Epeak

Patxi Petrirena Altzuguren

Dena hain antolatua eta denbora hain neurtua dugun garaiotan, epeak ditugu noiznahi hizpide eta betebehar:  epe labur, ertain eta luzerako helburuak, dena delakoa egiteko horrenbesteko epea… Niri ere iritsi zait epea (epe hau), nonbait, luzamendutan ibili ondoren, eta tarte bat hartu dut hiztegietan eta testuetan barna itzuli txiki bat egiteko, epe hitza aitzakia hartuta.

Hiztegi Batuan, epe, epealdi eta epeka ditugu sarrerak. Bigarrenari buruz (epealdi), hauxe dio: «epealdi iz. Batez ere Admin. (Gehienetan aski da epe)». Neurri batean, harritzekoa iruditu zait epeka bakarrik ikustea hor, hiztegi gehienetan (Orotariko Euskal Hiztegia barne) epean eta epetan ditugularik nagusi: «Epetan erosi eta epetan saldu, tratulari eskasan jiria» (Etxba Eib). «Gero joan zen erosi berri zuten pick-up ederrera, epean erosia, bixtan da, eta ospil bat ipiñi zuen» (Mde Pr 148).

Epe jakinak adieraztean, badirudi «zenbateko epea» moldea darabilkigula nagusiki (beste aukerarik ez balitz bezala?). Baina -ko ez ezik -en ere hor dugula gogorarazten digu Zehazki hiztegiak: «en el plazo de, -en/-ko epean: en el plazo de dos días, bi egunen epean, bi eguneko epean». Gogoratzekoa da, esate baterako, «bost minutuko/tantoko aldea» ez ezik «bost minuturen/tantoren aldea» ere hor dugula, ongi errotua. Orotariko Euskal Hiztegian ere bi aukerak ageri zaizkigu epe hitzarekin: baditugu «lau urteko epea» eta «lau urteren epea».

Galdera egitean, «zenbateko epea» ez ezik, «zer epe» ere aukeran dugu. Hona adibide bat, Herria aldizkarikoa: «Zer epe eman behar litzaioke aterabide horri?» (2004-09-16). Beharbada gehiagotan gogoratu beharko genuke aukera hori, beti zenbateko baliatzen ordez.

Erantzunean ere, egiazki, ez da aukera bakarra zenbateko erabiltzea, hor baitugu zenbat ere: «Epea astebete da, izenak emoteko». (Ibaizabal, Mokoroaren lokuzio-bilduman jasoa). Ildo horretan, aurreragoko pauso bat erakusten digu Herriako beste adibide honek: «Bi egun epe eman diete frantses buruzagieri, edo bi kasetariak hilen dituztela». (Herria, 2004-09-02).

Gure administrazio-testuetan ere aurkitzen dugu epea adierazteko -ko gabeko moldea: «Horretarako epea bi hilabete da, egintza hau jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita» (Arabako Aldizkari Ofiziala, 2006-03-08).

Zenbateko erabili ordez zenbat erabiltze horrek aukera erosoagoa ematen digu, zenbaitetan, osagarriak antolatzean:

  • Diru-laguntzaren eskaera hiru hilabeteko epean aurkeztuko da, argitaratzen den datatik hasita.
  • Diru-laguntzaren eskaera aurkezteko epea hiru hilabete da, argitaratzen den datatik hasita.

Hitzaren beste adiera bat da, jakina, Kirikiñoren honetan ageri zaiguna (ekialdean ere arrotz ez dena): «Biyer esangotzut, ordura arteko epeik badozu». Alegia, lasaitasuna, pazientzia, egonarria.

Iruzkin bat utzi

Patxi Petrirena atalean

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s