Funtzio metalinguistikoa eta deklinabidea

Xabier Aristegieta Okiñena

Eman dezagun esaldi hau:

Ezin da Gerra Zibilaz hitz egin.

Perpaus horrek, ahozko mintzaldi batean entzuna denean, ez du, berez, ulerkera desberdinetarako aukera handirik ematen, ezta? Horixe besterik ez du esan nahi: ezinezkoa dela Gerra Zibilaz hitz egitea. Entzuleak espero izan dezakeena da hizlariak jarraian azaltzea zertan oinarritzen den hori esateko (adibidez, halako tokitan adierazpen-askatasunik ez dagoela esatea, edo baliabiderik ez dagoela, eta abar).

Joan den astean ETBko programa batera gonbidatu zuten iritzi-emaile bati aditu nion esaldi hori, oker ez banago. Baina hizlariak hori baino gehiago esan zuen. Honelako zerbait, hain zuzen (eta, esandakoa entzuteak sortu zidan efektua aditzera eman nahi dudanez, ondokoan bazter utzi dut komatxoen erabilera, horiek irakurle bati soilik, eta ez ni bezala entzule zirenei, zaizkiolako lagungarri):

Ezin da Gerra Zibilaz hitz egin, hura altxamendu faxista bat izan baitzen.

Hara! Beraz, ez zuen esan nahi izan Gerra Zibilaz ezin denik hitz egin, baizik eta ezin dela hitz egin «Gerra Zibila» izena merezi duen zerbaiti buruz. Alegia, «Gerra Zibila» izena ez dela egokia, gaizki erabilita dagoela, gertakari historiko hura izendatzeko. Hizlaria gertakari historiko horri erreferentzia egiteko erabiltzen den espresioaz ari zenez, haren solasaldiak, une horretan, funtzio metalinguistikoa betetzen zuen.

Ziurrenik, euskarazko esaldi horrek gaztelaniatiko kutsadura pairatzen du, gaztelaniaz «no se puede hablar de Guerra Civil» esango baikenuke (utz dezagun orain alde batera ea kasu horretan «Guerra Civil» letra larriz ala xehez idatzi behar den).

Gertatzen dena da gaztelaniatik euskararako balizko itzulpen horretan xehetasun bat, antza, itzalpean gelditu zaiola hizlariari: ohar bedi ezen, kasu horretan, funtzio metalinguistikoarekin gaztelaniaz artikulua berariaz ezabatu dela, zeren eta «no se puede hablar de Guerra Civil» esaten baita, eta ez «no se puede hablar de la Guerra Civil». Eta horrek, esango nuke, badu bere logika: funtzio metalinguistikoa baliatzean, hizkuntzari dagokion osagai bat jorratzen da (kasu honetan, guerra civil kontzeptua, errealitateko adibide konkretuetatik bereizita); artikuluak, ordea, uztarri batek bezala, espresioa errealitateko gertakari konkretu bati itsasten dio (la Guerra Civil; hots, «esa que todos conocemos»).

Eta «Gerra Zibilaz» deklinatu hori, noski, gaztelaniazko espresio artikuludunari dagokio; ez funtzio metalinguistikoan erabili den artikulugabeari.

Jarritako adibide hori bezalaxe, beste batzuk ere harrapatu ditut:

Ezin da Trantsizioari buruz hitz egin, ez delako trantsiziorik izan.

Ezin da injerentziez hitz egin.

Tira, kasu bera dira: esan nahi da, hurrenez hurren, «trantsizio» eta «injerentzia» izenak desegokiak direla hizpide harturikoak izendatzeko (no se puede hablar de Transición, edo no se puede hablar de injerencias esan nahi zuten; baina adibideetako euskarazko esaldiek egiazki esan nahi dutena da no se puede hablar de la Transición eta no se puede hablar de las injerencias).

Edo beste hau:

Errespetuaz eta bizikidetzaz hitz egiten da. Nik uste dut falazia bat dela. [alegia, kontua ez da «errespetuaz eta bizikidetzaz» hitz egiten dela, igandeko futbol-partidaz hitz egin daitekeen bezala, baizik eta ideia horiek argudio gisa erabili direla, tokiz kanpo eta faltsukeriaz]

Euskaraz ulergarritasun-problema bat sortzen da, besterik gabeko izen deklinatu horiekin euskaraz ez delako funtzio metalinguistikoaren arrastorik ere transmititzen, eta horregatik, euskal entzuleak ezin dituelako esaldi horiek zentzu horrekin ulertu.

Jorratzen ari naizen ulergarritasun-problema hau ez da hain larria idatzizko mezuetan. Izan ere, grafikoki, komatxoak erabiltze hutsarekin, ulertarazten dugu funtzio metalinguistikoa erabiltzen ari garela:

Ezin da «Trantsizioari» buruz hitz egin, ez delako «trantsiziorik» izan. (Ukituko ez dudan beste kontu bat da ea zer den komenigarriagoa: kasu-marka komatxoen barruan joatea, ala kanpoan uztea).

Baina ahozko hizkuntzan komatxoek ez digute balio, non eta ez garen hasten, ingelesdunek ohi duten bezala, komatxoak behatzekin airean «marrazten».

Zer egin, orduan? Niri bururatzen zaidana da euskaraz badaukagun espresio oso mesedegarri bat erabiltzea, susmo dudanez nahiko txokoratuta utzi duguna, nahiz eta luzaroan erruz erabili izan dugun –esango nuke «oso modan» egon zela– trakets samarrak begitandu izan zaizkigun hitzak, edo bitxiak, edo ezezagunak, edo jatortasuna norbaitek ezbaian jarrita zeukatenak, duda-mudatsu eta baimena eskatuz bezala diskurtsoratzeko: «delakoa/direlakoak» famatua. Horrela,

  • ezin da «Gerra Zibila» delakoaz hitz egin (egia da: komatxoekin segitzen dut, baina, oraingoan, «delako» horrek zuzenean ohartarazten du entzulea aurrekoa komatxo artean doala).
  • ezin da «Trantsizioa» delakoari buruz hitz egin.
  • «Errespetua» delakoaz eta «bizikidetza» delakoaz hitz egiten da.

 Ez dut esan nahi irtenbide perfektua eta zalantzagabea denik, baina iruditzen zait hurbilago dagoela kasuan kasuko hizlariak egiazki esan nahi izan duen horretatik. Dena den, irtenbide hoberik aurkitzen baduzue, eskertuko nizueke horren berri ematea.

4 Iruzkin

Xabier Aristegieta atalean

4 responses to “Funtzio metalinguistikoa eta deklinabidea

  1. Borja

    Gai interesgarria eta are korapilatsuagoa, kalkoena. Nik ere ez ditut oso gogoko instrumentalaren erabilera horiek, baina, erabiltzekotan, esango nuke egokiago (niretzat behinik behin naturalago) dela kakotxen artean doazen hitz horiek mugagabean ematea:

    Ezin da «Gerra Zibil» delakoaz hitz egin.

    Ezin da «Trantsizio» delakoari buruz hitz egin.

    «Errespetu» delakoaz eta «bizikidetza» delakoaz hitz egiten da.

    Horrezaz gainera, ez zaizkit erabat egokiak iruditzen esaldiok, “delako” horrek beste funtzio bat betetzen duela iruditzen baitzait. Gainera, erdal kalko bat mozorrotzen ari gara horrela, besterik gabe. Askotan NOLA bainoago ZER esan nahi dugun pentsatu behar genuke lehenik, erdaretan NOLA esaten duten begiratu gabe, eta ondoren ideia hori ahalik eta modu natural eta sinpleenean eman.
    Eta esan nahi duguna da (esate baterako):

    Gerra horri [edo honi, edo hari, edo nahi/behar duzun hitz deiktiko-anaforikoa, diskurtso horretan egoki dena] ezin zaio «(Gerra) Zibil» deitu.

    Ez zen izan egiazki «Trantsizio» izena merezi duen ezer.

    «Errespetua» eta «bizikidetza» aipatzen dira / «Errespetu» eta «bizikidetza» kontzeptuak erabiltzen dira / …

    Maileguak har ditzagun. Ez diezagutela ziria sar.

  2. Ez al litzateke errazago esatea “Ez zen (zinez/benetan) gerra zibil bat izan” edo “Ezin zaio gerra zibil esan/deitu”?

    Bestalde, gogoan izan, metahizkuntzazko osagaiak etzanez markatu ohi direla, eta ez komatxo artean (azken horiek hitzez hitzeko aipuetarako nahiz ironiarako gordetzen dira).

  3. Fermin Etxegoien

    Eta mugagabean utzita?
    Ezin da trantsizioz hitz egin
    Ezin da trantsizio-taz hitz egin (taz hori inkorrektoa izango da, baina sekulako indarra dauka)

  4. pep

    sóc conscient que el problema és més complexe però des del punt de vista d´un no-euskaldun que intenta entendre la lògica de l´euskera la proposta de Fermin és la que sembla més “natural”. El mugagabe potser seria aquí l´equivalent del partitiu en la frase negativa (ez delako trantsiziorik izan) o de l´anglès there´s no such thing as… o sigui, el concepte en estat pur, sense determinar

    En tot cas em sembla interessant que situacions com aquesta puguin generar perplexitat entre euskalduns; la mateixa si fa no fa que em va causar a mi el títol d´un famós llibre de J. Sarrionandia: ni ez naiz hemengoa (“zergatik ez ‘hemengo'”?, pentsatu nuen)

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s