Ukat egin

Iñaki Iñurrieta Labaien

Txikitako jolasen artean, bazen bat «a mandokas» deitzen geniona («a Maria Trebolinaka», «a txokolate lapurretan»… horrela deitzen genien jolasei, gure artean erdaraz ari ginela, euskal izena gordez hala ere, oharkabean).

Jolas horretan, zenbait lagun mandoak ziren: aurreraka makurtuta jartzen ziren, elkarri sorbaldetatik helduz, buruak bat eginik, lurrera begira, igeltsuz markatutako biribil baten erdian; beste taldeko jolas-lagunek haien gainera egin behar zuten salto, biribil-marraren kanpoaldetik. Batek, bik, hiruk… harik eta norbait, salto egin eta mandoen gainean irauteko lekurik ezean, erortzen zen arte. Orduan, gainekoak bihurtzen ziren mando, eta azpikoak saltari.

Gerta zitekeen azpikoek amore ematea ere, gehiago eutsi ezinik pisuaren pisuz. Orduan, «habéis hecho ukas» esaten genuen, eta mando haiek berriz ere mandoarena egin behar izaten zuten, berriz ere gainean hartu behar beste jolas-lagunen jauziak. Pentsatzen dut mando izatetik libratzeko, denbora jakin batez eutsi beharko zietela gainekoei. Gainekoek, berriz, gainean iraun behar zuten, erori gabe, azpiko mandoek batera eta bestera mugitzen zirelarik…

«Ukas» horren arrastoaren bila hasi, eta «ukat egin» aurkitu dut OEHn, eta han Toribio Etxebarriaren bi adibideok: «Ukat eiñ, rendirse a la fatiga o a otro exceso. Kurutze astunan azpixan, iru bidar ukat eiñ ei eban gure Jaunak, urkamendiko tokira eldu aurretik” Etxba Eib. Zaldunari besotik oraturik, makalikan Señora koittaua ukat eiñda balitz bezela. Etxba Ibilt 475».

Bigarren adiera bat ere badakar Orotarikoak, ceder, romper, eta adibide bakar hau: «onek arrok ukat eitxeuek» (ukat egiten juek, ukat egiten ditek), Juan San Martinen «Eibar’en erabiltzen diran burdin lagintzako itz teknikoak» lanetik hartua.

Hiru adibide besterik ez, eta hirurak leku berekoak. Soraluze-Eibar inguru horretan baino ez ote da erabili forma hori?

Ukatu aditzak badu adiera bat ukat egin horren gertukoa; Orotarikoan seigarren datorrena, hain zuzen ere. Kasu horretan, adibideen jatorria hedatuagoa da geografian:

«Dejarse por vencido y rendido […]. Idiak ukatu deue, hacer porra [= “pararse sin poder o querer pasar adelante en alguna cosa” DAut]” Aq 645. “Ceder […], no poder seguir con el trabajo, comida, etc., (V) ukatu” Añ. “Se rendre par épuisement ou par l’absence de forces suffisantes” VocBN. “Fallar, no poder más. Mando ukhatua (BN-mix), macho rendido de cansancio” A. “Lanian ukátuta, ukáketan, rendirse del trabajo” Iz ArOñ. “Ukatuta geldittu nitzan lastofarduak jasotzen” Elexp Berg.Lanparearen gisan pelegriñoa bere / egoan ukatuta, adore bagarik. AB AmaE 390. Urte askogaz ukatu eta / bazengoz legez zarturik? Ib. 74. San Antonera orduko / ukatuta geldi (AN-gip). Balad 213. Aul duk ukatuari keiñatzen diona. Or Eus 370. Kataskan oldartu ta nekez ukaturik. Zait Sof 26.

Bigarren multzo honetako kasu guztietan, iruditzen zait ukaturen ordez ukat egin jar litekeela. Elexpururen adibideak erakusten duenez, Bergaran ukat egin ez baina ukatu erabiliko litzateke. Alegia, ukat eginen isoglosa Soraluze eta Bergara artetik pasatuko litzateke.

Automatikoki itzultzen genuen; pentsatu beharrik gabe, makinek bezala: ukat egin = hacer ukas. Bitxia iruditzen zait forma ukat egin izatea, eta ez uka egin. Ez dut akorduan beste ezein testuingurutan entzun izana, jolas hartatik kanpo.

3 Iruzkin

Iñaki Iñurrieta atalean

3 responses to “Ukat egin

  1. Eduardo Gil Bera

    Ez duzu “ukat” hain bitxia harrapatuko, ohartzen bazara latinezko “occat” batetik heldu dela. Gure “laket” latinezko “placet” batetik heldu den bezalaxe.

    “Occatum” erraten zaio, latinez, lur mokorrak xarrantxaz edo arrazteluaz xehatuta dauzkan landa bati. “Occat”, berriz, “occo” (arraztelua pasatu) aditzaren 3. pertsona orainaldiko singularra da; “placet”, bere aldetik, “placeo” aditzarena gauza bera delarik.

    San Martinek bildutako adiera jatorriz mailegaturiko zentzutik hurbilen dagoena dugu, alegia, zeditzen eta hausten den arroka, harriporro egiten dena, lur tapitu eta zapatu baten mokorrak xarrantxapean xehatzen eta hausten diren bezala.

  2. Eskarne

    Aupa, Iñaki.

    Bergara eta Soraluzeren artean, Osintxu, ondo dakianez; bada, horkoak nik ezagutzen ditudan 2 adibideak.

    “Ukatzeko laiñ” aurki dezakek hementxe: http://www.ahotsak.com/bergara/pasarteak/ber-060-008/ , Anizeta Agirre Elkoroiturberen ahotan. Transkripzioa bertan daukak, eta “Linua. Ehuna. Artilea” liburuan (Jaione Isazelaia, 1997) ere bai. Grabaketa 1985an jasotakoa duk, Anizetak 97 urte zituela.

    Nik, estreinakoz, amari entzun nioan, orain dela ia hogeita hamar urte. Bilbon etxebizitza zahar bat erosi genian, eta ama etxea txukuntzen laguntzera etorri zuan. Handik ordu batzuetara, lanean jo eta su jardun ondoren, atseden hartzeko geratu ginenean, nire amak “ukatz egindda nago!” bota zian. Zer esan nahi ote zuen galdetu nionean, berak umetan entzundako espresio bat zela, eta esan nahi omen zian nekearen nekez behea jo, leher eginda edo zeharo nekatuta geratu.

    Eta, behin hasiz gero, abagunea aprobetxatuko dut, labur bada ere, eskerrak emateko “31 eskutik”en idazten duzuenoi, den-denoi. Izan ere, ez duzue meritu makala. Niri oso ondo etortzen zait “eguneroko ogi” hau. Eutsiozue, bada, ahal duzuen artean, mesedez.

    • Iñaki Iñurrieta

      Mila esker, Eduardo eta Eskarne, ezin interesgarriagoak bion azalpenak.
      Beraz, Eduardo, Ukat horrek ez du zerikusirik Orotarikoak ukaturentzat ematen duen etimologiarekin: “Puede tratarse de un denominativo de *uka- (designación del brazo o de alguna parte de él)”, nondik bailetorke ukabil.
      Bestalde, Eskarne, Osintxuko hire bi adibideok, bat ukatu erakoa (ukatzeko lain) eta bestea ukat erakoa (ukatz eginda nago), bat letozken nik iradokitakoarekin, isoglosa Bergara eta Plazentzia artetik, hau da, Osintxutik, pasatzen delakoarekin. Bien arteko ukipena ukatze-ukatz formetan gertatuko luken.
      Eta horrek esplikatuko liken zergatik ukat forma ukas bihurtzen den Plazentzian: ukat > ukatz > ukas. Gaur egun ere, plazentziar batzuek “martisena”, “aso”, “hosa”, “asaparra” ebakitzen diten martitzena, atzo, hotza, atzaparra esaterakoan.
      Eta mila esker halako animoak emateagatik 31 Eskutik-en jarduten dugun guztioi.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s