Foruzainen alde

Mikel Taberna Irazoki

Aspaldi hartan, testuak gaztelaniatik euskarara aldatzen hasi ginelarik, zenbat buruhauste hitz batzuk itzultzeko: nola erran «estudio (de detalle)», «régimen (laboral, jurídico)», «provisión (de puesto de trabajo)»… Euskaratik hartu edo erdaratik mailegatu? Edo hitz berriak sortu? Modu batera edo bertzera aukera horietako bat bereizi behar genuen; ezin mutu gelditu.

Maiz gertatu zaigu gure lantokian, termino baten ordaina behar eta inon finkaturik ez aurkitzea. Halakoetan, eskura izan dugun informazioa erabili dugu aldiro, hizkuntz arloko autoritateena eta gure gisara ari ziren gainerako itzultzaileena. Horietan oinarriturik, lankide guzion artean hautatu dugu azkenean egokiena iruditu zaigun baliabidea. Nolanahi ere, gisa horretako erabaki bat hartzen genuen bakoitzean, bagenekien ontzi hauskor bat haizearen menturan uzten ari ginela, eta beti zalantza hondar bat gelditzen zen geure baitan, galdera ore batek eragina: balioko ote du eta aisa nabigatuko ote gure letren itsaso uherrean, galernaren batek zolako zolaraino hondoratu gabe? Onartuko ote dute portu guzietan?

Kontu hau etorri zait burutara Estitxu Garaik urte hasieran hementxe berean txertatu zuen artikulua irakurrita: itzulsortu/itzulsortzaile hitz berriak plazara atera zizkigun. Eta haren hitzek Jose Ramon Etxeberriari Anaitasuna aldizkarian irakurri genizkionak (1979ko martxoan!) ekarri zizkidaten orduan: «Garapen hitza promozionatu nahiz».

Etxeberriaren proposamenak arrakasta handia izan zuen. «Garapen/garatu familia» zabaldu da, eta Euskaltzaindiak babesa eman dio. Ikusiko dugu Garairenak ere bertze horrenbertze lortzen duen. Agian ere bai. Ez da beti hala izan, ordea; oroitu: «ingurugiro»…

Nafarroako itzultzaile taldeko lagunok, 1988an lan honetan hasi ginenetik honat, geure erkidegokoak bertze inongoak ez diren hitz batzuendako ordaina aurkitu behar izan dugu geure aldetik. Ez dira aunitz, baina bada bat hemen aipatu nahiko nukeena, dezente zabaldu delako. Horren beharra halako batean sortu zitzaigun, kapelu gorriz jantziriko gizon-emakume batzuk izen eske etorri zitzaizkigunean. Ordena publikoaren hemengo zaintzaile partikularrak ziren (lehendik genituenak aski ez, makil dantzari gehiago!). Galdera zehatza egin ziguten: «Policía foral», agentea eta erakundea, biak, nola erran euskaraz?

Ez ditut gogoan azkenean finkatu genituen izenen sortze-prozesuaren xehetasunak, baina, nolanahi dela, ordaina eman behar izan genuen unetik beretik «foruzain» eta «foruzaingo» erabiltzea erabaki genuen; EAEko «ertzain» eta «ertzaintza» (orduan, ustez, «ertzantza») haien bide bertsutik, baita «udaltzain» eta «udaltzaingo»ren ildotik ere. Bertze haiek bezalaxe, gureak ere neologismoak, hitz berriak. Hogei urte joan izanen dira aisa lehenbiziko aldiz erabiltzen hasirik (zehazki ez dakit, ez baitugu sarbide errazik gure lehenbiziko testuetara iristeko), eta sortuz geroztik beti horrelaxe erabili ditugu bi hitz horiek. Makina bat aldiz tekleatu ditugu gure ordenagailuetan. Gure artean ez da zalantzarik piztu, eta izen horiek barra-barra zabaldu ditugu paraje hauetan, euskarari sartzen utzi dioten toki guzietan.

Eta arrakasta izan ote dute? Hizkuntz arloko autoritateek, erreferentzia gisara ditugun hiztegiek eta erabiltzaileek onartu dituzte?

Berriak bere estilo liburuko hiztegian sartu ditu, eta Zehazkin ere bildu dituzte («foru polizia» eta «foru poliziako»rekin batera). Horietaz gainera, Ertzaintzaren hiztegian ere aurkitu ditut.

Ordea, Euskaltzaindiak ez ditu Hiztegi Batuan txertatu; Euskaltermen ez daude (harrigarria iruditzen zait aipatu ere ez egitea; bertzerik litzateke ponderazio kontua…); Elhuyar, 5000 eta Labayru hiztegietan ez dira ageri; EITBko HIKEAn ere ez ditut ikusi…

Horietan guzietan ez dira falta «ertzain/ertzaintza», «udaltzain/udaltzaingo», «miñoi», «mikelete», ..

Guk «sorturiko» hitz horiek badute nolabaiteko babesa (aldeko gutiago izanagatik, aldezleak adierazgarriak eta garrantzitsuak dira), baina, hala ere, badut kezka pizar bat zer gertatuko den haiekin etorkizunean.

Gure «kaskogorriak», zain, euskarazko izena bedeinkatuko ote dieten, eta guk, berriz, ez dakit ez ote dugun berriz ere manifestazioan atera beharko, joan den larunbatean bezalaxe: «Hemen gaude… foruzainen alde!».

Jakinaren gainean egon zaitezten eta behar diren ondorioak izan ditzan.

P.D. Aipatu ditudan eragileez gainera, joan den urteko urrian prentsan irakurri genuen berri bat ere akuilu izan dut gaurko hau idazteko

9 Iruzkin

Mikel Taberna atalean

9 responses to “Foruzainen alde

  1. Eduardo Gil Bera

    Zuek sorturikoa ez da oraindik pintadetan ikusi, zeina baita benetako autoritatea. Hemen, ejemplo bat paratzearren, “foralak subnormalak” kantatzen duen bat badugu, eta bazter hauetako belarririk motzenak aldiro adituko ditu foral eta foralak. Probintzianoek asmaturiko ertzaina, berez, herria zaintzen duen espezimena litzateke, eta herria, berriz, kontzeptu geografiko hutsetik probintzianismoak sortutako kontzeptu populatxeroa da, zertaz euskaraz herria ez baita inoiz izandu inor, baizik eta inon: kontzeptu espazial bat. Ez al diozue joan den igandeko telebistako meza santuan Zokoako apezari “populua” klarki aditu? Bada, horixe, horra zuek baino konplexu guttixeago duen euskaldun bat.

    • Mikel Taberna

      Baina probintzianoek asmaturikoa paretetako pintadetan leituko duzu (bertze izengoiti batzuk ere erabiltzen dituzte, bai), eta bedeinkapena ematen diote afera honetan dezaketenek, eta Zokoako apezak ez dakit haien izena erabiliko duen, baina Durangokoak bai.
      Eta konplexuz beterik gauden hauek sorturikoari ez diote palazio batzuetako atea zabaltzen… Eta nola agertuko da paretetan, ez bada automobiletan, ezta arropetan ere (atzoko irudietan ikusi dugunez: http://sustatu.com/1395947494623) ageri, eta jendeak ikusi-aditzen dituen komunikabideetan ez bada existitzen.
      Horretaz ari nintzen.

    • Inaxio Txalupalari

      Nire konklusio bakarra: Gil Bera jaunak meza santua entzuten du telebistan, gaixoek bezala, eta konplexurik gabeko apaizak maite ditu… Probintziako herri batetik, txeraz…

    • probintzianoa

      “Polis”tik polizia eta herritik herri-zaina. Eta gu herritarrak (citoyens), eta gutarik batzuk hiritarrak (citadins). Ni, berriz, probintzianoa, baina gustora.

  2. Asier Larrinaga Larrazabal

    «Foruzaingoa» eta «foruzaina» guztiz errotuta daude ETBren erabileran, esate baterako Egun on, Euskadi albistegi goiz-zalean errepideetako istripuen berri ematen dugunean, eta, arruntaren arruntez, oharkabean geratu zaigu HIKEAtik kanpo 🙂 Konponduta!

  3. Mikel Taberna

    Eskerrik asko, erantzun duzuen guzioi.
    “Foruzainen alde…” Egun hauetako irudiak ikusirik, txantxetan ere ez hori. Baina, tira…
    Lehengo egunean ez bainuen aipatu, nire testua osatzeko gehitu nahi nuke urte hauetako literatur lanetan ere agertu direla “foruzain/foruzaingo”; bertzeak bertze, liburu hauetan ikusi ditut: Edurne Elizondoren “Itoiz, porlanezko gezurra”, Hasier Etxeberriaren “Mutuaren hitzak” eta Fernando Rey-Mikel Vilches bikoteak itzulitako Dolores Redondoren “Hezurren ondarea”. Ez dakit Redondoren beraren “Zaindari ikusezina” ere sartu beharko nukeen zerrendan, ez baitut eskura, eta izanen dira segur aski gehiago baina ezin nik orain baieztatu zein.

    • Mikel Taberna

      …Ez dakit Josu Zabaletak euskaratu zuen Dolores Redondoren beraren “Zaindari ikusezina” ere sartu beharko nukeen zerrendan…

  4. Elixabete Etxeberria

    Elhuyarko hiztegigintza-taldean langaien zerrendan genituen “foruzain”, “foruzaingo” eta horien ingurukoak. Zure artikuluari esker, Mikel, azkartu dugu hitz horien lanketa: hiztegiko informazioa eguneratu dugu, eta Elhuyar Hiztegiak webguneko azken aldaketen atalean iragarri ere bai.
    Buruhauste batzuk eman dizkigu gaiak, “foruzain” eta “Foruzaingo” Nafarroakoak izanik (eta hor ez dago zalantzarik), “policía foral” generikoa emateko garaian. Esaterako, Arabako Miñoiak ere “policía foral” dira, baina ez “Foruzaingo”. Euskarazko termino generikorako, bi aukera aurkitu ditugu; a) “foru-polizia” (Zehazki, Wikipedia); eta b) “polizia foral” (Berria). Testuetako erabilera dela eta, Lexikoaren Behatokia, Egungo Testuen Corpusa eta Elhuyar Web Corpusa aztertu ditugu, eta nabaria da “foru-polizia” aukera gaur egun erabiliagoa dela. Dena den, bai erakundea eta bai kidea esateko, bietarako, bi aukerak ematearen aldeko hautua egin dugu. “Foral” hitza bera ere, izenondoaz gain, izen gisa ere eman dugu, Nafarroako “foruzain” zein Bizkaiko polizia foraleko kidea adierazteko.

    • Mikel Taberna

      Eskerrik asko, Elixabete!
      Egia erran, atzo, zuen hiztegira kontsulta bat egitera sartu eta ohartu nintzen horretxen berri ematen zenutela eskuinaldeko zutabean: “azken aldaketak”.
      Eta, bidenabar, zorionak zuen webgunearen diseinu berriarengatik; ez ditut “dastatu” eskaintzen dituen aukera guziak, baina lehenago ere erreparatu diot eskuinaldean txertatu duzuen goitik beherako argibide zerrenda horri, eta zinez egokia eta baliagarria iruditzen zait.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s