Bakoitzak bere arkanbele-kanta

Mikel Taberna Irazoki

Gure haur-denboran, jostetan aritzeko, neska-mutiko koxkorrak gehienetan auzoko plazan juntatzen ginen. Berez, zirkuluan jarritako dozena erdi bat haritz zaharrek mugatzen zuten esparrua zen, oihantxo segur aski espres bakandu bat, arbolen adar luzeenen babesarekin ia-ia gaur egungo edozein areto estaliren parekoa zena.

Orain ez bezala, inoren gurasorik ez baikenuen hurbil izaten, gure arteko zaharrenek erabakitzen zuten zertan denbora pasatu, eta gainerakoek haiei kasu egiten genien. Baloi kaxkarren bat ez bazen, inork ez zuen jostailurik izaten, eta eskura zegoen zernahi baliatzen genuen geure ameskerietarako: makilak, harriak, lamina-zulo bat, belarra garraiatzeko lerak, Bidasoa, meategiko karburoa… Animaliei ere erreparatzen genien: zerutik zelatatzen gintuen miruari, apo gizajoei, arkulo beldurgarriei…

“Arkulo erraten genion latinez Lucanus cervus denari. Izen mordoxka du euskarak intsektu hau aipatzeko: arkanbele, akulamendi, arkamelu, basajaun, basandere, kinkilimarro, akilimarro, martin adar-andi, tartalo, kakalardo adardun, karraskaldo… Horietatik, lehenbiziko biak hautatu dituzte, oraingoz, Hiztegi Batuan sartzeko: arkanbele eta akulamendi. Euskara estandarrean, berriz, badirudi “arkanbele nagusituko dela, hori aipatzen baita eskura ditugun hiztegi elebidun gehienetan, eta hori bertzerik ez Euskaltermen eta Zehazkin.

Mamorro hori bere adar handiekin hurbiltzen ikusten bagenuen, beldurrez ihes egiten genuen lasterka, uste genuelakoz begiak aterako zizkigula. Eta harrapatzen bagintuen, bagenuen formula bat sekula huts egiten ez zuena: “Arkulua beheiti, arkulua beheiti! erraten genion, eta hark goiti egiten zuen beti, arkuloak dena alderantziz ulertzen baitu, edo, bertzela, zenbaiten gisara, agintzen zaionaren kontrakoa egiten.

Arkuloak gure jostalekua zen plaza hartan noiznahi agertzen ziren, haritz zahar haietan bizi baitziren. Horrelako habitata maite dute, nonbait: haritzaren familiako arbola zaharren zur usteltzen hasia. Baina espeziea Europan desagertzeko arriskuan omen dago, hain zuzen ere, gisa horretako oihan klaseak eskasten ari direlakoz (oihanberritzeetan gehienbat landatu diren bertzelako zuhaitzetan ez omen dute laketzen).

Inork ipuin edo gisakorik sortzeko afiziorik baldin badu, animalia honek ematen du kontatzeko gaia (itxura, sinesteak…). Niri, behinik behin, gustatu izan zait idatziz egin ditudan lantxoetan aipatzea. Halakoetan duda izan dut, ordea, egokia ote zen etxean-herrian ikasiriko “arkulo” erabiltzea, jendeak ulertuko ote zuen. Baina “arkanbele” hain arrotza zitzaidan…

Orain dela urte batzuk, gure ama egunkaria irakurtzen ari zen eta, halako batean, “Berriz ere ari duk X ergel hori atakean, bere arkamele kantarekin!” aditu genion. Arreba eta biok harritu ginen, guk etxean sekula aditu gabeko erranera baitzen hori. Esplikatu zigun hori erabiltzen zela norbait behin eta berriz beti erretolika berarekin, beti berearekin, temoso aritzen baldin bazen. Kasu hartan, egunkarian iritzi-artikulua edo zuzendariarentzako gutuna idatzia zuen norbaitengatik erabili zuen amak lokuzioa. Pertsona ezagun bat genuen, aspergarri samarra iruditzen zitzaiguna bere prediku bakarra zela medio. Amaren jaiotetxeko kontu partikularra ote zen (osaba Luisek eta izeba Milagrosek ere ezaguna zuten: “Zuek gaztiak igual ez, biño guk aunitz ibilli dugu”) edo zabalduago ote zegoen jakiteko, herriko lagun bati galdetu nion, hark ere ba ote zekien zer zen “arkamele kanta”. Nire adintsua izanagatik, haren euskarak ez du pairatu nireak noizbait jasan zuenaren pareko deskalabrurik eta, gainera, ni ez bezala, beti herrian bizitu da, etxean nahiz kanpoan (lantokian eta) euskaraz gehienbat mintzo. “Bai, motel”, erantzun zidan, “horrek erran nahi dik beti beriakin nahi duela ateri; ez duela bertzin erranari aditzen; por ejemplo: ‘bai, hori beti bere arkamala kantakin’; o sea, a lo suyo”. Beraz, arrebak eta biok geure gogoan gordea ez edukiagatik, herritarrontzat “kanta” ezagun samarra zen hura. Bertze galdemodu bat ere egin genien gure informatzaileei, ba ote zekiten zer animalia klase zen “arkamelea”. Ezetz, ez zekitela. Hala ere, ez zuten horregatik buruko min berezirik: “erratte bat da”. Kitto.

Orotarikoaren arabera, “arkamele/arkamala” aldaera bat da, Hiztegi Batuan sartu den “arkanbele” hitzarena, niri lehenago hain arrotz zitzaidanarena, hain zuzen ere (!). Hiztegi Batuko sarrera bakarrari argibide bat erantsi zaio:

arkanbele iz. Lucanus cervus

Orotarikoan, aldiz, bi sarrera daude hitz honentzat:

1 arkanbele (L? ap. A; H (+ -kh-)), arkanbela (Urt), arkamelu (L-côte, BN-baig ap. A), arkamele (Darric ap. DRA).

Ciervo volador (Lucanus cervus). “Cantharis, uli ogi ialea, uli beltza, ogi jan ulia, arkanbélaa” Urt IV 158. “Cerf volant” H. “1.º lucano, escarabajo. 2.º se dice también, por irrisión, de un hombre pequeño, regordete, enano” A. “Arkameku (L-côte; Laf.), hanneton” Lh. “Escarabajo (Darric)” DRA. v. arkulo (2),akulamendi.

2 arkanbele (Lar H, Hb ap. Lh), arkamele (L ap. A), arkanbile.

“Cuento, fábula” y “fábula” Lar. “Fable, conte” H. “Cuento, fábula” A. Cf. Sb-Urq: “Arkanbela. Fábula. Cometa [?]”. Greza, arkanbilen ontzia denak, gezür franko dereikü adin lüzetzaz barreiatü ta erakutsi bürüzagisa zela hetan. Egiat 189

Amari adituriko lokuzioaren aipamen zehatza ez da hor ageri, ez batean ez bertzean, baina iruditzen zait OEHn txertatu den bigarren sarrera horrek bide bat erakusten duela hartaraino iristeko. Irudipena, bertzerik ez, ez bainaiz gauza hortik aitzinera sobera urrun joateko.

Istorio (arkanbele?) honetatik, eta poetek erran zuten harako “arbolak gara” hartaz oroituz, ondorio garbi bat atera dut: dudarik gabe, tribuko gizon-emakume urtetsuak arkulo izugarrien eta solas ederrenen gordeleku dira (eta altzo, magal, sehaska…).

Ez duzue hala uste?

8 Iruzkin

Mikel Taberna atalean

8 responses to “Bakoitzak bere arkanbele-kanta

  1. Azkoitian ez da halako esaldirik, nik dakidala behintzat, baina “attitte mendikoteko” deitu ohi zaio arkanbele edo dena delako mamorro beltz horri, eta badu bere kantu umoretsua: “Attitte Mendikoteko / zer dezu negarrez? / Botillie puskaute / ipurdiko miñez”. Ez zait iruditzen oso zaharra denik kantua, baina 40 bat urte gutxienez baditu, neu lekuko.

  2. Martin

    Ongi irabazia du, nire ustez, aipatzen duzun baldarkote fama hori. Hegan doala ikustea besterik ez dago, parapentista trauskila iduri baitu.

    Jakoba Errekondok arkanbeleren atarramenduaz, duela hamar bat urte:
    http://www.argia.com/argia-astekaria/1962/akulamendiaren-atarramentua

  3. Bai, dudarik gabe, benetako hizkuntza-altxor baten gordetzaile dira, eta guztiz kontuan hartzekoak.
    Dena den, horrek ez du esan nahi kontuan hartu beharreko faktore bakarra direnik, nire ustez: herri-hizkerak eta ahozko hizkerak gauza aprobetxagarri asko dituzte hizkera landurako, baina zenbaitetan ez diete erantzuten hizkera landuaren beharrizanei.
    Hizkuntza bat, bere molde guztiekin, herri-hizkera baino gauza zabalagotzat daukat.

  4. Mikel Taberna

    Eskerrik asko, Juan Luis, Martin eta Xabier, zuen erantzunengatik.

    Bere ttikian, ederra iruditzen zait Azkoitiko “attitte mendikoteko” hori; misterioa, nork-nondik-nola sortu ote zen. Bertzalde, Juan Luis, ez dakit zergatik uste duzun ez dela oso zaharra izanen…

    Jakoba Errekondoren artikulu horixe bera erabili nuen, bertzeak bertze, nire testua idazteko. Ez nuen aipamena egin, baina ongi ekarria, Martin.

    Azkenik, Xabier, funtsean, ustez inon bildua ez dagoen lokuzio baten berri eman nahi nuen. Inon bildua ez, baina bizirik dagoena oraindik hainbat ahotan. Paperera edo pantailara jauzi egiten lagundu nahi nion; plazara ateratzeko zubigile izan. Bertze hainbertzek (hitz, lokuzio, eta abar) izan duten aukera bera eskaini nahi nion. Ez dakit pasako den ertz honetara eta noiz arte biziko ote den, baina hori ez dago nire esku. Arkanbeleen etorkizuna, badakizu, gurea bezain…

  5. Zergatik uste dudan attitte mendikotekoren kantua ez dela oso zaharra? Ez dakit. Egia esan, ez da oso zientifikoa nire iritzia, baina kantuko “botillie puskaute” hori… Botilak ere, beren zaharrean, noiztik honakoak dira ba? Arkanbele-kantarenari dagokionez, oso lokuzio eder eta baliagarria iruditzen ziat. Ea zortea duen eta, diozun bezala, Mikel, ertz honetara pasatzen den.

  6. Iratxe Goikoetxea

    Sinonimo eta aldaeretarako, Hizkeren Atlasean begiratzea gustatzen zait, oso grafikoa da eta. Hona arkanbelearena: http://www.euskaltzaindia.net/dok/iker_jagon_tegiak/ehha/13.pdf.
    ‘Arkulu’ forma Azkainen dago jasota.

  7. Mikel Taberna

    Eskerrik asko, Iratxe. Banuen Atlasen aditzea, baina ez naiz sekula sartu. Hemendik aitzinera saiatuko naiz, asmatzen badut nola. Nolanahi ere, zuk txertatu duzun estekan klik eginda agertzen diren “arkanbele”aren inguruko izen guziekin harritua gelditu naiz. Denak zehatz-mehatz irakurri gabe, xelebrea iruditu zait Igoako kasua, han “ezkurrakoalkate” erraten omen diote. Ezkurrakoek ez dute mendeku goserik erakutsi, ordea.
    Bertzalde, ez da misterio Azkainen ere “arkulu” erratea. Elkarren ondoan bizi gara, mendi koxkor bat bertzerik ez haien eta gure artean, nahiz eta batzuetan, ikusirik nolako komunikazioa dugun, Larun/Larrun (hori bertze istorio bat da) bihotzekoak Himalaia baino handiagoa dela iduri duen.

    • Mikel Taberna

      Barkatu, nahasi naiz, hau idatzi nahi nuen:
      “… bihotzekoak Himalaia baino handiagoa iduri duen”

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s