Itzultzaile baten itaunak etikaren aurrean (I)

Karlos del Olmo

«Berba egitea inoiz ez da neutroa» Luce Irigaray

«Itzultzea huts egitea izan ohi da» Henri Meschonnic

«Inoren ordez elekatzea beti izaten da zitalkeria» Deleuze

«Edozein itzulpenek berezkoa du manipulatzea» M. Rosario Martín Ruano

«Itzultzaileak fideltasuna zor dio hizkuntzari, baina zelako hizkuntzari?» Henri Meschonnic

«Itzulpena eta boterea estuki loturik daude, botereari atxikitako berridazketa moduen bidez» André Lefevere

«Ez dago ama hizkuntzarik, ama idazlanak baizik. Bibliak sortu du hebreera, eta ez alderantziz» H. Meschonnic

Segituan agertzen diren itaunen jatorrian Itzul posta zerrendan «copago» terminoa ordaintzeko hitzik egokienaren inguruan izandako eztabaida baten ajeak daude, baita zenbait irakurraldi eta Mikel Laboak kantaturiko Brechten poema itzuli bat ere: Langile baten galderak liburu baten aurrean.

Itzulpenaz gogoeta egin edo idazterakoan, jakindakotzat jo behar dugu itzultzailea halako etika planteamendu sendo baten jabe dela (gehienetan, kode deontologiko modu bat, lausoago ala argiago, besterik ez dena izaten)? Bestela esanda, lanbideak berez sortzen dituen neke eta sufrimenduez gain, itzultzaileak (edo interpreteak), gainera, etikaz kezkatu behar du?

Itzulpen erabakiak hartu behar ditugu «zama semantiko ideologikoa», «hizkuntza politikoki zuzena» eta antzeko lege zurrun (bezain lausoak) lemazain ditugula, ala fideltasunaren eta ideologiarik ezaren hastapen sasikoen arabera jokatu?

Zenbateraino egin dezake itzultzaile batek bat Henri Meschonnic itzultzaile eta poetak erakutsitako kezka handiarekin, alegia, ondoko gogoeta honekin: «itzultzea poetika esperimental halako bat da, eta poetika hori etikoa da —idazten duen subjektua nahiz irakurtzen duena aldatzen dituelako— eta politikoa —hizkuntzaren etika hizkuntzaren izaki guztiei dagokielako, gizadiko herritarrei—»?.

Zenbateraino du zilegi itzultzaile batek botere politikoak asmaturiko «copago» kontzeptu ideologiaz betea «berrordaintzea» terminoaz (hura ere ideologiaz betea) ematea? Noraino aldatzen dira kultur joera, egile edo obra bat beste kultura batera «mudatzean», hartan indarrean den jarrera politiko (ideologiko), kultural eta linguistikoren baten arabera? Hizkuntzaren gaineko ikuspegia aldatzen ari bada, eta harekin batera itzulpenari buruzkoa, ez ote da garaia fideltasunaren eta neutraltasunaren mito ukiezinak zalantzan jartzen hasteko?

Benetan izan behar ote du ikusezina itzultzaileak? Egiatan izan daiteke ikusezina itzultzailea?

Luce Irigarayrekin batera uste badugu hizkuntza ez dela mugatzen errealitate edo esangura aurrez emanak adieraztera, errealitate eta esangura horiek modu jakin batera eratzen edo gizarte eta balio eskala jakin batera egokitzera baizik, eta hizkuntzaren beraren erabilerarekin batera, ikuskera jakin bat indartzera, nolatan pentsa dezakegu itzultzean lasai askoan jarraitu dezakegula hizkuntz arazo «aseptikoak» (?) ebazten, korapiloak mekanikoki askatzen?

Kezkabide erabili beharko genuke noren izenean berba egiten duten gure hitzek eta zein gizarte antolamendu aldezten? Ondorioztatu behar al genuke horrelako ikuspegi batek ukatzen duela errealitate eta esangura estralinguistiko finko eta egonkorrak egoterik horiei forma jakin bat emateko erabiltzen diren testuingurutik eta hitzetatik at? Prest gaude, itzultzaile moduan, onartzeko itzulpenaren eta berridazketen aldetik, aurreko galderaren erantzunak ondorio iraultzaileak izan ditzakeela, fideltasuna, zehaztasuna, osotasuna eta neutraltasuna ezin daitezkeela izan balio absolutuak?

Zergatik ezin daiteke Biblia modu politikoki zuzenean itzul, androzentrismotik alde eginda? Eta berridazten hasiz gero, non legoke beste berridazketa ideologikoen (alegia, itzulpen guztien) muga?

Zalantzan jarri behar genuke orain arte erabili dugun itzul ikuspegia, onartu fideltasun eta egokitasun kontzeptuak erlatiboak direla eskaera eta aukera etikoak anitzak direlako, baita, zertan esanik ez, erlatibotasun horrek ekar ditzakeela ondoriotzat itzul praktika eta estrategia berriak ere?

Noiz arte jarraituko dugu onartzen Platonen pentsamenduaren ondorioak, Jakiundeak ideologiarik ez duela, idazle handien obrak ideologien apetetatik kanpo daudela?

Gertu geundeke sasi inpartzialtasun zientifikoaren (idealaren?) aurrez aurre jarri eta Kultur Ikerlanek itzulpen teoriari eta praktikari leporaturiko lantegi berria lepoan hartzeko, hau da, jakintzagaiak berak sortutako jakinduria zalantzan jartzeko, ikerketaren gaia (testu itzulia) aztertzean erabilitako tresneria kritiko bera erabilita?

Bestela esanda, ez da paradoxiko gertatzen aldarrikatzea itzulpen guztiek manipulazio motaren bat edo beste inplikatzen dutela —bateko, lotura ezin askatuzkoa dagoelako itzulpenaren eta hura sortutako testuinguruaren artean, eta, besteko, itzultzailearen jarrera politikoagatik, gizarte eta kultur koiuntura jakin batean bizi denez gero—, eta, batera, lotsarik gabe onartzea itzulpenez arduratzen den ikerketa unibertsala dela eta denboraz at dagoela, itzulpen egintzak aukeratu, interpretatu eta aurkezteko modua bera ingurumari soziopolitiko eta kultural jakin batean gertatuko ez balu bezala?

Pentsalari batzuen aburuz, berbaldia (itzulia) beste elementu bat baino ez bada sistemaren geruza eta azpi-mailen artean gertatzen den supremaziako gerra etengabean, nolatan pentsa daiteke erudituek berbaldi itzuliaren gainean egiten duten diskurtsoa benetan egon daitekeela borrokaldi sistemikoetatik landa?

Paradigma batek aldezten badu ikergai darabilen ekaia historiaren joan-etorrien mendean dagoela eta partziala dela, gorritu gabe aldarrika dezake berbera historiaren mendekotasunetik at dagoela eta inpartziala dela darabiltzan praktikei, horien emaitzei eta ondorio teorikoei dagokienez?

Itzultzeak bere badu manipulazioa, eta fideltasun aldarriak eurak aukera etiko jakinen batean badautza, ez ote du bidaide ekarriko itzulpenaren gaineko edozein ikerlan (edo gogoeta) «deskribatzailek» interpretazio halako bat, gura eta gura ez? Neutraltasun eta objektibotasun defentsak eurak ere, berenaz, ez dira ideologi adierazpenak, ala?

Itzulpenaren funtzionamendua kulturen dinamika politikoaren argitan eta horrekiko harremanetan kontsideratu beharra dagoela dioten ikertzaileen irizkide bagara, ez ote gara gu ere behartuta egongo itzulpengintzaren «kulturarako biraketa» deritzotena egiten, gura eta gura ez?

Ondorioztatzea al dugu, Badsnett, Lefevere eta beste batzuen antzera, itzulpen guztiak boterearen zerbitzuan edo mendean daudela? Álvarez eta Vidal ikertzaileak bezain urrun joateko prest gaude, alegia, itzultzea ekintza politikoa dela aldarrikatzeraino? Eta horren ondorio eta inplikazioen sakontasuna eta hedadura onartzeko, batez ere euskal itzulpengintzari gagozkiola (literarioari zein bestelakoari)?

Onartzen badugu itzulpenaren gainean beste testuen eraketan eragiten duten instantzia zabalago berberek dutela eragina, kontuan izaten hasi beharko ditugu Manipulazioaren Eskola deritzon joeraren hastapenetan jasotako gogoetak, hau da, kultur trukeetan (kulturak eraikitzen) itzulpenek beste testu prozesamenduekin lokarriak eta hartu-emanak dituztela? Eta halaxe onartuz gero, itzulpenaren baliokidetzat berridazketa terminoa erabil genezake? Itzulpena berridazketa gisa ikusteak gauzak erraztu, zaildu ala diren-direnean uzten dizkigu?

Lefeveren antzera, onartuko genuke (itzulpen) berridazketek berebiziko eginkizuna dutela kanonizatze eta ortodoxiak finkatzeko prozesuetan, kulturak berrosatzen dituzte eta (dela sistema barrutik bertatik dela kanpotik datozen elementuak egokitzen)?

Literarioa ez den itzulpengintza mintzagai erabiliz gero, nolako eragin ideologiko eta etikoa dute, esate baterako, Euskaltzaindiak, EIMAk, Itzultzaile Zerbitzu Ofizialak, EHUko Euskara Zerbitzuak, euskal elizek, EHUk, euskal argitaletxeetako editoreek eta zuzentzaileek proposaturiko eta erabakitakoek nahiz EIZIEk berak apailaturiko Itzul posta zerrendan edo 31 eskutik blogek plazaraturiko ekarriek?

Kultur harremanak halako garrantzizkoak badira (eta badirudi izan badirela), alde batera utzi beharko genituzke Erromantizismotik heredaturiko bi hastapen sendo hauek, nonbait euskal itzulpengintzan ere urregorrizko arau direnak: «ex nihilo sortzen duen egilearen jenialtasuna eta originaltasuna» eta «egilearen benetako asmoak berreskuratzeko aukera dagoela»? Ulertu eta geureganatu behar ditugu idazleak eta haien lanak beti kultur (eta ideologia) ingurune jakin baten arabera? Eta itzultzailearen eginak ere bai?

Itzulpen berridazketa horiek dimentsio ideologiko eta politiko nabarmen hori badute, ondorio atera behar dugu itzultzaile berridazleek erantzukizun muntadun halako bat dutela gizarte eragile moduan? Baietz esan genezake, bestelako neurgailurik barik, euskal itzulpengintzak egungo euskal kultur, hizkuntz eta ideologi sisteman duen zamaren argitan?

Badu poetikak, zelan edo hala, testuinguru jakin batean kultur errepresentazioaren jokoek bete beharreko arauak zehazteko indarrik, xede kulturak bere buruari jatorrizko kultuaren aldean aitortzen dion posizio erlatiboaren arabera (hegemonia ala mendekotasuna)?

Aukeratu beharra du itzultzaileak bi poetiken (ideologien) artean, hots, jatorrizkoaren egileari atxikitakoaren eta itzultzailearen kulturan nagusi denaren artean? Zer ondorio dakar jatorrizko poetika xede kulturako poetika iraultzeko erabiltzeak? Eta jatorrizko poetika kultura hartzailean kanpokoaz dagoen irudira egokitzeak? Lehenengo aukerak arrotz kutsuko itzulpenak besterik ezin eragin dezake, «ezberdintasunaren etika» integral batean txertatzen dena, Lawrence Venutik eta beste egile batzuek diotenez? Eta bigarrenak xede kulturan nagusi diren balioekiko mendekotasuna, morrontza, kultur inperialismo halako bat?

Itzultzailearen baldintzapen «poetikoak», mamian, planteamendu «etikoetan» dautza? Itzultzailearen berridazketa emaitzak sinesmen eta uste sail bat du bermagarri? Ba ote du aukerarik itzultzaileak kultura hartzailean agitzen duen pentsamendu sistematik at jarduteko? Ba al du konpontzerik berbaldi kontrakarrekoen arteko talka itzulpen arazo bakoitzaz erabakitzeko unean?

Zilegi da pentsatzea itzultzaileak bi indar dituela beti agintari, bateko, banakoaren kontrolari (eta kontzientziari) alde egiten dion oinarri inkontziente bat, autonomia ostuta aurrez ezarritako logika baten txotxongilo bihurtzen duena, eta, besteko, hastapen gidarien sail bat, banaka nahiz gizaldean landutako subjektibotasun kontingente bat, aldez edo moldez, kontrolpean egon daitekeena? Uka ote daiteke itzultzaileak unean-unean alde batera ala bestera erabaki ahal izateak frogatzen duela bi indar horien arteko oreka desorekagarri ere gertatzen dela, ez dela guztiz zurruna?

Ideologia zer hermetiko, iragazgaitz eta saihestezintzat jo beharra dago? Noraezean?

Zer da itzultzea, azken buruan, «leiho bat zabaltzea beste mundu batera» ala «komunikabide bat ezartzea», kanpoko eragin arrotza xede kulturara sartu, hura aldatu eta iraultzeko balio dezakeena?

Sistemek, berez, egonkortasunera jotzen badute, itzulpenak ortodoxia zalantzan eta kolokan jar dezake, bene-benetan?

Berbaldi ondo idatziaren ezaugarria erritmoa dela onartzen badugu, Meschonnicek bezala, itzultzaileak jatorrizkoaren barne erritmoa topatzen ahalegindu behar du (alderdi fonikoan muntadunak diren osagaiak: silabak, oinak, aliterazioak, puntuazioa…) eta xede hizkuntzan erritmo berri bat ematea lortu, hura naturalizatuta, ala jatorrizkoari eutsi eta erritmo berri arroztailea eman?

Sintaxiak erritmoa lortzen laguntzen duen bigarren elementua ei denez gero, zilegi ala aizu du itzultzaileak hitzak taldekatzea erritmo sintaktiko berri halako bat lortzeko?

Erritmoan, musikan legez, ez badago denon gustuko den zer bat, edo, bestela esanda, nork bere gustukoen «musika» izan ohi badu, norberari laket ez zaizkion erritmoak edo musikak (itzulpenak) txarrak dira, bestelakorik gabe? Zelako eskubide moral edo etikoa du botere arautzaile batek erritmo estandarretik aldentzen dena gaitzesteko?

Euskal itzultzaile «berridazleok» ere, munduan diren enparauon antzera, boterearen edo indarreko (kultur, hizkuntz, ideologi) sistemaren nahietara makurtu ohi gara? Geure egiten ditugu nahi edo agindu horiek?

Sorburu nahiz xede kulturako botereak haren aldeko berbaldi ideologikoak goratzeko gaitasuna badu, nolatan ez du izango, gainera, haren jarrera hegemonikoaren aurka jardun dezaketen berbaldi edo idazketak zentsuratu, gutxietsi edo galarazteko eskua ere?

Ba ote du euskal itzultzaileak biderik bere barne erritmoaren araberako itzulpena aditzera edo argitara emateko, akademiak, erakunde ofizialek, argitaletxeek eta bestelako botere taldeen ideologiaren aurka?

Zer itzulpen joera eta erabaki dira nagusi gaur egun gure inguruan? Zein hizkuntz aukerak izaten ditu bedeinkapen guztiak alde eta zeinek debekurik latzenak aurka? Nork erabakitzen du zein itzulpen mota jaso behar duen euskal hartzaileak?

Zenbateraino ez du hainbat itzultzailek modu inkontzientean bere burua zentsuratzen ala berridazle moduan indarreko arauei modu automatikoan atxikitzen? Ez dago kontraesan halako bat itzultzailea (ala ikerlaria) gizartean subjektu politiko moduan aurrerakoia ala kritiko zorrotza izatearen eta itzultzean hizkuntz boterearen arauei itsu atxikitzearen artean?

Euskal literaturaren historian itzulpenak garrantzi handia izan duela ukaezina bada (egun ere handia bai handia da), bai eta garai bateko euskal itzulpengintzan testu biblikoen inguruko itzulpengintzak zama nabarmena zuela ere, uka ote daiteke euskal itzulpena leihoa baino areago izan dela (eta badela) kultur trukerako eta euskara nahiz euskal kultura egokitzeko ubide urduna?

Sentitzen ote dugu, itzultzaile moduan, Foucault zuzen zegoela, boterearen ezaugarri nagusia ez dela errepresio hutsa —garrantzizkoa izanda ere—, baduela, aurrekoaz gain, arauez lilura sortzeko gaitasun sortzaile bat ere, diskurtsoa (arautua) diskurtsoarekin berarekin sendotzen duela etengabe?

Zein (euskal) itzultzailek (berridazlek) jokatuko luke bere izen ona hizkuntz, kultur eta ideologi agintearen aurrean?

Hasita gaude euskal itzulpengintzan berridazketa berriak egiten; etika gidari, botere mota guztien ideologiazko hastapen «aldaezin, unibertsal eta ukiezinak» zalantzan jartzen? Prest ote daude mota guztietako agintariak eta irakurleak halako itzul moduak onartzeko?

Zenbat historia, hainbat galdera?

Bibliografia

– Martín Ruano, M. Rosario: Traducción y corrección política: interrelaciones teóricas, reescrituras ideológicas, trasvases interculturales, Salamanca, Universidad de Salamanca, 2001

– Meschonnic, Henri: Ética y política del traducir, Buenos Aires, Leviatán, 2009

http://obras-de-traductologia.wikispaces.com

3 Iruzkin

Karlos del Olmo atalean

3 responses to “Itzultzaile baten itaunak etikaren aurrean (I)

  1. Xabier Aristegieta

    Kaixo, Karlos.
    Ez dut uste galdera horiei erantzun orokorrik eman dakiekeenik.
    Nik hasieran aipatu duzun kontu askoz ere mugatuago bati heldu nahi diot, labur-labur: “copago” horren itzulpenarenari.
    Agian, egia izango da “ideologiaz betea” dagoela, diozun bezala.
    Gauza bat argi dago: ideologiaz gutxiago betea, behintzat, ez legokeela “copago” “berrordainketa” itzultzea.
    Ezberdintasun batekin: “koordainketa” itzultzen baduzu, jatorrizko testuak zeraman egilearen ideologiaren zama bera eramango du xede-testuak. “Berrordainketa” itzultzen baduzu, itzultzailearen ideologiaren zama eramango du… itzultzailearena ez, baizik eta egilearen sinadura daraman testuak.
    Bietatik, zer aukera da egokiagoa? Nire ustez, argi samar dago.
    Bukatzeko: zilegi bada “copago” “berrordainketa” itzultzea, ez al litzateke berdin zilegi, esate baterako, Gipuzkoako Foru Aldundiaren asmotan dauden edo egon diren “nuevos peajes” horiek ere “berrordainketa” itzultzea, “bidesari” itzuli beharrean?

  2. Erramun Gerrikagoitia

    Ni ez naiz itzultzaile baina nola naizen euscalduna ba daquit ze erdarazco pagar verbua esaten dela euscaraz -dialecto guzietan- pagatu. Besteric da euscal hitz hori dutela gaur batzuc zigortu, laudoztatu eta demoniatu haimbat non bilacatu da invisiblea textuetan azquen urtheetan. Esan ohi da eta zen paga ezac zor duana.

    Itzultzeco euscarara, erdara gaztelaniazco copago hitza ez dut ikusten zer impedimentu -mental gorrotagarri- egon ahal da erabil zagun euscaraz copagua.

    Simplequi ez dut ulertzen zelan dugun jocatzen hain caltegarriqui contra gure buruaren, gure euscararen, contra euscaldunon erabilera global osoaren.

    Casuraco, litzateque, nola galdetzea ea zelan esan behar da euscaraz coordenada -edo, koordenada- geographicoac.

  3. Josemari Navascués

    Kaixo:

    Badirudi, zenbait kasutan, aurrizkiak direla ideologiaren mandatariak gaztelaniaz: co- (neoliberala), re- (sozialdemokrata) edota pre- (inozoena). Askotan eskuburdinak ipintzen dizkiogu geure buruari (geure hizkuntzari) “traduttore, traditore” famatuaren morrontzaz edo, eta gehiegi atxikitzen gatzaizkio jatorriari, xedea haren ondorio hutsa balitz bezala erabiliz.

    Hizkuntzak askotan (maizegi, agian), ideologia batzuk besteetatik bereizteko erabili ohi dira, baina hizkuntza kasu horretan tresna zital baino ez da bihurtzen.
    “Beltz” hitzarekin zer gertatzen den ikustea besterik ez dago. Ingelesez eta frantsesez, besteak beste, pertsona beltzak izendatzeko termino arruntez gain (“black”, “noir”), badira erdeinu egiteko eta iraintzeko erabiltzen diren hitz peioratiboak; hots: “nigger”, “negre”. Nola itzuliko dugu “nigger” edo “negre”? Erabat ideologikoak dira. Baina gurean ez dugu arrazakeriaren gatazka hori bizi izan, eta gure hizkuntzak ez dauka hitz horiek itzultzeko termino zehatzik (baditugu beste batzuk, gure gatazken ondoriozkoak: “hezur beltz”, “belarri motx”, “trenak ekarritakoa”, “maketo”, “koreano”, “manex”). Zer egin behar dugu horrelakoetan? Hitza asmatu? Adjektiboren bat erantsi eta sintagma sortu ez dagoen lekuan? Beltza* itzuli eta (* Itzultzailearen Oharra) erantsi? Agian, berdin dio, eze azkenean, “traduttorearen” traizioa saihestezina da eta salaketa bila dabilenak beti aurkituko du okerren bat.

    Nire ustez, kasuan kasuko, jakina, jatorriari bueltak emanda ez dugu ezer lortuko, eta berba berria asmatu baino lehen, xede hizkuntzan murgiltzea merezi du. Ideologia albo batera utzi (horrelakorik ahal bada) eta hitzaren filosofia da jo beharreko itua.

    Adibidez, nik neuk, “copago” horri dagokionez, ideologiaz (aurrizkiez) ahaztu eta filosofiari ekinda, “ordaina” itzuliko nuke (ez ordainketa, ezta ordaintzea ere). “Ordaina” = “konpentsazioa” den heinean, horixe baita egiten dena: konpentsatu; ez sari gisa, hau da, egindako mesedearen truke, gastuak justifikatzeko zerga konpentsatzaile gisa baizik (gustatu ala ez, horiek ideologia kontuak dira, aurrizki kontuak, alegia).

    Seguruena oker nabil, baina horixe uste dut (ekarpen “traditorea”, behinik behin).

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s