Itzulpen-unibertsalak eta euskara (II)

Isabel Etxeberria Ramírez

Aurrekoan itzulpen-unibertsalen auziaz aritu ginen, eta azaldu genuen ahalegin ugari egin direla azken bi hamarkadetan hizkuntza itzulia ezaugarritzeko, edo, bestela esanda, testu itzuli orotan, edozein direlarik ere sorburu- eta xede-hizkuntza, nabarmentzen diren jokaera linguistiko ustez unibertsalak identifikatzeko. Unique item edo osagai esklusiboak dira itzulpen-unibertsala izateko hautagaietariko bat. Labur azalduta, hizkuntza bakoitzak bere-bereak dituen egitura linguistikoak dira osagai esklusibook, beste hizkuntzetan baliokide zuzenik ez dutenak. Pentsatzekoa da itzultzaile batek gutxi(ago)tan erabiliko dituela horrelakoak bere itzulpen lanetan; izan ere, molde hori hautatzera bultzatzen duen estimulurik ez badago sorburu-testuan, nekez aktibatuko da aukera hori itzultzailearen gogoan. Corpusak konparatuz egin diren ikerketa guztiek ez dute, ordea, hipotesi hori berretsi. Zenbaitetan, antzeko erabilera-maiztasunak hauteman dira testu itzulien eta ez itzulien corpusetan (edo are apur bat handiagoak itzulpenetan). Guk ere emaitza gorabeheratsuak lortu ditugu euskarazko corpusekin egindako saio honetan eta honetan, besteak beste.

Sandra Halverson[1] ikertzaile norvegiarrak diziplinartekotasunari probetxu atera, eta kognizio-hizkuntzalaritzaren ekarpenak aldean hartuta hurbildu da itzulpen-unibertsalen auzira. Proposamen interesgarria da Halversonena, handik eta hemendik datuak eta ideiak hartu eta ikusmolde integratzaile batez bateratzen dituena. Eta interesgarria da, orobat, beste ikuspuntu eta diziplina batzuetako ekarpenei atea zabalik uzten dielako.

R. Langacker[2] hizkuntzalariaren hitzetan oinarrituta, Halversonek kognizio-gertakarien (eta horietarikotzat jotzen ditu hizketa-gertakariak ere) sorrera azaltzen digu:

«[A cognitive event] is a cognitive occurrence of any degree of complexity, be it the firing of a single neuron or a massive happening of intricate structure and large-scale architecture. We can assume that the occurrence of any such event leaves some kind of neurochemical trace that facilitates recurrence. If the event fails to recur, its trace decays; recurrence has a progressive reinforcing effect, however, so an event (or more properly, event-type) becomes more and more deeply entrenched through continued repetition».

Alegia, gure neurona zirkuituetan kognizio-ekinaldi bat piztu eta gertatzen denean, gure garunean arrasto neurokimiko bat geratzen da. Kognizio-ekinaldi hori bera berriro burutzen badu gure gogamenak, arrastoa finkatu eta errotu egiten da gure neurona-zirkuituetan, eta aiseago gertatuko da, beraz, etorkizunean.

Halversonek asimetriaren eta gailentasunaren (salience) kontzeptuak proposatzen ditu ondoren. Elementu eta erabilera linguistiko guztiak ez daude berdin errotuta gure neurona-zirkuituetan, eta beraz asimetria gertatzen da haien artean. Zenbait erabilera nabarmendu edo gailendu egiten dira (prominence eta cognitive salience terminoak darabiltza Halversonek), eta halakoek grabitazio-indar bat sortzen dute beren inguruan (gravitational pull). Itzultzen ari garenean ere, eta sorburu-testuko elementuak xede-hizkuntzako elementuekin erlazionatu behar ditugunean, xede-hizkuntzan gailendu ohi diren osagaiak aktibatzen zaizkigu —indarguneak edo grabitazio-guneak, alegia—, xede-hizkuntzako (eta ez sorburu-hizkuntzako) grabitazio-indarren arabera.

Unique item edo osagai esklusibo horiek itzultzaileen testuetan itzulpen ez direnetan baino maizago ageri direnean (Anna Mauranen-ek[3] finlandierari buruz egindako ikerketa batean, kasurako, edo euskarazko gure adibideetan), osagaiok itzultzaileen neurona-zirkuituetan errotuago eta beraz aiseago aktibatzen direla pentsatu beharko dugu. Zer dela eta? Halversonek ez du erantzun zuzenik ematen, baina darabilen ikusmolde zabal eta integratzaileari esker, kogniziotik kanpoko faktoreei ere leku egiten die:

«It is important to point out, however, that the cognitive factors that I have described are by no means the only external factors that may be posited. Indeed, as I suggested (…), there are also social/cultural factors that must come into play».

Nik ere erantzun erabatekorik ez dut, noski, baina iritzia bai, eta nire iritzi horretan zeresan handia du euskararen egoera soziolinguistikoak. Euskal itzultzaileek ahalegin kognitibo handiagoa egin behar izaten dute, normalean ikergai izaten diren bi hizkuntza pareetako beste itzultzaileek baino, hautagai diren aukera linguistikoen artean bilaketa aktiboa egin eta egokiena aktibatzeko. Eta bi arrazoi nagusirengatik egin behar dute ahalegin handiagoa, nire ustez: euskararen eta erdaren arteko distantzia linguistikoagatik, batetik; eta, mendeetako diglosiaren ondorioz, pobretua dugulako hizkuntza erabilera mailan, eta euskal itzultzaileak beste hizkuntzetako itzultzaileek baino gehiagotan egin behar duelako bilaketa aktiboa sorburu-testuak ezartzen dizkion zailtasunei egoki erantzuteko. Eta, Halversonek dioenez, «clearly, if such active searches are repeated often enough, these more indirect activation patterns would also become entrenched, as the necessary connections are strengthened».

Bestela esanda, euskal itzultzailearen gogamenak zailago du ordain egokiak topatzea; ez du beste itzultzaileek bezain automatizaturik ordainen bilaketa; beste itzultzaileek baino ahalegin kognitibo handiagoa egin behar du (bilaketa aktiboa); eta, era berean, beste euskal hiztunek baino ahalegin kognitibo handiagoa egin behar du hizketa ekoizten duenean, bilaketa aktiboa egin behar baitu sorburu-testuaren estimuluek edo erronkek hartaratuta; euskal itzultzaileak bere bilaketa-lanean aurkitzen edo berreskuratzen dituen aukerak arian-arian errotuz doaz bere neurona-zirkuituetan, eta, ondorioz, gailenduz.

Uste dut ez dela kasualitatea euskararenaren antzeko emaitza gorabeheratsuak lortu izana non eta Finlandian. Eta hain zuzen ere Anna Mauranen ikertzaile finlandiarrak hizkuntzen arteko kultur harremana aipatzen du, besteak beste, bere azterlaneko emaitzen esplikazio gisa: sorburu-kultura hegemonikoa (ingelesa) eta xede-kultura menderatua (suomiera) ditu aztergai.

[1]Halverson, S. (2003) «The cognitive basis of translation universals» Target 15:2, 197-241.
[2]Langacker, R. (1997) Foundations of cognitive grammar 1. Stanford University Press, Stanford, California.
[3]Mauranen, A. (2000) «Strange strings in translated language: A study on corpora» in Olahan, M. (ed.) Intercultural faultlines: Research models in Translation Studies. Textual and cognitive aspects. St. Jerome, Manchester, 119-141.

2 Iruzkin

Isabel Etxeberria atalean

2 responses to “Itzulpen-unibertsalak eta euskara (II)

  1. Erramun Gerrikagoitia

    Harritzen naiz ikustearequin ze itzultzeco “unique item” inglesa da eguiten euscaraz “osagai esklusibo”.

    Ez al litzateque normalago eta ere natualago (esan nahi bait dut ere economicoago) itzultzea “item unicoac”? Zergatic ez da hori auquerea erabilten?

  2. Ezin gehiago poztu nintzen itzulitako testuen unibertsalen kontu honi heldu zenionean, Isabel. Foro honetan tratatu beharreko gaia zela nuen gogoan, eta benetan interesgarriak eta eskertzekoak izan dira eskaini dituzun gogoetak, azterketak eta erreferentzia bibliografikoak. Gaurko artikuluan tratatzen duzun gaiarekin lotuta, uste dut hizkuntzaren normalizazio ezak itzultzaileen jardunean duen eragina ez ezik, itzultzaileen jardunek hizkuntzaren normalizazioan, edo aldaketaren norabidean, duten eragina ere gai garrantzitsua dela gure artean. Bestalde, hurbilketa kognitiboarekin lotuta, uste dut testu orokorrak eta testu espezializatuak bereizi beharko liratekeela, eta seguruenik oso emaitza diferenteak emango lizkiguketela batzuetan eta besteetan egin litezkeen azterketek. Halako azterketak aurrera eramateko, baina, lehendabizikoa da ikerketarako baliabide egokiak garatzea.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s