«Espinilla» nola esan

Fernando Rey Escalera

Nik maiz esaten dut itzulpen-lana, bakarlari-lanaren itxura hartzen bazaio ere, taldelana dela, baita lana etxezuloan bakarrik egiten dugunean ere. Egiten dugun edozein itzulpenetan beste askoren laguntza izaten dugu. Hori gabe, jai genuke.

Adibide hoberenetakoa hiztegiak eta hiztegigileak dira. Sekulako lana egin eta egiten dute, eta, haiei eskerrak, burua sobera estutu gabe izaten ditugu aukeran gure buruhausteetarako konponbide franko.

Baina behin baino gehiagotan gertatu zaigu guztioi hiztegietara jo eta ematen zaigun ordainarekin pozik ez gelditzea. «Honek ez zidak balio», «hemen tranpa egin ditek» esaten diot neure buruari. Hiztegia baliabide bat baita, lagungarri bat, baina ez itsu-itsuan jarraitu behar zaion zerbait.

Azkenaldi honetan aski sartua nagoenez anatomiarekin edo semiologiarekin ikustekoa duten gauzetan, arlo horretako problema batekin heldu naiz gaur, denon artean konponbidea aurkituko diogulakoan. Hogeitaka urte eman ditut nire lankide gehienekin, eta oraindik ere ez diogu behar bezalako soluziorik aurkitu.

Eta hauxe da: «espinilla» euskaraz nola esan, ez bernazakia, noski, baizik eta azaleko mutur beltzeko pikor mota hori. Gaztelaniaz, «comedón» ere esaten zaio, edo «barrillo». Nik frantsesez jakin ez, eta galdeka ibili naiz: «comédon» edo «point noir» esaten omen zaio.

Dermatologiaren zehaztasunetan sakondu gabe, nik hiru hitz esateko premia izaten dut.

a) Grano. Larruazaleko trastornoa izendatzeko hitz inespezifikoa, ez baitugu esaten pustula edo makula den edo nolako sintomak dituen. Nire aukera: pikorra.

b) Divieso edo forúnculo. Azaleko inflamazioa da, ile-folikuluaren eta inguruko azalazpiko ehuna infektatzean gertatzen dena. Estafilokokoa izeneko bakterioak eragiten du gehienetan. Pikor hauek zornea dute, materia. Nire aukera: erlakizten edo zaldarra.

c) Espinilla. Aknearen efloreszenzia primarioa. Hiperkeratosiaren ondorioz bilgor-guruineko folikulua ixten denean gertatzen da. Tapoi bat eratzen da, eta folikuluaren kanala erabat betetzen. Melanina, airearen eraginez, oxidatu eta belztu egiten da, eta puntu beltz gisara ikusten dugu azalean. Euskaraz nola? Hau da problema.espinillaren irudia

Nire euskaran eta nire ingurukoenean –galdeka ibili naiz han-hemenka–, «grano» esateko «pikorra», edo «granoa» da modu ohikoena, zabalduena. Hiztegiek zer dioten ikusita, ematen du pikorta eta pixika ere esaten direla.

Orotariko Euskal Hiztegiak aukera hauek ematen ditu:

bona. “(V-m-ger), granillos de la cara, que producen vivo dolor al querer hacerles supurar” A.

pikor.  Grano, erupción, absceso.

erlakizten, erlakaizten. “Divieso mayor” Lar. “Cirro, divieso sin ojo” A. “Divieso”

zaldar. Divieso. “Clou ou furoncle” O-SP 222. “Divieso mayor”

ZALDAR-BELAR (-bedar V; saldarbedar V-m). Ref.: A (zaldar-bedar); Arzdi Plant1 279. “Hierba para curar diviesos”

zuldar 1. “Divieso […] si es menor, susterra, (V) zulderra” Añ. “Cierto grano de la piel” A. “Barro, granillo de la piel” Ib. “Divieso, forúnculo.

Zehazgabetasuna da aurkitu dudan problema, gehienbat erdaratik euskarara ari garenean, zeren, grano, divieso, forúnculo edo espinilla begiratuta, hauxe aurkitzen dugu:

Adorez 5000

espinilla: f. 1 grano purulento: zaldar, bona
divieso: m. zaldar, erlakizten, bixika, basasto
forúnculo: m. (Med.) zaldar, erlakizten
grano: 4 m. (Med.) grano de la piel: zaldar, pinporta, pikor, bixika, pirikorna, borna.

Elhuyar hiztegia

forúnculo: erlakizten
divieso: ezlakizten
espinilla: zaldar. Me ha salido una espinilla en la cara: zaldarra atera zait aurpegian.

Zehazki

forúnculo m med erlakizten, furunkulo.
divieso m erlakizten
grano
_ 4 (en la piel) pikorta, pinporta, bixika: me ha salido un grano en la nariz, pikorta (bat) atera zait sudurrean.
_ 5 (con pus) zuldar.
espinilla 2 f (grano) zaldar.

Euskalterm

Nik gaizki begiratu ez badut, ez du ordainik ematen sarrera hauetarako: divieso, comedón, forúnculo, grano, espinilla.

Beraz, problema bat dugu «espinilla» esateko: zenbait hiztegitan «zaldar» eta «espinilla» elkarren ordain direla esaten zaigu, baina, oker ez banaiz, premia terminologiko bat nola edo hala bete beharrak bultzatuta. Zaldarra ez da espinilla edo puntu beltza, bikor gaiztotu eta materiaduna baizik. Hiztegiren batean horrela agertu izanak ez du justifikatzen erabilera hori, eta beste bide batzuk bilatu beharko genituzke.

Nik eta nire inguruko askok, esan, «espinilla» esaten dugu, gaztelaniaren maileguaz baliatzen gara, eta hori izan daiteke konponbideetako bat. «Puntu beltzak» ere ez litzateke soluzio txarra izanen. Nire lankide Joxemari Sestorain leitzarrak dioenez, «zoztor» erabiltzen dute. Jakina, testuinguruan erabilita ulertzen da, ez bestela, baina balio liezaguke oinarri gisa terminoa sortzeko («azaleko zoztorrak”?).

Ikusten duzuenez, nik problema bat aurkitu dut, eta plazaratu.

Hiztegigileek dute hitza, jakintza arlo bakoitzeko adituekin batera, jakina.

Baina bitartean, gustura irakurriko nituzke zuen iritzi eta proposamenak, tokian tokiko erabilerak eta euskara estandarrerako iradokizunak.

3 Iruzkin

Fernando Rey atalean

3 responses to “«Espinilla» nola esan

  1. gilentxo

    Kaixo, Fernando.

    Ikerketatxo baten ostean, eta ondo ulertu badut, “punto negro” (“point noir”, “blackhead”) eta “espinilla” (“point blanc”, “whitehead”), biak, “comedones” dira; lehena irekia da eta bigarrena, itxia.

    “komedo(i)” problemarik gabe mailegatuko nuke (frantsesa: comédon; espainiera: comedón; italiera: comedone; ingelesa: comedo; alemana: Komedo).

    “Espinilla” ez nuke euskaraz onartuko. “Zaldar” ezin hobea iruditzen zait, eta, aukeran, “puntu zuri” ere erabil liteke.

    “Punto negro”, jakina, “puntu beltz” da. Bigarren izendapen bat nahi izatekotan, zergatik ez eraberritu Landuchioren “itzesten” (“barro de la cara”)?.

    • Alfontso Mujika

      Kaixo:
      OEHren datuak ematean, uste dut komeni dela “zuldar” sarrera osorik ematea, han agertzen diren adibide batzuek erakusten baitute “espinilla” esateko erabiltzen dela edo erabili izan dela (Eibarko adibidea eta Ugarteren adibidea). Ez du arazoa konpontzen, dena den, baina informazio interesgarria da.

      zuldar (V-oroz-m-gip, G-to, B), suldar (gral.; H, Zam Voc), txuldar (V-m), txundar (V-gip), txulder (V-gip), zuildar (L-ain), xuldar (V-gip), xulder (G-azp). Ref.: A (suldar, txuldar, zuildar, zuldar); EI 147; Etxba Eib
      (txundarra); Elexp Berg.
      1. “Divieso […] si es menor, susterra, (V) zulderra” Añ. “Cierto grano de la piel” A. “Barro, granillo de la piel”
      Ib. “Divieso, forúnculo. Txundarrak urten desta ipur-mamiñian” Etxba Eib. “Espinilla. […] Eta baitta arpegixan egoten dien orrek, gaztetxuen zer orrek pe, zuldarrak” Elexp Berg. Cf. Echaide Orio 142: “Suldarra, salpullido”.
      v. 1 zaldar, 1 zeldor. Zenbaitek zergatik dituzte bekokian zuldarrak? EgutTo 2-2-1921 (ap. DRA).
      [Indianoak] zuldarrez beteta eidauka gorputz guztia. Ag Kr 135. [Mendi orretara joaten dira] buruko txorabio, zuldar, legen, eztul, berako, minbizi, anditsudunak. Ag G 177. [Nexkak] dituen zuldar auek bederatziurren
      buruan sendatzekoak dire. Odoletik datorkio. Ugarte Obaria 118.

      • oskar.arana@gmail.com

        Ez da inon aipatu, eta ez dator “espinillaren” ordain gisa, baina Labairu hiztegiak, mendebaldeko euskaretarako, “garau” edo “garaun” ere proposatzen ditu. Nik ezagutzen dizkiodan erabileretan nahiko adiera inespezifikoa du, “pikor” hitzaren adieren antzeratsu…

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s