Leku-izenak, herritarren izenak eta euskararen erabilera (hobe «Biturira noa», «voy a Gasteiz» baino)

Karlos Cid Abasolo

Aurretiaz ohartarazten dut orain idaztera noana nire aurreko ekarpenaren (Hitz bahituak eta euskararen erabilera izeneko testuaren) segida dela. Eta idaztera noana ez datorrela bat euskal herritarren joera nagusiarekin. Eta idaztera noanak bati baino gehiagori pentsaraziko diola La Razón eta ABC direla nire etxe ondoko kioskoan erosten ditudan egunkariak. Bada, hala uste duena oker ibiliko da. Nire proposamena, aurrekoaren ildotik, euskararen normalizazioaren hobe beharrez egiten dut.

Jakina denez, euskal herritarren artean, euskaldun zein erdaldun izan, oso joera zabaldua da gaztelaniaz aritzen direnean euskarazkoak erabiltzea leku-izenak (Arrasate, Gasteiz, Donostia –edo Donosti–, Iruñea –edo Iruña–) eta herritarren izenak (bilbotarra, gasteiztarra, tolosarra).

Bestalde, lehen ohikoa zen euskaldunen ahotik, euskarazko mintzoan, erdal kutsuko toponimia entzutea (Biturira noa, Pamplonara noa), eta gaur egun ere ohikoa dute Euskal Herritik kanpoko herritarren izenak, euskaraz beharrean (filipinar, amerikar, poloniar), espainieraz esatea (filipino, amerikano, polako). Nire aurreko «31 eskutik»-ari erreparatuz gero, espero izatekoak dira nire bi proposamenak, euskararen erabilera (edo, hobeto esanda, euskaldunen hizkuntza eskubideen errespetua) susta dadin: 1/ euskaraz euskal hitzak erabiltzea (Arrasate, Gasteiz, Donostia, bilbotarra, gasteiztarra, tolosarra, filipinarra, amerikarra, poloniarra); 2/ espainieraz, ordea, espainierazkoak (Mondragón, Vitoria, San Sebastián, Pamplona, bilbaíno, vitoriano, tolosano). Ez dirudi oso zaila, baina Euskal Herriko erdal hedabide gehienek (prentsa, irrati eta telebista barne) makillaje erraza nahiago dute. Harrigarriro, Euskal Herritik kanpoko zenbait hedabidek ere makillaje mota hori bereganatu dute, ziurrenik ezjakintasun hutsez («El Madrid se atasca en el mediocampo, donde se fatiga el tolosarra, cada vez más solo y exigido», El País, 2012-3-19). Hara, «tolosarra» idatzita, gorriz azpimarratu dit Word-ak hitz hori, aipu horretarako espainiera baineukan Word-en aukeratuta. Gora Word-a! (Hara, Word-a hitza gorriz azpimarratu dit Word-ak).

Arazoa pittin bat korapilatzeko edo, politikariak hor ditugu, bazterrak harrotzen eta leku-izen ofizialak hautatzen, beren jakintza filologiko ugariak baliatuz. Euskal Autonomia Erkidegoan, 1982ko Euskararen Legea dela eta, udal bakoitza da herriaren izen ofiziala aukeratzeko ardura duena. Nafarroan, ordea, 1986ko vascuencearen legea dela eta, Foru Gobernua, nahi edo behar izanez gero Euskaltzaindiari aholku eskaturik. Eta, jakina, anabasa sortu: batzuetan, erdal izena aukeratu da ofizialtzat, hala nola Bilbao (jakina da, dena den, aldaera horrek bide luzea egin duela euskarazko tradizio idatzi eta ahozkoan). Maiz, ordea, euskal izena aukeratu da ofizialtzat, hala nola Sukarrieta. Beste kasu batzuetan euskal eta erdal izenak marra batez banandurik metatzen diren hitz elkartuaren alde egin da, hala nola Vitoria-Gasteiz. Eta, azkenik, euskal eta erdal izenak barra batez bereizita ageri direneko formula, hala nola Donostia / San Sebastián edo Pamplona / Iruña. Hau da, dudarik gabe, ikuspuntu linguistikotik, izendapen ofizialetarako hauturik egokiena. Gogora dezagun Donostia, ez dakit noiztik 2012 arte, ofizialki Donostia-San Sebastian izan zela, eta urte hartako abuztuan Gipuzkoako aldundiak, udalaren erabaki zentzuzkoari kasu eginez, hori baztertu eta Donostia / San Sebastián hautatu zuela ofizialtzat, Euskaltzaindiaren gomendioari men eginez. Hau da, Gipuzkoako hiriak bi izen ofizial ditu, Donostia eta San Sebastián, erabiltzen dugun hizkuntzaren arabera. Izendatze ofizialak bazter utz daitezela utopia bat denez, Donostiako udalaren bidea onargarri deritzodan bakarra da. Nerea Txapartegik, Aldundiaren ebazpenaren unean Donostiako udaleko kultura eta euskara zinegotzi zenak, arrazoi osoz esan zuen erabaki hura «aurrerakada handia izan zela hizkuntza normalizazioan eta toponimia zuzenaren erabilpenean». Zoritxarrez, badira udalak kontrako bidea egin dutenak. Esaterako, Lizarrakoak Estella/Lizarra baztertu eta Estella-Lizarra lehenetsi zuen. 2011ko irailetik hala ageri da Espainiako lurralde-politika eta herri arduralaritzako Ministerioaren herrien erregistroan. Nafarroako Gobernuak men egin behar izan zion Nafarroako Justizia Auzitegiak hartu eta Auzitegi Gorenak berretsitako epaiari. Lizarra izenari gagozkiola, gogora dezagun Espainiako politikari (hala nola Mayor-Oreja) eta hedabide askok, beren hizkuntza ohiturei bete ez eta, Lizarra hitza erabili izan dutela sarri espainieraz, Lizarra gora eta Lizarra behera, baina hori bai, izenaren zeta hori espainierazko ahoskerarekin ebakiz eta hitzari leku-izena eman beharrean eduki politikoa emanez (Lizarra berdin Lizarra-Garaziko akordioa). Hizkuntza-hautu horren gibelasmoa nabarmen-nabarmena da, hain nabarmena, non gutxi baitu gibeletik.

Honelako anabasaren aurrean, galde diezaiogun geure buruari ez ote ginatekeen erosoago biziko leku-izen ofizialik gabeko mundu batean. Aski litzateke gorago aipatu ditudan nire bi proposamenei jaramon egitea. Administrazioan (Euskal Herrikoetan nahiz Euskal Herritik kanpokoetan, hala nola Bruselakoan) lan egiten duten itzultzaileek eskertuko lukete. Eta makillajeari zirrikitu bat gutxiago utziko litzaioke. Agian zenbaitek usteko dute lorpen handia izan zela 2011n Espainiako parlamentuak Araba / Álava, Gipuzkoa eta Bizkaia izen ofizialtzat hartzea. Nahiago nuke espainierazko testu ofizialetan –zeinak inoiz irakurriko ez baititut– Guipúzcoa eta Vizcaya irakurtzea eta Espainiako parlamentuan euskarazko diskurtsoak (katalanezkoak eta galizierazkoak bezalaxe) debekaturik ez egotea. Zer da garrantzitsuagoa, azala ala mamia?

4 Iruzkin

Karlos Cid Abasolo atalean

4 responses to “Leku-izenak, herritarren izenak eta euskararen erabilera (hobe «Biturira noa», «voy a Gasteiz» baino)

  1. Amaia

    Niri zuk esan bezala ateratzen zait gehienetan, gazteleraz ari naizenean gaztelerazko toponimoa erabiltzen dut. Berdin gertatzen zait gazteleraz nire guraso eta aiton-amonetaz hitz egin behar badut: “mi madre, mi padre, mi abuel@” ateratzen zait, oso arraroa egiten zait “mi ama, mi aita,…” esatea.

  2. Pruden Gartzia

    Esango nuke zure proposamena (edo hipotesia, barka zehatza ez banaiz) premisa inplizito batean oinarritzen dela: kasu guztietan bikote baten aurrean gaude, euskarazkoa eta gaztelaniazkoa. Eta horrelakorik ez dagoenetan? Eta asko dira gero (ziur asko, askoz ere gehiago kasu bikodetunak baino).

    Bestalde, aurreko posteko arazo berdinak dauzka honek: hitz bahituak “erreskatatzea” ez dakit, benetan, oso praktikoa den euskararen normalizazioari begira. Niri, adibidez, ez zait ulergarria egiten zertan laguntzen ahal dion gaztelaniaz aritzean esatea “los oñatienses” eta ez “los oñatiarras”. Eta hortik segituz, “los amezquetenses” edo “los amezqueteños” esan behar da? “Los amezquetanos” bada ere, ez dakit ba, ez diot kontu horri helburu argirik ikusten, euskararen normalizaziotik bederen. Gure aita zenak “Fernando Mosquetarra”-ren txisteak kontatu ohi zituen, erdaraz, problema berezirik gabe. Eta non dago arazoa? Jakina, ez daukat forma hori gaztelania normatibotzat hartzeko pretentsiorik mikoena ere ez, baina zer arazo dago hori elkarrizketa arruntetan erabiltzeko? Zer normalizaziori egiten zion kalte? Gaztelaniarenari?

    Ildo berean, oso praktikoa iruditzen zait euskaraz aritzean “bilbainoak” eta “bilbotarrak”, biak eta ez bat bakarrik, erabili ahal izatea. Hala nola “yankiak” eta “amerikanoak”, biak, erabiltzen ditugun “estatubatuarrei” buruz aritzean. Horretarako arrazoiak ez dago zertan esplikatzen hasi. Horrela hitz egitean, nori egiten diogu kalte? Estatu Batuen Konstituzio txit santuari? San Mames zaharreko arku santuaren izpiritu txit ukiezinari? Euskararen normalizazioari?

    Idaten hasi ahala bururatu zaizkidan galderak dira. Badakit oso erantzun erraza dutela guztiek: hizkuntzaren barruan guztientzat dago lekua, zein bere toki, tenore eta ñabarduraren arabera. Zeren denok dakigu “yankiak”, “amerikanoak” eta “estatubatuarrak” ez direla sinonimo estriktoak. Horrek ez du kentzen oinarrizko irizpide batzuk finkatu beharra, batez ere hizkuntza idatziari begira. Eta abar luzea. Horretan denak ados izango garelakoan nago.

    Baina gaztelaniatik euskal “barbarismoak” desterratzeko erakusten duzun erabakimena da gehien harritzen nauena. Ez diot zentzurik ikusten, labur esanda. Erran nahi baita, euskararen normalizazioaren ikuspuntutik.

    OHARRA: eta ñabarduretan hasita: zergatik “espainera” eta ez “gaztelania”? Hori ere erreskatatu beharreko “hitz bahitua” da?

    OHARRA bis: hemen idazten dugun guztiok euskararen hobe beharrez gabiltzala ebidentzia hutsa da niretzat, inongo zalantzarik sortarazten ez didana.

    • Karlos Cid Abasolo

      Ba eman diezaiodan poz txiki bat Jose Migueli (Pruden Gartziaren eta bion aurreko eztabaida zela eta “pena bukatu duzuela primeran eman dut denpora irakurtzen” idatzi zuenari, alegia) eta erantzun diezaiodan Pruden Gartziaren iruzkin honi.

      1. Zuk diozu: «Esango nuke zure proposamena (edo hipotesia, barka zehatza ez banaiz) premisa inplizito batean oinarritzen dela: kasu guztietan bikote baten aurrean gaude, euskarazkoa eta gaztelaniazkoa. Eta horrelakorik ez dagoenetan? Eta asko dira gero (ziur asko, askoz ere gehiago kasu bikodetunak baino)».

      Ez dakit nondik ateratzen duzun “premisa inplizito hori”. Ez da oso parte onekoa besteek esan edo idatzi gabekoak besteen ahotan (edo luman) jartzea. Ez zait oso zaila iruditzen ulertzea hizkuntza batean hitz bat dagoenean logikoena dela hizkuntza horretan hitz hori erabiltzea eta ez (makillaje hutsez askotan) beste hizkuntza baten hitza erabiltzea. Kasu guztietan ez gaude bikote baten aurrean, ezta izatezko bikote baten aurrean ere. Eta adibide bat ematearren, hor daukagu donostiarra hitza, euskaratik espainierara (ai, barkatu, gaztelaniara) pasatu dena espainierazko bikotekiderik ezean. Baina beste hainbat eta hainbat adibidetan, espainieraz euskarazko herritar-izenak (hala nola “bilbotarra”, “gasteiztarra”, “tolosarra”) erabiltzen dituzte, esaterako, hainbat hedabide erdaldunek (Garak, Deiak, ETB2k), espainierazko bikotekideak daudenean ere (“bilbaíno”, “vitoriano”, “tolosano”). Makillaje hutsa.

      2. Zuk diozu: «Niri, adibidez, ez zait ulergarria egiten zertan laguntzen ahal dion gaztelaniaz aritzean esatea (sic) “los oñatienses” eta ez “los oñatiarras”. Eta hortik segituz, “los amezquetenses” edo “los amezqueteños” esan behar da? “Los amezquetanos” bada ere, ez dakit ba, ez diot kontu horri helburu argirik ikusten, euskararen normalizaziotik bederen. Gure aita zenak “Fernando Mosquetarra”-ren txisteak kontatu ohi zituen, erdaraz, problema berezirik gabe. Eta non dago arazoa? Jakina, ez daukat forma hori gaztelania normatibotzat hartzeko pretentsiorik mikoena ere ez, baina zer arazo dago hori elkarrizketa arruntetan erabiltzeko? Zer normalizaziori egiten zion kalte? Gaztelaniarenari?».

      Hori irakurrita -eta errespetu osoz esanda (idatzita)-, iruditzen zait ez duzula zipitzik ulertu. Dena nire lehenengo testuko bigarren hipotesian dago laburbildurik, eta beraz, Jose Miguel gure irakurlea asper ez dadin, ez dut orain errepikatuko. Bide batez esanda, Amezketakoei, espainieraz, “amezcoanos” esaten zaie. Ez horregatik.

      3. Zuk diozu: «Ildo berean, oso praktikoa iruditzen zait euskaraz aritzean “bilbainoak” eta “bilbotarrak”, biak eta ez bat bakarrik, erabili ahal izatea. Hala nola “yankiak” eta “amerikanoak”, biak, erabiltzen ditugun “estatubatuarrei” buruz aritzean. Horretarako arrazoiak ez dago zertan esplikatzen hasi. Horrela hitz egitean, nori egiten diogu kalte? Estatu Batuen Konstituzio txit santuari? San Mames zaharreko arku santuaren izpiritu txit ukiezinari? Euskararen normalizazioari?».

      Mesedez eta faborez, tranparik ez. Euskaraz “bilbaino” edo “bilbotarra” esatea ez da gauza bera. “Yanki” eta “amerikano” gauza bera ez diren bezalaxe. Bikote horietan badaude hitz neutro bat eta hitz konnotazioz zamatu bat. Eta hori oso berezko dute hizkuntza guztiek. Beste adibideak (nik neure bi testuan aipaturiko guztiak) erabat bestelakoak dira. Makillaje eta maskarada handi baten isla. Euskarari batere onurarik ez dakarkiona, bide batez esanda.

      3. Zuk diozu: «Eta ñabarduretan hasita: zergatik “espainera” (sic) eta ez “gaztelania”? Hori ere erreskatatu beharreko “hitz bahitua” da?».

      Bai, noski. Eta, jakina, euskararen normalizazioaren hobe beharrez erreskatatu beharrekoa. Azalduko dizut zergatik. Euskara munduko edozein hizkuntzaren pare jartzen dut (ez gorago, ez beherago), eta beste hizkuntzetan ikusten ditudan joerak euskararentzat ere nahi ditut. Eta esango didazu Cervantesen hizkuntzari nola esaten zaion ingelesez, alemanez, txekieraz, serbo-kroazieraz, italieraz, etab. Lasai, ez didazu erantzun behar, erantzuna ondo baino hobeto dazagut eta. Bada, euskara ingelesarekin, alemanarekin, txekierarekin, serbo-kroazierarekin edo italierarekin parekatzen dudanez, bada, nik, euskaraz, “espainiera” esan eta idatziko dut. Hori bai: norbaitek “gaztelania” esan edo idazten badu, ez naiz berarekin suminduko. Dena den, eskatuko nioke horri (eta eskatuko nizuke zerorri ere) frantsesari, koherentzia hutsez, frantsesa ez deitzea.

  3. Pruden Gartzia

    Labur arituko naiz honetan, Karlos, neuk ez baitaukat Jose Miguel pozik jartzeko intentzio berezirik.

    Gauza bat ikasi dut gaur, “los amezcoanos” hori. Mila esker.

    Gainetikoan nire ezjakintasuna aitortuko dizut. Egia da zeuk ipinitako adibide (ia) guztiak bestelakoak direla, hain juxtu ere horixe izan da nire helburua, erakustea adibide horiek errealitatearen (corpus osoaren, nahiago baduzu teknolektoz) isla oso mugatua direla. Baina hortik aurrera, barkatu, galtzen naiz, ez jakiteagatik ez nekien ezta zein diferentzia zegoen donostiarra eta bilbotarra artean (bata gaztelania da, bestea ez, guztiz elementala, Watson). Hala ere saiatuko naiz ikasten, pazientzia apur bat duen irakasle jaunen bat suertatzen bazait behintzat. Baina oso torpea naiz eta nekez aurkituko dut. Barkatu.

    Bitxikeria bat aitortuko dizut, hala ere, batere garrantzirik gabea. Bitxia egiten zait ikustea nola galdetzen duzun, erretorikoki, nola esaten dioten Cervantesen hizkuntzari “ingelesez, alemanez, txekieraz, serbo-kroazieraz, italieraz, etab ” eta ez galdetzea nola esaten dioten gaztelaniaz. Bitxia.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s