Ni ez naiz funtzionario (ministro, tenplario…)

Bakartxo Arrizabalaga Labrousse

Euskararekin batera, bi erdara ere bertan ditugu, gaur egun eta aspalditik, euskaldunok; halatan, euskara, frantsesa eta espainolarekin –zein bere aldean– ari zaigu garatzen. Bizikide ditugun bi hizkuntza horietatik ditugu, euskaldunok, hitz berriak barra-barra ateratzen, euskara baino lasterrago baitabilzkigu beste bi hizkuntza horiek (edota euskaraz baino lasterrago baikabiltza, bi hizkuntza horietan edo horietako batean, bederen). Hizkuntza haiei ere, hiztunez nola omenez handixko izanagatik ere, gertatzen zaie, haietako hiztunek ingelesez gutxi-asko edo batere ez jakinik ere, ingelesaren atzetik ibili beharra eta maiz ingeles bazkatik jatea. Jabego pribatuaren eta indibidualismo porrokatuaren garai hauetan, berezia da hizkuntzen artean dabilen eskuzabaltasuna, ikusgarri da zein erraz batak besteari bere altxorretik tiratzen uzten dion eta, benetan harrigarri, handiak diolarik, gainera, txikiari ematen.

Barne koherentzia eskasa duten hizkuntzetan, hiztunen artean adostasunerako gaitasun urria dabilenean, eta aldiz, bertan beste hizkuntza indartsuago, biziagoa badabil, hizkuntza ahularen hiztunei errazago izan ohi zaie hizkuntza azkarretik ateratzea adierazbidea; alabaina, besteen plateretik jatera jarritakoan zer jaten diegun jakin beharko genuke, guretzat eginak ez diren eta kalte egin diezaguketen mokauak irentsiko ez baditugu.

Euskarazko hitz berriak sortzerakoan bide desberdinak ibiliak ditugu, maiz ideologiei loturik, eta bide horien araberako hitzak sortzen joan zaizkigu, honako edo halako arrazoi edo indarrak bultzaturik.

Gaztelaniatik jasotzen ari garen hitzak direla eta, arazo bat ari zait gero eta nabarmenago agertzen; horren azaltzera saiatuko naiz:

Gaztelaniak, frantsesak bezala, genero marka erabiltzen du, euskarak erabiltzen ez duen lekuetan, izen eta izenondoetan, alegia, eta hortik sortu da gaztelaniaz eta frantsesez, mundua izendatzerakoan, emakumeak ezkutatu, baztertu eta gutxiesteko bide bat, frantsesez oraindik oso indar handian dena, baina gaztelaniaz, aldiz, azken garaiotan, zalantzan jarria izan dena. Gaur egun, horren gaineko eztabaida betean dira –edo gara– gaztelaniadunak, eta aldaketa prozesuan, berriz, hizkuntza bera.

Feminismo lan handiaren eraginez, emazteak, gero eta nabarmenago erakusten ari dira eta gizartea bera gero eta onartzenago, emakumeen presentziari dagokionean, komunikazioa ez zela behar bezala gauzatzen eta gaur egungo gizartean onartezina dela hizkuntzaren bidez eginiko jendearen erretratuetatik emakumeak desagertarazten jarraitzea. «Gizon» eta «emakume» kontzeptuak izendatzeaz gain, «gizon eta emakume» kontzeptua izendatzeko modu berriak sortzen ari dira, kontzeptu horren izendapenak gizonaren kontzeptua izendatzeko moduarekiko zuen morrontza apurtu edo, bederen, lasatu nahirik.

Izenei dagokienean, izenondoekin bezala, genero marka gabeko moldeak lehenesteaz gain, hitz pareak sortzen ari dira, genero marka duten hitzen kasuan. Halatan «el profesorado» eta «la ciudadanía», lehen «los profesores» eta «los ciudadanos» esaten ziren lekuan esateaz aparte, «los niños y niñas», «las niñas y niños», «los corredores y las corredoras», «los funcionarios y funcionarias», «la funcionaria o el funcionario» bezalakoak ere entzuten eta irakurtzen ari gara gero eta maizago.

Euskaraz generoa ez denez berdin markatzen, ez da emakumeen ezkutatzea, emakumeen baztertu eta gutxiestea, femeninoa isildu eta soilik maskulino ustez neutroa erabiltzearen bide horretatik gertatzen, hor goiko adibide horietako bikote bakoitza edo talde izen bakoitza izendatzeko, euskararen sistemaren barnean sortu hitz gehien-gehienetan, gramatikalki maskulino ez den izendatze neutro (esan dezagun) bat dugulako. Euskaraz ez dugu, beraz, arazo hori, nonbait, edo orain artean, behintzat, ez dugu ukan eta, hartara, gaztelaniaz sortzen ari diren bikote horiek edo talde izendapen horiek sortu beharrik ez dugu.

Ez du horrek esan nahi euskaraz emakumezkoen ezkutatzerik edo bazterkeriarik egiten ez denik, noski; euskaraz emakumeok beste era batera gara ezkutatuak, beste moduak baliatuta gaituzte baztertu eta gutxiagotzen, baina beste baterako utzi beharko gai hori, sobera luzatuko nintzateke eta, bestela.

Itzul gaitezen, beraz, gure gaztelaniazko kontzeptu haietara. Orain arte, eta urte luzez, gaztelaniaz, maskulino-neutroaz izendatzen ziren horiek euskaratzerakoan, haiek mailegatzean, gaztelaniaren sistemari berari jarraiki, maskulino-neutroa hartu izan da, ororen izenean, eta bere horretan euskarara ekarri. Horrek, jadanik, eragin handia ukan du euskararen genero sisteman, gaztelaniaren sistemaren menera ekarririk; bide bat egina du horretan euskarak, gaztelaniarekin batera, hari hartu dizkion maileguen bitartez; adibide baterako, euskararen fonema eta monemen sisteman eragin du, «o» hizkia, gero eta gehiago maskulinoari lotuz (potxolo-potxola), gaztelaniarekin harremanetan diren euskaldunen buruetan eta hizkuntzaren beraren garapenean.

Frantsesetik hartu maileguen kasuan ez da berdin gertatzen, han, femeninoaren marka izan ohi den «e» hizkiaren desagertzea gertatu ohi delako eta «o» hizkia ez delako maskulinoari loturik bizitzen. Baina frantses hizkuntzaren barnean aldaketak egin beharra galde egiten duten jendeen mugimendua oraino eskas delarik eta euskara frantsesetik baino gaztelaniatik ari denez maileguak biltzen, denbora ukanen dugu, berriz ere, frantsesaren gaiari heltzeko; itul gaitezen, beraz, gaztelaniaren gaur egungo aldaketetara eta horiek euskarara ekar ditzaketen arazoetara.

Esan bezala, gaztelaniaz hasiak dira beren izendatze moldeen gaineko gogoetak egin eta bestelako izendatze moldeak baliatzen. Zer gertatzen da, baina, horrelako kontzeptuak euskaraz eman behar eta gaztelaniazko alorretik ateratzen ditugunean?

Aipatu ditudan bi moldeak besterik ez aipatzearren, bi arazo sor dakizkigu:

  1. «La ciudadanía», «el profesorado» bezalakoetan, maiz ikusten da, azken urteotan egin gogoeten ondorioz gertaturiko aldaketa horien asmoa ez dela kontuan hartzen eta, hartara, euskarari ez dagokionez gaztelaniazkoan den behar hori, euskaraz lehengo bide arruntetik segitu eta generoarekin batere arazorik sortzen ez duen plurala erabili beharrean, talde edo funtzio kontzeptuak bere horretan hartzen direla; hor goian eman ditudan bi kasuetan ez horrenbeste, baina, bai «la dirección», «la concejalía», «la representación sindical» eta abarrekoekin. Horrekin euskaraz erraz eta arazo gabeko zen plurala bazter utziz, talde edota funtzio esanahiko hitzen erabiltze gehiegizkoa edo asmatze nolanahikoa ikus daiteke (zuzendaritza, irakaslego, langilego, ordezkaritza). Itzulpengintzan gertatzen da, baina ez bakarrik; gaztelaniazko mintza moldeek, estiloek, arrunt eragiten diete euskarazko mintza moldeei eta euskaraz sortuak omen diren testuetan ere maiz gertatzen da gaztelaniaren eragin hori.
  1.  Bikoteen kasuan, berriz, kontzeptuaren zati bat besterik ez dugu jasotzen; kontzeptua desitxuratua diogu euskal erkidegoari eskaintzen. Lehen ere hala gertatzen zen, noski, baina orain nabarmenago agertzen da euskaraz, hain zuzen ere, gaztelaniaz ez dutelako, dagoeneko, egiten.

Egina dugun bidea atzera eta atzera ibili dezagun proposatzera ez nator, noski. Orain artekoa izan dena izan dela onarturik, etorri nahi nuke, ordea, bide beretik jarraitzeak etorkizunerako sor liezazkigukeen arazoak aipatu eta ibili beharreko bideen gaineko gogoetatxo bat egitera.

Lehen aipatu ditudan adibideen arteko azkena oso adibide argia da, begiak ikusteko dituen edonorentzat, eta oso argi agertzen zaigu administrazioak bi zutabetan eskaini ohi dizkigun testuetan: zutabe batean «funcionario o funcionaria» dio eta haren ondo-ondoan «funtzionario» ikus dezakegu, lotsa batere gabe.

Gaizki sorturiko hitzen inguruan mintzatzea eta eskandaluak egitea aspaldiko ohitura zaigu, euskararekin lanean ari garenon artean. Barre handiak egin ohi dira, neologismoa boladan zen garaian edo oraindik orain, hitz bat sortu nahi eta «gaizki sorturiko» hitzen inguruan, eta aipatu dudan kontzeptuaren kasuan ere kritika gogorrak egin zaizkio horren euskarazko bertsioa izan nahi zuen «funtzionari» hitzari ere.

Ez dakit zeren arabera eta zein haizeren menera sortzen diren hitz batzuen, eta ez besteen, sorbidearen gaineko bat-bateko amorru eta kezkak; beti harritu nau hitz baten eraketaren aurkako argudio erabatekoak suharki botatzen entzuteak norbaiti, argudio berberekin suntsi zitzakeenean, hala nahi izanez gero, barra-barra darabiltzan beste hainbat hitz. Garai bateko «funtzionari» edo zeneko horrek hamaika sasijakintsuri ematen zizkien kezka eta amorruei amaia emanez, azkenean, Euskaltzaindiak «funtzionario» zuen aukeratu. Hitz harekin tematuriko punttalakurlo eta txukunzaleak lasaituko zituen, azkenik «gaizki sorturiko» «funtzionari» hitzaren gaitza gainditu genuelako, nonbait. Hura gaitzerdi genuela iruditzen zait, ordea, «funtzionario» traketsaren aldean; arras trakets baita hitz hori eta trakeski baitu «funcionario o funcionaria» kontzeptua adierazten. Azkenean akademiak aginduriko hitz hori nondik eta nola sortu den aztertzen hasiko bagina «gaizki sorturiko» hitzen artean koka genezakeen, noski, bazter utzirikoari egotziriko hutsñoak baino huts larriagoa egina baitzuen berriak, esanahiaren erdia bidean utzirik; ez dut, halere, atzera begira ibili nahi, hitzak nondik datozen baino garrantzitsuagoa baitzait nora garamatzaten. Eta «funtzionario» hitzak, adibide baterako, ez garamatza leku onetara; ez digu, izendatu nahi duen kontzeptua trakeski baizik izendatzen; emakumeok desagertarazten gaitu eta guretzat balioko duen beste hitz baten beharrean jartzen.

Adibiderako hartu dudan hitz hori ez da emakumeen arbuioa jasan duen lehena, ez eta arbuio gehien egin zaiona ere, administrazioko testuen bi zutabeek nabarmen erakutsiagatik ere, testu horiek hautsartean galtzen baitira usuenik eta halako langileak ere ez baitira egunkarietako lehen orrialdeetan agertzen. Beste batzuk, berriz, ari dira emakumeen erantzun berehalako eta erraza (gaztelaniaz ere dakiten euskaldunen esparruan, noski) jasotzen: Legebiltzarraren lehendakari emazte bat lehen aldiz jarri zenetik hona, «presidenta» gora eta «presidenta» behera ari da jendea; ministrarik ez dugu euskal erkidegoan oraindik, eta ezin jakin bere burua «ministro» deituko ote zuen emazte batek, gaur egunean, gure artean –gaztelaniaren esparruan, bederen, zeren, frantsesaren esparruan, lehen esan bezala, «o» hori ez baita maskulinotzat hartua eta, gainera, badute lan aski, momentuz, frantsesez «madame LE ministre»ri aurre egiten–, hala «ministra» hautatuko ote lukeen bere burua izendatzeko; jadanik, esan daiteke, halere, besteetaz mintzo, gero eta maizago «ministra» deitzen entzuten diedala emakumeei, eta irakurri ere, behin baino gehiagotan dut hala irakurri. Egunerokoan entzuten dugunaren arabera, jendeak «jefeak» ditu, baina «jefak» ere bai (bide batez, gogora ekar dezadan erdara frantsesa zaienekin, uztarrerrazago dela, edo antzekoago gertatzen dela bigarren molde hori, «avocat>abokata», «fonctionaire>fontzionerra», «préfet>prefeta» «chef>xefa» eta abar egiten dutelako, nahiz eta horretarako arrazoiak bestelakoak izan eta azken «a» hori artikulu den eta ez femeninoa, hor ere frantsesezko femeninoa desagertua delarik), «parlamentarioak» daude, baina batek baino gehiagok «parlamentaria» izenez aurkezten du bere burua.

Hori guztia dagoeneko gertatzen ari da, ez dut nik asmatu, eta inork ez dezala bere burua engaina, ahozko hizkera arautu gabearen hutsen artean zerrendatu nahian, borondate gero eta indartsuago baten adierazpena baita, dagoeneko idazterakoan ere azaltzen ari dena.

Gaztelaniazko bidetik abiaturiko berehalako konponbide eskasa da, baina behar bati erantzuteko asmo sendoaren erakusle ere da eta areago gertatuko da, aurrerantzean, orain aterabide jatorragorik aurkitzen ez badiogu, atzean dagoen komunikazio arazoa konpontzen ez badugu. Euskal hiztunoi ezinbestekoa zaigu erdararen erreferentzia; hor ditugu erdara eta erdal hiztunak egiten ari diren gogoetak; gu ere, erdal hiztun gisa, gogoeta horietan parte hartzen ari gara, gutxi edo aski, eta horiek guztiek eragiten digute hizkuntzaren gaineko gure gogoetetan.

Baldin eta euskararekin lanean ari garenok ez badakigu arazoa ikusten, ez badiogu ausardiaz eta etorkizunera begira aurre egiten, hiztunek, berez ekinen diote, beharrari jarraiki, gaztelaniazko aterabideak eta euskarazkoak nahasiz, nola edo hala, eta aterabidea euskararen gaur egungo genero sistemaren kalterako izan daiteke, euskararen barne koherentziaren kalterako.

Orain artean, gaztelaniatik genero markadun hitzak mailegatzeko erabili ditugun moduak zahar dira jadanik, eta are eta zaharrago eta zatarrago agertuko zaizkigu aurrerantzean euskal hiztunoi, gaztelaniak bide berriak urratzen ari delako eta harekin harreman zuzen-zuzenean diren euskal hiztunak haren bidetik lerratzen joanen direlako.

Halatan, labur esateko, geure egiten ditugun maileguetan, mailegatzeko den kontzeptu osoa beharko genuke mailega, emakumeak kanpo ez uzteari so eginik eta euskararen genero sistema zainduz.

Dagokionari, dagokion neurrian, hala egin dezala galde egitera etorri naiz, errenkada luze honekin.

7 Iruzkin

Bakartxo Arrizabalaga atalean

7 responses to “Ni ez naiz funtzionario (ministro, tenplario…)

  1. Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

    Egun on, Bakartxo, eta eskerrik asko gaia plazara ekartzeagatik.
    Aspaldi nerabilen zure kezka bera buruan, blogeratu nahi nituen gaien zerrendan sartutako kontuetako bat zen. Ni ere zurekin ados: genero markadun hitzak mailegatzeko moldeak zahar dira jada.

  2. Asier Larrinaga Larrazabal

    Interes handiz irakurri dut artikulua, oso urrun baikaude oraindik emakumeak ikusezin egiten dituen testugintza gainditzetik. Mamian sartuta, euskarari buruz ari garela, behintzat, hizkuntzalari artean batik bat, nik ez nituzke generoa eta sexua nahasiko. Euskaraz ez dago generorik, genero gramatikalik. Sexua lexikoki markatzen dugu, oso kasu gutxitan, gainera. Baina, hain zuzen, ez da garrantzi gutxikoa — artikuluan nabarmendu denez— kasu gutxi horietako bat: jarduera.

    Beude bere horretan errege-erreginak, ugazaba-ugazabandreak, moja-monjeak eta beste bakan batzuk.

    Bazter ditzagun —ez baitugu inongo bereizketa-beharrik— alkatesak, aktoresak, zuzendarisak, presidentak eta beste. Alkate, aktore (edo antzezle), zuzendari eta presidente esatea inori ez zaio egiten arrotz, mingarri edo kaltegarri.

    Hortik aurrera, niri ere oso gordin egin zait inoiz emakume bat ministro edo geologo dela esatea. Baina halakoen aurrean, uste dut estrategia ez dela euskaraz mailegatzeko sistema aldatzea. Uste dut estrategia hitzei karga kentzea dela, erabileran tematuz.

    Buruan daukat, esate baterako, Estatu Batuetako polizia-serie batzuetan emakumezko buruzagiei sir esateak piztu duen debatea.

  3. Pep

    Visto desde fuera, y sin estar seguro de haber entendido 100% artículo y respuestas, considero que la solución es la que propone Asier: usar palabras como funtzionario o ministro indistintamente para ambos sexos, como siempre ha hecho el euskera, y como hacen los documentos oficiales que critica Bakartxo (qué otra opción tienen, si la palabra está aceptada?). En cierta manera bajo la consideración de que a la larga palabras de este tipo pueden generar diferenciación subyace el esquema lingüístico castellano, no el vasco.
    Por eso a mi, al contrario que a Bakartxo, no me preocuparía a dónde nos (os, en este caso) lleva esta situación, sino de dónde proviene: està la Academia Vasca en el momento de tomar prestada una palabra castellana recurriendo sistemáticamente a la forma masculina de dicha palabra? Si es así, el resultado final puede no acarrear consecuencias sexistas pero se basa en un sexismo latente. O sea que aquí posiblemente no comparto lo que dice Asier y tal vez sí que habría que replantear mailegatzeko sistema

    Salutacions des de Catalunya

  4. Antton Gurrutxaga

    Uste dut izenondoen kasua aztertzea merezi duela.

    Euskarazko izenek, oro har, generorik ez dutenez, zein izenondo-forma erabiliko dugu economic situation euskaraz adierazteko? ekonomiko ala ekonomika? Argi dago forma neutro bat behar dugula. Datu bat: -o amaieraduna nagusitu da horretarako, eta ez dut uste kontu berria denik; ikus OEHko boluntario sarrera:
    ——————-
    boluntario, bolontario, borontario.
    1. (Adj.). Voluntario. v. BORONDATEZKO. Barura dela abstinenzia bolontario bat. Tt Arima 50. Ez diraden konfesioko materia nezesarioa, baizikan boluntarioa. OA 142. Pobreza boluntarioa, kastidadea eta obedienzian bizitzea. El 88s. [Bekatia] mortal da, osoki borontario eta materia inportantaren gañian denian. CatLan 112. [Auherkeria] da debozionezko pratikendako neork dien desgüsta borontario bat. Ib.
    ——————-
    Konforme, apaizen testuak dira, eta adibide horietan, gainera, izenondoek modifikatzen dituzten izenak bizigabeak dira, eta ez dagozkie pertsonei.

    Horrelakoetara etorrita, denok ezagutzen ditugu guapa/guapo, lista/listo… edo, Amaren eskuak filmean Loli Astorekak dioen bezala, “zure ama ain zen erromantikia!” (esaldi zehatza ez dut gogoan, baina bai erromantikia berba). Kontua orduan hau da: eredu hori lagunarteko hizkeratik estandarrera eramatea proposatzen den ala ez.

    Esaterako, adibide hauetan:

    “Emakume diabetikoek, ama izan nahi dutenean, galdera hauek egiten dituzte, besteak beste: izan ote dezaket haurtxorik?” (http://www.osakidetza.euskadi.net/r85-gkhgal03/eu/contenidos/informacion/hgal_guia_diabetes_c8/eu_hgal/galdakao_ospitalea.html)

    “Alicia Otaegi artista plastikoari elkarrizketa” (http://www.eitb.com/eu/telebista/osoa/999216/alicia-otaegi-artista-plastikoa–alicia-otaegiri-elkarrizketa-forum/).

    Emakume diabetikek litzateke hobestekoa? Edo artista plastikari? Margaret Thatcherrez mintzatuz, politikari erreakzionaria zela esango genuke, edo emakume erreakzionaria?

    Ez dakit, izenondoen kasuan, inork zalantzan jarri duen -o amaieraduna izatea neutroa. Baina, funtsean, arazo bera da. Zergatik egoera ekonomiko onartu, -o amaieraduna genero-markaduna dela uste badugu? Zein da alternatiba? Ez du ematen inork ezer proposatu duenik. Orduan, izenondoetarako forma neutrotzat –o amaieradunak hartzeko arazorik izan ez badugu, zergatik izenetarako bai? Emakume diabetiko onar dezakegu, baina emakume bat ministroa dela ez, eta ministra hartu behar dugu horretarako? Ministra proposatuz gero, emakume diabetika proposatzea litzateke horrekiko koherentea. Baina, ildo horretatik joko bagenu ere, erabaki behar genuke genero-markarik gabeko izenekin zein izenondo erabili: egoera ekonomik? Ataka gaiztoa benetan.

  5. Nere postekin loturak: Asmakizuna: nor zen bada ditxosozko zirujaua? | Kinka

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s