Euskal irakurleen memoria literarioa

Aiora Jaka Irizar

Aste honetan, Josu Zabaleta itzulpen literarioaren iraganaz, orainaz eta geroaz hizketan entzuteko ohorea izan dugu Gasteizko Letren Fakultatean. Eta opor egun hauetan nire inspirazioak ere oporrak hartu dituela dirudienez, itzultzaile legazpiarrari lapurtuko diot oraingoan hausnarketarako gaia.

Zabaletak itzultzaile moduan egin zituen lehenengo urratsez, 1970eko hamarkadan nabari zuen itzulpen-eredu baten premiaz, euskal klasikoen irakurketetatik ikasitakoez, Martuteneko Eskolaren eta Senez aldizkariaren sorreraz eta beste hainbat kontuz luze eta zabal hitz egin ondoren, aurkezle-lanak egin zituen Koldo Biguri irakasleak galdera hau egin zion:

«Esan duzunez, 1970eko hamarkadan helburu pragmatiko eta funtzionalengatik ekin zitzaion batez ere atzerriko literatura itzultzeari. Eta gaur egun? Esan al dezakegu orain helburu literarioengatik itzultzen dugula atzerriko literatura?»

Zabaletak erantzun zuen 40 urte hauetan gauzak asko aldatu direla, batez ere literaturaren hartzaileak aldatu direlako: gaur egun, garai hartan ez bezala, badago literatura unibertsala euskaraz irakur dezakeen eta irakurri nahi duen hartzailerik, baina euskal irakurle gehienen memoria literarioak gaztelaniazkoa izaten jarraitzen du, Zabaletaren arabera (eta frantsesezkoa, ziurrenik, Ipar Euskal Herriko euskaldunen kasuan). Oraindik ere oso ohikoak omen dira honelako iruzkinak euskaldun literaturzaleen artean: «Nik nahiago dut literatura unibertsala jatorrizkoan irakurri, eta ez euskal itzulpenean». Baina halako baieztapenak egiten dituztenek gaztelaniaz irakurtzen dituzte Dostoievski, Maupassant, Hemingway eta beste; horri deitzen diote «jatorrizkoan irakurtzea». Irakurle horien memoria literarioa gaztelaniazkoa da, euskaraz sortutako literatura ez beste guztia gaztelaniaz irakurri dutelako. Zabaletaren arabera, euskarazko itzulpenak ugaritu ahala joango da aldatzen eta euskarazko bihurtzen memoria literario hori.

Hitzalditik atera eta etxera itzultzeko trena hartzean izan nuen nik neuk ere memoria literario horrek nola funtzionatzen duen ikusteko aukera. Ondokoarekin hizketan etorri nintzen trenean, eta, gauza bat eta beste, euskal idazleez hizketan bukatu genuen. Tipoak literaturarekin edo itzulpenarekin zerikusirik ez duen alor batean egiten omen du lan, baina, literaturzale amorratua ez izanagatik, noizean behin irakurtzen omen du zer edo zer. Galdetu zidan ea nik, «aditu moduan», zein euskal idazle ditudan gogoko, eta ni izenak esaten hasi orduko, han hasi zitzaidan ufaka: «Puf! Hori ez zait gustatzen; beste hori ere ez; beste hori ez dut inoiz irakurri…». Berak nahiago omen ditu «erdarazko liburuak». «Ezagutzen duzu Estefan Sueig?», galdetu zidan, eta ni espainiar literaturako idazleak arakatzen hasi nintzen, ea Sueig zelako hura ezagutzen nuen. Ezetz erantzutear nintzela, «Austriarra da», bota zidan. Eta orduan ohartu nintzen Stefan Zweigi buruz ari zela. «Harena bai literatura, harena bai idazkera dotorea, hiztegi aberatsa, esamolde ederrak… —jarraitzen zuen tipoak—. El mundo de ayer irakurri duzu? Oso ona da». Erantzun nion Briefeiner Unbekannten irakurria nuela, alemanez, baina euskaraz ere irakur zitekeela, Edorta Mataukok itzulia baitu Emakume ezezagun baten gutuna izenburupean. «A, bai?». Tipoari ez zitzaion buruan sartzen berak «erdarazko liburuak» deitzen zituen haiek euskaraz ere irakur zitezkeenik (nahiz eta, tamalez, aukera askoz ere murritzagoa izan). Ordu pare bat lehenago Josu Zabaletak aipatutakoa begien pare-parean neukan. Gaztelaniazko memoria literarioa da nagusi euskal irakurleen artean, eta, ondorioz, honako bereizketa hau egin ohi da: euskal literatura batetik, euskal idazleek idatzitako euskarazko literatura; eta erdal literatura bestetik, hor sartzen direlarik literatura espainola eta munduko beste literaturen gaztelaniazko itzulpenak. Eta bigarren zaku hori askoz ere zabalagoa eta presenteagoa denez, hara jo ohi du euskal irakurleen gehiengoak.

Irudipena dut haur eta gazte literaturaren kasuan gauzak aldatzen hasiak direla (gogoan dut umetan irrika berberaz irensten genituela ikastolan Joxantonio Ormazabalen Kotti, Roald Dahlen Charlie eta txokolate fabrika, Pello Añorgaren Pottoko, Christine Nostlingerren Amona maite, zure susik edota Enid Blytonen Bostak bildumako liburuak), alegia, haur euskaldunek badutela euskaraz sortutako nahiz euskarara itzulitako liburuen eskaintza zabal eta gogoko bat, eta, literatura normalizatuetan bezala, askotan ez direla ohartu ere egiten irakurtzen ari direna jatorrizkoa ala itzulpena den. Aldiz, heldu ahala, euskarazko irakurketak baztertzeko joera nagusitzen da, eta atzerriko hizkuntzetako literatura gaztelaniaz irakurtzekoa.

Erronka handia dugu oraindik, beraz, euskal itzultzaileok: batetik, euskaraz irakurtzeko ohiturarik ez duenari erakutsi behar diogu euskaraz ere irakur dezakeela beste herrietako literatura, eta, bestetik, euskarazko literaturaren zakua beste literaturetako lanen itzulpenez hornitzen jarraitu behar dugu.

Iruzkin 1

Aiora Jaka atalean

One response to “Euskal irakurleen memoria literarioa

  1. Pruden Gartzia

    Hausnarketa ederra, Aiora, beste askori bidea zabaltzen diena, nire gogoan behintzat.

    Adibidez, zergatik kostatzen zaio ikasketa (ia) guztiak euskaraz egin duenari maila batetik gorako testuak (literatura) euskaraz irakurtzea?

    Arazoa oso konplexua da, jakina, eta hiruzpalau lerrotan ezin da garbitu.

    Lehengo eta behin kausa politiko-sozialak daude (historikoak ere deitzen ahal zaie) eta, adibidez, Londresen hil arte bizi zen aleman gogaikarri batek 1848ko manifestu batean idatzitakoan laburbil daitezke neurri handi batean (“Ideologia nagusia klase nagusiaren ideologia da”, edo horrelako zerbait, neuk ere gaztelaniaz dut neure memorian, testu hori euskaraz behin baino gehiagotan irakurri badut ere). Jakina, inork pentsatzen badu hemen ez dagoela arazo nazionalik edo sozialik, eta litekeen mundurik hoberenean bizi garela, demokraziaz gainezka eta abar, tira, horrelakoekin ez noa ezertaz diskutitzera. Ez du merezi.

    Baina badira beste mota bateko arazoak, ez txikiak, ez errazak, eta horiei buruz zerbait esan. Josu Zabaletaren hausnarketa (uste dut termino orokorretan hitz eginda denok ezagutzen dugula, eta berea bakarrik ez bada ere, bera aipatzea ez dela desegokia) ederra da, ipar-orratz baten moduan joka dezake (jokatzen du, neurri batean) eta fruitu ederrak eman. Bi hitzetan laburbilduz: osa dezagun euskaldunen memoria literarioa (orain horrela deituko diogu, arrazoi praktikorengatik), horretarako sor dezagun hizkuntza-eredu jaso eta praktiko bat eta horren arabera (eta sistematikoki eta sakonki entrenatutako itzultzaileen bidez) itzul dezagun euskarara… denetarik (hemen harira ez datozen ñabarduratan sartuko ginateke, eta bego orain). Eta epe laburrean emaitzak harrigarriak izango dira, erabakigarriak euskararen salbamenduaren bidean (salbamenduaz hitz egiten zuen Villasantek, ez normalizazioaz, eta agian terminoa berreskuratu beharko genuke).

    Eman dezagun, Aiorak esaten duen bezala, hori Haur Literaturaren esparruan egin dela, arrakastaz, eta eredu hori beste esparru batzuetara ere trasladatu daitekeela.

    Nik zalantzak dauzkat. Eta zalantzak dauzkat batez ere honegatik: euskararen arazoa arazo soziala da, ororen buru. Ez da arazo linguistiko bat, parte bat horretan ere baduen arren. Haur Literaturaren esparruan normalizazio hori lortu bada (halabiz!) izan da beste faktore batzuekin konbinatuta jokatu duelako (lehenengo eta behin, hezkuntza-sistemaren euskalduntze masiboa, goitik eta behetik eragindakoa). Hau da, Haur Literaturaren kasuan baldintza sozial berezi batzuk jokatu dute, ez bakarrik itzultzaile-argitaletxe binomio prestuak kalean jarritako milaka izenburuak. Bada, baldintza horiek ez dira errepikatzen hezkuntza-sistematik kanpo (eta hor ere beldur naiz Lehen Hezkuntzan baino ez direla zinez eragingarriak). Ez dira errepikatzen unibertsitatean bertan, adibide hurbil bat jartzearren. Beraz, itzulpenen eragina ezin da berdina izan. Ez da izango.

    Itzultzailea, euskal itzultzailea, ezin da bihurtu euskararen salbatzaile probidentziala. Bere ekarpena egingo du, beste batzuekin batera, eta ez dago arrazoirik pentsatzeko ekarpen hori besteena baino erabakigarriagoa izango denik.

    Hori bai, neuk biziki eskertzen ditut euskarazko itzulpenak, bereziki literarioak. Pozez gainezka irakurtzen ditut. Mila esker.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s