Euskal pertsona izenen generoaz

Aiora Jaka Irizar

Goitik behera irakurri dut aurten Euskaltzaindiaren Euskal izendegia (2002), jaiotzear zen alabarentzat gustuko euskal izen bat aukeratzeko. Eta hainbat izen (niretzat) ezezagun edo bitxik ez ezik, beste kontu batek ere eman dit atentzioa: ustez neska nahiz mutilentzat balio zuten zenbait izen sexu bakar bati dagokion alderdian aurkitu ditut: ezagutzen ditut Lur izeneko neskak eta mutilak, Hodei izeneko neskak eta mutilak, baita Lizar, Aratz, Araitz, Izar, Amets, Iraultza, Amaiur, Izaro eta Aritza izeneko neskak eta mutilak ere. Bada, Euskal izendegiaren arabera, Lur, Izar, Izaro eta Aritza neskei dagozkie, eta Hodei, Lizar, Aratz, Araitz, Amets, Iraultza eta Amaiur, berriz, mutilei. Sahats eta Elorri izeneko bi neska ere ezagutzen ditut, eta ohartu berri naiz Euskal izendegiak gizonezkoentzat soilik proposatzen dituela bi izen horiek.

Beti izan ditut oso gustuko ustez bai neskentzat bai mutilentzat balio zuten izenak, gizarteak jaiotzen garen unetik beretik ezarri nahi izaten digun genero bereizkuntza horri ihes egiten ziotelako, eta dezepzio handia hartu dut Euskaltzaindiaren Euskal izendegiak halako izen «neutroak» «desneutralizatu» eta genero bakar baten barruan sailkatu dituela ikustean. Horrela jokatzeko zein arrazoi izan dituen ulertzeko, izendegiaren hasierako orrialdeetara jo dut, hitzaurrera eta «Euskal izendegia gauzatzerakoan erabilitako irizpideak» atalera. Argi eta garbi zehazten da hor Espainiako legediak ezarritako baldintza dela pertsona izenetan sexua bereiztea. Halaxe dio, hitzaurrean, Henrike Knörrek:

Zerrenda ontzean gogoan izan ditugu aldioro hizkuntzaren aldetikako egokitasuna, izen-eramaileari zor zaion duintasuna eta beharrezkoa den sexu bereizketa. Baldintza hauetatik azken biak indarrean dagoen Espainiako legeak espresuki aipatzen ditu. (9. or.)

Harritu egin nau datuak, eta eman dit zer pentsatua. Onartzen dut beharrezkoa dela hizkuntza bakoitzeko pertsona-izenen zerrendak araututa egotea, eta Knörrek aipatzen dituen hizkuntz egokitasuna eta izen-eramaileari zor zaion duintasuna zerrenda horiek arautzeko irizpide egokiak iruditzen zaizkit. Baina XXI. mendean sexuak bereiztera derrigortzen gaituzten legeak izaten jarraitzen dugula ikusteak halako ezinegon bat sortu dit. Aspaldi hasiak gara gizarteak inposatzen digun genero bereizketa salatzen, emakumeak «emakume moduan» eta gizonak «gizon moduan» jokatzera, janztera, bizitzera… behartzen gaituzten lege nahiz gizarte-arauak zalantzan jartzen. Izan ere, txiki-txikitatik irakasten zaio haurrari mutila ala neska izaten eta horren arabera jokatzen (aurtengo Kilometroetan kamiseta bat erosi nahi izan nion lau hilabeteko alabari, eta «neska ala mutila?» izan zen saltzailearen lehen galdera; lau hilabete zituen!!!!!); txiki-txikitatik ez, izen bat ematen zaion momentutik baizik. Izena «pertsona barru-barrutik markatzen duen baloretzat» jotzen bada, eta «gizarte mailan norberaren ezaugarri bereizlea» baldin bada (12. or.), argi dago neska-izenak eta mutil-izenak bereizita nesken eta mutilen izaerak ere bereizi egiten direla.

Pentsatzen dut Espainiarenaren antzeko legedia izango dutela beste herrialde askok ere ponte izenei dagokienez. Egin dezatela nahi dutena herrialde horietan, baina iruditzen zait euskarak duen abantailetako bat dela genero gramatikalik eza, eta aukera horretaz balia gaitezkeela behingoz genero markarik izango ez duten izenak sortzeko eta erabiltzeko. Badakit tradizioa aipatuko didatela hizkuntzalari eta araugileek, eta euskal tradizioan izen batzuk gizonezkoentzat erabili izan direla eta beste batzuk emakumezkoentzat. Erantzungo nieke tradizioak ere aldatu egiten direla gizarte-arau, -behar eta -aldarrikapenak aldatu ahala, baina tira, oraingoz ez naiz sartuko erdal izenen ordainak diren eta generoa markatuta dakarten izenekin, ezta santuen euskal izenekin ere, ezta tradizio laburragokoak diren baina arrakasta handia izan duten neologismoekin ere. Baina «azken urteotako proposamenak» deiturikoen kasuan, hots, tradizio laburreko izenen edota are izendegi honetan ageri diren izen berrien kasuan, zergatik mugatu izen bakoitzaren generoa? Naturako izakien, mitologiako pertsonaien, mendi, ermita nahiz herrien edota kontzeptu abstraktuen izenak zeren arabera sailkatzen dira genero baten nahiz bestearen barruan? Zergatik da Enara izen femeninoa eta Ekaitz maskulinoa? Izendegiaren hasieran ematen digu erantzuna Mikel Gorrotxategik:

Hitz arruntetatik eta toponimoetatik hartutako ponte izenen sexu bereizketa, tradizioari segituz egin da, kontuan izanik izen arruntek euskaraz ez dutela genero gramatikalik. Hori dela eta, printzipioz, kontsonantez eta –i, –o, –u bokalez amaitutakoak (Haritz, Ibai…) gizonezkotzat ematen dira, eta –a, –e dutenak berriz, (Ganeta, Iluntze, Loyola…) emakumezkotzat. Baina tradiziozko printzipio honek baditu bi salbuespen. Batetik, Andre Mariaren santutegiak direlako, emakume izentzat ematen direnak (Aitziber, Irantzu, Izaskun…) eta, bestetik, gure historian gizonezkoak izendatzeko erabili direnak, besteak beste, Gartzea, Otsoa, Sendoa… (25. or.)

Ez dakit zenbateraino betetzen den printzipio hori tradizioan; nik behintzat arau bezainbeste salbuespen dagoela esango nuke. Hasieran aipatutako izen-multzoan bertan, Lur, Izar eta Izaro salbuespenak lirateke (kontsonantez edo –o bokalez bukatzen dira; beraz, maskulinoak behar lukete), baita Iraultza ere (printzipio horren arabera, femeninoa behar luke). Eta beste makina bat salbuespen aurki daitezke izendegian, eta ez denak «Andre Mariaren santutegiak direlako» edo «gure historian gizonezkoak izendatzeko erabili» direlako.

Ikusita «tradiziozko printzipio» horrek zenbat salbuespen dituen, ni ez nintzateke hasiko inoiz genero-markarik izan ez duten euskal izen arruntak modu horretan sailkatzen (zinez harrigarriak egin zaizkit hainbat izen-bikote, –a erantsita femenino «bihurtzen» direnak: Amets > Ametsa, Haitz > Haitza, Haize > Haizea, Hodei > Hodeia, Zuhaitz > Zuhaitza…), eta neutro moduan utziko nituzke naturako izakiak (Itsaso, Haizea, Lur, Ekaitz, Sua, Ur, Ibai…), kontzeptu abstraktuak (Amets, Iraultza, Aberri…), izaera-ezaugarriak (Lirain, Eder…), herriak (Nagore, Ainhize, Auritz…) mendiak (Aralar, Aizkorri, Gorbeia…) eta antzekoak izendatzen dituzten izenak.

Badakit oso auzi korapilatsua dela, eta ez dudala nik korapiloa artikulu labur batean askatuko. Badakit, halaber, oso zaila dela Espainiako legediari kontra egitea, eta Euskaltzaindiak ezin diela hainbat gauzari entzungor egin. Badakit, azkenik, Euskal izendegia prestatzen aritu diren hizkuntzalari eta bestelako adituek ikaragarrizko lana egin dutela tradizioa aztertzen eta irizpide batzuk finkatzen. Baina uste dut zilegi dela hainbat kasutan tradizioa auzitan jartzea eta aurrera begirako proposamenak egitea. Eta uste dut oraindik badagoela zer eztabaidatua.

13 Iruzkin

Aiora Jaka atalean

13 responses to “Euskal pertsona izenen generoaz

  1. Baiona

    Aterabide bat: Baionan erditzea…

  2. Iparraldean

    Hain zuzen ere iparraldean Olatz mutila eta Ihintz/Hitz/Oinatz neska aurki daitezke

  3. Intsumisioa Espainiako lege horri!! Non sinatu behar da?

  4. El Olentzero y la Mari Domingi

    Ez da Euskaltzaindiaren kontu bat bakarrik. Olentzero gizon izena dela erabaki zuenak eta Mari Domingi alboan jarri zionak iturri beretik edaten du. Mentalitate berbera da, bi afera hauetan euskarak eta euskal tradizioak jatorriz gainditua zutena eta oraingo ustezko modernitate batek ezarri nahi duena, generoa zehaztu, itxi eta atxikiz inoiz genero zehatz, mugatu eta atxikiturik izan ez duenari.

  5. Erabat ados zurekin, Aiora!
    Euskal Izendegiak ez digu faborerik egiten.

  6. Ander Ros

    Kontu sakona bai, sartu diguten ziria bestekoa. Tradizioa ez da inondik inora hori. Neskentzako -a hori justifikatzeko Mitxelenaren lan bat aipatzen dute. Mitxelenak idatzi zuena, ordea, kontrakoa zen. Mitxelenak aipatu lanean aztertzen dituen tradizioko Frantziskua, Jesusa eta holakoak gizonezkoen izenak dira. Beste tradizio batean, -ø (markarik eza, alegia) emakumezkoen izenetan ematen da: Antonio / Antoni; Inaxio / Inaxi; Zezilio / Zezili. Saldu digutenaren kontrakoa. Giz. -ø / emak. -a tradizio ororen kontrako aberrazio onomastikoa da, begiratzen zaionetik begiratzen zaiola.

    Izenen kudeaketa eskuratzeko Euskaltzaindiak Epaitegiekin egindako tratuan Espainiako legera txintxo plegatzeko kontzezioa estaltzeko aitzakia baino ez da tradizioarena.

    Irtenbidea: euskara genero gramatikalik gabeko hizkuntza denez, euskal izenetarako salbuespena aldarrikatzea. Lehen legeak hiru salbuespen zituen. Txikigarriena zen horietariko bat, Euskaltzaindiak zorrozki betearazten zuen, Maddalen eta holako izenak debekatuz. Azkenean, legetik kendu zen arazorik gabe salbuespena. Generoarenak ere ez dauka sostengu handirik eta ez litzateke arazorik egon beharko hori ere kentzeko. Ez dago gure esku, jakina, baina bai guretzat salbuespena eskatzea, justifikazio perfektua dauka. Euskararen gramatikaren ezaugarri horrez gain, genero bietarako erabili izan diren eskukadaka izen dago, eta milaka holako izenak daramatzaten pertsonak.

  7. Bakartxo Arrizabalaga

    Tristea da generoa zalantzan jartzen hasiak garen une honetan euskaraz atzerako bidea egiten ibiltzea. Arazoa legearen aginduan dugu eta horri egin beharko genioke aurre. Euskaltzaindia plegatu da, baina nola edo hala egin beharko genuke horren aldatzeko. Sinadurak biltzen hastea?

    Bakartxo Arrizabalaga

  8. Ander Ros

    Ez legoke txarto zerbait egitea merezi duela eta zerbait egin daitekeela sinestea. Bidea asmatzea menturaz ez da erraza izango baina denon artean dena da posiblea

  9. Edorta Agirre

    Ia dena esan duzue. Eta esan duzuen denean, konforme. Hortxe nire sinadura, beraz, ateak zabaldu eta aire freskoa ibil dadin, iraganeko komentu eta kasernetako kiratsak uxatuta.

    Hasteko, Euskaltzaindiak bere burua Espainian kokatu du. Nola ez…! Begiratu erakunde horren paperak: hamarretik asko espainol hutsez daude. Gainontzekoen azpian ere, espainiera, aldez edo moldez. Gutxiegitan izan du aintzat Ipar Euskal Herria. Areago, Espainian eta ideologia jakin batera mugatuta, erantsiko nuke.

    1964-1968 inguruan hasi zen euskara batua gorpuzten baina Akademia oraino ez da gauza izan arrain jakin baten izena “mutur gorri”, “muturgorri” edo “mutur-gorri” idatzi behar den, hiruretan bilatuko duzu; eta ondo dagoela iruditzen zait, kontua arauak betetzea baino, euskaraz elkarrekin ulertzea baita. Ze agintaritza ote dauka, hortaz, gauzak debekatzeko? Nork eman dio eskumena pasabidea galarazteko, polizia lanetan aritzeko? Euskaldunok, agian?

    Euskaldunok, Euskaltzaindiarekin edo gabe euskaraz -eta ez Euskaltzaindiari esker- bizi gara aspaldi honetan. Haren aginduari adi-adi egoteko garaiak ondo paseak dira. Aurrea hartu dio euskaldunak Akademia horri, zorionez. Paleontologiako atalean ondo dago erakunde hori, bere burua definitu, gaurkotu eta egokitu arte.

  10. Ander Ros

    “Euskaltzaindiaren aginduari adi-adi egoteko garaiak ondo paseak dira”. Nahiko agintzen diguten legeek geure buruari aginte gehiago alferrik onartzeko. Euskaltzaindiak balioko du, agintzeko ez baina laguntzeko bokazioari lotzen bazaio.

  11. Nere postekin loturak: Asmakizuna: nor zen bada ditxosozko zirujaua? | Kinka

  12. Nere postekin loturak: Euskara queerago da gaztelania baino? | Kinka

  13. Eli

    Askotan egin dut gogoeta gai horren inguruan eta orain Izar alaba jaio zitzaidana genero aldaketa egiten ari dela are gehiago. Izar neska izena dela eta Lizar deitzeko dio eta nik Izar neska zein mutila izena dela erantzun. Euskaltzaindiaren arabera ez… 😦

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s