«Laguna dakot etxien»

Iñaki Segurola

Hasten naiz gogora ekarriz zer idatzi zuen Ana Moralesek hementxe bertan, joan den hilaren 8ko erantzun batean:

Gure amuma zenak harreman zuzena zeukan beste munduarekin. Bazeukan esakera bat oso berezi egiten zitzaidana: noiz edo behin, usmoan bezala jarri eta «laguna dakot etxien» esaten zuen. Horrek esan gura zuen arimaren bat etxetik zebilela igarri zuela (halakoetan ez zuen jakiten nor zen), eta orduan kandela bat pizten zuen etxean eta mezaren bat enkargatzen zuen haren alde.

«Laguna dakot etxien». Esaldi horrek zerbait egiten du; zerbait egin dit neri behintzat, idatzizko ezerk ia ezer egiten ez dion honi. Ikaraño bat egin dit belarrian eta bihotzondoan.

«Laguna dakot etxien». Pertsona jantziek hizkuntza xinplea deitzen diote horri. Ez, ordea, nik eta nere moduko gizaki erantziok. Hizkuntzalari eta hizkuntzazale bihotz-belarridunak jabetzen gara edo sentitzen dugu ez dela hori batere gauza xinplea. Hotsen eta bestelako elementuen segida bat dago hor, eta azpian sistema ikaragarri konplexu eta abstraktu batek eusten dio, baina aldi berean hiztunentzat oso erraza da sistema hori erabiltzen, zeren oharkabekoa den eta jakinaren azpikoa erabat. Horra munduko hizkuntzen grazia paregabea.

«Laguna dakot etxien». Gizabanako kulturdunarentzat (gaur egunean, gehiengoarentzat) esaldi horren ustezko moldaera landu, garatu, homologatu edo normalizatuak dira xinpleak ez direnak; presentzia, hautemate, subjektibo, haluzinazio, garun, metenpsikosi eta holako hitzekin gizendutako esaldiak dira gaur hizkuntza aberatsa. Eta ez da hala! Askozaz pobreagoa da berez, eta bereziki askozaz engainagarriagoa da. Pobrea da tribiala delako, jakintza garaikide ofizialaren errepikatze hutsa delako, ez dakigunaren estalki huts gertatzen delako. Hitz boteretsuak izango dira, bai, baina indarrik gabeak. Eta horixe da literatoen,  akademikoen eta normalizatzaileen gustuko hizkuntza edo, hobeto esanda, letrakuntza. Eta hizkuntza hori pobrea da, oroz gain, agindupekoa delako, goietako corpus arimagabeetatik «deskargatutakoa». Agindupekoa, otxana, ezgauza.

Ana Moralesek berak, eta agian amumak berak ere bai, gehitxo esaten dute («beste mundua», «arimaren bat»), eta egin ere bai: kandela piztu eta meza atera. (Egite horiek ez digute gehiegi axola; batek ahal duena egiten du bizimoduan «aurrera egiteko», gauero lo ondo egiteko, edo ez zoratzeko.)

«Laguna dakot etxien», usmoan bezala jarrita. Zer gauza hunkigarria, eta ia-ia ukigarria! Egin egiten baitu esan-modu horrek, eta ez estali, hizkuntza erlijiozko, zientifiko edo esoterikoak egiten duten bezala. «Gure» amumaren berbetak erakutsi egiten digu misterioa bere gorrian. Erakutsi, ez dakiguna badakigulako usteekin estali gabe.

Izan ere, zer da laguna?, eta laguna etxean edukitzea? Ez dago hor hizketa substantibatzaile, tribialtzaile, pobretzaile edo estaltzailerik. Lagun-en oinarrizko esanahia «hurko, kide» edo holako zerbait da. Eta ez jarri gogoa pertsonetan bakarrik: oinetakoek eta galtzerdiek ere badute laguna beren bikoan. Lobak dio amumak holakoetan ez zuela jakiten nor zen. Nik ez dakit amumak zer esango zukeen, baina dakidana eta aditzen dudana da hizkuntzak zer esanarazten dion: laguna daukala etxean, hots, zerbait, zeren norbait bera gehitxo esatea dela iruditzen baitzait. Eta «zerbait» baino gauza zintzoagorik ez dago esaterik euskaraz holakoetan. Lagun-ek ez dakit izendatu egiten duen, baina, bere zerbaitasunean, substantibatu behintzat ez du egiten. (Euskararen barruan bertan laguna edukitze hori nola «nominalizatzen» da tranparik egin gabe? Laguntza-rekin?, laguntasun-ekin? Ez ba! Ez dago erraza.)

«Laguna dakot etxien». Esate apur bezain aberatsa; erraza bezain zintzoa. Ez dakigunaren adierazle eta (ustez) dakigunaren biluztailea.

Hizkuntza erraza? Bai gure amuma honentzat, baina gaurko letradun normalizatuentzat ia hitzegiteko modu arrotz bat. Bidenabar esanda, ez dait nola itzuliko litzatekeen esaldia erdara batera, duen aberastasun xuhur hori galdu gabe, adierazte substantibo engainagarririk erantsi gabe.

«Laguna dakot etxien». Horri esaten diot nik jakinduria! Erlijio, zientzia edo esoterismozko sasi guztien azpitikoa. Jakinduria ezjakina; gure ezjakintasunaren zinezko neurria agertzen —eta argitzen— duen jakinduria.

«Laguna dakot etxien». Hona esaldi horrek zer esanarazten didan: dena ez da guztia. Dakiguna ez da guztia; badena, izenda dezakeguna, ez da dagoen guztia.

Izan gaitezen zintzoak, hizketan bederen. Zintzoak eta, aldi berean, estilodunak. Hori nola egiten den erakusten digu Ana Moralesen amuma gureak.

Usmoan jarri… eta pufa!: begitantzen jat amuma horixe dakotela barruen.

5 Iruzkin

Iñaki Segurola atalean

5 responses to “«Laguna dakot etxien»

  1. ana morales

    Mila esker, Iñaki. Hunkitu egin nau zure artikuluak. Niri ere esaldi guztiz indartsua iruditu zait beti, bere biluzian potente-potentea. Eta uste dut itzultzaileok halakoak ere izan beharko genituzketela gure hizkuntza bankuan, batzuetan horiexek direlako hain justu gure testuek behar dituztenak, banan banan hartuta hitz soilak izan arren, konbinazioak desgasterik gabeko distira bat daukalako.
    Atxagaren “Hitzen heriotza (eta bizitza)” poema irakurtzen dudanean http://mugati.com/2012/01/13/bernardo-atxagaren-hitzen-heriotza-poema/ (inoiz ez naiz nekatzen poema hori irakurtzen, beti bustitzen dizkit betileak) halakoxe ideiak etortzen zaizkit gogora.
    Amumak esaten zuen lagunei ezin ziela inoiz aurpegia ikusi. Beharbada hortxe datza esaldiaren indarra: inefablea adieraztean.
    Mila esker, Iñaki.

    • Iñaki Segurola

      Eskerrak zuri, Ana ezezagun horri.
      Ez dakizu ondo zenbaterainoko arnasa ematen dien nere bihotz-belarriei holakoxe esaldi “xinple” batek!
      “Distira” diozu, eta ez direla “hitz soilak”. Halaxe da. “Lagun”, “eduki”, “etxe”: ze misterio dago hor? Batere ez, edo haundi-haundirik ez behintzat. Baina horiek elkarrekin uztartu eta esanak egoera (ez)jakin batean hartzen duen zentzuak ukitzen dizkigu barrunbeak… zuri, neri eta belarri-zulotik jakintza ofizialaren argizaria kentzen asmatzen duten guztiei.
      Eskerrak, beraz, zuri, eta, nola ez ba?, eskerrik bihotzekoenak gurea ere baden amuma zureari.

  2. Asier Larrinaga Larrazabal

    Iñaki, gauza bigatik gustatu zait zure testua: esaldiari erantsi diozun literaturagatik, eta hizkuntza-bizipen pertsonalak balioesteagatik.

    Esaldia bera, ostera, pobretxoa iruditzen zait. Niri gaztelaniazko beste esaldi bat etortzen zait burura, «En esta casa hay una presencia», “esoterismoez” mintzatzeko askoz baliagarriagoa iruditzen zaidana.

    ETB1en Iker Jimenezen programaren antzeko bat egingo bagenu, ez dakit zelan moldatuko ginatekeen «laguna eduki» esapidearekin etxeetako ustezko espiritu eta mamuen berri emateko.

  3. Iñaki Segurola

    Ondo zabiltza, Asier. Anaren amumaren berbetak ez du balio izendatzeko; balio du adierazteko. Ez du balio telebistarako; balio du bizitzarako.
    Txarto zabiltza, Asier. Ez da pobretxoa; aberatsegia da.

  4. Irantzu Epelde Zendoia

    Bai bitxia “presencia” delako hori…

    “Esta casa tiene duende” euskaraz “etxe honek habea du”, omen…

    duende. m. Espíritu fantástico del que se dice que habita en algunas casas y que travesea, causando en ellas trastorno y estruendo. Aparece con figura de viejo o de niño en las narraciones tradicionales.

    Iturria: Diccionario de la lengua española, RAE, 2001ko edizioa.

    Guztiz ederra testua, Iñaki, eskerrik asko.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s