Erlatiboki ausarta

Koldo Biguri Otxoa de Eribe

Joan den Gabon eguneko sarreran, Karlos Cidek ausardia pixka baten aldeko aldarria egin zigun perpaus erlatiboen inguruan, eta, ildo horretatik, bai ZEIN erlatiboak gehiago erabiltzea, bai -N menderagailuari ohi dugun baino etekin gehiago ateratzea proposatzen zuen. Bat nator Karlos lagunaren aldarriarekin, eta nire gaurko ekarpena gai honen haritik dator, baina arreta beste nonbait jarriz: aposizioetan, edo, zehazkiago, erlatibozko aposizioetan. Baina, kasu honetan, ordea, ausardia hori zalantzan jartzera.

Izan ere, ZEIN erlatiboak gaur egun ia erabat zokoratuta egotea  XX. mendeko garbizaleen «arrakastarik» nabarmenena iruditzen zait, kakotxak erabiltzen ditudalarik hizkuntza baten tradizio guztian topatzen dugun prozedura bat desagerraraztea hizkuntza horren ahalbide espresiboak irentzea baita. Bidenabar esanda, hainbat gramatikalarik kemen gutxitxoz aldarrikatu dute erlatibo mota hau, esanez itzulpenetan behintzat erabili beharko litzatekeela; sekula ez zait iruditu onargarria dela kanon sintaktiko bikoitza aldarrikatzea euskararentzat (bat euskarazko «jatorrizko» testuetarako eta beste bat itzulpenetarako), batetik hori itzulpenen eta itzulpenaren harreraren kalterako zela, eta, bestetik, gertatu dena gertatuko zela bistan zelako: alegia, euskal itzultzaileok ere ZEIN erlatiboen erabilera alboratzen joan garela poliki-poliki (ikusi besterik ez dago Literatura Unibertsalaren bilduman nola gehiago erabiltzen ziren hasierako zenbakietan oraingoetan baino).

Erlatibo horien ordainetan, noski, geratzen den aukera bakarra garbi dago zein den: alde batetik, euskal idazleen estiloa «ahozkotu» egin da ia erabat; esaldi laburrak eta sintaxi erraxa. Ez da kritika (jendea oso minbera baitabil diot, badaezpada), egiaztapena baizik. Eta, beste aldetik, aposizioetan, -N erlatibo arrunta inoiz erabili ez den moduan erabiltzen da gaur egun (kontraesan nabarian eroriz, tradizio errotua bertan behera uztea euskara «jator» ustekoaren izenean, euskara jator horretan topatzen ez den tradizio berri bati ateak irekiz), eta, gainera, jakin gabe ondo nola egin behar den.

Natorren adibideetara (norbaitek jakin nahi badu non topatu ditudan, galde dezala pribatuki, zeren, esan bezala, oso minbera baita gure jendea; bakarrik esango dut lehena itzulpena dela, eta bigarrena ez):

  • Ez ziren batere egokitzen plastiko horizko mahaiak eta aulkiak, udako arratsaldeetarako pentsatuak inondik ere, baina hotelaren zuzendaritza urte osoan han edukitzen tematuta zegoenak.
  • Baserriko lur sailen mugaren alde banatara arbola handi bi daude, zein motatakoak diren ez dakiena.

Karlosek aldarrikatzen duen ausardia horrekin, arazorik ez dut erlatibo arrunt izenlaguna darabilen esaldi honekin:

  • Mahaia konpartitzen dugun pertsona nagusi bati ez zaio esaten ez makurtzeko hainbeste burua mahai gainean.

Baina arazo gehiago izango nuke aposizioan jarrita egon balitz:

«Mahaia konpartitzen egon garenak» (zein pertsona nagusi? galderari erantzunez, adibidez; alegia, erdaraz, «aquellas con las que hemos estado compartiendo mesa»). Arazorik gabe ulertuko baikenuke, denok –nik uste–, beste zerbait: «los que hemos estado compartiendo mesa».

Nonbait ikusi dut, batzuentzat onargarri bezala, «Ni morroia egon nintzen ugazabak dirua zor dit» esaldi ausarta. Ez dakit berdin onargarria irudituko litzaiekeen horiei beste hau: «Ugazaba hark, ni morroia egon nintzenak, dirua zor dit».

Hainbat mendez, euskal idazle eta itzultzaileek zalantzarik ez zuten izango azken adibide hauetan ZEIN erlatiboa erabiltzeko eta euskara «jatortzat» hartu ere hartuko lukete, eta aposizio erlatiboa ulertu ere nekez ulertuko zuten, nekezago erabiliko. Baina, beldur naiz, gero eta gehiago ikusiko ditugu era honetakoak. Ez naiz nor esateko gramatikalki okerrak diren ala ez (klasean ere, aspaldi hasi nintzen gehienez ere esaten nik ez nukeela halako edo holako baliabidea erabiliko, gustu edo iritzi kontuan utziz), baina bai zalantzan jartzen dut hau benetan hobea edo “jatorragoa” den aurreko idazle eta itzultzaile belaunaldi dexenteren tradizioa baino. Ausartegia, niretzat.

4 Iruzkin

Koldo Biguri atalean

4 responses to “Erlatiboki ausarta

  1. Koro Navarro

    Konforme nago Koldorekin ZEIN erlatiboaren bazterketa bidegabekoari dagokionean. Ez bakarrik baliabide garrantzitsu bat gabe geratzen garelako; baita ere horren ordez (edo beste baliabide batzuen ordez) arras ugaldu direlako okerreko esaldiak gaurko euskal prosan, itzulpenean nahiz jatorrizko testuetan. Esate baterako (nik adibidea asmatu egin dut, inor ez mintzeko):

    »…Eta Maitek, egun hartan soineko gorria zeramanak, kontatu zuen…»

    Ikusten ez duenak hori okerra dela, pasa dezala erlatiboa datibora (adibidea asmatua izan arren, maiz irakurtzen dira halakoak):

    »…Eta Maiteri, egun hartan soineko gorria zeramanari, kontatu zion… »

    Argi dago honelako zerbait esan nahi dela:

    »…Eta Maitek/Maiteri —egun hartan soineko gorria zeraman—, kontatu zuen/zion…»

    Azterketa xeheagorik ez dakit nik egiten, baina ozen irakurtzea ez da sistima txarra:

    »Soineko gorria daraman neskak Maite du izena» (dena maila berean)

    »…Eta Maitek, zeinak egun hartan soineko gorria (bait)zeraman, kontatu zuen» (tartekia baxuago)

    Eta negargarria eta ezin sinetsizkoa iruditzen zait ZEIN itzulpenerako “bereziki” uzteko zozokeria hori. Bi irakurketa bururatzen zaizkit: itzulpenetan ez dela hain garrantzitsua euskara ona (jatorra?) den edo ez den, edo “jatorrizko” euskal prosa bizi daitekeela bere soiltasunean (pobretasunean?) halakorik gabe… Eta, bestalde, “jatorrizko” hori zer den ondo jakiteak ere ez liguke kalterik batere egingo, besteak beste, Juan Garziaren itzulpen “intrakraneal” haren bidetik. Aspaldiko kontuak dirudite, eta agian aspaldikoak dira, baina guretzat, itzultzaileontzat, ez irakurleentzat oro har.

    Azkena: »Ni morroia egon nintzen ugazabak dirua zor dit» niri oso zelebrea egiten zait, baina ez tankera honetako esaldi bat: »Ni morroia egon nintzen etxea bota dute». Dirudienez —hau ere landua dago, ezta?—, leku batzuetan egitura hauek normalak dira baina besteetan ez. Dena dela, kasu hauek bazterrekoak dira; askoz ere garrantzi handiagoa dute, maiztasunagatik besterik gabe, goikoek.

    • Karlos Cid Abasolo

      Bai, Koldo, arrazoi duk. Hortaz, ñabartu egingo diat –N erlatibatzailea ausarki erabiltzearen aldeko aldarria: “-N menderagailuari erlatibozko aposizioetan etekin txikiagoa atera dakioke izen ardatza duten perpaus erlatiboetan baino (-N menderagailuarekin –TAKO eta gainerako aditz jokatugabedun perpaus erlatiboekin baino ausartago izan gaitekezkeen arrazoi berberengatik, bidenabar esanda).
      Dena den…
      Hik aipatzen duan adibidea interesgarria duk oso: “Mahaia konpartitzen dugun pertsona nagusi bati ez zaio esaten ez makurtzeko hainbeste burua mahai gainean”. Hire ustez, arazo gehiago izango genikek aposizioan jarrita egon balitz. Dena den, “zein pertsona nagusi?” galderari erantzunez “mahaia konpartitzen duguna” esaten baduk, ausarta izango haiz (eta hori oso ondo zagok), baina perpausaren ulergarritasunari kalte egin gabe: nire ustez, edozeinek ulertuko dik, konpartitu aditzaren KON- aurrizkiak laguntzen digulako posposizio soziatiboa erlatibatu dela ohartzen. «Mahaia konpartitzen egon garenak» esaldian gertatzen dena duk, hik esan bezala, edozein euskaldunek pentsatuko duela hor kasu absolutua (NOR) erlatibatu dela. Erlatibaturiko izen sintagma singularrekoa bada (“mahaia konpartitzen egon garena”), ordea, nahasmenik ez: (ia) denok hori ulertuko diagu soziatiboa erlatibatu dela.
      Aipatzen duan espainerazko adibidea ere interesgarria duk: «aquellas con las que hemos estado compartiendo mesa». Ahozko espainieraz, (ia) inork ez dik halakorik esaten, pedantekerian erori gabe, jakina. Halakoetan, joera izaten duk izeordain erakuslea kentzea: «con los que hemos estado compartiendo mesa». Adibidez: “¿Quiénes son con los que hemos estado compartiendo mesa?”. Idatzizko espainieraren gramatikan agian ez duk zuzena izango, baina ahozko espainieraren gramatikan (zeina idatzizkoa baino garrantzizkoa dela esango bailuke, arrazoi osoz, Juan Carlos Moreno Cabrera hizkuntzalariak) ohore guztiekin sartu beharko genikek. Kasu honetan ahozko espainierak idatzizko eta ahozko euskararekiko duen abantaila duk funtzio erlatibatua ageri dela (eta aditz nagusiarekiko funtzioa desagertu). Euskaraz, ordea, aditz nagusiarekiko funtzioa markatzen diagu, eta ez, ordea, aditz erlatiboarekikoa. Bestela esanda, inork ez likek honekorik esango: “Nor dira mahaia konpartitzen egon garenekin?”.

  2. Joxemari Sarasua

    Kirrinka egiten dit hemen zerbaitek. Batetik, erlatibo prepositiboaren erabilera eskasa dela eta, soinekoak urratzen dituzte hainbatek “euskal idazleen estiloa «ahozkatu» egin [delako] ia erabat”, ahozkora lerratze hori [?] gaitzesgarria balitz bezala. Ondoren, ordea, beste opil bati su emateko, ahozkotasuna hartzen da begiratzeko ispilu: “ahozko espaineraz, (ia) inork ez dik halakorik esaten, pedantekerian erori gabe”, edo “ahozko espaineraren gramatika […] idatzizkoa baino garrantzizko[ago]a [da]”. Koherentzia behar da hemen, nire ustean: edo ahozko mintzairari bere balioa aitortu hizkuntza idatzian ERE erreferente izateko, edo argi eta garbi esan idatzizko gramatika ahozkotik aldendu behar dela.

  3. Karlos Cid Abasolo

    Joxemari Sarasuari erantzunez:
    Nire hitzetatik ondorioztatu baduzu proposatzen dudala ahozkotasuna hartu behar dela begiratzeko ispilu, gaizki esplikatu naizelako seinale. Eta harira ez zetorren esaldi bat ( “ahozko espainieraren gramatika (…) ” hori) izan daiteke horren errudun, zeren eta esaldi hori, egia berdaderoa izan arren –berdaderoa ez ezik, edozein hizkuntzari aplikagarria ere–, harira ez baitzetorren. Bestalde, baliteke ni oso koherentea ez izatea, baina mahai gainean jartzen dituzun bi mutur horiek (“edo ahozko mintzairari bere balioa aitortu hizkuntza idatzian ERE erreferente izateko, edo argi eta garbi esan idatzizko gramatika ahozkotik aldendu behar dela”), neurriz formulatuz gero, ez zaizkit hain bateraezinak iruditzen. Ahozko mintzairari bere balioa aitortu behar zaio hizkuntza idatzian ere erreferente izateko (alegia, erreferenteetako bat, eta ez bakar, euskal literaturari gagozkiolarik hainbatek nahi luketen bezala), eta, beste aldetik, idatzizko eta ahozko gramatikek badute eremu partekatu bat (nola ez, ba) eta, era berean, bakoitzak badu bere eremu propioa ere.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s