Fundamentua

Itziar Aduriz Agirre

Gure etxean, fundamentua, izan izaten da baina batez ere, egin egiten da fundamentua. Amaren ahotik gehienetan: «intzan pulamentu pixkat» edo «horrek ez du pulamenturik», maiz entzun izan ditugu eta entzuten ditugu oraindik ere sarri asko. Esango nuke, gure amaren ahotan, maiztasun handiko hitza dela, adiera horretan erabilia.

Horrelakoetan gertatzen den bezala, oso nire egin dut hitz hori eta nireak esaldi horiek eta askotan erabiltzen ditut etxean, baita eskolan ere.

Nire graduko ikasle gehienek, barre-murritza ahoan dutela, Karlos Arguiñanoren esaldiren batekin apaintzen dute nik fundamentuari buruz egindako gomendio serioa. Katalanak eta espainolak dira gehienak, eta garbi dago ez dutela ezagutzen nik hitz honi ematen diodan erabilera, nahiz eta Institut d’Estudis Catalans erakundearen hiztegian sense fonament lokuzioa agertzen den fonament hitzaren azpian: «[LC] sense fonament loc. adj. Sense serietat, sense formalitat, etc. Home sense fonament».

Real Academia Españolarenean, bigarren adieran hau aurkitzen ahal dugu: «2. m. Seriedad, formalidad de una persona. Este niño no tiene fundamento».

Orotariko Euskal Hiztegian hogei bat adibide daude eta esaten zaigu batez ere hegoaldekoa dela eta bertsolariek erabili dutela.

XX. mendeko corpus estatistikoan, berriz, hamar aldiz, eta horietatik, adiera honekin, bost besterik ez.

Antza denez, ez du euskara idatzian arrakasta handirik izan.

Niri, ordea (+hegoaldeko, –bertsolari), etengabe datorkit gogora eta azkena aurreko astean, horregatik gogoratu zait eta ekarri egin dizuet.

Izan ere, aurreko asteko ostegunean UEUk antolatutako Hizkuntzalari Euskaldunen I. Topaketan parte hartu genuen guztion gogoan hitz hau zegoelakoan nago, hitz hau edo honen sinonimoren bat (funts izan daiteke bat, ganora beste bat).

Fundamentu handia ikusi nuen beren hitzaldiak aurkeztu zituzten ikertzaileen artean. Fundamentuz ari baitira beren ikerketetan ahozkotasunaren gaia lantzen dutenak, euskalkien azterketa diakronikoa egiten dutenak, euskal hizkeren arteko aldakortasunaz aritzen direnak, hizkuntzalari konputazionalak, ikerketa teorikoagoetan aritzen direnak, etab. (egitarauan ikus daiteke gaien oparotasuna).

Euskararen inguruan egun irekita dauden ikerlerroen berri izan genuen. Gehienak martxan dauden tesiak, besteak tesi irakurri berrietatik eratorritakoak eta hainbat ikerketa-proiektuetan daudenak. Horrek erakusten du lanon maila, sakontasuna eta proiekzioa.

Entzuleen fundamentua ere aipatzekoa da horrelako hautua egiteagatik eta parte-hartze bizia izateagatik.

Ezin aipatu gabe utzi topaketa honetako hizlari gonbidatua, blogkidea dugun Iñaki Segurola. «Igarri, ikertu, jakin?» hitzaldi ederrean gogoeta sakonak eta kritikoak egin zituen ikertzearen inguruan eta euskara batuaren bidearen inguruan besteak beste. Aportazio eta iritzi bizigarriak.

Zorionak eta eskerrik asko denoi.

Iruzkin bat utzi

Itziar Aduriz atalean

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s