«Agur eta adio»

Elixabete Perez Gaztelu

Nire aurreko postak estimazio pixka bat izan zuela ikusita (eskerrik asko, Mikel Taberna, Xabier Aristegieta!) berriz ere Mitxelenaren gutunetara jo dut. Oraingoan gutunen amaierara.

Gutunak bukatzeko Mitxelenak darabiltzan esapide, formula, dena delakoetako batzuk ekarriko ditut. Batez ere, oso gertu izanda ere adierazteko beste moduren bat (horrela esatea badago), gutungilearen hautua, joera, isuria ispilatzen duten esapide batzuk.

«Hasieran» jasoa dugu agur diosala askotxotan darabilela Mitxelenak abiaburuan (39 gutunetan). Amaieran, berriz, oso gutxitan zuzentzen zaio gutunaren hartzaileari agur erabilita; bitan besterik ez du agurtzeko ekintza perlokutiboa gauzatzen: «Agur eta agindu», «Agur eta goraintzi». Ia beti jotzen du solaskideari mintzatzera hartu aditza hasieran duen aginterazko perpausa erabilita: «Ar ezazu adiskide berantkor onen biotzeko agurra», «Ar itzazu gure agurrik beroenak. Biotzez»…

Mitxelenak ahoz erabiltzen zuen adio (errenteriarrok «ariyo» esaten duguna) ez du behin ere idatzi gutunen bukaeran. Ezta egun ikusten (eta entzuten) den «Ez adiorik» ere.

Esan bezala, hartu aditza hasieran duten perpausak maiz darabiltza (30 bat aldiz) hartzearen objektua agurraren ordez zorionak eta goraintziak direlarik batez ere: «Ar itzazu nagi onen goraintzirik oberenak. Biotzez», «Har itzazu, bada, gure eskerrik eta goraintzirik hoberenak»… Halakoetan ez dugu behin ere ikusi goraintziak, zorionak aditzaren aurretik adieraziak (demagun, «gure goraintzirik hoberenak har itzazu» edo).

Ezta gutuneko azken pasarteko perpausean lehen pertsonako genitiboa (ez singularra ez plurala) hasieran duenik ere. Bigarren pertsona duten 10 bat gutun badaude: «Zure berriak, merezi ez baditut ere, pozik hartuko nituzke. Beti bezala, esanera naukazu», «Zure berrien begira gaude. Har itzazu, bizkitartean, gure goraintzirik hoberenak», «Zure morroirik zintzoena»…

Arestiko zorionak eta goraintziak direla, hain zuzen, harrigarri samarra egiten da eskumuinak hitza gutun-amaieretan (bai bukaeraren hasieran, bai beste osagai batzuen artean) behin bakarrik erabili izana: «Eskumuinak Baumgartl andreari. Eta barka ezaiozu, otoi, gutungile alfer honi ixilaldi luzeegi hau. Beti bezala esanera naukazu». Gainerakoan, beti goraintziak darabil bai azken agurraren hasieran (15 bat aldiz): «Goraintziak guztioi eta urren arte. Bihotzez«, «Goraintziak emaztearen partetik, mila esker berriz ere, eta aurki arte. Bihotzez»…, bai perpausean: «Ar itzazu zuk ere gure goraintziak ea lenbailen asi-berria dugun urte ontarako biotzez zuzentzen dizkizugun opak eta ongi naia egokitzen zaigun».

Askotan burutzen ditu eskutitzak eskerrak ematen: «Eskerrak berriz ere bihotz-bihotzez eta esanera naukazu beti bezala», «Eskerrik asko berriz ere», «Mila esker, berriz ere, eta barka»… Kopuruan antzera bi moldeak: Eskerrik asko, 25 bat aldiz, Mila esker, 18tan.

Eskerrak ematearen ondoan berriz ere askotan darabil; berriro ere, berriz, behin besterik ez: «Eskerrik asko berriro ere. Bihotzez».

Barkamena eskatuz ere bukatzen du gutunik behin baino gehiagotan («Barka, berriz ere, eta aurki arte»…). Ia beti aditza jokatuta darabil: «Barka ezadazu, otoi, ixillaldi luze au. Eta etzaiozula ixillarekin erantzun zure adiskide damutu oni», «Barka ezazkidazu gaizki esanak, orrelakorik baldin bada. Eta esanera naukazu zernaitarako, beti bezala. Biotz-biotzez»…

Esanera edukitzea ere oso baliagarria gertatzen zaio, bai esaldietan txertatuta (arestiko barkamen-eskeko adibidean bezala, asko eta askotan), bai gutun-amaierako azken esaldiaren hasieran. 15 bat eskutitzek honen gisako bukaera dute: «Esanera gauzkazu. Biotzez»… Bitan, ordea, esanetara erabili du: «Esanetara gauzkazu zernaitarako. Biotzez».

Parekideekin bukatzen joateko, ekar ditzagun Aurki arte eta Urren arte. Horrelaxe darabiltza beti. Ez du inoiz laster arte, ezta hurrena (ezta hurrenera) arte ere; bai, ordea, behin, ordura arte: «Biar edo etzi deituko dizut gauean onezaz mintzatzeko. Ordura arte, biotzez». Ikusi arterik ere ez dugu bat bera ere ikusi.

Zain / Begira gelditu eta Zain / Begira geratu. Beti-beti gelditu darabil: «Zure erantzunaren begira gelditzen naiz, bada», «Zure berrien zai gelditzen gara», «Zure berrien zai esanera gelditzen natzaizu»…

Hasiera garrantzitsua izanagatik, bukatzen asmatzea ere ez da ardura gutxiagokoa. Horrexegatik, pareen zerrenda aspergarri samar hau umore pixka batez kita dezagun, Mitxelenaren bukaera umoretsu parea ekarrita:

«Milla eta milla esker. Eta bidai on, druiden artean». Jon Miranderi (1955.08.09).

«Hontaz, beste nonbait, mintzatuko naiz, astirik baldin badut. Bitartean, bihotzez agurtzen zaitu zure adiskide (Jainkoari eskerrak) desmitifitatu(sic) honek». Gabriel Arestiri (1973.02.17).

3 Iruzkin

Elixabete Perez Gaztelu atalean

3 responses to “«Agur eta adio»

  1. Gilen Mejuto

    Gauzatxo bat:

    Mitxelenak eskerrak emateko darabiltzan moldeak zenbatzerakoan, kontuan izan dituzu “eskerrik asko” eta “mila esker” formulak. Dirudienez, ez duzu aintzat hartu paragrafo horretan bertan ipini duzun lehen adibidea: “Eskerrak berriz ere bihotz-bihotzez eta esanera naukazu beti bezala”.

    Gaur egun ahantzita dugun arren, “eskerrak” ere erabili izan da euskaraz esker ona adierazteko, oraingoan Mitxelenak erakutsi digunez.

    • Arrazoi duzu, Gilen. Ez ditut ekarri Mitxelenak eskerrak emateko darabiltzan modu guztiak. Zenbatzailerik gabeko “eskerrak” hutsa ere badarabil (bi gutunetan): zuk aipatuan eta beste honetan.

      “Eskerrak berriz ere eta nai duzunerako esanera gauzkazu. Biotzez”.

      Ez nuen asmo Mitxelenak eskerrak emateko, barkamena eskatzeko… darabiltzan formula, esapide guztiak hona ekartzeko, mereziko lukeen arren (hurrengorako utziko? ;-)). Maizenik darabiltzan esamolde, adierazpide batzuk besterik ez ditut ekarri.

      Nolanahi dela ere, eman didazun aukeraz baliatuko naiz aipatu ez nuen beste hau ere ekartzeko: “Anitz esker” eta “esker anitz” ere gutun banatan erabili ditu Mitxelenak.

      “Anitz esker berriz ere ezagutu gabe egin didazun mesedeagatik” (Jose Mari Satrustegiri zuzendutakoan).
      “Har itzazue ene goraintzirik hoberenak. Esker hainitz, berriz ere, eta laster arte. Bihotzez”. (Laurent Labarteri zuzenduan).

      Mila esker, Gilen, zure ohar zuzenagatik eta luzatzeko eman didazun aukeragatik.

      • Bakartxo Arrizabalaga

        Gustu handiz irakurri dut zure artikulua; halere, uste dut une batean adibideetan urrunegi joan zarela, errazegi atera dituzula Mitxelenak erabiltzen zuen eta ez zuenaren gaineko ondorioak eta “inoiz ez” edo horrelako baieztapen borobilak eman aurretik, azterketa luzeagoa beharko litzatekeela; ez da, noski, horrelako artikulu baten zeregina, baina, horrexegatik, hain zuzen, tentu handiagorekin behar lirateke esan gauzak. Kasualitateak atentzioa eman dit eta hortik ohartxo hau.
        Hona zuk zer diozun:

        Parekideekin bukatzen joateko, ekar ditzagun Aurki arte eta Urren arte. Horrelaxe darabiltza beti. Ez du inoiz laster arte, ezta hurrena (ezta hurrenera) arte ere; bai, ordea, behin, ordura arte: «Biar edo etzi deituko dizut gauean onezaz mintzatzeko. Ordura arte, biotzez». Ikusi arterik ere ez dugu bat bera ere ikusi.

        Aldiz, Gileni egin arrapostuan, hona Mitxelenaren eskutik jasotzen duzuna:

        “Har itzazue ene goraintzirik hoberenak. Esker hainitz, berriz ere, eta laster arte. Bihotzez”. (Laurent Labarteri zuzenduan).

        Bakartxo Arrizabalaga

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s