Euskaltzuloa euskaltzalearekin liskarrean

Juan Luis Zabala

Gustuko ez duzun zerbait entzutean, kontuan hartu esan duenak, arrazoia eduki edo ez, esan duena esateko arrazoiak badauzkala.

Arrazoia ez dago edukitzerik aldarrikatu du Iñaki Segurolak, eta ezin esango dugu arrazoia daukala esaten dituenak esatean –ez soilik bertsolariez eta haien txapelketez–; baina bai, ordea, esaten dituenak esateko arrazoiak badauzkala.

Iñaki Segurola, berak esana da hau ere, euskaltzuloa da euskaltzalea baino gehiago, eta euskaltzulotasunarenak dira, nire ustez, haren arrazoiak. Funtsezko kontu askotan biak bat etorri arren, batzuetan euskaltzaletasunarekin talka egiten dute euskaltzulotasunaren arrazoiek.

Konpara daiteke, adibidez, euskaltzuloa prostituzioaren arbuioak hura erabat eta betiko debekatzearen alde agertzera bultzatzen duen feministarekin; euskaltzalea, berriz, prostituzioa arbuiatu arren –edo prostituzioa arbuiatzen duelako–, prostitutak babesteko haien egoera legeztatu eta hobetu beharraren alde lan egiten duen feministarekin. Konparazioa beste arlo batera eramanez, «Espetxeak apurtu» aldarrikatzen duenarekin lotuko nuke euskaltzuloa; euskaltzalea, berriz, «Euskal presoak Euskal Herrira» eskaria urbi et orbe zabaltzen duenarekin. Estrategiarik, kalkulurik eta prospektibarik gabe, erraietatik egiten du orro euskaltzuloak, goseak larritutako ume baten antzera.

Uste dut nik, konparatzen hasiz gero, gehiago dudala euskaltzaletik euskaltzulotik baino. Baina tarteka sentitzen dut neure baitan euskaltzuloa euskaltzalearekin liskarrean.

2 Iruzkin

Juan Luis Zabala atalean

2 responses to “Euskaltzuloa euskaltzalearekin liskarrean

  1. Juan Garzia

    Tira: legezta dezagun, beraz, preso prostitutuen euskara bertsolari-berria, eta beren zulora gainerakoak.

  2. Iñaki Segurola

    Juan Luix: Nik ere euskaltzaletik izango diat pixkat edo puskat, ze iritsi nauk “euskalpresoak” gerturatzeko manifetara joateraino (azkenengo bi edo hiru urtean), eta ez natxeok prostituzioa debekatzearen alde. Hire konparazioak zuzenak baldin badira, beraz, ni ere banauk euskaltzaela, arrazoiarekin edo gabe. Ulertu ere egiten diat bertsolari txapelketak egitea (nahiz berez gauza zentzugabe bat izan), Exhibition Centerra betetzea ere opa zieat; espektakulua beharrezkoa duk gure munduan, meza edo funtzio erraldoiak ere bai, baina… ez dituk nere belarrirako egien direnak, ez nere belarrirako eta ez beste asko eta askoren belarrirako ere (hemen agertu direnez gainera, jende dezentek adierazi zidak “Zubeldia” artikuluan esandakoekin oso bat datorrela). Segi euskaltzale, barruko euskaltzuloari entzungor egin gabe!

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s