Iruzurtiak – Roy eta Bert

m. a. elustondo

Lehenengo, miatu egin zuten. Gero, sakelak hutsarazi, goitik behera arakatu, eskuz aztertu barrabilen bi aldeetan. Ondoren, galderak etorri ziren, eta haien erantzunak, berehala gezurraren labela jaso zutenak.

–Hire benetako izena, arraio hori! Bost axola niri agiri faltsuok! Tranpati guztiek dituzue!

–Nire benetako izena da. Los Angelesen bizi naiz eta lau urte daramatzat lanean etxe berarentzat…

–Nahiko gezur esan duk! Nor ari duk hirekin batera taula-lanean? Beste zenbat lekutan erabili duzue amarru bera?

–Oso gaixorik izan naiz. Bart arratsean heldu nintzen La Jollara… Laguna eta biok etorri gara… Oporraldian.

–Ondo zagok, ondo zagok! Beraz, hasiera-hasieratik hasiko gaituk berriz, eta, Jainkoarren, hobe duk egia esan!

–Ofizial, herri honetan gutxienez ehun merkatari dituzu ni identifika nazaketenak. Urteak daramatzat haiei saltzen, eta…

–Utzi ezak erretolika hori! Utzi simaur hori! Ea, zein duk benetako izena?

Galdera bera behin eta berriz eta askotan. Erantzun berak behin eta berriz eta askotan. Uneoro, txakurra hormako telefonora jiratzen zen, Royk esandakoa egiazta ziezaioten. Baina, hala ere, Royk esandakoa egiaztatzen zioten arren, txakur hark ez zuen etsitzeko asmorik. Zekiena zekien. Bere begiekin ikusi zuena: iruzurgilea lanean, punchboard hartan hiru sari irabazten. Eta Royk estalgarri perfektua bazuen ere, nola egingo zion, bada, ezikusia halako iruzur froga argiari?

Txakurra telefonotik ari zen beste behin, haren aurpegi gogorrak umore txarra ageri zuen, egiten zituen galderek jasotzen zituzten erantzunengatik. Royk taberna jabeari, Berti, begiratu zion zeharka. Mahai gaineko punchboard-ari begiratu zion, tinko, eta berriz Berti begiratu zion. Baiezko keinua egin zion, ia oharkabean. Baina ez zegoen seguru Bertek mezua jaso ote zion.

Poliziak danba eseki zuen telefonoa. Royri begiratu zion, bere onetik irtenda. Esku haragitsua aurpegitik pasatu zuen. Zalantzan, egoerak eskatzen zituen hitzak antolatzen saiatu zen, bere sen onaren kontrako barkamen hitzak. Bere begiek jaso zuten ebidentziari iseka egiten zioten.

Barraren beste aldetik, Royk zarata gor bat entzun zuen. Zabor-birrintzailea. Barre egin zuen, isilik, bere baitarako.

–Tira, bada, ofizial –esan zion–, beste galderarik?

–Besterik ez –txakurrak burua mugitu zuen–, ematen dik akats bat izan dela, beharbada.

–Benetan? Hormaren kontra bota nauzu, iraindu eta kriminala banintz bezala hartu nauzu. Eta orain, diozu akats bat izan dela, beharbada. Horrek gauza guztiak konpontzen dituelakoan…

–Tira, bada… –ezpain-estu, hitzen gainean listuka–, barkatu. Sentitzen diat. Ez zuen nire asmoa.

Roy kontent zen gauzak bere horretan geratu zirelako. Piztiaren pare, polizia Bertengana itzuli zen.

–Ondo duk, jauna! Hire alkohol baimenaren zenbakia nahi diat! Akusazioa bideratzeko asmoa diat, zeragatik… zeragatik… Non duk punchboard-a?

–Zein punchboard?

–Demonio alua, ez niri kakarik esplikatu! Hementxe, mahai gainean zegoen taula… Morroi hau jokatzen ari zena! Hobe duk niri eskura eman edo nik neuk aurkituko diat!

Zapi bat hartu eta barra garbitzen hasi zen Bert.

–Egunero, garai honetantxe, garbiketa egiten dut –esan zion–, traste zahar guztiak baztertu eta zabor-birrintzailera botatzen ditut. Ezin dut esan punchboard-ik hemen ikusi dudanik, baina baten bat baldin bazegoen…

–Zaborretara bota duk! Uste duk… uste duk libre irtengo haizela?

–Bai, ala? –esan zion Bertek.

Polizia inkoherentziak esaten hasi zen bata bestearen gainean, oso haserre.

–Larrutik ordainduko duk, Jainkoaren izenean, larrutik!

Eta Royrengana piztia moduan itzulita, esan zion:

–Hik ere bai! Ez didak ziria sartu, pentsatu ere ez! Hire bila ibiliko nauk, eta herri honetara etortzen haizen hurrengoan…

Jiratu eta irten egin zen tabernatik. Irribarrez, Roy bere aulkian jarri zen berriz.

–Zer edo zergatik erretxinduta balego bezala jokatu dik –esan zuen Royk–, zer moduz beste garagardo beltz bat?

–Ez –esan zuen Bertek.

–Zergatik ez? Begira, Bert, barkatu eragozpen guztiak, baina hire punchboard-a zuan. Nik ez…

–Bazakiat. Nire okerra izan duk. Baina behin ere ez diat oker bera bi aldiz egiten. Orain, hik hemendik alde egitea nahi diat, eta atzera berriz ez etortzea.

Beste bezero bat sartu zen, eta Bert hari kasu egitera joan zitzaion. Roy, jaiki eta irten egin zen.

Jim Thompson

2 Iruzkin

Miel A. Elustondo atalean

2 responses to “Iruzurtiak – Roy eta Bert

  1. Xabier Aristegieta

    Zer zerikusi du kontakizun honek blogaren gaiekin?

  2. Mikel Taberna

    Nire iritzia:
    “Hogeita hamaika esku. Denak diferenteak. Horixe du berezi blog honek. Horrexegatik gustatzen zait”, erran zidan aste honetan berean lankide batek.
    Hogeita hamaika esku lanean. Eta zenbat begi honat? Denek ez ditugu gauzak berdin ikusten. Nik kontakizuna irakurri, eta itzulpen saio bat dela iruditu zait (erreferentzia ere ematen du). Harritu naiz zein aisa irakurtzen den; zein biziak elkarrizketak. Berriz ere hasi naiz, itzultzailearen baliabideei erreparatzen…
    Ikasbide zait.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s