Oi, gu hemen, bidean galduak…

Alfontso Mujika Etxeberria

 1997. urtea zen. Ibon Sarasolaren Euskara batuaren ajeak liburua kaleratu zen orduan. Hartan, besteak beste, hau irakur daiteke (errieta-tonuarekin irakurtzekoa da, nik uste):

amankomun. Komun mozorrotzeko sartu zuten amankomun euskara batuan. Ez dut ulertzen komun-en aurkako gurutzada hau: klasikoek, Leizarragak eta Axularrek esaterako, erabiltzen dute, eta orobat Mitxelena bezalako idazle txukun eta arretatsuek. Bestalde latin hizkuntzetan eta ingelesez normala da. Hortaz, komun, euskara batuan sartu ditugun hitz asko eta asko baino askoz txukunagoa da. Amankomun-ek, aldiz, ez du inongo lekukotasunik ez testuetan ez hiztegietan. A. Totorikak dioenez (ik. OEH), Arratian ahoz, lurrek amankomun dabilgus gisako joskeretan erabiltzen omen da, hots, adizlagun gisa, hasierako -a erdarazkoak —a mano-ko berak— salatzen duenez. Euskara batuan, lasai-lasai, adjektibo bihurtu genuen, lur amankomunak bezalako joskerak asmatuz, eta hortaz, adizlagunerako, amankomunean atera genuen jator-jator, euskaraz “batera, elkarrekin” esaten denaren ordez. Euskara batuan askotan gertatzen zaigunaren ildotik, amankomun zaleek “txarraren” ordez okerragoaren alde egiten dute. Sasitik berrora goaz, Iparraldean esaten den bezala.

Arrazoi  garbiak dira, ezta?

Testu hori 1997an argitaratu zen. Ordurako, abian zen Euskaltzaindiaren Hiztegi Batua. Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuaren lehen itzulia 2.000. urtean argitaratu zen, baina, 1995etik, zatika argitaratzen hasia zen. 1995ean bertan, adibidez, 44. araua (Hiztegi Batua “a-alkohol”) eta 46. araua (Hiztegi Batua “almendra-arratsalde”) argitaratu ziren. Azken arau horretan, hau ageri da:

amankomun* e. komun

Hala ageri zen orduan, 1995ean, Euskara batuaren ajeak liburua argitaratu aurretik, eta hala ageri da gaur egun ere, 2014an, Hiztegi Batuaren onlineko bertsioan. “*” izartxoaren eta “e.” horren esanahiari buruz, honela dio Hiztegi Batuak:

e. erabil: aurreko (edo sarrerako) forma izartxoz markatu da: Euskaltzaindiaren ustez, baztertzekoa da (ez derrigor forma okerra), eta ondotik ematen dena da ordezko egokia.

Beraz, badira 18 urte Euskaltzaindiak erabaki zuela amankomun hitza baztertzekoa zela euskara batuaren hiztegitik. Geroago, Euskaltzaindiak hiztegi definiziodunari osatzeari ekin zion, eta, 2012an, Euskaltzaindiaren hiztegia argitaratu zen. Honela dio hiztegi horren atarikoak:

2000. urtean argitaratu zuen Euskaltzaindiak Hiztegi Batua. Hogei bat mila hitzeko hitz zerrenda zen, hitz horien ortografia batua adierazten zuena batez ere. Esku artean duzun liburu hau 20.000 hitz haiei dagokien “hiztegi osoa” da, hots, haietako hitz bakoitza adierez, definizioz eta adibidez hornitzen duena.

(…) Paratu ditugun adibideak, noski, estandarraren eskakizunei egokitu dira: ez du irakurleak adibideetan aurkituko ez hiztegi sarreretan agertzen ez den hitzik, ezta ere Euskaltzaindiak onartzen ez duen formarik.

Atariko horren 4. puntuak (Hitz baztertuak eta ez-hobetsiak) honela dio:

Hiztegi Batuan e. markaz agertzen ziren hitzei dagokienez, Euskaltzaindiak horiek baztertzen jarraitzen du, baina baztertze formula leunduz, hots, erabilera debekatzetik ez erabiltzea gomendatzera pasatuz.

Horregatik, Hiztegi Batuan izartxoz eta “e.” markaz ageri ziren sarrerak oharreztatuta ageri dira Euskaltzaindiaren hiztegian. Hona hemen adibide batzuk (nahi beste adibide jar daitezke):

Hiztegi Batua Euskaltzaindiaren hiztegia
abiadore* e. pilotu; hegazkinlari abiadore iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, abiadore-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, hitz hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. pilotu eta hegazkinlari].
abots* e. ahots abots iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, abots-ek euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. ahots].
agiriko* e. ageriko agiriko izlag. [Oharra: Euskaltzaindiak, agiriko-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. ageriko].

Beraz, amankomun sarreran ere horrelako zerbait espero izatekoa da, ezta? Hona hemen:

Hiztegi Batua Euskaltzaindiaren hiztegia
amankomun* e. komun amankomun izond. Komuna. Amankomunean egingo dute lana.

Zer da, jakinarazi gabeko irizpide-aldaketa bat? Laprastada bat? Ez da kasu bakarra. A letrako sarreretan, badira beste bi:

Hiztegi Batua Euskaltzaindiaren hiztegia
abarrots* e. harrabots abarrots iz. Harrabotsa.
ainitz* e. anitz ainitz zenbtz. Anitz.

Zoritxarrez, Euskaltzaindiaren hiztegia, Hiztegi Batuak ez bezala, oraingoz ezin da kontsultatu edo deskargatu Euskaltzaindiaren webgunean. Bi hiztegien arteko alderaketa, beraz, eskuz egin behar da. A letrako sarrerek 82 orrialde hartzen dituzte Euskaltzaindiaren hiztegian, eta Hiztegi Batuarekiko 3 desadostasun aurkitu ditut. Ez dakit A letrara mugatzen den fenomenoa den, ala hiztegi osoan agertzen ote diren horrelakoak. Kontuan izanik hiztegiak 864 sarrera dituela, A letrako emaitza estrapolatuz gero, 30 sarrera izan litezke.

Bati baino gehiagori huskeria irudituko zaio, baina niri ez: harrigarri baino harrigarriagoa iruditzen zait Euskaltzaindiak, batetik, amankomun, abarrots eta ainitz baztertzekoak direla esatea, eta, bestetik, amankomun nahiz komun, abarrots nahiz harrabots eta anitz nahiz ainitz idatz dezakegula esatea.

Ulertzen duzu orain izenburuaren zergatia?

3 Iruzkin

Alfontso Mujika atalean

3 responses to “Oi, gu hemen, bidean galduak…

  1. Borja

    Harrituta geratu naiz. Ez nuen uste holakorik gerta zitekeenik, ez baitirudi huts hutsa, erabaki kontzientea baizik (pertsona batena ala taldearena, ez dakit).
    Dena dela, Euskaltzaindiaren Hiztegia nahiko berria da, eta “amankomun” hasieratik egon da gaitzetsia Hiztegi Batuan, “zihur” madarikatua bezala, baina jende askori iruditzen zaio Euskaltzaindiak irizpide eta arauak sarritan aldatu dituela… Inork bakarren bat erakutsiko balit…

  2. Xabier Aristegieta

    Prozeduraren ikuspegitik, egia da harrigarria dela gaitzetsita dagoen hitz bat orain esplikaziorik gabe ontzat jasota agertzea.
    Beste ikuspegi bati helduta, ez naiz harritzen “amankomun” hitzaren iraupenaz: euskaldunon hiztun-komunitatetik bertatik sentituriko beharrizan bati erantzuten dio. Izan ere, nola esan “komunean lan egin dugu” berehala aurpegira irribarre bat etorri gabe?
    Bestalde, hitzaren erabidea bada problema (gaztelaniazko “a” preposizioaren presentzia), ahulezia hori bera izango luke “derrigorrezko” hitzak, ez?

  3. Alfontso Mujika

    Testuingururik gabe, ez da erraza jakiten zer adierazi nahi den “Amankomunean egingo dute lana” adibide horren bidez. Berez izenondo den “komun” hori adizlagun gisa erabiltzen denean NOLA adierazteko, “komunean” gabe, “komun” erabili ohi da: “komun izan/ukan” (adibidez; “Hitz asko aurki daitezke, bi hizkuntzok komun dituztenak”.). Nolanahi ere, “amankomunean egingo dute lana” adibide hori, beharbada, “elkarrekin egingo dute lana”, “denen artean egingo dute lana”, “auzolanean egingo dute” edo gisakoren bat erabiliz adieraz liteke errazago; alegia, ez dut uste, “amankomun” edo “komun” (“komun egingo dute lana”; “lan komuna egingo dute”) beharrezkoak direnik testuingururik gabeko kasu horretan.
    Bestalde, egia da “derrigor” hitzaren kasuan gaztelaniazko “de” preposizioa dagoela. Aldea, ordea, tradizioa da: “derrigor”-ek tradizio zabala du (Hegoaldean), eta “amankomun”-ek, berriz, ez. Uste izatekoa da horregatik onartuko zela “derrigor” Hiztegi Batuan.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s