Hurbiltze ariketak (edo itzulpengintzaren kontra)

Santi Leoné

Vienan izan gara aste sainduan (ez, ez naiz plural maiestatikoaz ari, familiarekin joan naiz-eta), eta, hotelera ailegatutakoan, gelako giltza hartu baino lehen, fitxa txiki bat bete behar izan dut: izen-deiturak, lanbidea, adina… Eta nazionalitatea: elebitan dago inprimakia, alemanez eta ingelesez –Staatsangehörigkeit / nationality–. Literalki, alemanezko solasak erran nahi du “estatu bateko partaide izatea”, baina hiztegiek “nazionalitate” edo “herritartasun” gisa bihurtzen dute termino hori. Nationalität ere existitzen da alemanez, baina nire hiztegiak behinik behin hitz jasoa dela dio. Kontuak jakin-mina pizten dit: Nationalität baztertu eta “estatu bateko partaidetza” erabiltzea betiko kontua izan da alemanez –adibidez, nazioa eta estatua nahitaez berdintzen dituen joera hegeliar baten emaitza?–, edo, esperientzia historiko berriagoen ondorioz, orain mundu alemanieradunean nahiago dute nazioa definitzean estatu batekiko lotura formala lehenetsi, balizko ezaugarri edo izaera bereziak baino? Erabateko sinonimoak dira Staatsangehörigkeit eta ingelesezko nationality, edo itzulpen hori bi ikuspunturen hurbiltze ariketa inperfektua bertzerik ez da? Akaso oin-ohar bat beharko zuen inprimaki hark. Nik bederen ez nuke problemarik izanen alemanezko bertsioan “espainola” paratzeko, Estatu espainoleko partaide bainaiz –gustura edo gogoz kontra, bertze kontu bat da–, baina ingelesezko bertsioari erreparatuta, gogorra egiten zait nire nazionalitatea espainola dela idaztea. Zeini egin kasu, jatorrizko bertsioari edo itzulpenari?

Erran bezala, kasu honetan, ni erosoago sentituko nintzateke alemanezko bertsioan –Staatsangehörigkeit–, baina nahiago izate horretarako azalpen alternatibo bat izan daiteke betidanik barnean daramadan esnobak jatorrizko bertsioa hautatzera xaxatu nauela. Horrela, barneko esnobak akuilatuta alegia, ez dira guti alemanez erosi baina gero irakurri ez ditudan nobelak: inkultura zabala erdietsi dut horri esker. Vienara joan baino lehen, ordea, adorea bildu eta Joseph Roth-en KapuzinergruftKaputxinoen kripta– irakurtzeari ekin diot. Esperientzia apalgarria izan da, zinez: hamar hitzetik, sei ez nituen ulertzen, biri testuinguruari esker igartzen nien, eta bertze biak preposizioak ziren. Nire barneko esnoba ziega ilun batean giltzapetu ondoan, Vienari buruzko bertze nobela bat hartu dut –bidaiak ongi prestatu behar dira–, baina oraingoan espainolera ekarria –esnoba ez da fitsik erratera ausartu honetakoan–: Friedrich Torberg-en La tía JoleschIzeba Jolesch–, Alba argitaletxeak kaleratua. Ohitura zaharrak zer diren, ezin izan diot lehen orrialdeak alemanez leitzeko –Amazonen ikus daitezke– eta espainolezko bertsioarekin konparatzeko tentaldiari kontu egin: ikusi dudana, egia erran, ez zait sobera gustatu. Lehendabiziko orrialdean berean, adibidez, alemanezko testuak hauxe dio:

Es [das Buch] schöpft aus einem Erinnerungsbrunnen, den ich noch gekannt habe, als er (im doppelten Verstand des Wortes) gebraucht wurde

Itzultzaileak honela eman du testua:

El libro bebe de un pozo de recuerdos que no llegué a conocer hasta que tuve que hacer uso de él.

“Oroitzapen-putzu” bat? Bai, Brunnen putzua izan daiteke, baina iturria ere bai, eta kasu honetan hori litzateke, nire uste apalean, itzulpen egokiena: una fuente de recuerdos. Iturri hori, gainera, egileak ezagutu zuen artean erabiltzen zelarik eta beharrezkoa zelarik –hori dio alemanezko testuak, egilea zer zaharra den azpimarratzeko–: espainolezko testua –que no llegué a conocer, etab.– nahiko itzulpen librea da, itzulpen okerra dela ez errateko. Eta, akitzeko, non dago jatorrizko testuko parentesia? Hitz baten zentzu bikoitzari egiten dio erreferentzia parentesiak, eta itzultzaileak ezabatzea erabaki du, zentzu bikoitz hori espainolera ekartzeari zailegi iritzita. Lehen orrialdeko esaldi bakar batean, hiru trakeskeria. Ez da itzulpenari harrapatu diodan kontu bakarra. Liburua erosita ere, Tante Jolesch ez dut irakurriko. Ez, behinik behin, bertsio honetan.

indizeaJoseph Roth-en liburura itzuli naiz, eta ohitura zaharrak zer diren, espainolezko itzulpenei buruzko informazioa bilatzen ari nintzela, Olga G. Garciaren artikulu eder hau aurkitu dut, Cripta de los capuchinos-en itzulpenari kritika gogorra egiten diona. Nire harridurarako, Garcíak kritikatzen duen itzulpena –Jesús Pardok egina eta Sirmio argitaletxeak 1991n publikatua– da Acantilado argitaletxeak berriz kaleratu duena. Garcíak aipatzen duen akatsik nabarmenena –Slowenien Eslovakia gisa eman izana– zuzendua izan den arren, gainerako guziak testuan daude oraindik, eta batzuk nahiko larriak dira, hala nola Kaftanjuden “judíos de Kaftan” gisa itzultzea, kaftan hori leku-izen bat balitz bezala, eta ez Ekialde hurbileko jantzi mota baten izena. Tamalez, Olga Garcíak zerrendatu dituen akatsak, trakeskeriak eta itsuskeriak ez dira liburuan dauden bakarrak. Neronek gehiago aurkitu ditut, eta batzuek erakusten dute itzulpena tripus-trapus eta tarrapataka egina dagoela. Nobelako une batean, narratzaileak hiru hitz erabiltzen ditu pertsonaia batek Austriako funtzionarioei buruz duen iritzia adierazteko. Hitz horietarik, hirugarrena Pallawatsche da, eta itzultzaileak “matones” (harroputz larderiatsua, alegia). Hiztegian begiratzen duenak, ordea, aurkituko du Pallawatsche edo Ballawatsche Austriako argota dela “alfer-handi” errateko, eta esanahi horrek ederki egiten du bat solasa ageri den testuinguruarekin.

NACA026Zer ari gara irakurtzen itzulpen bat irakurtzen ari garenean? Hurbiltze ariketa inperfektu bat, segur aski; eta bai, badakit ez genukeela –barkatu, orain bai, orain plural maiestatikoaz ari nintzen: ez nukeela– esnobaren falazian erori behar: jatorrizkoa zuzenean irakurtzeak ez du ziurtatzen delako liburu horren ulermen hobea izanen dugula. Bertze kultura batetik abiatzen den heinean, jatorrizko testuaren irakurleak bere isilpeko itzulpena, bere isilpeko hurbilketa eta distortsioa eginen baititu, nahitaez. Hotelean, nire egoera azaldu nion harrera egin zigun langileari, eta hark erantzun zidan lasai aski euskalduna paratzeko Staatsangehörigkeit / nationality laukian.

Jatorrizko testuak ere maiz oin-ohar eta azalpen franko beharko lituzke, ongi ulertuko badugu. Nolanahi ere, aipatutako bi liburuak prestigio handiko bi itzultzailek eginak daude (batak alemanezko literatura irakasten du Unibertsitatean, bertzeak berrehun liburutik goiti omen ditu itzuliak), baina bien kalitatea nahiko badaezpadakoa da. Aukeran, kasik nahiago dut jatorrizko testuan galtzea eta interpretazio akatsak neronek egitea, horrelako testu kaskarren morroi izatea baino. Zer nahi duzue, zenbait itzulpenen kalitatea ikusita, nire barneko esnobak ziegatik ihes egin eta harroxko dabil berriz ere.

5 Iruzkin

Santi Leoné atalean

5 responses to “Hurbiltze ariketak (edo itzulpengintzaren kontra)

  1. Koldo Biguri

    Korporatibismoan erortzeko asmorik gabe, testu hau irakurrita, galdera bat datorkit burura: zergatik esperientzia handiko itzultzaile profesional batek egiten ditu holako akats nabarmenak: ezjakintasunagatik, utzikeriagatik, erosokeriagatik, harropuzkeriagatik… bakarrik? Itzultzaileak onartzen (onartu behar) dituen lan baldintzek ba ote zerikusirik?
    Atera ditzagun kontu azkar batzuk, honako galdera batetik abiatuta: kalitate bermerik gehienekin, zenbat orri itzul ditzake itzultzaile literario arduratsuak lanegun batean? (Duela gutxi galdetu nuen euskal administrazio batean zein den erabiltzen duten irizpidea, horri dagokionez, eta esan zidaten 6 orri zirela) Nire ustez, literatura itzulpenak administrazio itzulpenak baino lan gehiago ematen du; beraz, demagun 5 orri lanegun bakoitzeko; hilean (24 lanegunetan) 100 orri. Eleberri batek 400 orri baditu, lau hileko lana. Zenbat kobratu beharko luke denbora horretan: 8.000 €? Ordaintzen al du argitaletxe bakar batek ere holako dirukopururik? Zenbat, orduan? 4.000 (hilean 1.000: orri bakoitzeko 10)?; 2.000 (hilean 500: orri bakoitzeko 5)?
    Demagun itzultzaile esperientziadun eta profesional horrek gutxienez 2.000 € irabazteko beharra duela; orduan, lau hilean egin beharko litzatekeen lana, bi hiletan egiten du, edo batean, egunean 10 edo 20 orri itzuliz. Jakina, horrela kalitate-berme guztiak pikutara doaz, baina… bestela agur profesionaltasunari: denbora partzialeko itzultzailea izan behar (horixe da gertatzen dena, noski), eta denbora librean egin behar itzulpen lan hori, ordu soltetan, asteburuan, ahal denean, pulamentu gutxirekin. Sistema literarioak horretara behartzen du itzultzailea, baita esperientzia, prestigio eta profesionaltasun handikoena ere.

    • Eduardo Gil Bera

      Itzulpen txar baten aurrean ez du balio ‘zeinen guti kobratzen duten itzultzaile gaixoek’ gisako espanturik egiteak. Eskas edo ja ere ez kobratzeak ezin du xuritu inondik ere itzulpen txar bat, zeina egileari, irakurleari eta berauen bi hizkuntzei egindako afruntu onartezina eta persegigarria baita. Ez al dugu ongi pagaturiko eta profesionalek zerturiko itzulpen petardo makina baten berririk?
      Sistema literarioak ez du ezein itzultzaile txarra izatera behartzen.

  2. Koldo Biguri

    XXI. mendeko sistema literarioak ere ez ditu onartu behar XIX. mendekoaren lan baldintzak: horiek bai dira afruntu onartezin eta persegigarriak… XIX. mendera itzuli (edo geratu) nahi ez duenarentzat.

    • Eduardo Gil Bera

      Bai, Koldo, eta kostako zaizu itzultzaileen baldintzei eta kobrantzei buruzko nihaurek pairatzen ez dudan zerbait aipatzea. Bada, blog honetan bertan ere, parada ausarkirik halakoak xeheki salatzeko, eta ongi da edozein ordutan eta lekutan ere, baina gaizki itzultzea, utzikeriaz edo ergelkeriaz den ere, iruzur bat da, ez soilik itzulpena enkargatu duenari, sistema literario osoari baizik, eta ez daiteke, ez dezakegu eta ez dugu, kobrantzekin lotu behar, batez ere horrek baldin badakar iruzur horren aringarri edo xurigarri moduko bat. Hor, itzultzaile batek salatu eta ederki azaldu itzulpen txar pare baten berri dugu, eta ongi da denok ikas dezagun.

  3. Koro Navarro

    Acantilado-n oso liburu interesgarriak eta zainduak kaleratzen dituzte oro har; baina nik ere ikusi izan ditut oker larriak (gaztelaniari huts-hutsik begiratuz) Rothen libururen batean. Argitaletxera idazteko asmoa hartu nuen… baina ez nuen idatzi. Hurrengoan idatziko dut, halakoak ez dira barkatu behar.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s