Heinrich Böll eta Uwe Boll ez dira familia berekoak

Santi Leoné

Maite ditut, maite, kanpoko izenak, letra bereziak dituztenean: Stanisław Lem, Gabriela Adameşteanu, Jo Nesbø. Ez dakit nola ahoskatzen diren (ez dakit ez polonieraz, ez errumanieraz, ez norvegieraz), baina jakin-mina pizten didate. Aspaldian, artean gazteago eta berdeago nintzela, solas frantsesen bokalen gaineko azentu-marken ugaltzeak izugarri liluratzen ninduen: Hélène, Frédéric. Batzuetan, istorio interesgarriak altxatzen dira zeinu horien –edo zeinu horien faltaren– gibelean. Je suis né liburuan, Georges Perec-ek kontatu zuen frantses gehienek, haren izena entzunda, Perrec edo Pérec idazten zutela, frantsesaren idazkera sistemak hala ordezkatzen baitzuen idazlearen izenaren ahoskera. Azentua idazteari uko eginez, Perec-ek uko egin nahi izan zion bere deitura arruntean frantziartzeari: abizena, berez, sefardia zen –Peretz–, eta Perec Bigarren Mundu Gerran Frantziara emigraturiko Poloniako familia judutar bateko alea zen. Azentuaren eskasia zen kultura judutarrarekin zuen lotura bakarra: falta bat, absentzia bat.

Noizbait pentsatu dut istorioren baten bidez dotoretzea nire deituran atxikitzen tematzen naizen azentu hori, baina oraingoz ez zait deus ere bururatu. Polita eta eredugarria iduritzen zait Irati Iciarrek Twitterreko kontuan ematen zuen azalpena (“bai, abizena c-z idazten dut, alferra naiz eta”), eta horregatik egin nintzen haren jarraitzaile sare sozial horretan, kontu horren gibelean balizko frikikide bat sumatu baino aise lehenago.

Baina lot nakion harira: letra bereziak eta marka diakritikoak ez dira apaingarri hutsak, eta, ahoskera bideratzeaz gainera, batzuetan istorio inportante –edo banal– bat dute azpian. Horregatik, ez nago sobera ados Berriaren estilo liburuan hartua dagoen marka horiek guziak kentzeko erabakiarekin. Hala ere, ados egon edo ez, ez dagokit niri, bistan da, erratea nola jokatu behar duten hedabide batean. Bada bertze kontu ttiki bat, ordea, kritikagarriagoa egiten zaidana. Estilo liburuaren 2006ko edizioan, paperekoan, hau adierazten da: “erabiltzen den diakritiko bakarra zubererazko ü da. Alemanezko dieresia [¨] ordezkatzeko, digrafoa erabiltzen da pertsona izenetan”. Orain Interneten dagoen bertsioan, zehazten da digrafoa erabiliko dela “alemanezko a eta o letren gaineko dieresia”, eta, beraz, alemanezko ü linboan utzi dute, batek daki zergatik. Praktikari begiratzen badiogu, ordea, normalean digrafo hori ez da inoiz erabiltzen, eta alemanezko ä, ö eta ü burusoil azaltzen dira Berriako albisteetan: Heinrich Boll (2013-01-06), Herta Muller (2014-01-14) edo Wolfgang Schauble (2013-08-22). Eta pena da, digrafo horren bidez alemanak berak konponbide erraza eskaintzen baitu: Heinrich Boell, Herta Mueller, Wolfgang Schaeuble. Azken batean, Heinrich Böll (edo Boell) idazlea eta Uwe Boll zinema-zuzendaria ez baitira ahaideak.

2 Iruzkin

Santi Leoné atalean

2 responses to “Heinrich Böll eta Uwe Boll ez dira familia berekoak

  1. Pruden

    Beti daude kasu bitxiak, Santi, eta onomastikaren alorrean zeresanik ez. Adibidez, historilari marxista hura, bere garaian hain aipatua, Georges Rudé (1910-1993), suposatzen dut zeuk karrera egin zenuenean oraindik ere masiboki aipatua izango zela ikasgeletan. Gaur egun ez dakit. Baina harira, jaiotzaz norvegiarra, mutikoa zelarik familiarekin Ingalaterrara doa eta han, ikastetxe batean matrikulatu behar dutela-eta (oker ez banago barnetegi ingeles ospetsu horietakoren bat) zuzendariak aholkatzen die deiturari tileta eranstea, ikaskideen barreak ebitatzeko. Eta hartara jatorrizko Rude bihurtu zen Rudé. Izan ere, “rude”, ingelesez, nahiko desegokia omen da deitura gisa erabiltzeko. Neuk beti pentsatu nuen frantsesa zela, gero jakin nuen ezetz, ingelesa zela, eta ondoren jatorriz norvegiarra.

    Anekdota honekin esan nahi dudana da deiturak (eta deituren grafia) oso lotuta daudela ingurune kultural hurbilari, eta horrek esplikatzen duela mendez mende haiek aldatzeko eta maila guztietan egokitzeko egon den ohitura zabala. Gaur egun, aldiz, internet eta “globalizazioari” esker, identitate pertsonalaren aldeko borrokaren parte garrantzitsu bat bihurtu zaizkigu. Eta beldur naiz euskaldunok oraindik ez dugula ikasi fenomeno hori ondo kudeatzen. Neuk behintzat ez dut ikasi, eta inguruan ikusten dudanak ez dit esperantza askorik sortzen.

  2. Aitor

    Santi, oso gustura irakurtzen ditut zure idazkiak (hemen zein zu zeu-n; Berria-ko “Serio Demonio”n, ordea, itzuri egiten dizu pitin bat umoreak, nire gusturako, behintzat) oso ongi konbinatzen baitituzu ezagutza, jakituria… eta ironia, umorea…

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s