Parametroak, erregelak, patroiak eta arauak

Igone Zabala Unzalu

Hizkuntzalariok hizkuntzaren “egitura” edota hizkuntzaren “erabilera” azter ditzakegu. Hizkuntzaren egiturari “hizkuntza-sistema” edo “gramatika” ere esan ohi zaio, eta hizkuntzen egiturari erreparatzen diote, besteak beste, hizkuntzen arteko erkaketak egiten dituzten tipologia-azterketek eta hizkuntzen gramatika deskribatzea helburu duten azterketek.

Giza hizkuntza giza espeziearen bereizgarria denez, oinarrian “sistema” komun bat duela pentsatu behar da. Sistema hori deskribatzeko abstrakzio maila handiko “erregela” batzuk eta sistema horren barruan hizkuntzen arteko aldakortasuna azaltzeko balio duten “parametro” batzuk definitu dira, hizkuntza arteko aldakortasuna azaltzeko errelebanteak direlakoan[1]. Mundu zabalean hizkuntzen sistemen arteko erkaketak egiteko Joseph H. Greenberg-ek[2] definitu zituen irizpideen artean, perpausaren oinarrizko elementuen (S, V eta O) antolakuntza kontuan hartzen dituena dago[3]. Greenberg-ek aztertu zituen hizkuntzen artean, SOV eta SVO ziren tipologia nagusiak, hurrenez hurren, % 44,78 eta % 41,79 proportzioan. Ezaguna denez, euskara SOV motako hizkuntza dela onartzen dugu oro har hizkuntzalariok, Rudolf de Rijk-i[4] jarraiki. Onarpen hori, duen abstrakzio mailan ulertu behar da, alegia, hizkuntzak elkarren artean erkatzeko balio duten Gramatika Unibertsalaren parametroen balioen testuinguruan, eta ez inola ere euskararen gramatika-sistema deskribatzen duen urrezko erregela balitz bezala.  Beste irizpide tipologiko garrantzitsu bat da ordena-askatasunarekin lotuta dagoena. Adibidez, ingelesa eta gaztelania SVO tipologiako hizkuntzak izanagatik ere, gaztelaniaren hitz-hurrenkera ingelesarena baino askeagotzat hartzen da, eta euskararen hitz-hurrenkera gaztelaniarena baino are askeagoa dela oro har onarturik dago gure artean aspaldian, gutxienez Ithurry-ren[5] gramatikatik aurrera[6].

Giza hizkuntza-sistemaren eta hizkuntza partikularren sistemen arteko elkarreraginean kokatzen du Hawkins-ek[7] sintaxi-kateak prozesatzeko erraztasun maila, eta sistema bat proposatzen du erraztasun hori neurtzeko. Sistema hori lotuta dago sintagmen buruetara heltzeko prozesatu behar den hitz kopuruarekin, eta azaltzen du zergatik nahiago dituzten SOV tipologiako hizkuntzetako hiztunek (ere) aditzak eta mendeko perpausen konplementatzaileak aurreratuta dituzten esaldiak, subjektuaren eta aditzaren artean tartekatutako osagai askoko kate luzea gertatzen denean. Posible diren hurrenkeren artean, hiztunek prozesatzen errazagoak direnak hobesteko joera izango dutela defendatzen du. Euskarari ikuspegi teoriko hori aplikatu dio, besteak beste, Jon Ortiz de Urbinak[8], eta ikuspegia ezin hobeto uztartzen da, gainera, gure artean erabat zabaldurik dauden estilo-gomendioekin, besteak beste, Zubimendiren eta Esnalen[9] gomendio ezagunekin.

Sintaxilariek perpausaren oinarrizko ordena horien gainean gertatzen diren sintaxi-eragiketak aztertzen dituzte eta saiatzen dira aurkitzen zein diren Gramatika Unibertsala deskriba lezaketen “erregelak” eta, horien barruan, hizkuntza bakoitzaren gramatika-sistemaren “erregelak”. Lan horien helburua da gramatikaltasunaren mugak bilatzea. Sintaxi-lanetan aztertzen diren eragiketen artean daude galderak, ezeztapena, eta “fokuaren” eta “topikoaren” markaketa. Sintaxi-eragiketa guztiek dituzte ondorio fonetikoak eta ondorio semantikoak. Fokua nabarmenduta geratzen da prosodian eta esaldiaren interpretazioan: azken batean txanpon beraren bi aldeak dira horiek. Batzuetan fokuak hartzen duen prominentzia hori lotuta dago hitz-hurrenkeraren aldaketekin eta beste zenbaitetan ez. Euskaraz, fokua aditzaren ezkerrean kokatzen da oso maiz, baina ez beti. Adibidez, hor daude zuzenketa-fokuak[10] edota sintagma eta mendeko esaldi luzeak. Nolanahi ere, oinarrizko hitz-hurrenkeraren aldaketak ez dira bakarrik gertatzen fokuaren markaketaren ondorioz, jakina, beste eragiketa sintaktiko askok eragiten baitituzte hitz-hurrenkeraren aldaketak, besteak beste, ezeztapenak eta galderek.

Egitura sintaktikoak hizkuntzaren komunikazio-zereginarekin lotzeak eta pragmatikaren eta diskurtsoaren testuinguruan kokatzeak ekarri zuen, XX. mendearen erdialdean, esaldien egitura sintaktikoaz ez ezik, informazio-egituraz ere hitz egiten hastea Pragako hizkuntzalari funtzionalisten eskutik eta hizkuntzaren azterketarako hurbilketa soziodiskurtsiboetan[11]. Funtsezko ideia da informazio ezaguna/informazio berria partiketa. Askotariko terminologia erabili eta erabiltzen da lan horietan aipatu partiketarekin lotuta eskola eta alor desberdinetako hizkuntzalaritza-lanetan: logical/psychological subject vs logical/psychological predicate, presupposition vs focus, topic vs comment, theme vs rheme, topic vs predicate, topic vs focus. Euskaraz, denok oso ondo dakigun bezala, nazioarteko terminologia moldatuz erabilitako denominazioak ez ezik, “galdegaia”, “mintzagaia” eta “iruzkina” ere erabili izan dira. Nolanahi ere, artikulu honen ildoari jarraiki, azpimarratu beharrekoa da esaldien informazio-egitura ezin dela ondorioztatu diskurtsoa kontuan hartu gabe. Adibide bat emateagatik, Gizon batek bi seme zituen, Bi seme zituen gizon batek eta Gizon batek zituen bi seme esaldiek hitz-hurrenkera desberdina izanagatik ere, kontakizun baten hasieran daudela jakinda, erraz asko ondorioztatuko dugu informazio-egituran gailentzen den elementua bi seme dela hiruretan. Maila horretako gogoetek hizkuntzaren erabilerarekin dute zerikusia gramatika-sistemarekin baino areago, eta maila horretan, “patroiez” hitz egin genezake: patroi desberdinen maiztasuna azter genezake corpus batean edota saia gintezke lotzen patroi horietako bakoitzaren erabilera-maiztasuna zenbait faktore soziopragmatikorekin.

Honaino hel daitezke hizkuntzaren gramatika-sistemaren eta erabileraren (edo erabilera-sistemaren) azterketarako hurbilketa deskriptiboak eta horien gainean egin daitezkeen “teorizazioak”. Izan ere, hizkuntzalarien artean zabaldutako onarpena da Hizkuntzalaritza deskriptiboa izan behar dela: hizkuntzalariak “esaten denaz” daude interesatuta eta ez “esan behar denaz” eta, beraz, hizkuntzen alderdi guztiak deskribatzen dituzte “parametroak”, “erregelak” eta “patroiak” erabiliz, baina preskripzioa, alegia “zuzentasun-arauak” formulatzea, hizkuntzalaritzaren lanetik kanpo dagoela onartu ohi da. Nolanahi ere, garbi dago preskripzioak, alegia, erabilerari eragiteko “arauak” edo “legeak” ematea ohikoa dela hizkuntzetan zehar eta eragin handia duela hizkuntzan berean. Milroy eta Milroy[12] soziolinguisten gogoeta ekarriko dut hona, euskarari buruz ari garenean kontuan hartzekoa dela uste dut eta:

However, the reservation about prescription that is commonly expressed, has, in practice, led to a general tendency to study language as if prescriptive phenomena play no part in language. Many professional language scholars appear to feel that, whereas it is respectable to write formal grammars, it is not quite respectable to study prescription.

The attitudes of linguists (professional scholars of language) have little or no effect on the general public, who continue to look to dictionaries, grammars and handbooks as authorities on ‘correct’ usage.

Hitz-hurrenkeraz ari garelarik, “Altuberen legea” esan ohi zaiona preskripzioan kokatu behar den “lege”, “arau” edo “norma” bat da. Izan ere, zenbait euskaldunek erabiltzen dituzten hurrenkera batzuk baztertzea zuen helburu. Preskripzioa ohiko eginkizuna da estandarren garapenean, eta estandarizazioa jomugan duten arauak beti abiatzen dira (edo abiatu beharko lirateke) deskripzio batetik, konpondu nahi duten “arazo” baten diagnostikoa eginez, erabilerari eragiteko arau bat proposatzeko. Altubek ere euskaldunek erabilitako askotariko hitz-hurrenkeretatik abiatuta, diagnosi bat egin zuen, alegia, hurrenkera horietako batzuk “erderismoak” zirela eta, euskararen sistema babestea helburu hartuta, zenbait lege proposatu zituen. Esan beharrik ere ez dago Altuberen legeek XX. mendeko prosan (hegoaldean behintzat) izan duten eragina izugarria izan dela, eta eragin horretatik ateratzeko egiten ari garen ahalegina are handiagoa dela. Foro honetan Juan Garziak idatzitako Aditza amaieran? eta Galdegaia aditzaren atzean artikuluak edota Asier Larrinagak idatzitako Mintzagairi deika (I) ahalegin horren adibideak dira, bai eta Patxi Petrirenak, Gilen Mejutok eta Asier Larrinagak egindako iruzkinak ere.

Zentzu horretan esaten  nuen nik Juanen azken artikuluari egindako iruzkinean nire iritziz euskara estandarrak ez duela behar “galdegaiaren lege bat”, ez artikulu bakarra duen legerik, ez eta artikulu sorta luze bat duen legerik ere eta, areago, euskararen garapenerako kaltegarri deritzedala halako legeei. Euskararen hitz-hurrenkera gobernatzen duten “erregelak”, beste hizkuntzetan bezala, iturri askotatik datoz: giza espezieak hizkuntza prozesatzeko duen gaitasunetik, Gramatika Unibertsalaren erregeletatik eta parametro-aukeretatik, sintaxi- eta diskurtso-eragiketetatik… Euskaldun (arruntok) parametro eta erregela horiei eta gure esperientzia linguistikoan ikasten ditugun patroiei esker sortzen eta prozesatzen ditugu esaldiak, ez “galdegaiaren legearen” arabera. Hortaz, preskripziorako abiapuntu okerra iruditzen zait mota jakin bateko segidak hartu, isolatu, eta irakurleek interpretatzeko arazoak izango dituztelako “aurreiritzitik” abiatzea idazmolde jakin bat preskribatzeko. Kezka horrek eraman nau artikulu luze eta, seguruenik, korapilatsuegi hau idaztera. Zehazkiago, Juan Garziari irakurri diodan esaldi honek sortu dit kezka: «Une honetan, (definizioetako) lotura-esaldietan dago, ia-ia, halako tirabira bakarra estandarra zaintzen dugunon artean; hots, Zer da gramatika? motako galderen erantzunezko esaldien hitzordena izaten da auzia».

Kezka sortu zait “estandarra zaintzen dutenek” har dezaketen erabakiak niregan (idazle, irakasle, hizkuntzalari modura) izan ditzakeen ondorioak larriak izan litezkeelako. Baina, berriro ere, gehiegi luzatu naiz eta beste baterako utzi beharko dut definizioen kontua. Garaiz helduko ote naiz tirabira horietan ekarpenen bat egitera?


[1] Adibidez, erregela horietako bat da erreferentziadun sintagmek “kasua” izan behar dutela, eta erregela horrekin lotuta dago “ergatibotasunaren parametroa”: sistema akusatiboak eta sistema ergatiboak daude.

[2] Joseph H. Greenberg (1963). Universals of Grammar. Cambridge. MIT Press

[3] Garbi dago irizpide hori harreman estuetan dagoela buruaren parametroarekin. Buruaren parametroaren arabera, zalantza handirik ez dago: euskara “burua azken” hizkuntza da eta inguruan ditugun latinetiko hizkuntzak eta ingelesa, adibidez, “burua lehen” hizkuntzak dira. Hitzen, hainbat unitate fraseologikoren eta sintagmen osaeran garbi geratzen da egituraren burua bukaeran jartzeko joera hori: egongela / sala de estar, encarcelar / espetxeratu, min hartu / hacerse daño, etxean / en casa, etxe hau / esta casa, etxean  dago / está en casa.

[4] Rudolf de Rijk (1969). “Is Basque an S.O.V. language?” Fontes Linguae Vasconum I., 3: 319-351

[5] Jean Ithurry (1920). Grammaire Basque: dialecte labourdin. Donostia: Hor-dago.

[6] Askatasun hori estuki lotuta dago euskara hizkuntza eranskaria izatearekin. Hizkuntza eranskariek oso morfologia flexibo aberatsa izan ohi dute eta aberastasun horrek posible egiten du biunibokotasun maila handia egotea morfemen formaren eta esanahiaren artean. Horren ondorioz, hurrenkera ez da horren errelebantea sintagmen funtzio sintaktikoa markatzeko.

[7] John A. Hawkins (1994) A Performance Theory of Orden and Constituency. Cambridge University Press

[8] Jon Ortiz de Urbina (1998) “Axularren ezen konpletiboa eta hizkuntza prozesamendua” In Studia Philologica In Honorem Alfonso Irigoien. I. Turrez, A. Arejita eta C. Isasi (ed.). Bilbo: Deustuko Unibertsitatea.

[9] Jose Ramón Zubimendi eta Pello Esnal (1993) Idazkera-liburua. Vitoria- Gasteiz. Eusko Jaurlaritza.

[10] Ikus Jon Ortiz de Urbinaren analisia: Jon Ortiz de Urbina (2008) “(AR) Indar sintagmak, foku sintagmak eta ezkerraldeko buruak euskaran” In I. Arteatx, X. Artiagoitia eta A. Elordieta (ed.) Antisimetriaren hipotesia vs buru parametroa: euskararen oinarrizko hitz hurrenkera ezbaian. UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua

[11] Jakina, ohikoa izan daitekeen bezala, ideiaren hazia askoz ere lehenagotik omen dator: XIX. mendeko hainbat hizkuntzalariren lanetatik.

[12] James Milroy eta Lesley Milroy (1985) Autority in language. Investigating language prescription and standardisation. London-New York: Routledge.

14 Iruzkin

Igone Zabala atalean

14 responses to “Parametroak, erregelak, patroiak eta arauak

  1. Pruden Gartzia

    Ekarpen ederra egin duzu, Igone, niri dagokidanez behintzat.

    Alegia, neuk behintzat biziki eskertzen dizut zertaz ari izan zareten eztabaidatzen argitzeko eta zehazteko ahalegina. Ez da gutxi.

    • Zenbait kontu argitzeko beharra ikusi dut, batzuetan iruditzen baitzait maila desberdinetako teoriak, gogoetak, azalpenak eta terminologiak nahasten ditugula eta, itxuraz, gauza beraren gainean hitz egiten ari bagara ere, benetan ez dela hala. Pozten naiz nire ekarpenak zerbait argitzeko balio izan badu.

  2. Asier Larrinaga Larrazabal

    Igone, uste dut bazegoela eman duzun azalpena emateko beharra. Dena dela, beldur naiz hizkuntzalari batzuek, hizkuntza deskribatzeko zereginean, ez ote duten laborategiko lan gehiegi egiten, eta kanpo-lan gutxiegi. Euskararen hitz-ordenaren gaineko gogoeta, debate eta iritzi-trukeetan, elemetu baten falta sumatzen dut gehienetan: doinuera.
    Horregatik, oso harrigarri egin zitzaidan lehengoan Gilen Mejutori honakoa irakurtzea, hain zuzen doinuera hizpidera ekarri zuen iruzkin batean: «Euskarak hainbat modu ditu galdegaia markatzeko, baina hitz-ordena ez da horietako bat. Euskara mintzatuak badu berezko baliabide bat galdegaia markatzeko: doinua».
    Nire esperientziak diost —eta gramatiketan badago jasota, jakina— ahozko euskaran galdegaia elementu bik markatzen dutela aldi berean: doinua eta ordena.
    Zure posteko adibidean, bi seme gailenduko da informazio-egituran —ez noa hori eztabaidatzera—, baina garbi dago ahozko kontaketan esaldiaren doinuera ez dela berdina osagai hori a) aditzaren aurrean doanean, edo b) aditzaren atzean doanean.
    Are gehiago. Gizon batek zituen bi seme ez da beti berdin esango. Bi doinuera aurkituko ditugu, a) gailentzen dena bi seme osagaia denean, edo b) gailentzen dena gizon batek osagaia denean.
    Euskara idatziaren arazoa hortxe dago. Ahoz aldi berean doinueraren eta ordenaren bidez markatzen dena idatzira zelan eraman. Nire gogoeta ixteko, galdera txiki bat erantsi nahi nuke testuetan murgiltzen direnentzat: zer argi eman diezagukete arazo honetan euskarazko hainbat eta hainbat testuk —batik bat garai eta tematika jakin batzuetakoek—, ahots goraz irakurrita “kontsumitzeko” helburuz idatziriko testuak izanda?

    • Hizkuntzalaritza teorikoa hizkuntzari buruzko galdera nagusiei erantzuten saiatzen da. Azterketa teorikoak hizkuntzaren alderdi jakin batean espezializatu ohi dira, eta alor horretako nazioarteko adituen eztabaida-guneetan plazaratzen eta eztabaidatzen dira. Alor espezializatu bakoitzaren terminologia eta metodologia zehaztasunez erabili behar da eztabaida horietan parte hartzeko. Erabat bidezkoa da, jakina, hizkuntzalaritza teorikoa baino ez egitea.
      Baina hizkuntzalarien lanek motibazio aplikatua ere eduki dezakete. Hizkuntzaren praxian sortzen diren arazoak konpontzen laguntzen du Hizkuntzalaritza Aplikatuak, baina horretarako hizkuntzalaritza teorikoak garaturiko ezagutza ondo kudeatu behar du. Hasteko, arazoaren diagnosia zuzena izan behar da eta, horretaz gain, proposatzen diren konponbideak ere zuzenak eta eraginkorrak izan behar dira.
      Diagnosiaz eta konponbideez hitz egiteko erabiltzen den terminologia ere arazo izan daiteke. Izan ere, badakigu espezializazio maila jeisten dugunean, zehaztasuna galtzen goazela terminologian eta gerta daiteke, itxuraz, termino berberak erabiltzen ari bagara ere, gauza desberdinak esaten egotea.
      Nire mezuetan esan nahi izan dudana izan da “fokua” edo “galdegaia” dela informazioaren ikuspegitik esaldian gailentzen den elementua eta ezaugarri horrekin lotuta doala prosodian ere nolabait gailentzea. Idatzia irakurtzen ari garenean elementuei eman behar diegun intonazioa jakiteko, ez dugu bakarrik erabiltzen kokagunea: diskurtsoa irakurri ahala, baditugu espektatiba batzuk informazioa osatzeko behar dugunaz. Hori dela eta, informazio-egitura bat esleitu ahal diogu esaldiari eta, horrekin batera, prosodia bat. Hori da nire ikuspegia behintzat.

      • Asier Larrinaga Larrazabal

        Igone, beharbada, ez gara gauza berari buruz ari. Koma bat bera ere ez nuke aldatuko zure azalpenean, baina ez da hori nire kezka. Nire kezka da euskarazko testu asko irakurtzen ditudanean behin eta berriro egin behar dudala atzera irakurketan. Lehen irakurraldian, esaldiaren edo paragrafoaren amaieran konturatzen naiz testuaren informazio-antolamenduaz, eta, orduan, berriro joan behar dut hasierara, bidea berregitera.

        Zelan gerta liteke horrelakorik? Oso erraz. Testuaren osagaien antolamendu —hitz-ordena— desegokiak okerreko doinuarekin irakurrarazten dit testua nire kolkorako. Norbere kolkorako izanda ere, doinuera desegokiak testua ondo interpretatzea eragozten du.

        Beraz, euskarazko testu askotan, nekaldi hau guztia izaten dut: antolamendu desegokiak okerreko doinuerarekin irakurrarazten dit > esaldiaren edo paragrafoaren amaieran, konturatzen naiz doinuera horrek gidaturiko interpretazioa okerra dela > berriro jo behar dut esaldiaren edo paragrafoaren hasierara, eta doinuera aldatu.

        Jakina, munduaren ezagutzak, diskurtsoak eta abarrek argitzen didate esaldi bakoitzaren informazio-antolamendua zein den, baina hori ez zait nahikoa. Nik lehen irakurraldian argitzea nahi dut; begiek testua korritu ahala. Nekez gerta daiteke horrelakorik hitz-ordena desegokiak okerreko doinuerara bultzatzen banau.

        Izan ere, euskaldun irakurleek aditzaren aurreko osagaiari ezartzen dizkote galdegaiari dagozkion ezaugarri prosodikoak sistematikoki, harik eta marka edo ezaugarriren batek osteko osagaiari ezarrarazi arte. Hori, nik baino lehenago esan dute beste batzuek, Juan Garziak eta. Nik ekarri txiki bat baino ezin dezaket egin: mila bider egiaztatu dut hori esatari profesionalekin.

  3. Juan Garzia

    Espero dut, Igone, zuzen ulertzea nire horretan “zaindu” aditzaren esanahia zein den, zeren, bestela…
    Beroarena kenduta, uste dut ez gaudela hain desados puntu guztietan. Asierrek dioenaz eta zuk aipatu dituzunez gainera, badira beste kontu semantiko-gramatikal batzuk, doinutik eta kanpo-testuingurutik aparte, mintzagai/galdegai jokoarekin lotura zuzena dutenak.
    Lehenengo eta behin, erreferente inespezifikoek joera dute rematzat (informazio berritzat) interpretatzeko. Horregatik agertzen dira kontakizunen hasieran, erreferenteak aurkezten direnean. Ni ez naiz ari, inondik inora ere, halako alderdi prosodiko, gramatikal, semantiko eta pragmatikoek duten rola ukatzen, alderantziz baizik.
    Eta, bestalde, ez naiz ari kanpotiko arau edo lege bat ezarri edo finkatu nahian. Altuberen nahiz deabruaren beraren eraginarengatik izan zein testuen hautespen naturalarengatik, bada(bil) idazteko eredu inplizitu bat, ez erabat finkatua eta zurruna noski, gehienok testu egoki (hots, irakurketa oneko) deritzegunetan aurkitzen duguna. Are gehiago: estandar horren kode (= idazle/irakurle adostasun) inplizitutik desbideratzen diren estiloak ere estandar horren prototipoarekiko identifikatzen ditugu (balioespena, gero, askotarikoa izan daiteke halakoei buruz).
    Hala, bada, ez objektiboki noski baina ezta banako-subjektiboki ere, baizik eta intersubjektiboki existitzen den estandar horren ingurukoak dira nire iruzkinak.
    Nire pretentsioa ez da arauemailea, eta zurea ere, Igone, ez ahal da izango arauemailetasunari buruz arauemailea. Dogmatismoak, izan ere, bi aurpegi izan ditzake: lege bat inposatu nahi izatea, edo (eta dogma hori lotsagabetzen ari dela iruditzen zait, ez testugintzan baina bai “teorizazio”etan) dena berdin dela pontifikatzea.
    Uste dut Asierrek markatu duela ederki, eta ez du lehen aldia, eztabaidagaia: ahozkoan doinu markatuen baitan geratzen diren egiturekin nola jokatu idatzian, oztoporik gabea izan dadin irakurketa. Hor arazorik ikusten ez duenak eskubide osoa du noski hala adierazteko, baina arazoa ikusi eta konponbidea eztabaidatu nahi dugunok ere bai, ezta?
    Horretaz ari nintzen ni behintzat. Eta ez estandarrerako hitzordena arautzen, hori ezin baitu, definizioz, inork bere gisa egin.
    Gehienez ere, Altube (hizkera jakin batez) bere garaian saiatu zen bezala, hipotesi (ezinbestetean sinplifikatzaile) bat zertu dezake. Aurrerabide zientifikoa ez da besterik gabe aurreko teoriak ukatzea, baizik eta haren alde okerrak gezurtatuz beste teoria (gutxixeago sinplifikatzaile bat) plazaratzea. Hori guztia, hizkuntza-erabileraren azalpen-eredu modura. Gero, azalpen hori egokia den heinean, arauemaile zein ez, erreferentzia bilaka daiteke, baina hori beste kontu bat da.
    Inork zehazki agindu gabe ere, testugile ohartuak (estandarra zaindu nahi duenak) bere egingo du azalpen hori, baldin eta bere senak diotsonarekin bat badator. Dialektika da hori, eta ez praktika purua teoriaz zikintzea. Ni neu, bederen, nire idazte-praktikatik abiatu naiz beti, eta han aurkitu ditudan arazoez jardun.
    Bide batez: nik alde batera utzi nahi dut auzi honetan zenbait joskera zenbateraino diren erdararen interferentziak eraginak (neurtzen zaila izateaz gainera, ez du aparteko interesik, garbizale fundamentalistentzat ez bada); era berean estimatuko nuke nik eztabaidakideek Altube eta abar txitean-pitean hizpidera ekarriko ez balute. Dabilen euskaraz arduratu gaitezen, bada eta nahikoa lan.

    • Definizioen kasuan, txarto ulertu ez badizut , planteatzen duzu(e)na da “definigaia + da + definizioa” moduko patroia anbiguoa izan daitekeela, eta irakurleak pentsa dezakeela definigaia bera dela galdegaia eta ez definizioa. Hori gertatuz gero, prosodia desegokia esleituko lioke irakurleak definizio horri, zure/zuen iritziz, ondo ulertu badizut, eta horrexegatik beharko litzateke bestelako hurrenkera, sasigaldegai bat, edo prosodia egokia iragartzeko marka bereziren bat.
      Zure argudio-ildoa ondo ulertu badut, horren azpian aurreiritzi bat dagoela uste dut nik, eta hori eztabaidatzen saiatu naiz. Nire iritziz, irakurleak interpretazio okerra egin lezakeela ondorioztatzera heltzen zara zure abiapuntua delako irakurleak beti aditzaren ezkerreko elementua prosodikoki nabarmentzeko joera izango duela, alegia, euskaldunek lehenesten dugun interpretazioa “galdegaiaren legea” esaten zaionari segitzen diona dela. Bestelako kasu guztiak guztiak salbuespenak lirateke, eta salbuespen modura azaltzen dituzu.
      Nik ez dut zalantzan jartzen bestelako zantzurik ezean, aditzaren ezkerreko elementua izan daitekeela lehenetsia, baina, nire iritziz, beste bide batzuetatik datozkigun zantzuak erabiltzen ditugu testuinguru naturaleatan (baita idatzietan ere) jakiteko halako definizio baten aurrean definizioa bera dela elementu nabarmenena eta ez definigaia.

  4. Gilen Mejuto

    Asier, agian ez ditut behar bezala adierazi esan nahi nituenak. Badakit harrigarri egin zaizun esaldia gogor samarra dela, baina erreakzio baten bila ari nintzen; hain zuzen ere, ezagutu nahi dudalako beste batzuen iritzia ni neu harritu nauen kontu horren gainean. Ondo interpretatu badut –eta baliteke neure ulermen-akatsa izatea, baina behin eta berriz irakurrita ezin izan dut besterik ulertu–, Euskaltzaindiaren gramatika batzordeak gauza bera esan zuen orain dela urte mordoxka:

    “Gramatika askotan iruzkina eta galdegaia nahasirik agertzen dira, baina hobe litzateke bi kontzeptuak elkarrengandik bereiztea. Galdegaia, hortaz, iruzkinaren barnean “hanpatua” den elementu gisa kontsidera genezake. Kontzeptu hertsiagoa, beraz. Horrenbestez, ohart gaitezen mintzagaiaz hitz egin dugunean ere mintzagai “hanpatua” ager zitekeela esan dugula. Bada, hemen ere antzera: iruzkinaren barruan elementu bat ager daiteke denen gainetik nabarmen eta hori izanen dugu galdegaia.

    Ordena ez markatua duen perpaus batean ikus daiteke guzti hau:

    Patxik esnea edan du

    Perpaus horrek, jakina denez, bi interpretazio diferente izan ditzake: batean, esnea ez da hanpatua, zer gertatu den edo Patxik zer egin duen besterik gabe esaten baitu. Beste interpretazio batean, alabaina, Patxik zer edan duen esaten du hiztunak ( aurkaritzako joko batean ikusten den bezalaxe: eta ez ardoa).

    Iruzkina (hau da, esnea edan du) berdina da bi interpretazio horietan, baina bigarren interpretazioan baizik ez da agertzen galdegaia (esnea). Esan gabe doa, mintzatzen garenean, desberdinketa hori ederki egiten dugula, esnea edan du ez baita bietan molde berean esaten.”

    Aipu horren jatorria dugu Pello Esnalen gidaritzapean egindako “Hitz-ordena. Erabilera estrategikoa”. Liburu horretan bertan, aurrerago, esaten da: “Galdegaiak berez (ikuspegi gramatikaletik) ez du zerikusirik hitz-ordenarekin”. (53 or.)

    Horiek irakurrita, gaia ezagutzen duten beste pertsonen iritzia ere jakin nahi izan dut.

    • Egitura linguistiko batek isolatuta (in vitro) interpretazio bat baino gehiago duenean, sintaxi-lanetan hainbat egitura sintaktiko esleitzen zaizkio. Hartara, zuk “Patxik esnea edan du” perpausari esleitzen dizkiozun bi interpretazioak desberdin islatuko lirateke sintaxi analisietarako erabiltzen diren zuhaitzetan.
      Nolanahi ere, diskurtsoan (in vivo) esaldiek teorian izan lezaketen anbiguotasuna desagertu ohi da. Adibidez, zuk aipatu duzun esaldia esan aurretik norbaitek “Patxik kafe guztia edan du! “esan badu, zuk esandako esaldiaren interpertazioa bakarra izango da “Patxik ESNEA edan du”. Idatzitako ipuin bat irakurtzen ari bagara ere, kapazak izango gara, nire iritziz, bigarren esaldi horren informazio-egitura ulertzeko eta behar den bezala ahoskatzeko.
      Gainerakoan, galdegaia batzuetan ahoskeran bakarrik markatzen da (Patxik ESNEA edan du, (ez kafea).), beste batzuetan, hitz-ordenarekin + ahoskerarekin (ESNEA edan du Patxik,( ez kafea).) eta beste batzuetan, are gehiago markatzen da itzulinguruak eginez (Patxik edan duena izan da ESNEA, (ez kafea)). Hori hizkuntza guztietan geratatzen da, ez bakarrik euskaraz jakina.

  5. Erramun Gerrikagoitia

    Nagoelaric udan hemen Grezian zatio circunstantziac ez dut iracurri ahal inteneta nola nagoenean etchean eta halan ez dut iracurri gaur arte -martitzena 3 uztaila- commentario hau Igone Zabala-rena zein commentario zait iruditu ona eta clarqui azaldua. Zein commentariorequin nathorren generalean acorduz behintzat generalean.

    Bestetic, baldin dioena Asier Larrinaga-c bada eguia edo du eguiaren antzic ezen

    “Nire kezka da euskarazko testu asko irakurtzen ditudanean behin eta berriro egin behar dudala atzera. Lehen irakurraldian, esaldiaren edo parrafoaren amaieran konturatzen naiz testuaren informazio-antolamenduaz, eta, orduan, berriro joan behar dut hasierara, bidea berregitera.”

    , ezen halan bada, da situationea alarmantea, gravea eta lar sobera gordina.

    Neure eretchiz eta opinionez gainera da claru ze euscaldunoc -ezen euscaraz daquigunoc- ez dugula iracurtzen euscal prensa (Berria, …) zeren ez bait dugu ulertzen “egungo euscara”, zeren ezin dugu ulertu hori delaco euscara, hori “euscara modernoa” zein du aiphatzen eta salhatzen (behintzat an ezintasun personala) hac Asier Larrinaga.

    • Jesus Maria Agirre Berezibar

      Oso interesgarria ari zait egiten eztabaida, uste dut aberasgarri ari dela gertatzen. Azkenean, uste dut bi posizio nagusi ditugula: batetik daude Juan Garzia eta beste, proposatzen dutenak idatzi estandarrean, baieztapen neutroetan, galdegaia-aditza hurrenkera zaintzea; eta bestetik daude Igone Zabala eta beste, diotenak hori aurreiritzi bat dela, euskarak galdegaiaren legerik ez duela behar, hitz-hurrenkera faktore askok gobernatzen dutela eta abar.
      Aitortu behar dut biziki interesgarriak iruditzen zaizkidala Igon Zabalaren kontsiderazio guztiak, eta harritu behar dut orobat biziki inpresionatu ninduela irakurtzeak “niri iritziz euskara estandarrak ez du behar galdegaiaren lege bat (…), areago, euskararen garapenerako kaltegarri deritzet halako legeei”. Zer esanik ez, oso interesgarriak iruditzen zaizkit Juan Garziaren ekarpenak ere, bide-erakustetzat dudalarik hainbat gauzatan.
      Kontu honetan nire posizioa Asier Larrinagarena da, bai diagnostikoan (“euskarazko testu asko irakurtzen ditudanean behin eta berriro egin behar dudala atzera irakurketan”), bai soluzioan (“euskaldun irakurleek aditzaren aurreko osagaiari ezartzen dizkiote galdegaiari dagozkion ezaugarri prosodikoak sistematikoki, harik eta marka edo ezaugarriren batek osteko osagaiari esarrarazi arte”). Eta itzultzen naiz funtzionalitatearen kontura: idatzi estandarrean ezin gara ibili esaldiak azkar osatzeko eta azkar dekodetzeko arazoekin, bide-seinale argiak behar ditugu, Iñaki Iturrietak gaurko entregan dioen bezala, erreferentzia argiak. Igone Zabalaren posizioa, oso interesgarria, finean erlatibistegia iruditzen zait estandar idatzirako.
      Nik gero eta gehiago idazten dut senez; ez naiz ausartzen esatera belarriz idazten dudala, Iñaki Segurolak bezala, zeren saiatzen bainaiz idatzizko halako patroi batzuk ere segitzen. Eta nahiz eta Juan Garziak gomendatu digun Altube hizpidera ez ekartzeko, hura aipatu beharra daukat, galdegaiaren aitatzat baitaukagu. Aspaldi irakurri nuen Altube eta, egia esan, ezer gutxi gogoratzen dut haren esanez. Oker ez banago, hiru arau edo eman zituen: 1) galdegaia aditzaren aurrean doa, 2) mendeko perpausetan aditza azkenean jartzen da, perpaus-markarekin, eta 3) euskararen joskera gaztelaniarenaren kontrokoa da, eta hola atzekoz aurrera itzuli behar da gaztelaniatik. Arau hauetatik, idatzi estandarrerako, niri galdegaiarena, malgu hartuta, praktikoa, funtzionala iruditzen zait. Zalantzazkoago ikusten dut mendeko perpausetan aditza azkenean jarri behar hori; hor, Juan Garziak Joskera lantegi liburuan erakutsi duenez, bada gradazio bat, bada nolabaiteko askatasun bat. Eta hirugarrena, gaztelaniatik atzekoz aurrera itzuli behar hori, ezin onartuzkoa egiten zait. Eta ezinbestekoa da Altube aipatzea, zeren galdegaiaren araua irakatsi baitziguten gure euskara-irakasleek eta galdegaiaren araua irakasten segitzen da gaur ere euskaltegietan, idazkuntzan eta itzulpenean. Hori hala da, nahiz eta egia den ere gero, urteekin eta esperientziarekin zurruntasunak malgutuz, lokarriak laxatzen joaten garen eta senaz gehiago fidatzen.
      Orain arteko esanak aztertuta, gaur idazten ari garen estandarrean, koxka nagusia, galdegaian baino gehiago, aditzaren kokapenean ikusten dut nagusiki, Igone Zabalaren hitzak baliatuz “sintagmen buruetara heltzeko prozesatu behar den hitz kopuruan”. Bestela esan, aditza orain arte baino gehiago aurreratu beharra daukagu.

      • Uste dut Jesus Maria Agirrek bikain laburbildu dituela lehenago esandakoak, eta oso ondo kokatu duela bere iritzia horien barruan.
        Hartara, erraztu egin dit eztabaidaren oinarrian dauden bizpahiru punturi erantzun xeheagoa ematea.
        Badira zuetako batzuek abiapuntutzat hartzen dituzuen onarpen batzuk (lehenago ere beste hainbatek egindako onarpenak dira jakina), nire iritziz frogatzen zailak direnak:
        1) Euskaraz idatzitako testu asko eta asko ulergaitzak gertatzen dira (/zaizkizue).
        2) Ulergaiztasun hori esaldiaren antolamenduarekin lotuta dago.
        3) Esaldiaren antolamendu batzuk nahasgarriak dira ulertzeko orduan euskaldunok lehen interpretazioan beti esleitzen diogulako ‘galdegai’ tasuna aditzaren ezkerreko elementuari.

        Beste baieztapen batzuk ere egin daitezke zuek oinarri hartutakoak bezain frogagaitzak izan litezkeenak, baina niretzako sinisterrazagoak direnak:
        1) Gaur egun, nire iritziz, hiztun arruntek, gure ikasleek adibidez, ez dute horrelako ulermen arazorik. Bestela, pentsaezina litzateke milaka hiztunek bere ikasketa guztiak euskaraz egitea, prentsa irakurtzea, literatura irakurtzea, sare sozialen bitartez euskaraz komunikatzea… Hortaz, baliteke testuei egozten diegun (/diezunen) ulergaiztasun (orokor/ hedatu?) horren zati bat behintzat “euskara-zuzentzaile” eta “irakasle” lanari lotutako deformazio profesionala izatea. (Eta deformazio profesional horretan nire burua ere sartzen dut, jakina, 25 urtetik gora baitaramatzat euskara-irakasle modura).
        2) Ulergaiztasuna ez dut uste esaldiaren antolamenduarekin bakarrik lotuta dagoenik. Beste hainbat faktorek eragin dezakete horretan. (Eragiten dute nire esperientziaren arabera). Batzuk idazleak diskurtsoa egokiro antolatzeko duen gaitasunarekin lotuta egon daitezke: hoherentzia eza, kohesio-arazoak, hiztegi-hautapen desegokia, puntuazio desegokia… Beste arazo batzuk idazleak eta hartzaileak partekatutako informazio edo jakintzarekin lotuta egon daitezke, hobe esan, egoten dira beti edozein hizkuntzatan. Adibidez, nik fisika nuklearrari buruzko edozein testu edozein hizkuntzatan idatzita dagoelarik, ez dut ulertuko ez lehen irakurraldian ez hamargarren irakurraldian ere, abiapuntuko jakintza falta zaidalako.
        3) Galdegai tasuna aditzaren ezkerreko osagaiari esleitzeko joera gaurko hiztun guztien artean zabaldutako joera orokorra ote den ere frogatu beharko litzateke. Izan ere, baliteke lotura bat egotea “galdegaiaren legea” esan zaionaren menpe idatzitako testuekiko esposizio-denboraren eta intentsitatearen (edota lege horrekiko erakusten dugun atxikimendu mailaren) eta aipatu interpretaziorako joeraren artean. Hartara, interpretazio horretarako joera ez legoke hiztunen artean oro har zabalduta, hiztun talde jakin batzuen artean baizik. Hori horrela izanez gero, legeraren formulaziotik eta horrekiko atxikipen mailatik letozke ulermen arazoak eta ez testuetatik beraietatik.

  6. Jesus Maria Agirre Berezibar

    Gauza bat ahaztu dut. Ez nago ados Gilen Mejutok aipatu duen Pello Esnalen harako “galdegaiak ez du zerikusirik hitz-ordenarekin” adierazpenarekin. Egia da bi arlo ezberdin direla, informazioa eta sintaxia, baina iruditzen zait lotura egon daitekeela, batzuetan edo askotan, bien artean.

  7. Jesus Maria Agirre Berezibar

    Eztabaida honetan harrigarri egiten zait zer-nolako diferentzia dagoen defenditzen den teoriaren eta praktikatzen den idazketaren artean. Igone Zabalaren azken erantzuneko hitz-ordena aztertuta, beldurrik gabe esan daiteke testu horretan goitik behera betetzen dela “galdegaiaren legea” delakoa. Idazkera horrek ez du, adibidez, Erramun Gerriakagoitiak darabilen joskera, ez eta Gilen Mejutok adibide gisa jarri dituen testuetakoa, zeina Gilenek berak ere ez baitu jarraitzen bere komentarioetan. Nire ustez, gure praktikan betetzen ari gara Juan Garzianek aipatu duen “eredu inplizitu” hori, erreferentziatzat darabilgu. Diferentzia, soilik, teoriaren formulazioan daukagu, zeren praktika berdintsu samarra da gehienona “galdegaiaren legea” delako honetan.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s