietako batzuei helduko diet oraingoan, ordenagailuaren pantailak begi aurrean pausatzen dizkidan testuetan behin eta berriro agertzen diren kontuak baitira.

Lehenengo txikikeria: nola deklinatzen dituzu kontsonantez amaitzen diren leku-izenak, hala nola Gasteiz eta Eibar? Gasteizko eta Eibarko ala Gasteizeko eta Eibarreko? Gasteiztik eta Eibartik ala Gasteizetik eta Eibarretik?

Sistematikoki hautatzen duzu molde bat ala unean-unean erabakitzen duzu?

Jakina da bietara ondo dagoela. Euskaltzaindiaren gramatikan (EGLU I) argi eta garbi ageri da bi aukerak zuzenak direla, eta Eibar(re)tik Bilbora 50 km inguru daude. Eibarr(er)a joateko bide erosoena autopista da adibideak ere ematen dira han.

Nik, sistematikoki, –e epentetikorik gabeko aldaerak erabiltzen ditut: Gasteizko, Eibartik

Eta, jakina, ez naiz bakarra: hori da joera nagusia, Google orojakilearen arabera:

Gasteizko: 2.910.000 agerraldi; Gasteizeko: 231.000 agerraldi.
Eibartik: 24.700 agerraldi; Eibarretik: 2.300 agerraldi.

Hala ere, adlatiboekin (NORA, NORANTZ, NORAINO) ez naiz ondo moldatzen –e epentetikorik gabeko formekin (ahozkoan bai, baina hori beste kontu bat da: etxea ere esaten dut, baina etxera idatzi) , Gasteiza, Eibarraino… , eta epentesira jotzen dut, Gasteizera, Eibarreraino…, nire koherentzia-nahiari zaplatekoa emanda.

Zaplatekoaren eztigarri, Google daukat:

Eibarrera: 51.700 agerraldi; Eibarra: 1.360 agerraldi.
Gasteizera: 146.000 agerraldi; Gasteiza: 14.200 agerraldi.

Badut esperantza (urruna), inkoherenteok % 90 baikara, noizbait inkoherentzia estandarizatu eta arau bihurtuko dela (dutela dagokienek).

Hala ere, ohar bat: kanpoko leku-izenetan kasuistika oso zabala da, eta, nahi izanda ere, epentesirik gabeko moldea ezin da beti-beti erabili: Londresko eta Paristik gisakoetan bai, baina, amaieran bi kontsonante daudenean, nekez erantsiko dugu hirugarrena. Horregatik, New York(-)eko, New York(-)etik (New Yorkko, New Yorktik???) eta abar (saiatu, adibidez, hauekin: Burgenland, Txerepovets, Vorarlberg, Halytx… Eta badira amaieran hiru kontsonante dituztenak ere: Novokuznetsk, s-Hertogenbosch…). Halakoetan, koherentzia-nahiari beste zaplateko bat emanda, epentesira jo behar izaten dut (gehienetan, marratxoa tartekatuz): Burgenland-eko, Txerepovetsk-etik, Novokuznetsk-eko, (eta, amaieran kontsonante bakarra izanik ere, euskaraz guztiz arrotzak gertatzen diren kontsonante-elkarketetan ere epentesira jo behar da ia ezinbestean: Volvograd-eko, Vladivostok-etik…)

Bigarren txikikeria: nola deklinatzen dituzu Usurbil eta Baztan? Euskaltzaindiaren gramatikak, deklinabide-tauletan, ez ditu kasu horiek berariaz aztertzen. Horrenbestez, ondorioztatu behar genuke Usurbileko zein Usurbilko eta Baztaneko zein Baztanko formak zuzenak direla; baita Usurbiletik zein Usurbiltik eta Baztanetik zein Baztantik ere.

Hala ere, denok dakigu –l eta –n ondoren–d bihurtu ohi dugula berez –t dena. Euskaltzaindiaren gramatikaren tauletan ageri ez bada ere, hau dakar, ohar gisa, Euskal gramatika laburrak:

Hor ditugu Usurbildik eta Baztandik. Zalantzagarriagoa da Portugal-en kasua eta oro har Euskal Herritik kanpoko geografi izenen kasua: Portugaldik, Portugaletik; Afganistandik, Afganistanetik. e.a.

Eta, deklinabide-tauletan ez bada ere, honela dio Euskaltzaindiaren gramatikak (EGLU I) adlatiboari buruzko atal orokorrean (1.4.7), kasuaren markari buruz ari dela:

(…) Berebat leku izenetan: Maulerik diote euskalki batzuetan; gehienetan, ordea, Paristik, Eibartik, Zarauztik… , baina Lyondik, Zeraindik, Usurbildik, Zizurkildik; Madrildic, dio Mendiburuk. Hauetan, haatik, Parisetik, Eibarretik eta abar ere onartuak ditu Euskaltzaindiak.

Zer ondorio atera hortik? Nik ulertzen dudan moduan, adierazi nahi da leku-izenetan halakoetan ohikoa dela –tik atzikiaren ordez –dik forma erabiltzea: Usurbildik eta Baztandik. Nik, sistematikoki, hala jokatzen dut: Usurbildik, Baztandik, Andoaindik, Muruzabaldik, Azkoiendik

Eta Euskaltzaindiak oharrik egin ez duen leku-genitiboan (NONGO), zer? Usurbilgo elizaren hormak eta Baztango bazterrak kanta gogoangarriak gogoan, –l edo –n letraz amaitutako leku-izenetan –go bihurtzen dut sistematikoki berez –ko den atzizkia: Usurbilgo, Baztango, Andoaingo, Azkoiengo, Barañaingo, Aizarnazabalgo, Muruzabalgo, Santsolgo…

Bada, hala ere, ohar deigarri bat Euskaltzaindiaren 150. arauan (Arabako herri-izendegia) Asparrena herri-izenari buruz (erreparatu azken lerroari):

Gogoratu behar da Asparrena izenaren bukaerako –a artikulua dela. Hortaz, Udalaren izen osoa erabiltzean honakoa da bidea: Asparrena, Asparrenarekin…; baina Asparrenean, Asparreneko, Asparrenetik, Asparrenera… Era berean, izen honek bere azken –a galtzen du ondoan beste determinatzaile bat edo adjektiboa daramanean; adibidez: Asparren maitea, Asparren osoan, Gure Asparren hau...

Beraz, ez bedi erabil: Asparrengo, Asparrendik, Asparrenen.

Deigarria da, besteak beste, orrialde berean Harana herri-izenari buruzko antzeko oharra baitago «Beraz, ez bedi erabili…» azken debeku-lerro hori gabe. Ez dakit zein den arrazoi ezkutua Asparrengo eta Asparrendik gaitzesteko. Udalak, behintzat, Asparrengo Udala izendapena erabiltzen du, eta IVAPeko estilo liburuak ere Asparrengo eta Asparrendik proposatzen du (84. or.). Pentsatzen dut leku-izenaren jatorrizko osagaietan barren hitz arrunta egotea izan daitekeela arrazoia, eta, hala, hitz arrunten deklinabidea nahitaez erabili beharra dagoela adierazi nahi izan dela. Hala izatera, Harana leku-izenaren kasuan gauza bera gertatuko litzateke, baina ez da esplizitatu debeku hori, ezta Nafarroako Abaurregaina leku-izenaren kasuan ere. Eta, bestalde, Debagoiena eta Debabarrena leku-izenen kasuan, hau jakinarazi zuen Euskaltzaindiko Onomastika batzordeak Mankomunitateak eskatuta emandako irizpenean:

Deklinabideari dagokionez, egokiago ikusten da bertako joerari so eginez: Debagoieneko, Debagoienean, Debagoienetik, e.a erabili, nahiz eta Debagoiengo ere zuzena izan.

Eta kanpoko leku-izenetan, nola? «Zalantzagarriagoa da» dio Euskal gramatika laburrak. Hala ere, kanpoko leku-izenak arautu direnean, sistematikoki aplikatu da molde hori (-NGO: Afganistango Estatu Islamiarra, Azerbaijango Errepublika, Bahraingo Erresuma, Beningo Errepublika, Bhutango Erresuma, Irango Islamiar Errepublika… -LGO: Madrilgo Erkidegoa, Brasilgo Errepublika Federala, Israelgo Estatua, Nepalgo Erresuma, Portugalgo Errepublika…). Salbuespen bakarrak Esperantza Oneko lurmuturra, Mindanao Musulmaneko Eskualde Autonomoa eta Kanaleko uharteak dira, on, musulman eta kanal hitzak arruntak direlako.

Aitortu behar da, hala ere, leku-izen silababakarretan gogortxo gertatzen dela: Poza de la Salgo, Silgo… baina, egia da, bestalde, halaber gertatzen dela gogortxo Eibarko moldea kanpoko leku-izen silababakarretan; Elxko, Pasko, Brestko

Hirugarren bitxikeria: nola deklinatzen duzu Zarautz eta Agoitz? EGLUk, deklinabide-tauletan, ez ditu kasu horiek aztertzen. Beraz, ondorioztatu behar genuke Zarautzeko zein Agoitzeko formak zuzenak direla. Baina epentesirik gabeko formak erabiltzen ditugunok Zarauzko (eta ez Zarautzko) eta Agoizko (eta ez Agoitzko) erabiltzen dugu sistematikoki, TZ + K = ZK legea aplikatuz. Ez dago hori arauetan esplizitatuta, baina, adibidez, ohar hau eman du Euskaltzaindiak Nafarroako udal-izendegian (155. araua):

Gogoratu behar da Agoitz izenaren bukaerako txistukaria frikari bihurtzen dela hainbat kasu marka hartzean. Hortaz, deklinatzean, honakoa da gomendatzen den bidea:

Agoitz, Agoitzen, Agoitzekin…, baina Agoizko, Agoiztik.

Sistematikoki, Euskal Herriko leku-izenetan, baina kanpoko leku-izenetan? Koherentzia-nahiari hirugarren zaplatekoa emanda, kanpokoetan epentesira jotzen dut; alegia, Zarauzko eta Agoiztik bai, baina Metz-eko (eta ez Mezko!!) eta Lutz-etik (eta ez Luzetik!!).

Azken bitxikeria: nola deklinatu behar dira ez leku-izen, ez pertsona-izen diren izen bereziak? Adibidez, Elhuyar, Opus Dei, Renfe edo Podemos erakundeak? Euskaltzaindiak ez digu esan, baina pentsatu beharko dugu leku-izenen sailera biltzekoak direla. Beraz, Eibar edo Bilbo bezala deklinatuko ditugu. Baina, kontsonantez amaitzen direnetan epentesia aukerakoa denez, zer egin behar dugu? Eibarko, Eibartik egiten badut, berdin jokatu behar dut? Elhuyarko beraz, eta ez Elhuyarreko? Koherentzia-nahiari laugarren zaplatekoa emanda, epentesia erabiltzen dut/dugu:

Elhuyarreko, Podemoseko, Repsoleko, CAFeko, Petronorretik, IVAPetik

Halakoxeak baitira, askotan, hizkuntzaren txikikeriak: arau adina salbuespen.

Iruzkin bat utzi

Alfontso Mujika atalean

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s