Eragin, erasan… eta ukitu (?)

Oskar Arana Ibabe

Hiru aditz horiek antzeko adiera-esparruan, antzeko esaldietan, agertzen zaizkigu sarri zuzenbideko eta administrazioko testuetan. Ez nuke jakingo hiruren artean graduaziorik edo bereizketarik egiten, ez nuke jakingo esaten zergatik hobetsi behar den bat edo bestea elkarren antzeko egituretan, kideko esanahiko esaldietan. Batzuetan ohiturak, bestetan belarria ezin egitura jakin batekin ohitzeak, baten edo bestearen aldeko hautua egitera eramaten nau. Hemen bina adibide, zuzenbide corpusetik hartuak:

Eragin:

Hiri-antolamenduko planak eta hirigintza- eta desjabetze-jarduketak eta, oro har, administrazioak jabetza pribatuan esku hartzea dakarten jarduketak aurkaratzen direnean, plan eta jarduketa horien eraginpeko higiezinak dauden barrutiko jurisdikzio-organoari dagokio eskumena (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren Legea, UPV/EHU, 2006)

Epaitegi edo auzitegi eskudunari zuzenduriko demanda bidez hasiko da prozesua; demanda horretan jasoko dira, betekizun orokorrez gain, gatazkaren eraginpeko langile eta enpresen izendapen orokorra, eta uziaren oinarri juridikoen aipamen laburra. (Lan Arloko Prozeduraren Legea, UPV/EHU, 2006)

Aditz-forma sintetikoarekin:

AGINDUA, 1993ko uztailaren 21ekoa, Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailburuarena, «Santurtziko udalerrian sistema orokorretarako 2.445 m.2» egitasmoa burutzeak daragien ondasun eta eskubideez jabetu aurretiko agiriak egiteko egunak finkatzen dituena. (EHAA – 1993ko irailak 15, asteazkena, 176 zk.)

Erasan:

Horiek aztertuta ondoriozta daitekeenez, agiri horren arabera harrobiek izan ditzaketen 131 kokalekuen artetik hamarka dira babestutako naturguneekin bat datozenak, eta horietan zuzenean erasango litzateke. (Euskal Herriko Natura Babesteko Legearen aldaketa, (Eusko Legebiltzarra, 2010)

Antolamendu juridikoan aurreikusitako errekurtsoak baliatzeari utzi gabe, eskubide edo interes zilegiren bat daukaten pertsona fisiko nahiz juridikoek, bai eta erasanak diren edo eskubide eta interes zilegi kolektiboak defendatzeko legez gaituta dauden korporazio, elkarte, sindikatu eta talde eta erakundeek ere, eskatu ahal izango dute berehala bertan behera utz edo zuzen daitezela lege honetan jasotako debekuren bat hausten duten kanpainak, 4 eta 5. artikuluetan ezarritakoa urratu delako. (Euskadiko Publizitate eta Komunikazio Instituzionalari buruzko Legea, Eusko Legebiltzarra, 2010)

Ukitu:

Kontraten kasuan langileak informatzeko eginbeharra, Langileen Estatutuaren 42.3 artikuluan aipatzen dena, ez betetzea, eta baita enpresa-ondorengotza batek ukitutako langileak informatzeko eginbeharra, lege-testu bereko… (Lan eremuko hainbat lege, UPV/EHU, 2012)

Norbanako batek deuseztasun- edo txertaezintasun-deklarazioa eskatzeko akzioa baliatzen badu eta hala irekitako prozesuan baiespen-epaia ematen bada, ukitutako klausula orokorrak deusez edo txertaezin deklaratuko ditu epai horrek, eta kontratuaren eraginkortasuna norainokoa den argituko du, 10. artikuluak dioenaren arabera; bestela, deusez deklaratuko du kontratua, klausulen deuseztasunak edo txertaezintasunak kontratuan funtsezkoa den elementuren bati eragiten badio, Kode Zibilaren 1261. artikuluak dioenaren arabera. (Kontsumitzaileei eta erabiltzaileei buruzko legeria, UPV/EHU, 2010).

Adibide horietan guztietan, lehen aitortu dudan bezala, ez nuke jakingo hiru aukera horien arteko graduaziorik egiten, noiz zein dagokion ebazte aldera; adibide guztietan dira, nire iritzirako, eragin eta erasan erabiltzeko modukoak, ez ordea ukitu. Baina aitortu behar dut, halaber, ukitu ere erabili izan dudan arren, eragozpen handiagoa dudala beraren aldera beste bien aldera baino. Ukituren lehenbiziko adibidean, esaterako, ez nuke erabiliko, hedapen semantiko bitxi iritzita-edo.

Poza hartu dut ikusirik, bestalde, erasan nik uste baino gehiago erabilia izan dela corpus juridikoan. Pentsa liteke eraginen aldean baduela konnotazio negatibo bat, adiera bortitzago bat, eta eragin neutroa izanik batzuetan, ez dela zertan erabili. Baina eragin bakar-bakarrik utzi gabe, ugari dira, hala ere, erasan erabiltzeko moduko testuinguruak. Kasuok ikusirik, neuk ere maizago erabiliko dudalakoan nago.

Bestalde, daragien bezalako forma trinkoen adibideak askoz urriagoak dira, eta, dirudienez, baztertu egiten da denbora-aspektuaren aldetik eskain dezakeen abantaila, araugintzako testu asko aditz performatiboz ematekoak izanik. Erabiltzeko apustua egingo nuke nik ere.

Horrez gain, erregimenaren aldetik, uste dut beldurrez ibiltzen garela eragin aditzarekin, objektu zuzen esplizitatu baten beharra duelakoan beti. Ezezkoan nago, ordea, eta, alde horretatik, erasanen erregimen bera duela esango nuke bere adieretako batean: beroak erasanik esaten dugun bezala esan dezakegu beroak eraginik, edo horrek eragin egiten ditzer» eragiten didan esplizitatu beharrik gabe), eta, hartara, forma trinkoaren baliabidea ere galdu egiten dugula. Plan honek eragiten dien lursailak esan ordez Plan honen eraginpeko lursailak esanez zer irabazten dugun ez dut oso argi ikusten. Ezta ere Plan honek eragindako lursailak esanez; eragiten dienetik eragindakora galdu egiten da datiboaren marka, eta horregatik jotzen dugu eraginpeko forma garatuagora, lotsaturik bezala. Hartara, nahiago nuke Plan honek daragien lursailak erabiltzea.

Horra, batzuetan erabat gogobetetzen ez nauten hiru baliabide, eta bakoitzarekiko ene txera eta eragozpenak azaldurik.

Gauza argirik ebatzi gabe, baina…

9 Iruzkin

Oskar Arana atalean

9 responses to “Eragin, erasan… eta ukitu (?)

  1. Juan Garzia

    Ederki, Oskar. Kontutxo bat bakarrik: nire ustez, “deragie” behar du, nahiz eta idazle askok ez egin bereizkuntza hori “egin” aditzarekin berarekin ere (“zin dEgizut” behar du, eta ez “zin dAgizut”). Izan ere, adibidez, gauza bat da “dagit” (nik hura) eta beste bat “degit” (hark niri). Hirugarren pertsonako datibo-morfemekin (io/ie) ez dago nahasbiderik da- erabilita, baina, berez, gainerakoetan bezala, de- dagokie (dia- zaharrago batetik noski). Hala: “daragizu” (eragiten DUZU) vs “deragizu” (eragiten DIZU). Eta, datibozkoa denez, berdin “deragio, deragie, deragiote, deragizut, deragidazu…”.
    Txikikeria da, baina erabiltzeko asmoa baduzue…

  2. Iñaki Segurola

    Oso gaizki, Juan. Kontu latz bat bakar-bakarrik: “nire ustez… behar du”-ka jardutea, nola esan?, Larramendiren… ez, barkatu, Arana Goiriren erako jarduna da garbi-garbi. Ez da inola ere Azkue baten jarduna, ez Mitxelenarena, eta ez gaur egun behar lukeena. “Eragin”-en kasuan, XVII. mendean dago jadanik bitasuna: “dara-” nahiz “dera-” formak daude, NORIdun adizkietan. Eta zuk “nahasbide” deitzen duzuna, alias anbiguitatea, Mitxelenaren erdal prosan esango dizut zer den: “la ambigüedad es, sin lugar a dudas, uno de los universales más
    patentes del lenguaje natural”. Besterik gabe: jakiteagatik zertan eta zerekin ari garen.
    Gaur egunean, gauzen berri jakiteko ditugun erraztasunekin, ezin liteke zinezko proposamen bat “nire ustez… behar luke”-rekin bota. “Nire ustez”-ka aritzea uste hutsa da, eta hala ari denak uste hutsa du; hots, haixea. .
    Erabiltzeko asmoa baduzue, beraz, uste hutsak eta haixeak nondik jotzen duten begiratu gabe erabili.

    • Juan Garzia

      Barka beza berorrek, Segurola jaun maisua, baina berorren lezio-errietek ez naute ikaratzen: abila da berori, eta gogotsu lehiatua berorren burua ez den beste guztia deskalifikatzen eta berorren jatortatsun-galbahe mehea –zulo bakarrekoa?– pasatzen ez dutenen artean izua zabaltzen, baina nik neureari eusten diot, berorren piroteknia amorratua gorabehera. Segi beza, bada, berorren saltsan egosten. Nik ez diot, hala ere, berorri esango noren eta nolakoen kutsua duten berorren purrustaldiok, “Oso gaizki, Juan” horretatik hasi, argudioak eta adierazpenak (berorrenak eta besteonak) bihurritzeko moldetik segi eta kritikaren partez karikatura kakazlea karkarkartzeraino. Estimatuko nioke, hala ere, benetan zerbait esateko badauka, bere kasakakoak botatzeko, beti inorekin edo guztiekin sartu gabe, inondik ere horretarako kapaz bada berori.

  3. Iñaki Segurola

    Albait eztienik eta goxoenik erantzungo dizut, bada.
    Gauzak atzekoz aurrera hartzen edo azaltzen dituzu. (1) Nik nioen: “erabiltzeko asmoa baduzue, beraz, uste hutsak eta haixeak nondik jotzen duten begiratu gabe erabili”; hots, lasai erabili. Hori ez da “izua zabaltzea”, baizik-eta bestek zabaldutako izua aienatzea; (2) ahotan genituen adizki horiek bi eratara erabili izan direla nioen nik, eta zuk, aldiz, era bakar batean behar dutela; biotan nor da “zulo bakarrekoa”?; (3) zuk zeureari eusten diozu, gauzak hizkuntzan nola (izan) diren aintzat hartu gabe; zeure hitzetan: “nire ustez, X behar du, nahiz eta idazle askok ez egin bereizkuntza hori”; nik tradizioari eta erabilerari begiratzen diot eta zuk zeure usteari eusten. Nor da biotan “jaun maisua”?

  4. Juan Garzia

    Arrazoibide berean (?), “jaitsi” zein “jeitsi” zein aldaera guztiak berdin erabiltzekoak dira, beraz, libertinaje jatorrez, batu estandarrrean. Hala izan baitira gauzak…

  5. Iñaki Segurola

    Poz hartzen dut arrazoiaren sailera gatozela ikusita, gure arteko hitz zakar eta haserrezkoak utzita. (Ortzia!, sermoilari eztijarioen eran hasi ez naiz ba! Hauxe da tamainarik hartu ezina daukadana!)
    Neri iruditzen zait gure izaera, pentsaera, sentiera edo sentipentsaera desberdinetan dagoela gorabehera. Nere iritzirako, zuk libertinkeria ikusten duzu batasun onaren kontrako gaitzen buru, eta nik berriz, batkeria izeneko bakteria. Zer egingo diogu ba?
    (Ohartxoa: zuk hitz baten bi aldaera aitatzen dituzu, baina Euskaltzaindiaren Hiztegian bertan HIRU ageri dira: “jaitsi”, “jautsi” eta “jeitsi”, nahiz azken hau ez erabiltzea “gomendatzen” duen.)

  6. Julen Manterola

    Juan Garzia:
    “Txikikeria da, baina erabiltzeko asmoa baduzue…” = “erabili ezazue nik diodan bezala”. Nik behintzat horrela ulertzen dut zure lehen erantzuneko azkeneko esaldi hori.
    Baina ez dut ulertzen zein den aukera horren aldeko argudioa, ez bada autoritate autoegotziarena: Iñaki Segurolak azaldu duen bezala, tradizioan biak ditugu. Araua eman nahi baduzu, zuk argudiatu behar duzu zergatik aukeratzen duzun bat, zergatik baztertzen bestea; hori zor zaie, gutxienez, arauaren jarraitzaileei; ni, behintzat, ez nau konbentzitzen ustezko nahasbide bat saihesteko aitzakian emandako aieruzko arau batek.
    Eta, argudiatzen hastekotan, azterketa morfologiko zorrotza egin beharko zenuke, ahalik eta testu gehien erabiliz, ahalik eta lekuko gehien arakatuz. Ez duzu horrelakorik egin; lan hori inoiz inon argitaratzen baduzu, gustura irakurriko dizut. Honezkero egina baduzu, eskertuko nizuke erreferentzia ematea.
    Adeitasunez.

    PS: Agian, bide batez, hobeki azalduko duzu “de-” duten formak “dia-” batetik datozelako ideia hori, ez baita, nik dakidala, inondik ere gauza garbia.

  7. Juan Garzia

    Ño! Ez didazu etxeko lan makala jarri, Julen! Horiek denak egin behar al ditut nik? Ez al litzateke errazago zuk edo beste norbaitek nire desarrazoia frogatzea? Alegia, ez forma bat baino gehiago dugula historikoki eta dialektalki (horrenbesteraino, denok jakinaren gainean geundelakoan nengoen, baina eskerrik asko bioi ez zekienari irakasteagatik), baizik eta batu estandarrerako forma bat hautatzean (edo are edozein hautaturik) halako astakeria apeta gaiztokoa egin dudala de- hasierako formok hobetsirik?
    Horixe besterik ez bainuen esan (nahi). Areago, Oskar Arana adiskideari neure aletxoa eskaintzea besterik ez nuen helburu, eta ez, inolaz ere, ez teman hastea inorekin, ez eta tesi oso bat egitea. Erositako prezioan, beraz, nire iritzi edo (barka) ustea; norberak jakingo du zer egin horrekin.
    Eta ez, ez naiz ezkutatuko, hala ere. Nik ziurtzat jotzen dudana dagit/degit bereizkuntza da, eta, buru gogor bezain txarra badut ere , ez nuen zalantzarik ez nuela nik asmatu, apetaz edo neure klasiko kuttunen irakurketa lerratuz, hori horrela zela. Esperantza handirik gabe begiratu dut sarean, eta hara:
    http://www.euskaltzaindia.net/dok/iker_jagon_tegiak/6833.pdf.
    Ondo dakit ia anatema dela Txillardegiren itzal gramatikalera biltzea, baina, aringarri bederen, garai hartan ez geneukan eskura ia ezer besterik, eta zer egingo zaio. Euskaltzaindiak argitaratu zituen taulok, hala ere, eta Euskaltzaindiak dauzka jarririk bere sarean, eta ez da, nik dakidala, geroztiko lanik kontu horretaz. Bitxia litzateke, bestalde, hitanozko adizkiak azken xehetasuneraino estandarizatuak edukitzea idatzirako (“lukek” eta abar barne), eta Prai Bartolomeren harako “nai dabenak nai dabena” danbolin-dantza hartan libertitzen geratzea betiko adizki trinko ohikoenak…
    Ohartxo bat: “eragin” aditzaren formarik ez dator, baina (horixe nire bekatua) “egin”enetik kalkatzea iruditzen zitzaidan eta zait zentzuzkoena. Kontua da datiborako “ki”rik ez duten datibozko formak de- hasiera dutela taulon sisteman eta nirean.
    “ia”>”e” horren inguruko nire elukubrazioa ere aise funtsa nezake, baina nekatu egin naiz, hara. Irailerako-edo, beraz.

    PS: dagit/degit nahasbide (sic) arrunt hori bezain zabaldurik dagoen beste bat ere zuzendu liteke tauloi jaramon eginez: ez da gauza bera, izatez, “utzazu” (zuk hura) eta “uztazu” (zuk hura niri)… Baduzue hor beste entratenigarri bat. Ez horregatik.

  8. Julen Manterola

    “Horiek denak egin behar al ditut nik? Ez al litzateke errazago zuk edo beste norbaitek nire desarrazoia frogatzea?”
    Bada, bai, zuk egin behar dituzu: zuk proposatzen duzu araua, zuk arrazoitu behar duzu zure aukera. Ez nik. Niretzat argi dago.
    Hortik aurrerakoak alferrik bota dituzu.

    PS. “Erositako prezioan nire iritzi edo ustea” diozu orain; nahiago horrela, aurreko “Txikikeria da, baina erabiltzeko asmoa baduzue…” hori baino.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s