Eman dezagun umore

Estitxu Garai

Maite ditut maite txisteak, eta maite ditut maite txiste-kontalari profesionalak. Bai, beti kontatzeko moduko hiruzpalau txiste (edo, utziz gero, berrehun) prest dituzten animalia bitxi horiek. Txiste batek bestea eta beste hark beste hura ekartzen die gogora. Eta, gainera, guztiak kontatzen dituzte bizi-bizi eta grazia bereziz, lagunen gozamenerako.

Profesionalak izan edo ez, badute nire inguruko txistelariek ezaugarri komun bat: gaztelaniaz kontatzen dituzte guztiak. Ez du axola lagun-giro euskaldun peto-petoa den ala ez, txiste-ordua heltzen denean gaztelaniara aldatzen da kodea. Etenik gabeko gurpila da: txiste gehienak erdaraz iristen dira gure belarri eta irribarreetara, eta gero halaxe kontatzen ditugu, entzun ditugun bezalaxe. Azken finean, txiste ororen helburua eragitea da, barre eragitea; eta, dagoen-dagoenean funtzionatzen badu, ingurukoei grazia egiten badie, zertarako aldatu?

Itxura batean eman dezakeen baino mami gehiago du kontuak. Gozamenerako hizkuntza zein izango den erabakitzen ari gara. Gaztelaniara lerratuz gero, alferrikakoak dira geroko aiene eta intziriak euskararen ezagutza eta erabilera tren berean ez doazela ikustean. Aisialdirako baliabideak garatu ezean, gaitza izango da erabileraren erraila indartzea. Txisteen barre-algaretatik damu-negarretara Zornotzatik Amorebietara beste egon daiteke.

Nik egin ditut nire esperimentu xumeak. Hasi naiz euskaraz kontatzen aurretik gaztelaniaz kontatuta ondo funtzionatzen zuten zenbait txiste. Egoeraren deskribapen edo narrazioan ez dago aparteko arazorik, buruhausteak txistearen bukaeran datoz, korapiloa askatzen denean. Txiste gehienek oso egitura lineala dute eta bukaerako esaldian daramate grazia eta eraginkortasun guztia. Lehenengo saiakeretan ez nuen lortzen euskaraz gaztelaniaz bezain barregarri izatea, baina garbi nuen arazoa zein zen: formulazioa. Ez da nahikoa egoera edo kontzeptua euskaraz azaltzea, hitz egokiak topatu behar dira eta behar bezalako tonu, intonazio eta erritmoa erabili. Beraz, txiste bakoitzak lanketa latza behar du euskaraz kontatu aurretik, txistearen jatorrizko asmatzaileak behinola egin zuen lanketa bera, guri ahoz aho aberastuta (edo pobretuta) iritsi zaigun lanketa hori.

Euskaraz propio sortutako txisteak behar beharrezkoak dira, noski. Halere, hori bezain beharrezko dugu zenbait txisteren euskarazko moldapen egokia. Ahalegina egitea merezi du. Gutako bakoitzak kutunen duen txistea itzuliko balu, bakarra izan arren, pentsa zenbat txiste izango genituzkeen euskaraz kontatzeko moduan. Atera dezagun barruan dugun Kike Amonarriz txikia. Eman dezagun umore.

4 Iruzkin

Estitxu Garai atalean

4 responses to “Eman dezagun umore

  1. Mikel Taberna

    Orain apenas ailegatzen zaidan mezurik garai batean bezala (neronek ere ez dudalako bidaltzen, segur aski), baina kuadrillako lagunak hasi zirelarik korreo elektronikoa erabiltzen, hura posta-tiro zaparrada! Nire “kontaktu” euskaldun guziek txiste eta txorakeria ustez irrigarriak bidaltzen hasi zitzaizkidan barra-barra. Mezu “liriko-poetikoak” ere bai, batzuk ederrak bertze batzuk ez hain. Denak erdaraz, erdara hutsean. Pentsatu nuen itzultzaile komando bat prestatu behar genuela, horietatik ahal genituenak euskaratu eta lau haizetara barreiatzeko, eta lagunen batekin solastu ere bai zerbait egin behar genuela. Baina asmoa hortxe gelditu zen. Jakin ere egin behar zen testua nola txertatu irudiekin batera, eta ni ez naiz batere abila kontu horietarako. Ahoz kontatzen ditugunak itzuli eta kontatzeaz gainera (nik ez, hobe nik ez kontatzea), aipatzen dudan bide hau egokia izan litekeela uste dut (itzuli eta zabaldu). Egin dezagun umore, bai, haboro eta more (eta kolore guzietakoa).

    • Estitxu Garai Artetxe

      Epa, Mikel:

      Nik ere jasotzen nituen ditxosozko posta elektroniko haiek, baina ez dute etenik izan, azala berritu dute. Orain guztia doa bizkorrago, zuzenean mugikorretara WhatsApp bidez, edo sare sozialetan, Twitter edo Facebook bidez. Mezuen edukia ere gero eta laburragoa da: idatzizko txiste ez oso luzeak eta esaldi barregarriek lagundutako irudiak, meme direlako horiek, alegia. Gaur bertan, Espainiako Erregearen abdikazioa dela eta ez dela, makinatxo bat jaso ditut (zein baino zein eskasagoak, esan dezadan bide batez).

      Itzulsortzaile-komandoarena ideia bikaina iruditzen zait, itzultzeaz gain, baita euskaraz propio sortzeko ere. Twitter-en badago noiz edo behin horrelakoak egitera animatzen denik, kide berriak fitxatzeko toki egokia izan daiteke. Egitasmoa berrartuko bazenute, ahal dudan heinean, parte hartzeko prest: estitxu.garai@ehu.es

  2. Iratxe Goikoetxea

    Gai honek gogora ekarri dit orain dela urte batzuk euskaratu genuen film bat: “No controles”. Pelikula amaieran, protagonistetako bat, Juancarlitros txaplata, txisteak kontatu eta kontatu ari da Madrilgo areto batean, eta hainbat arazo izan genituen txisteok euskaraz emateko. Alde batetik, umoristaren etenak, keinuak eta txistearen klimaxa aintzat hartu behar ziren. Eta beste alde batetik, txistea bera itzuli.

    Batzuetan, ez genuen arazo handirik ikusi, eta, grazia handiagoz edo gutxiagoz, honelaxe eman genituen:

    1. ¿Sabes que mi hermano anda en bici desde los cuatro años?” Digo: “joe, pues ya debe de estar la hostia de lejos, ¿no?”
    EUSKARAZ: Aizu, nire anaia bizikletan dabil lau urte zituenetik”. Eta nik: “Joe, ba lekutan egongo da honezkero”.

    2. Una mujer que va al médico y dice “doctor, ¿me examina los pechos?”, y la mira el doctor y le dice: “notable alto”.
    EUSKARAZ: Emakume batek medikuari: “Aztertuko dizkidazu bularrak?” Medikuak begiratu, eta badiotso: “Oso ongi altua.”

    3. Esto es el Titanic, que se está hundiendo, y va el capitán, y se encuentra con un marinero, y le dice el capitán: “rápido, coja el bote que nos vamos de aquí”. Y le dice el marinero: “pero, hombre, que quedan todavía las mujeres” y dice: “sí, pa echar un polvo estoy yo ahora”.
    EUSKARAZ: Hau Titanic da, hondora doala. Eta halako batean kapitainak marinel batekin topo egin, eta badiotso: “Azkar, hartu potina eta goazen hemendik!” Eta marinelak: “Baina emakumeak geratzen dira oraindik.” “Bai, txortan egiteko nago ni orain!”

    4. “Doctor, doctor, ¿que me recomienda para los dientes amarillos?”. Dice: “corbata marrón”.
    EUSKARAZ: “Aizu, doktore. Zer gomendatzen didazu hortz horietarako?”. “Ba, gorbata marroia.”

    Beste txiste batzuek, ostera, ez zuten balio euskaratzeko, berba jokoak zerabiltzatelako, edota komentario sorta zekartelako. Txisteok ordezkatu egin genituen, interneten arakatu (oso txiste gutxi topatu genituen, orain hiru urte), eta egokienak geure beharrizanetara moldatuta. Hona:

    5. ¿Cuál es el queso favorito de sherlock Holmes? El emmental, el emmental, elemental querido Watson. Claro, aquí igual, no te vale ni gruyère, ni el cabrales, ni el otro, ni el gorgonzola, que yo me los como doblaos los quesos. Tu también, ¿eh? Se te ve que le echas al aro bastante.

    EUSKARAZKOA: Zein da akabuko oparia txerri batentzat? Pernil bat. Pernila. Urdaiazpikoa, badakizue. Bueno, berdin-berdin izan liteke txorizoa, odolostea, tripakiak. Edo mortadela bera ere. Bil-bil eginda jaten dut nik mortadela. Zuk ere zeozer bai, ezta? Bistan da jan barik ez zaudela.

    6. Se abre el telón, y vemos una carnicería que en el escaparate hay un cartel que pone ”con la compra de un kilo de codillo regalamos una botella de whisky”. ¿Cómo se llama la película? Con codillo dan DYC.
    EUSKARAZKOA: Oihala altxatu… eta apo bat ikusten dugu… armairu baten ondoan lotan. Bueno, berdin dio armairuaren ondoan, gainean ala barruan den… Nola du izena pelikulak? Apo- Apo-lo armairu!

    7. Esto es un tío que entra con dos tías buenísimas a una pizzería, y dice: “oiga, me pone dos pizzas de jamón y queso”. Y dice ”¿Familiares?” “No, son putas, pero tienen hambre”.
    EUSKARAZKOA: Mutiko batek beste bati: “Amona balkoitik jausi da, eta orain zeruan dago.” “Jope! Ba a zelako boteak egiten dituen atsoak!”

    • Estitxu Garai Artetxe

      Eskerrik asko, Iratxe, txiste horiek guztiak hona ekartzeagatik. Gainera, askotan errepikatzen diren formulen ordaina proposatzen duzue: “Doctor, doctor…”, “Esto es…”, “Se abre el telón…”, eta abar.

      Zenbaitek atera didate barre-algaratxoa, pena lehenengo sorta lehendabizi gaztelaniaz irakurri izana, ez dakit zuzenean euskaraz irakurri banitu eragin bera izango zuketeen.

      Ea besteren bat animatzen den euskarara itzulitako txisteak partekatzera!

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s