Itzulsortzen

Estitxu Garai Artetxe

Gaur egun ia ezinezkoa da publizitateaz hitz egitea bi hitzez behin ingelesezko bat erabili gabe, hain da handia hizkuntza horretatik hartu ditugun maileguen zerrenda: «marketin(g)», «(e)slogan», «feed-back», «briefing» (abiapuntuko txostena), «copy» (publizitate-testua), «publicity» (albiste bidez doako publizitatea lortzea), eta abar. Beste hainbat alorretan ere halaxe gertatzen da, baina publizitatearenean bereziki harrigarria dela esango nuke. Publizistek sekulako joera eta dohain aparta dute hizkuntzarekin jolas egiteko, eta artistak dira, halaber, hitzak asmatzen edo betiko hitzei esanahi berria ematen. Euren ogibideari dagokion lexikoa ingelesez erabiltzen badute, beraz, ez da izango ingelesezko hitzon ordaina sortzeko gauza ez direlako behintzat.

Egia da, hala ere, zenbait hitzek badutela euskaraz ordain jatorra, esaterako «branding»-en partez «markagintza» erabiltzea dago, «naming»-en ordez «izengintza» edo «target» gabe «xede-taldea». Nolanahi ere, erabilerak ez die oraindik merezi besteko oihartzunik eman, aditu eta jakintsuago ei gara ingelesezko hitz potolo horiek ahotan hartuta. Iñigo Fernandez Ostolazak bere blogean idatzi zuen termino horiek erabiltzean sortzen zaizkion duda-mudei buruz.

Kontuak kontu, ingelesezko hitz ustez modernoak bolo-bolo darabiltzagu, eta, geldiezineko hedapena dutelarik, alfer lana litzateke horiei euskarazko parekoa topatzen hastea. Zer egin, alabaina, hain erabiliak ez direnekin? Ingelesetik datorrena bere horretan hartu? Euskarara moldatu? Noizetik noizera, egoera horri aurre egin behar izaten diot doktorego-tesiaren idazketan. Erabakia aspaldi hartu nuen: ahal dela, euskaratu. Hurrengo batean inork kontzeptu bera hizpide hartuko balu, izan dezala behintzat nondik abiatu.

Itzuli gabe ditugun hitzen artean, bada bat bereziki txunditu nauena: «transcreation». «Translation» (itzulpena) eta «creation» (sorkuntza) elkartuz sortutako terminoa da, eta marketin eta publizitatean dabiltzan profesionalek publizitate-itzulpena izendatzeko baliatzen dute. Gure inguruko erdarek, gaztelaniak eta frantsesak, hala moduzko baliokidea eman diote: «transcreación» eta «transcréation», hurrenez hurren. Gurean, berriz, euskaratik eta euskaraz, honako ordaina eman diot: itzulsorpen(a). Berdintsu egin dut izan ditzakeen eratorpen guztiekin:

transcreation = itzulsorpen, itzulsortze; transcreator = itzulsortzaile; to transcreate = itzulsor(tu); transcreating = itzulsortzen,  itzulsortuz…

Itzulsortzea, hortaz, publizitate-mezuak edo marka-balioak hizkuntza batetik bestera moldatzea da, baina ez edonola. Jatorrizko mezua sortu duen publizistak adina informazio behar du itzulsortzaileak, hau da, honako hauek jakin behar ditu: markaren egoera, merkatuan duen kokapena, lehiakideekiko abantailak, unean uneko komunikazio-estrategia eta mezuaren bidez zer eragin lortu nahi den xede-jendearengan. Horiek guztiak kontutan hartzeaz gain, jatorrizko testuak darabiltzan argudiatze-bideei, baliabide estilistikoei eta hizkerari eusten saiatu beharko da.

Horrenbestez, ganorazko itzulsorpena erdiesteko itzulsortzaileak hizkuntza bietan trebea behar du izan, eta, hori gutxi balitz, publizitate-idazkera ondo baino hobeto ezagutu behar du. Zelan dago euskal merkatua itzulsortzaileei dagokienez? Galdera horren erantzuna (oraingoz) zuen esku utziko dut.

Lehenengo post honen xedea terminoa proposatu eta parajeotan zabiltzatenon iritzi eta iruzkinak entzutea besterik ez da. Zer deritzozue? Eskertuko nuke guztion artean adostu eta, haizeak eraman beharrean, adierazlea eta adierazia lau haizetara zabalduko bagenu.

Sorgin lurrina darion atsotitza okerra ez bada, «izena duena, bada». Bada, izan bedi.

11 Iruzkin

Estitxu Garai atalean

11 responses to “Itzulsortzen

  1. Ane

    Kaixo, Estitxu:
    Gutxi dut gehitzeko, soilik esan erabat ados nagoela zure hausnarketarekin eta egiten duzun proposamenarekin. Nik neuk «itzulsorpen» erabiliko dut hemendik aurrera, asko gustatu zait.
    Ondo izan.
    Ane

  2. Oso gogoeta ohargarria, Estitxu. Hala ere, euskaraz “sorpen” gutxi dugu, eta egokiagoak lirateke, inondik ere, “itzulsorkuntza” (prozesua) eta “itzulsorkari” (emaitza) formak.

    Borgesek esana da literatura oro itzulpena dela.

  3. Agurtzane Elordui

    Egun on, Estitxu: Lehenengo eta behin esan behar dizut guztiz beharrezkoa eta osasuntsua iruditzen zaidala hemen egiten duzun ariketa.
    Hori esanda, goazen egiten dituzu galderen harira: ‘sorpen’ hitzarekin ditut zalantzak. Ez dut uste oso erabilia izan denik. Corpusetan begiratu dut eta 2 aletxo baino ez ditut ikusi. Atzizki horren erabileraz ere???? Transcreation esateko ‘itzulsortze’ eta ‘itzulsormen’ hobetsiko nituzke, bakoitza bere adieran, hau da, prozesua eta gaitasuna-edo adierazteko. Nire iritzia baliagarria izango zaizulakoan. Agurtzane

  4. Estitxu Garai Artetxe

    Ondo etorriak, Ane, Iñigo eta Agurtzane. Eskerrik asko (h)iruzkinengatik.
    Iñigo eta Agurtzanek luzatu dituzten proposamenen artean, honako hirurak izan nituen aukera posibleen zerrendan: «itzulsortze», «itzulsorkuntza» eta «itzulsormen». Egia esan, «itzulsorkari» ez zitzaidan burutik pasa.
    «Itzulsortze»-ri dagokionez, uste dut bat gatozela. Biak ala biak gehitu ditut zerrendan, hain zuzen ere, bereizketa hori egiteko: «itzulsortzea» prozesua da eta «itzulsorpena», berriz, emaitza. Horrelaxe erabiltzen ditugu «itzultzea» eta «itzulpena».
    «Itzulsorpen»-era etorrita, ulertzen dut bukaerako «sorpen» hori arraro egitea, niri ere halaxe gertatzen baitzitzaidan hasieran, baina ez dut ukatuko: arrarotasun hori erakargarri egiten zait. Begiratu nuen corpusean, eta, bai, ikusi nuen ale bakan batzuk besterik ez daudela.
    Irudipena dut piztear dagoela aurreikusitako eztabaida… goazen, bada. Nik uste erabakian bi mundu-ikuskerek talka egiten dutela. Zuzentasun eta jatortasunari erreparatuz gero, zalantzarik gabe, arrazoi duzue, «itzulsorkuntza» hobetsi beharko genuke. Ez naiz nor eremu horretan eztabaidan hasteko. Eraginkortasunari erreparatuta, ordea, «itzulsorpen» da egokiena nire uste apalean. Batetik, laburrago eta esangarriago da. Bestetik, «itzulpen» hitzaren atzizkia bere horretan mantentzea hobetsi dut, horrela «itzulpen» osorik irakur baitaiteke, «sor» hori tartean txertatuta. «Sorpen» hitza ez da erabilia izango, baina uste dut barruan duena lehenengo begi- edo belarri-kolpean adierazten duela. Eta, azkenik, publizitateari hobeto lotzen zaio, jolasgarri, bitxi eta apurtzailea baita, hau da, hasierako arrarotasun horrek kalte beste mesede egiten dio.
    Kontua da: utziko al diozue publizista honi «itzulsorpen» erabiltzeko atrebentzia izaten, guztiz zuzena ez dela jakinagatik?

    • Kaixo, Estitxu. Zure azalpena oso ganorazkoa iruditu zait: “itzultzen” duenak “itzulpena” egiten duen bezalaxe, “itzulsortzen” duenak, “itzulsorpena”. Ondo izan!

    • Agurtzane Elordui

      Zalantza barik! Nork bere erabakiak har ditzake erabileraren inguruan; atrebentzia guztiak zilegi; areago sormen lana egitea bada helburua. HIzkuntzak zabalik uzten du errotik asmatzeko aukera ere , zelan ez!

      Asmoa bestelakoa zela ulertu nuen, iritziak jasotzekoa, eta ulertze horretan esaten nizun garrantzitsua dela hizkuntzaren tradizio diskurtsiboari jarraitzea, batez ere terminologiaz (hitz teknikoez) ari garela.Hala da bereziki arau diskurtsibo, lexiko eta terminologiko ez egonkortua duten hizkuntzen kasuan., eta horixe da euskararen kasua, zalantzarik ez. Mila esker zuri ere!

    • Igonek eta Agurtzanek ederki esan dutenez zilegi da, noski, “itzulsorpen” proposatzea. Irakurle bakoitzaren buruko oihartzunak, bistan denez, desberdinak dira, hizkuntza-esperientziak desberdinak diren aldetik.

      Arlo labain horretan, denotazioaren eremuan, “sor+pen” elkarketa ia ezina zaidanez, nik hiru osagai bereizten ditut: itzul (itzulpena…), sor (min sorra, sorgorra…) eta pena (domaia)… edo sorpena (zorpena, “z”rik ahoskatu ezik). Eta kontzeptuak adierazle erakargarriago bat eskatzen dit, sorrik, zorpenik edo penarik gabea.

  5. Danele

    Kaixo Estitxu:
    oso interesgarria iruditu zait zure testua eta zure proposamena. Kasualitateak zer diren, duela gutxi itzuli nuen autore quebectar bati egindako elkarrizketa bat, eta, buruari buelta gehiegi eman gabe, ingelesezko “transcreation” kontzeptu hori itzultzeko “transorkuntza” erabili nuen. Egia esan, ez zitzaidan okurritu “trans-” hori “translation” izan zitekeenik; transfomazio eta gisako hitzen testuinguruan zebilen, eta pentsatu nuen betiko “trans-” aurrizkia zela, bestaldearen edo zeharkatzearen zentzua duena. Nire elkarrizketan ez ziren publizitateaz ari; baina, hala ere, uste dut itzulsortzearen ildo horretatik tiraka ari zirela berdin-berdin.
    Horixe ba, mila esker!

  6. Oso ezatabaida interesgarria, agerian uzten duena, nire ustez, eratorpen-atzikien erabilera ulertzeko ikuspegi morfopragmatikoa ezinbestekoa dela. Hitz berrien sorrera kontzeptu- eta denominazio-sistema baten barruan egiten dugu hiztunok, eta horrek hitzen forman era bateko edo besteko sistematikotasuna bilatzera eramaten gaitu. Estitxuren arrazoibidea, nire ustez, erabat zuzena da, Iñigorena, Agurtzanerena eta Danelerena bezain zuzena, baina kontzeptu-sistema desberdinen ikuspegitik eginak dira hiru arrazonamendu horiek. Arazoa da hiztun askok eta askok ez dutela beren arrazoibidea azaltzeko aukerarik, eta beste batzuen arrazoibideak inposatzen zaizkiela.

  7. Estitxu Garai Artetxe

    Igonek ezin hobeto laburbildu du eztabaida/elkarrizketa honen gakoa. Kontzeptu-sistema ezberdinetatik tiraka sor daitezke hitzak. Sistema horien artean zein aukeratu, berriz, zeharo lotuta dago jantzita daramatzagun betaurrekoekin. Hizkuntzalariaren betaurrekoak eta publizistarenak bat ez etortzea aberasgarria da. Bien ekarpena da garrantzitsua, hizkuntza bizirik eta bizitasunez mantentzeko. Kezkagarria litzateke esparru bateko arrazoibidea besteetan inposatzea, arau horietara makurtu eta beste esparrua pobretzea, alegia. Gurean ez ote den hori gertatzen ari…
    Nire asmoa, nola ez, zuen iritzia entzutea zen, ez baita osasungarria norberarenean tematzea besteena entzun gabe. Mila esker, beraz, ekarpen guztiengatik. Proposamenak mahai gainean daude. Orain, bateko zein bestekoak entzunda, erabilerak (edo okerrago dena, erabilera ezak) erabaki dezala.
    Uste dut korapilo horren beste hari-mutur bat dela gaurko Koldo Bigurirena: https://31eskutik.com/2014/02/03/euskaraholic-nago-gaur/

  8. Nere postekin loturak: Euskararen marka - di-da - di-da

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s