Kutxa beltza

miel a. elustondo

(Amos Oz-en The Black Box liburutik)

Eta zer oroitzapen duzu zuk, Alec? Azkena ikusi zenuenean zortzi urteko mutikoa zen, luzea, iharra, ilehoria, arto-zurtoinaren modukoa, orduak eta orduak aulki baten gainean jarririk isil-isilik egon ohi zena, zure idazmahaiaren kontra bermaturik, kontzentraturik, ekarri ohi zenizkion zeuk-egin-ezazu liburuxkak hartu eta baltsazko aireplano modeloak egiten zizkizuna… Haur arduratsua eta diziplinatua zen, lotsatia ia, nahiz eta ordurako ere umilazioak isilik eta kontrolaturiko erabakimenez gainditzeko gauza izan, zortzi urte izanagatik ere. Eta, bitartean, erloju-bonba genetikoa balitz bezala, Boaz hamasei urteko mutila egin da, sei oin luze da eta hazten ari da oraindik, mutil garraztua eta basa da, eta gorrotoak eta bakardadeak harrigarrizko indar fisikoa eman diote. Eta, gaur goizean, luzaro zain egon naizen gauza gertatu da azkenean: telefono-dei larri bat. Barnetegitik kanporatzea erabaki dute, emakumezko irakasle bati eraso diolako. Ez didate xehetasunik eman nahi izan.

Berehalaxe joan naiz, baina Boazek ez nau ikusi nahi izan. Helarazi didaten mezuaren arabera, berak «ez du puta horrekin ezer ikustekorik» nahi. Irakasleari buruz ari zen? Edo nitaz ari zen? Ez dakit. Kontua da ez diola berez inori «eraso»: gustu txarreko txantxa bat egin zuen, irakasleak belarrondokoa eman zion, eta Boazek bi itzuli zizkion, ordainetan. Nik erreguka eskatu diet eskola-kanporatzea atzeratu dezaten, beste zer edo zer aurkitu arte. Errukitu zaizkit eta  hamabost eguneko epea eman didate.

Michelek dio, nahi baldin badut, Boaz gurekin bizi litekeela (nahiz eta gu biok eta haurra gela bat eta erdian bizi garen, eta hipoteka ordaintzen ari garen oraindik). Baina nik bezain ongi dakizu Boazek ez duela halakorik onartuko. Mutil horrek nazka ematen dit. Eta zuri ere bai. Beraz, azkenean, zu eta biok zerbaitetan bat gatoz. Sentitzen dut.

Ez dago modurik beste eskola espezializatu batean har dezaten, halako polizia-fitxa eta baldintzapeko askatasunaren arduraduna aldean dituela. Zer egin ez dakidalako ari natzaizu idazten. Idazten ari natzaizu, irakurtzen ez baduzu ere, eta irakurtzen baduzu, erantzungo ez duzula jakin arren. Onen-onenean ere, zure abokatu Zakheim-i aginduko diozu eskutitz formal bat bidal diezadan, oroitaraziz bere bezeroak aitatasuna ukatzen duela oraindik, odol-testaren emaitza ez dela anbiguoa izaten, eta neu izan nintzela, zegokion garaian, zuntz testaren kontra egoskor egin zuena. Xake-mate.

Iruzkin bat utzi

Miel A. Elustondo atalean

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s