Arakaitzak

miel a. elustondo

Gau batez, talka egin nuen nahigabe gizon baten kontra, eta, beharbada, inguruko ilunpeagatik, ikusi egin ninduen, eta iraindu. Eraso nion, berokiko hegaletatik heldu eta desenkusa zedila eskatu nion gogor. Gizon garai ilehoria zen, eta nire aurpegia harenera hurbildu zenean, bere begi urdinetan barrena lotsagabe begiratu eta maldizioka eraso zidan, haren arnasa beroa nire aurpegian, borroka egiten zuen bitartean. Haren kokotsa doi jo nuen nire burugainaren kontra, Mendebaldeko indiarrei egiten ikusia nien moduan jo nuen, eta haren zauria eta handik zerion odola sentitu nituen, eta garrasi egin nion: «Desenkusa hadi! Desenkusa hadi!». Baina maldizioka eta borrokan segitu zuen, eta behin eta berriz eta askotan jo nuen harik eta astun erori zen arte belauniko, odola parrastaka zeriola. Ostikoz jo nuen behin eta berriz amorraturik, irainka atertzen ez zuelako, ezpainak odoletan blai zituen arren. O, bai, ostikoz jo nuen! Eta, amorrarazirik bainengoen, labana atera nuen, gizonari eztarria xerratzeko prest, hantxe, farolpean, kale huts hartan bertan, esku batez lepotik helduta nuela, eta neure hortzekin labana irekiz. Baina, orduan, bururatu zitzaidan gizon hark, berez, ez ninduela ikusi; berak zekiela, zorigaiztoko ibilaldi baten erdian zegoen, inondik ere! Eta labanaren ahoa gerarazi nuen, airea xerratuz, gizona niregandik urrun bultzatzen nuen bitartean, kalera itzultzen utzirik. Zorrotz begira geratu nintzaion, auto baten argiak ilunpean azaldu arabera. Hantxe zetzan, asfaltoan, auhenka; hantxe gizon bat, fantasma batek ia hil zuena. Zeharo nahastu ninduen horrek. Haserre eta lotsa nintzen, biak. Niri zegokidanez, mozkorturik bezala nengoen, hanka ahulen gainean zanbuluka. Bat-batean, libertigarria iruditu zitzaidan. Gizon honen buru handian zerbait piztu egin zen, eta hil baino izpi bat lehenago loratu zen. Barrez hasi nintzen deskubrimendu ero hura egin nuelarik. Esnatu egin ote zen hilzorian zenean? Heriok berak liberatu ote zuen esna bizitzetik? Ez nuen denborarik galdu. Korrika abiatu nintzen ilunpean barna, barruan zerbait hautsi zitzaidala beldurturik, hainbesteko barre algara egin nuen! Biharamunean haren argazkia ikusi nuen Daily News-en, «eraso» egin ziotela zioen argazki-oinak. Gizajo zoroa, gizajo zoro itsua, pentsatu nuen, zinez eta benaz errukiturik, gizon ikusezinak «erasoa».

Iruzkin bat utzi

Miel A. Elustondo atalean

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s