Uste okerrak zuzentzen

Koro Garmendia Iartza

Zenbatek eta zenbatek uste dute, oraindik ere, bi hizkuntza erabiltzen dituen ia edonor izan daitekeela itzultzaile. Gure eremuetara etorrita, euskaraz eta gaztelaniaz edota euskaraz eta frantsesez moldatzen den ia edozein aritu daitekeela itzulpenak egiten. Lan txukunak egiten, alegia. Pentsatzen dut lanbidean dabilenak ez duela azalpen gehiegiren beharrik izango uste horren ustelaz konturatzeko; are gutxiago itzulpengintzan urteak daramatzanak, hamaika ikusiko baitzituen denbora horretan, gozoak nahiz gaziak.

Zer esan geniezaieke itzulpengintzaren inguruan halako ikuspegia dutenei? Lehenik eta behin, itzulpenak egiten jakiteak itzulpenak ondo egiten jakitea esan nahi duela. Litekeena da azal-azaletik ikusita gure egitekoak misterio handiegirik ez izatea, baina azalaz bestalde mundu bat dagoela konturatzeko ere ez da ahalegin handiegirik egin behar. Astebete gurekin ematera gonbidatuko bagenitu, bigarren egunerako, iritzia bestelakotuta izango lukete. Dena den, ondora ekarri beharrik izan gabe ere, badugu hainbat argudioren, irudiren eta adibideren bidez buruan duten irudiaren okerra ikusarazteko modurik.

Argudio nagusia, indartsuena, honako hau dela esango nuke: hitzen esanahia ezagutzea ez da nahikoa itzulpenak ondo egiteko. Askotan, hortxe egoten da koska, hitz solte bakoitzaren ordaina ondo jasotzeak ez baitu beti sortzen den esaldia ondo dagoela bermatzen. Hitzak, ordainak eta esanahiak ondo josten jakin behar da. Muina ondo jasotzea eta ondo ematen asmatzea zaila izaten da askotan, baina ezinbestekoa. Eta hortxe ditugu, beti gogoan, joskera, erregistroa, ulergarritasuna, hitzen ordena, galdegaia…

Baten bat konturatuko zen, dena den, «hitz bakoitzaren ordaina ondo jasotzea» horretara iristerako, asko eta askotan, makina bat zalantza eta buruhauste gainditu behar izaten dela bidean…

3 Iruzkin

Koro Garmendia atalean

3 responses to “Uste okerrak zuzentzen

  1. Pruden Gartzia

    Kasualitatez gaur bertan lagun batek ildo bereko testu bat pasatu dit, hona:

    http://www.huffingtonpost.com/nataly-kelly/why-machines-alone-cannot-translation_b_4570018.html?utm_hp_ref=tw

    Tira… ez dakit estekak funtzionatuko duen. Izenburua da:
    Why Machines Alone Cannot Solve the World’s Translation Problem

    Eta uste dut itzultzaileek pozik irakurriko duzuela, ziur aski ezer berririk esango ez badizue ere. Ezer berririk ez, baina ondo kontatuta. Ingelesez dago baina ez du aparteko zailtasunik… gutxi gora-behera ulertzeko. Zeren hori da puntuetako bat, ezta? Zer da gutxi gora-behera ulertzea? Enfin.

    Bide batez, Koro, bibliotekariok ere izurrite berari egiten diogu aurre egunero-egunero (“adorez eta atseginez”, esan beharko nuke, baina ez da hala), alegia, irakurtzen dakien edozeinek uste du inongo arazorik ez lukeela gure lana egiteko. (total, liburuak “zaintzen” egoteko…).

  2. Pruden Gartzia

    Tira, goiko iruzkina jarri, itzultzen naiz nire pantailara… eta ildo bereko testu hau, oraingoan euskaraz:

    http://aldizkaria.elhuyar.org/analisiak/itzulpen-automatikoaren-magia-eta-mugak/

    Barkatuko ahal diate Elhuyarreko lagunek! Nahi gabe izan da.

    Alegia, hasi euskarazkoa irakurtzen eta ondoren ingelesezkoa.

    Barkatu zuek ere.

  3. Koro

    Arrazoirik ez zaizu falta, Pruden. Izurritearen kontuagatik diot. Zenbat aldiz esaten ote diozun zure buruari: “Jakingo balute…!”

    Mila esker eskaini dizkiguzun esteka biengatik.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s