Lokalizatzaileak eta community managerrak

Esti Lizaso

Hitzak, hizkuntzak bezala, izaki bizidunak direla esaten da: jaio, hazi, elikatu, estimuluen aurrean erreakzionatu, ugaldu eta hil egiten dira (bizitzaren definizio hori ikasi genuen ikastolan). Baina, azken urteotan, Internetek eta sare sozialek izugarrizko bultzada eman diote bizitza horien bilakaerari. Hitzak barra-barra sortzen dira, eta segituan zabaltzen dira hizkuntza arrotzetara.

Lehengo astean bertan pil-pilean izan genuen adibide garbi bat: selfie. Autoerretratuaren (edo autorretratuaren, darabilzuen hiztegiaren arabera) lehengusu moderno hau iaz jaio zen, baina mundu osoan zabaldu da hilabete gutxitan, zer esanik ez Oscar sarien ondoren:

1_irudia_selfie

Grafikoa zertxobait aldatzen da, ordea, mundu globalizatuak beretzat hartzen dituen hitzen jatorria ingelesa ez denean; beste behin, globalizazioan hizkuntza eragile nagusia ingelesa dela erakusteko besterik ez bada ere. Japoniar jatorriko “emoji” hitzarekin egin dut proba. Mezularitza-zerbitzuetan aurpegierez gain askotariko ikonoak gehitu zituztenean, “emotikono” herren geratu zela iruditu zitzaien ingelesei, eta hara zer gertatu zen japoniarrei hitz hau hartu zietenean:

2_irudia_emoji

Grafikoko D puntua emoji, phablet, selfie eta twerk Oxford hiztegian gehitu ziren uneari dagokio.

Aldiz, lehendik baziren hitzei erreparatzen badiegu, ingelesaren nagusitasunaren ordez, edo harekin batera, Interneten eta sare sozialen boterea da ageri-agerian geratzen dena. Joerak ia globalak bilakatu dira. Hona hemen “cupcake”ren grafikoa horren erakusgarri:

3_irudia_cupcake

Lokalizazioa ere azken multzo horretan sartuko litzateke. “Lokalizazio” hitza ez da berria, “kokatu” adiera orokorrarekin erabili izan da, eta zientzia alorrean ere erabilera espezializatu bat baino gehiago ditu. Guri hurbilagoak zaizkigun “globalizazio” eta, horrenbestez, “lokalizazio” kontzeptuak, berriz, 1990eko hamarkadan hasi ziren zabaltzen eta, hasiera batean, ekonomiari lotuta zeuden. Adiera berri haren loraldia ikusteko urte batzuk atzera egin behar denez gero, ez dugu horrelako gorakada ikusgarririk aurkituko haren erabilera-grafikoan, garai hartan sare sozialik ez zelako. Hala ere, jo zuen gailurra, eta itzulpengintza-prozesua izendatzeko “lokalizazio” hitza erabiltzearen egokitasunari buruzko eztabaida ere mundu osora zabaldu zen. Aspaldion, ordea, hitzaren eta prozesuaren adiera berriak ondo errotuta geratu dira, eta haiekiko interesak behera egin du:

4_irudia_localization

Kontuak kontu, hizkuntza hartzaileak abiada itogarri horri eutsi ezinik dabiltzala iruditzen zait batzuetan. Atzean geratu gabe komunikatu behar horretan, ez dutela maileguak hausnartzeko tarterik hartzen, eta gaizki irentsita hasten direla agertzen hizkuntza berrietan.

Lokalizazioaren kasuan ere izan dut kezka hori. Izan ere, lokalizazioa prozesu orokor bat da, produktuak (edozein motatakoak) tokian tokiko hizkuntza, kolore, forma, kultura, ohitura eta abarretara moldatzean datzana. Produktuak inolako testurik badu, itzultzaileak ere “lokalizatzaile” lana egingo du testu hura xede-hizkuntzara ekartzen, baina ez da irudi berriak sortuko dituena edo testuaren kolorea aldatuko duena baino lokalizatzaileago izango.

Inguru euskaldunetan “lokalizazio” hitzak sarrera isil samarra egin du eta, batez ere, nahiko berantiarra. Hala ere, badirudi geroz eta jende gehiagok erabiltzen duela gure artean. Horregatik, berandu gabiltzanez gero, berritasunak itsututa aise antzera erabiltzen hasi aurretik, hausnartzeko tartetxo bat hartu beharko genukeela iruditzen zait.

Euskaraz ikusi dudan gehienetan “lokalizazio” terminoa “software-itzulpenarekin” ordez zitekeen sinonimo ia oso gisa. Egia da itzulpengintzan lokalizazioa aipatzen denean webgune, software eta bideo-jokoei egiten zaiela batez ere erreferentzia. Baina, ez nuke esan gabe utzi nahi Euskal Herritik edo Espainiatik kanpo “lokalizazioan” diharduzuela edo “lokalizatzaileak” zaretela esaten baduzue, inor gutxik ulertuko dizuela itzultzaileak zaretela.

Lokalizazioa aipatzen edo irakurtzen duzuen hurrengoan, beraz, hartu tartetxo bat zertaz ari zareten aztertzeko: itzulpengintzaz ala globalizazio-prozesuaz.

Izan ere, itzultzaileok, beste hizkuntzetatik datozen hitzak erabiltzen lehenetakoak garen heinean, badugu mailegu zuzen, eratorpen eta neologismo horien hautuan nolabaiteko ardura.

Aukera guztiak zilegi direla uste dut, bere helburua betetzen badute. Baina aukera zergatik egin dugun edo hitza nondik datorren jakitea garrantzitsua dela iruditzen zait.

Begira, bestela, community managerrei. Denok dakigu zer diren: erakunde baten komunikabideak eta haietako edukia kudeatzeaz arduratzen diren pertsonak. Bada, gure artean bolo-bolo dabilen termino hau, horren moderno eta amerikarra dirudiena, gure bizilagunen asmakizuna da. Espainolarengatik ez balitz, ez zen ia community managerrik izango:

5_irudia_communitymanager

Adi, beraz, inoiz community manager batentzat lokalizatzaile gisa aritu behar baduzue 😉

3 Iruzkin

Esti Lizaso atalean

3 responses to “Lokalizatzaileak eta community managerrak

  1. Esti:

    Eskerrik asko artikuluagatik. Datu-bilketa eta gogoeta interesgarriak egin dituzu. Iruzkin pare bat baino ez.

    Euskarazko software-lokalizazioa 1995ean hasi zen, gutxi gorabehera. Ez da hain berantiarra, beraz. Eta isila ere, ez dakit ba. Corpusetako arrastoa, behintzat, argia da. Termino horren lehen agerpenak urte horietakoak dira (esaterako, ZTC). Eta gaur egun ere, ez dira hain gutxi: Elhuyar Web Corpuseko 617 agerpenetatik, asko softwareari dagozkio (zehatz kontatzeko astirik ez, sentitzen dut). Lexikoaren Behatokian, bilaketa aurreratuan arloa=Teknologia ezarrita, informatika-arloko 19 agerpen daude.

    Gogoan dut Microsoftek berak zerabilela “localisation” terminoa, eta “translation” hutsetik bereizten zuela; ideia SDLren gunean azaldutakoaren baliokidea da: “Software localization is the translation and adaptation of a software or web product”. Egia da beste iturri batzuetan “lokalizazio” terminoa itzulpenaren ondorengo prozesu gisa definitzen dela (ingelesezko Wikipedian, esate baterako). Eta egia ere bada “software-itzulpen” terminoaz balia gintezkeela, termino horretan “itzulpen” osagaiak adiera berezia duela kontuan hartuta, betiere (translation+adaptation). Baina ez dut uste “localisation” kontzeptua, SDLren definizioa kontuan hartzera, Euskal Herrian edo Espainian soilik denik ezaguna.

    Bestetik, bitxia iruditu zait “community manager” terminoa “gure bizilagunen asmakizuna” dela esatea. Oker ez banaiz, Google Trends-en “Regional interest” rankingean oinarritu zara hori esateko. Baina ranking horiek “search volumen index” delakoaren arabera sortzen dira, eta indize horrek neurtzen du “uneko bilaketa-kopurua, denbora-bitarte-jakin bateko bilaketa-kopuruarekiko” (http://www.webproworld.com/webmaster-forum/threads/99720-Search-Volume-index-Definition: “The default SVI shown on Google Trends is the Relative one and is based on relation between Actual Searches and Average Searches over Period”). Uneko interesaren aldaketa erlatiboa da, beraz. Emaitzak deigarriak izaten dira batzuetan. Esaterako, “social network” eskatuta, Nigeria da lehena “Regional interest” rankingean. “community manager” bilagaiaren 2004-2011 bitarteko joera bistaratuz gero, Estatu Batuak ageri dira rankingaren buruan. 2004-2012 hautatuz gero, ordea, Espainia. Urtebeteko bitarteak hartuta, 2010ean hasten da Espainia agertzen rankingaren buruan. Horrek adierazten du Espainiako bilaketetan gertatu dela interes-aldaketa erlatiboki handiena. Baina ez nintzateke ausartuko espainiarrek asmatu dutenik esatera.

    • Esti Lizaso

      Eskerrik asko hartutako denbora eta lanagatik! Oso interesgarria da diozuna, baina, gaitz-ulerturen bat izan dela uste dut; izan ere, artikuluan ez dira lokalizazio-jardueren nondik norakoak aipatzen. Ea azalpena argigarria den:

      Hitzak erabiltzeko modez egin nahi izan dut hausnarketa, Internetek eta sare sozialek gauzak izendatzeko moduan duten eragina nabarmenduta.

      “Lokalizazio” hitzari eta haren eratorpenei buruz zera esan nahi izan dut: denotazio bakarreko hitzak diren arren, konnotazio desberdinak nabaritu ditudala hizkuntzaren arabera. Gaztelaniaz, katalanez eta euskaraz “lokalizazio” eta “lokalizatzaile” erabiltzea nahiko normaldu dela “software, webgune edo bideo-jokoen itzultzaile” esan nahi izan dugunean. Ingelesez, aldiz, ez dela horren normala jendeak bere burua “localizer” gisa definitzea. Garai batean eztabaidatu zela erabilera hori, baina nahikoa isildu dela eztabaida eta haien artean esanahi orokorragoa gailendu dela.

      Eta “community managerrekin” antzeko zerbait gertatzen da: komunitateak eta kudeatzaileak dituztenez geroztik dituzte komunitate-kudeatzaileak edo “community managerrak” ingelesez. Hitz horri gaztelaniaz eman zaion erabilera da, ordea, bitxi egin zaidana: konnotazio propioa hartu eta hiztegian ingelesez gehitu izana da “asmakizuna”, bere zentzurik zabalenean.

      Horrela, lokalizazioarekin bezala, zehaztapenen bat egin behar izan dezakegula besterik ez dut esan nahi izan, ingelesez “komunitatearen kudeatzailea” esate hutsarekin ez zaielako guri, euskaraz edo gaztelaniaz ari garenean, “community manager” ingelesez esanda etorriko zaigun gauza bera etorriko burura.

      Datu eta formei dagokienez, Google-ko bilaketak ez dira ez zientifikoak, ez kontrastatuak eta ez fidagarriak ere. Testuko irudiak ideia nagusia islatzeko lagungarri grafiko hutsak izan dira, Google-ko bilaketak esanguratsuak iruditu zaizkidalako, bere neurri apalean, jendearen interes eta joeren berri izateko orientazio modura. Blog-sarrera bat dela kontuan hartuta, astelehen goizerako gogoeta arin bat ekarri nahi izan dut hona, aipu, erreferentzia eta bibliografien formalismo akademikoetatik urrun. Horrelakoetarako, baditu EIZIEk idazle eta baliabide egokiagoak. 🙂

      Eskerrak berriro ere iruzkinengatik, eta barkatu gaizki esanak!

      • Orain hobeto ulertu dut, Esti, eta ados nago diozunarekin, batez ere “community manager”ek gaztelaniaz hartu duen konnotazioaren azalpenarekin. Eskerrik asko. Googleko datuak direla eta, Googlek berak aitortzen du, neurri batean, zuk diozuna; dena dela, jende asko ari da datu horiek erabiltzen, joerak eta interesak aztertzeko.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s