Galdegaia aditzaren atzean

Juan Garzia Garmendia

Aurreko nire aleari emandako erantzun batean, zuzen-zuzenean eskatu zidaten neure iritzia emateko noiznahi galdegaia ―ahozkoan aukerako izaten den bezala― idatzian ere esaldiaren amaieran kokatzeko kontuaz. Hurrengo ale batean horri helduko niola esan, eta hona.

Agindua zor omen, baina aitor dezadan deseroso samar natorrela zor hori kitatzera. Batez ere, baina ez bakarrik, horrenbestez neure gain hartzen dudalako «eredu alternatibo» horren aldezleek egiten ez duten lana. Horixe egitera behartzen bainaiz, lehenaz gainera; alegia, idatziaren kodean horrek zer dakarren aztertzera, ea abantailarik duen oraingoz estandarra denarekiko. Izan ere, balioespen horren faltan, arinkeria zoroz eginak izan daitezke halako «proposamenak», edo harrikada hutsak izan (norbere buruan jotako harria besteenetara berjaurti nahian noski).

Hala, bada, irudikatuko dut ez naizela ari bere «alternatiba» horretan hil edo bizi gotorturik dagoenari burubidea aldarazteko ahalegin alferrikakoan, baizik eta zintzo eta xalo idatzian galdegai-arau estandarra areago ez malgutzeko arrazoiak ikusten ez eta norbaitek berariaz azaltzea nahi lukeenarentzat. Has nadin, bada.

Lehenengo eta behin ―askotan esana dut, baina gehiagotan errepikatu beharko dut―, bi kode desberdin dira ahozko mintzoa eta idatzia. Hobeki esanda: idatzia mintzo naturalaren estilizazio artifizial bat da. Hizkuntza, izatez, mintzatua da, eta mintzamena sen bat da, ñabarduraz betea; idazketa, berriz, ahozkoaren proiekzio murriztu bat, ezinbestean sinplifikatua. Idazkuntza, bestela esanda, teknika landu bat da, eta ez sen espontaneo bat. Hizkuntza guztietan nabari dira alde esanguratsuak mintzatuaren eta idatziaren artean; areago, historikoki begiratzen bazaie. Hizkuntza bat ahozkotasunetik idazkuntzara iragaten denean, aldatzen hasiko da ezinbestean, bi kodeen arteko dialektikaz, elkarri eragingo baitiote baina ezingo baitute inoiz guztiz berdindu bien arteko desberdintasun oinarri-oinarrizkoa. Bereziki azpimarratu beharra dago hori, gaizki-ulertzeak saihestu nahi badira, ahozkotasun txirotik irten berri den eta idatziaren formaltasunean finkatzeko oraindik ere lanak dituen hizkuntza batean, horretan baitago gurea.

Horrenbestez, garbi utzi nahi dut ahozkoan egiten den oro ez dela egiten (eta are, inoiz, ezin dela egin) idatzian. Milaka dira adibideak, baina aski da ikustea zenbat hiztun trebe dabilen gure artean idatzian ―batere idazten duen kasuan― motz eta are trakets gertatzen denik. Kontrakoa ere badugu, bakanago bada ere: ederki idatzi baina hizketan moldakaitz denik.

Hori horrela, geratzen zaigu ikustea ea galdegaia amaieraratzeko aukera estandarrera ekartzeko modurik denetz, eta, hala bada, nola eta zer ondoriorekin.

Eragozpenik handiena arbitrariotasuna da, kodeen etsai zuzena izaki. Izan ere, gauza bat litzateke kodea guztiz aldatzea («galdegaia beti esaldi-amaieran»), eta beste bat, oso bestelakoa, dena berdin libre uztea («batzuetan aditzaren aurrean eta bestetan atzean»). Ez noski izatez txarra delako beti libretasuna, baizik eta testugilearen askatasun arbitrario hori irakurlearen zalantzabide sistematiko bihurtu ohi delako[1]. Kodea kentzea da hori, eta ez kodea aldatzea, eta kodea da informazio-trukearen bermea.

Hala, bada, non eta «proposatzen» dena kodea irauli eta beste bat ezartzea ez den, arbitrariotasunak eragindako irakurketa-eta interpretazio-zalantza etengabea da eragozpenik handiena libretasun bridagabean. Estandarrean ere badira galdegaia aditzaren aurrekoa ez dela markatzen duten joskera batzuk, baina testuinguru gramatikal jakin batzuk jakinarazten diote irakurleari hala dela. Nabarmenenak aipatzearren: batetik, perpaus osagarria eskatzen duten adierazpen-aditzez eraturiko esaldiak, eta, bestetik, aditzaren segidan bi puntu datozenekoak:

Neskatoak esan dit berandu datorrela.
[galdegaia: -la perpausa, eta ez neskatoak]

Mutilak erantzun zuen: …
[galdegaia: erantzuna, eta ez mutilak]

Halakoetan, bada, irakurleak arazorik gabe deskodetzen du informazio egokia, kodeturik baitaude kodearen salbuespen horiek ere.

Behin baino gehiagotan aipatu dudan moduan, definizio eta gisakoetan dago une honetan estandarraren barneko ezbaia, egitura sintaktikoak ez baitu halakoetan (oso) garbi uzten salbuespenei dagokien azpikodea aplikatu behar denetz, hots, galdegaia aditzaren aurrekoa izan beharrean atzekoa denetz hor. Izan ere, (azpi)kode alternatiboa[2] aplikatu behar dela adierazten duen seinale bakarra ahozkoan halakoetan baliatzen den intonazio alternatiboa da, eta, idatzian seinale bakar hori galtzen denez, irakurleak, defektuz, kode arrunta aplikatuko du noski, eta ez salbuespenei dagokiena. Edo deserosotasuna eragingo dio, behintzat, irakurketa-zalantzak. Ikusi, esate baterako, segidako pare hau, egunotan irakurria:

Ilustrazioa da gizakiak berak eragindako heldugabetasunetik irtetea. Heldugabetasuna da beste norbaiten laguntzarik gabe bakoitza bere ulermena erabiltzeko gai ez izatea[3].

Horietan ados (samar) egonez gero, kontu tekniko batera iritsita gaude: arazoa intonazio berezi hori markatu gabe geratzea bada, zergatik ez dugu seinale berezi batez markatzen, eta kito?

Horrek ere badu bere historia, ez baikara oraingoak lehenak auzi horri heltzen. Nik neuk, horretaraino, ez nuke inolako eragozpenik, eta proposatu ere proposatu izan dut halako seinalizazio bat bide horretatik jo nahi lukeenarentzat. Aski litzateke, esate baterako, apostrofo bat [‘] eranstea aditzaren aurreko hitzari (edo, hobe, aditzari berari, aurrean), hala seinalatzeko sintagma hori ez dela galdegai mintzagai baizik, eta galdegaia, beraz, aditzaren ostean doala[4].

Beste bide bat, aspaldi –baina bakan– erabilia, eta berriki EIMAren estilo-liburukiak —definizioetarako bakarrik— beste hamaikaren arteko aukera gisa proposatua, zera da: beste testuinguru batzuetan salbuespena kodetzen duen marka bera baliatzea horretarako ere; bi puntu, alegia:

Astrofisika [zera/hau] da:…

Jakina, oso kontserbadore gara ikur grafikoen maila horretan; auzo-erdaretan ez denik ez dugu nahi izaten gurean, hain hizkuntza desberdinak ditugula harro asko aitorturik ere. Itsusi ez ezik, arbitrario ere ba omen litzateke halakoez baliatzea[5]

Tira. Badirudi galbahe desberdina erabiltzen dugula maila bakoitzerako. Fonetikan, ahoskera zaindu delakoan, arauturik bide dago geologia hitza, esate baterako, inongo usadiotako inolako euskaldunek sekula ahoskatu gabeko modu sasi-grekoan ahoskatzea, eta men egin bide diogu hizkuntza-ingeniaritzako asmazio gordin horri, baina anatema deklaratu edo dugu, besteak beste, iraganeko adizki -n menderagailudunak eta gabeak bereizteko tilde berezia [`], nahiz eta horrek egoki konponduko lukeen sintaxi oparo samarra darabilen orok izaten duen arazo hori, hala nola bi hauek bereizteko:

Ehiztariak hil zuen oreina.

ehiztariak hil zuèn oreina

Halakoen aurrean dugun joera ikusita, guztiz sinesgogor naiz halako proposamenek gure artean izan dezaketen arrakastari buruz. Izan ere, halako berezitasun (itsuskeria?) grafikoetara jo baino, nahiago dugu disimuluan jarraitu euskal prosaren arazoak konpontzeke (zertarako konpondu, gainera, agrafoak dira-eta noski ia euskaldun guztiak).

Eta ez da tilde, apostrofo eta abarren kontua bakarrik. Beste konponbide are beharrezkoago batzuk ere baztertuak ditugu de facto: nahiago dugu erlatibozko aposizio ustelez endredatzen jarraitu, zeina erako erlatiboez baliatu baino[6], eta halaxe doakigu. Gero, hori bai, eskura ditugun egoki askoak arbuiatu arren, hizkuntza-ingeniaritzazko edozein asmazio amesten dugu errezeta magikotzat.

Amaitzeko, hor goian ahaztuta gera daitekeen zerbaitetara itzuli nahi dut. Nire azken hitzetatik, irudi luke neu ari naizela eskatzen bide grafikoren bat onartzea kode orokorrarekiko desbideratzeak markatzeko. Ez da hala, ordea.

Esana dut desbideratze horiek salbuespen ez baizik bide arrunt bilakatu nahi lituzketenen lana egiten ari naizela –haiek lan hori egin zain asperturik, eta inork hala propio eskatuta–, baina nik ez diot ikusten abantaila garbirik ate hori guztiz zabaltzeari. Horretarako arrazoia teknikoa da, baina horrek ez du esan nahi praktikarekin guztiz lotuta ez dagoenik, alderantziz baizik. Azkenean aditzez amaituriko euskarazko inolako esaldirik geratuko ez balitzaigu, eta galdegai-enfasi guztiak amaieran emango bagenitu, oso ondo etorriko litzaieke hori (esperientziaz diotsuet) muntaia elebidunak egiten dituzten antzezleei, erdarazko eta euskarazko esaldi guztiek intonazio-soslai bera bailukete, eta horrenbestez amaituko bailirateke orain arteko euskarako aditzaurreko galdegai gogaikarriok, baina euskarak berak ―euskal hiztunek, alegia― beste urrats bat emango luke… galbiderantz. Izan ere, joera horrek areagotu egingo luke dagoeneko aski sustraiturik dagoen gaitza, hots, aurreko nire alearen izenburuak iradokitzen duenaren beste muturrekoa: aditza (beti) hasieran?

Izan ere, dagoeneko, hainbat hiztun bestela natural-naturalek lanak dituzte aditzaren kokapenak berregokitzeko esaldia mendeko perpaus bihurtu behar dutenean, hala nola, nabarmenenik, ezezkoetan:

Ikasle horrek ez du ekartzen liburua eskolara. >
?ikasle hori ez duena ekartzen liburua eskolara[7]

Alegia, kostatzen zaiola hainbati, dagoeneko, aditzez amaituriko joskerara etortzea, ezinbestekoa izanik hori halako mendeko perpausa antolatzeko:

liburua eskolara ekartzen ez duen ikasle hori

Hori, esaldirik sinpleenean ere. Beraz, kontrako joera bultzatzea bezain galgarri gerta dakiguke esaldietan aditza ia inoiz amaieran ez kokatzeko joera bultzatzea, hiztunari higatuz joango baitzaio, lehenaz gainera, perpausak modu batera zein bestera antolatzeko malgutasun hori.

Izan ere, hizkuntzak gehiago daki, eta zuhurrago jokatzen du, gutariko bakoitzak baino. Zabaldu eta malgutzea ongi hartzen du, baina ez noski bortxaz nolanahikatzea.


[1] Adibide erreal bat, bertso-txapelketen transkripzioetatik: Uztapideren ondoren kantatuko du Xalbadorrek. Kode finkorik gabe, irakurleak asmatu behar luke zein den hor galdegaia (eta, haren arabera, informazioa). Ahozkoak garbi utziko luke; kasu horretan, Xalbadorrek.

[2] Mintzatzean ere ez da noski, hiztunak hiztun, aukera bakarra, ezta gutxiagorik ere.

[3] Bestelako arazorik ere eragiten digute definizioek, hala nola, ale berean, eta gai berean: Ilustrazioa gizakiaren irteera da bere erruzko adingabetasunetik.

[4] Egoki puntuatuz gero, subjektuekin bakarrik genuke halako kontua, gainerako mintzagaiek koma eramango dute eta. Hala ere, aditzaren baietza interpretatzen da galdegaitzat komaren ostean aditza datorrenean: Uztapideren ondoren, kantatuko du [bai] Xalbadorrek. Horregatik litzateke argien aditza bera seinalatzea: Uztapideren ondoren, ‘kantatuko du Xalbadorrek.

[5] Hala ere, pozarren ikusi dut Iñaki Segurolak behintzat badarabilela ahozkoa onik idatziratzeko baliabide hori (eta ez noski EIMAri men egitearren!): Zer den literatura neretzat? Zer den nekez baizik irakurtzen ez dudan zera hori? Da: hizkuntza geza, gauzaeza, ezindua.

[6] Edo, sakonago, erdarazko halako aposizioak bestela egokitu baino.

[7] *Ez duen ekarri liburua eta gisakoak ere entzuten dira, gaitzak aurrera egin ahala.

11 Iruzkin

Juan Garzia atalean

11 responses to “Galdegaia aditzaren atzean

  1. Gilen Mejuto

    Nire ideiak puntu batzuetan bildu ditut, modu argian uler daitezen:

    – Galdegaia ez da iruzkina, iruzkinaren elementu enfatikoa baizik. Euskaraz oso bakan erabiltzen da; bestela, enfatiko izateari utziko lioke.
    Euskarak hainbat modu ditu galdegaia markatzeko, baina hitz-ordena ez da horietako bat.
    Euskara mintzatuak badu berezko baliabide bat galdegaia markatzeko: doinua. Idatzizkoak ez du garatu baliabide hori adierazteko modurik.

    – Gramatikaren ikuspuntutik, bai SOA bai SAO hurrenkera zuzenak eta zilegiak dira. Biak dira erabilgarriak. Izan ere, hori da euskararen bereizgarrietako bat: hitz-ordena aski librea izatea. Beharrizan komunikatiboek, eta ez erdal sintaxitik hurbilago edo urrunago egoteak, agintzen dute bata ala bestea erabiltzeko komerentzia (estilistika alde batera utzita, jakina).

    – Azken urteotan, aditza aurrera pasatzeko beharra ikusi eta onartu da, galdegaiaren ustezko legearen kontra. Gainera, joera hori gradualki hedatuz joan da, aditz deklaratiboetatik hasi, eta zerrenda luze eta definizioetaino. Uste izatekoa da, erreparoak erreparo, bestelako aditzetara ere zabalduko dela.

    – Ahozko eta izkribuzko kodeen arteko aldeak onarturik ere, esango nuke idatzizko estandarra urrunegi dagoela euskara mintzatuaren potentzial komunikatiboa islatzeko gai izatetik. Baliabideak sortu eta orokortu beharrean -eta zuk esan bezala, egon badaude ulergarritasuna erraz dezaketen tresnak-, badirudi nahiago dugula idatzizkoa arbitrarioki mugatu (hau bai arbitrariotasuna), horrek dakarzkigun arazo guztiekin.

    – Horren harian, zuk arbitrariotasun deritzozunari beste batzuek “erabilera estrategikoa” esaten diote, oker ulertu ez badut behintzat.

    – Egia da, euskaldunok, batez ere Hegoaldekook, altubetar jatorriko “lege” hori eta hortik sortutako aldrebeskeriak muineraino geureganatu ditugu eta, euskara batuarekin, dogma estatusa eman diegu. Kontua da euskararen berrindartzearekin mitoa berez erortzen ari dela. Eta behea joko du. Partxeak jartzen ibiltzeak buruhausteak areagotuko dizkigu, baina alferrekoa izango da.

  2. Juan Garzia

    Eskerrik asko, Gilen, lezioarengatik. Irailerako, saiatuko naiz funtzio informatiboez ahazten, eta txintxo ikasten nola jokatu S, A eta O. Bide batez, ea behingoan argitzen zaidan zer den, erabailera estrategiko osoa ez bada, manipulazio taktikoa bederen. Terminologia ere zure meneratuko dut, galdegai hitz ukiezinaren ordez, demagun, remagune-edo asmatuz. Segi holaxe.

    • Gilen Mejuto

      Batez ere jakin nahi nuke zertan diren puntu horiek eztabaidagarriak. Azkena neure baitakoa da, eta agian soberakoa; baina gainontzekoak Euskaltzaindiari kopiatu dizkiot, eta gogoz eta zinez irakurri nahi nuke horien gaineko hausnarketa funtsaturik, edo zertan den okerra nire interpretazioa. Agintzen dizut ez naizela tematuko argudio sendoen aurrean.

  3. Juan Garzia

    Ez dakit sendoak diren, Gilen, baina horra nire argudioak, azken bi artikuluetan bilduen inguruan:
    Gramatikaren arau oinarrizkoen gainetik gobernatzen duten kontuak ez dira funtzio sintaktikoei dagozkienak, funtzio informatibo edo pragmatikoak baizik. Lekuz kanpo daude hor, beraz, S, O eta A-ren arteko koka-dantzak.
    Pertinentea den maila hori ez da estiloari dagokiona, informazioaren antolaerari dagokiona baizik.
    Ahozkoan ordena gorabehera intonazioak (ere) markatzen dituen funtzio informatibo batzuk hitzordenak kodetzen ditu neurri handi batean idatzian.
    Esaldiaren hasieran: nire “mintzagaia” (EGLUren mintzagai hanpatua; EGLUren mintzagaia (hanpatua + ez hanpatua (nire “hizpideabarra”) + aditza), ustez, nire “hizpidea”). Nazioarteko hizkeran, “topikoa”.
    EGLUren “iruzkin” delakoa gaztelaniazko “komentario” antinazioarteko eta obsoletotik kalkatua da, guztiz oker ez banago. Nik neuk, “fokua” deituko nioke gustura, baina galdegai esan diogu tradizioz. Fokua enfatikoa izatea edo ez, beste kontu bat da: terminologia baino garrantzizkoagoa da kontzeptua, eta horri begiratzen diot nik, askok ez bezala terminoak (gustukoak zein ez) berariaz definituz.
    EGLUgileek egin ohi duten moduan, oso onuragarria da espainieraren akademiak horri buruz (ere) egiten duen azterketa. Besteak beste, geure mintzagai/galdegai kontzeptu aspaldidanikoez, ez lotsaturik, baizik harro egoteko: oraintsu jabetu dira auzoan guk lehendik genekienaz.
    “Erabilera estrategikoa” izendapen –hori bai– hanpatuaren azpian, ez dago, nire iritziz, inolako jarraibide jarraigarririk, betiko SAO leloaren aipamenetik harago. Kontu hori azaltzen den testu(gile)ak, bide batez esanda, estandarra darabil praktikan.
    Proposamen zein harrikada ronpedoreagoek, berriz, ez dituzte kontuan hartzen funtzio informatiboak (ere), eta Altube eta haren inspiratzailea akabatzea dute helburu aho batez aitortua (!), eta ez eredu praktikagarri bat eskaintzea. Gero, magia arduratuko da noski anabasa konpontzeaz.
    Bai halakoen eta bai zure jarrera –literalki hartuz gero, behintzat– zeharo sinplista horren arabera, SAO superkomunikatiboaren gailurra oraingo haur askoren hizkera da: “[ni(k)] daukat pis”. Eta, bai, arrazoia eman behar dizut horretan, Txirritarekin batera: “erdera ez zen bakarrik kapaz / euskerak lagundu dio”.
    Kito nigatik kontu horrenak. Izan ontsa.

  4. Asier Larrinaga Larrazabal

    Juan, aditzaren osteko galdegaiekin osatu duzun zerrenda dela eta, honela adieraziko nuke definizio eta gisakoen egitura sintaktikoa: izena + IZAN + izena / pp. osagarria.

    Beharbada, hirugarren elementua izena denean, ez da nahi bezain garbi geratzen esaldiaren antolamendua, baina, perpaus osagarria denean, baiezkoan nago.

    Adibidez: «Ikerketa honen helburua da Euskal Herriko gazteen musika-gustuak ezagutzea». «Oraindino hasita ez badago ere, asmoa da emaitzak irailean argitaratzea»…

    • Juan Garzia

      EIMAkoan, definizio formal petoen kasua bakarrik aipatzen da, baina bistakoa da, Asier, lotura-aditzez osaturiko esaldi gehienetara ekar daitekeela kontua: Igonek aipaturiko aditz lexikoki arin-hutsalak + zuk aipaturiko aurrekoa izena (abstraktua?) izatea + …
      Hala ere, horiexek dira intonazio alternatiboaren baitan geratzen direnak, eta hor litzateke lagungarri, horretara jotzekotan, nolabaiteko seinale grafikoaz baliatzea (aukeran, behintzat; beste interpretazioa saihestu nahi duenarentzat):
      «Ikerketa honen helburua da: Euskal Herriko gazteen musika-gustuak ezagutzea».
      Egia da halako batzuetan usadioak kodetua dagoela interpretazioa eta intonazio alternatiboa:
      «Kontua / gertatzen dena da…»,
      Horiek, ordea, -LA osagarria hartzen duten sailekoak dira. Bestelakoetan, kasuan kasukoa dugu, aditzaren semantikaren arabera, baina bada halako mordoxka. Badugu, beraz, koderik, nahiz inplizitua izan, noski. Teoria jator batek, bai jaun eta andrea, sinplifikazio bat dakar, baina hori zientzia guztietan gertatzen da, eta sinplifikazio hori ona (esanguratsua) izatea da kontua. Esanguratsua, eta gezurtagarria.
      Eta (eta deseatzen nago) beste teoria berdin esanguratsu eta gezurtagarri hobe batek ordezkagarria: Einsteinen ere (barka adibidea), in vitro asmatu zuen erlatibitatearen teoria, eta Newton ez zitzaion moskeatu sagar enpirikorik kaxkarreratu ez zitzaiolako. Egiaztapena da datuz probatu behar dena. Teoriak (besteen teoriei buruzkoak barne), horixe dira: lantzeko deskribapen-hipotesiak. Bide batez, Altube ere ez zen, askok uste duten moduan, abarkadun primitibo bat, Saussure eta abar irakurrita zeuzkana, eta bada bat baino gehiago hori ere egin gabe harenak maiseatzen ausartzen denik. Altuberen hasikinaren interpretazio oker gehiegizkoek endredatu gaituzte, nik uste, alde nahiz kontra,
      Harira itzulirik, beste esaldi batzuetan, niri neuri, naturalago zaizkit beste aukerak:
      «Oraindino hasita ez badago ere, badugu asmoa irailean emaitzak argitaratzeko».
      «Oraindino hasita ez badago ere, irailean emaitzak argitaratzeko asmoa dugu».
      Eta ados Gilenekin ere puntu batean: balegoke leku hoberik honelakoez sakon eta lasai eztabaidatzeko. Hau, nire ustez, eztabaidagaiok norberaren ikuspegitik plazaratzeko da leku egokia.
      Segi bizkor.

  5. Beldur apur bat ematen dit eztabaida honetan parte hartzeak, nire helburua ez baita inola ere eztabaida zahar honen sutara gasolina gehiago botatzea, eztabaida freskatzeko ur tanta batzuk botatzea baizik. Espero dut (erregutzen dizuet) hala ulertzea. Hona hemen nire tantatxoak:

    – Diskurtsoaren eraikuntzarako eta interpretaziorako hiztun guztiok erabiltzen dugun “ezagutza linguistikoa” euskal hitz-ordenaz hitz egiten denean erabili ohi dena baino askoz ere konplexuagoa da. Hitz-hurrenkeraz gain, testuingurua, ezagutza lexikoa, ezagutza entziklopedikoa, testuartekotasuna eta beste asko erabiltzen ditugu. Beraz, diskutsoaren testuinguruan prozesatu beharko liratekeen esaldien interpretazioari (eta anbiguotasunari) buruz “in vitro” gogoetak egiteari ez diot zentzu handirik ikusten. Izan ere, ia edozein hizkuntza-sekuentziari interpertaziorako behar diren elementu guztiak kentzen dizkiogunean, anbiguo bihurtzen da.

    – Gogoeta hauetan erabili ohi den ahozko diskurtsoaren eta idatzizko diskurtsoaren arteko bereizketari ere sinplifikazioa deritzot. Izan ere, ahozko diskurtsoari ekoizleak jartzen dio intonazioa, baina diskurtso idatziak ere badu bere intonazioa, alegia, irakurleak jartzen diona. Eta intonazio hori jartzeko, goian aipatutakoen moduko ezagutzak erabiltzen ditu irakurleak. Hortaz, uste dut oso lasai egon gaitezkeela galdegaia marka lezaketen ikur bereziak erabili gabe: irakurleak intonazio bat (edo bat baino gehiago) jarriko dio irakurtzen duen testuari eta, diskurtsoa egokiro eraikita badago behintzat, intonazio egokia esleitzen asmatuko du.

    – Aditz mota ugari bereiz daitezke beren ezaugarri lexiko-semantikoengatik eta diskurtsoan betetzen dituzten funtzioengatik: aditz diskurtsiboak, aditz arinak, euskarri-aditzak, lotura-aditzak … Aditz horiek guztiek funtzio desberdinak dituzte sintaxian eta diskurtsoan eta funtzio horiek eragin zuzena dute hitz-hurrenkeran.

    – Konplexuak diren fenomenoak azaltzen saiatzen diren arauak (edo erregelak esango nuke hobeto) beti dira fenomenoak beraiek baino sinpleagoak. Hartara, hizkuntzaren erabilera eta garapena oztopa dezakegu ondorioztatutako arau “sinple” horiek erabiltzaileei “inposatzen” saiatzen bagara.

    Laburbilduz, nire iritzi apalean, euskara estandarrak ez du behar “galdegaiaren lege bat”, ez artikulu bakarra duen legerik, ez eta artikulu sorta luze bat duen legerik ere. Areago, kaltegarri deritzet halako legeei euskararen garapenerako.

    • Juan Garzia

      Gauza batean, behintzat, guztiz ados:

      “-Aditz mota ugari bereiz daitezke beren ezaugarri lexiko-semantikoengatik eta diskurtsoan betetzen dituzten funtzioengatik: aditz diskurtsiboak, aditz arinak, euskarri-aditzak, lotura-aditzak … Aditz horiek guztiek funtzio desberdinak dituzte sintaxian eta diskurtsoan eta funtzio horiek eragin zuzena dute hitz-hurrenkeran”.

      Hain zuzen ere, hortik zihoan horren aurreko nire alea (adibideetan oinarrituta, eta teoria sihestuz), Hala ere, esan bezala, nekatu naiz jada neu ibiltzeaz nirearen aurkako jarreraren aldezleen arrazoi partea argitzen eta zehazten. Hemendik aurrera, “in bibo” (sic) arituko naiz, neurearen alde.

      Arau eta lege, hor konpon. Ni oinarrizko kode baten beharraz ari(tu) naiz.

  6. Gilen Mejuto

    Neuk ere uste dut beldur moduko bat dagoela gai hau eztabaidatzeko: erreakzioengatik, estigmatizazioagatik, besteen indiferentzia hutsagatik, edo dena delakoagatik .

    Agian hau ez da ere leku aproposena horretarako, baina nik ez dut besterik ezagutzen, eta beraz hemen botako ditut nire ustez oinarrizko kode baterako eredugarri diren adibide batzuk:

    – Bigarren arrazoia zergatik behar diogun geure etsaiari barkatu da zeren mendekatzea beretzat begiratzen baitu Jainkoak.

    – Artzain polita, hik jakingo duk ezen gu goazela Dueroko erriberara, zergatik entzun dugu eze Silvero deritzon artzain batek duela lutxa handiak armatu komarketako artzain guztiekin, eta dagoela denbora asignaturik egun seigarren eguneko; eta, hala, ene lagun hau eta ni goaz hara, Silveroren jentilezak ikustearren, zergatik utra manera handian dazaguten guztiek alabatu digute.

    – O Jesus, artzain guztien Artzain-buru eta Printze Jauna, bere odol preziosaren kostuz erosi dituena ardi kristauak, zeinen guardatzeko eta hazteko kargua hartu dugun gaudenek ezin jasoz geure karga proprioa, eta eskatuko baitigu beraz kontu haietaz eta pagatu duen prezioaz.

    – Hau da monstra bat exteriorea egunoro gertatzen denaren mudantzarena ariman bataioaren medioz.

    – Pizturako Pazkoa ospatzea da begira jartzea, bihotza zabal-zabalik, behin betiko eta egiazko izango dela espero dugun bizi betera. Da aitortzea Jainkoaren neurrigabeko maitasuna; Berekin bat egin nahi baikaitu bere bizitza espiritualean eta betiereko ospean. Da sentitzea mundu honetako gauza guztiak baino gorago eta garrantzitsuago. Da berreskuratzea munduko gauzak zuhurtasunez erabiltzeko askatasuna, ezeren eta inoren esklabo izan gabe. Da hartzea lagun hurkoari bizitzen laguntzeko dohaina, denen elkartasuna aurrez gozatuz.

    • Jesus Maria Agirre Berezibar

      Mejutoren adibide batzuk (1, 2 eta 4. marrakoak) errealak izango dira, baina gehiegizkoak egiten zaizkit nire euskara-eredurako.
      Eztabaidak eztabaida, segitzen dut pentsatzen hitz-hurrenkerari dagokionez patroi bat behar dugula idatzirako. Eta orain arte proposatutakoen artean Juan Garziarena iruditzen zait doituena (mintzagaia, galdegaia-aditza-perpaus abarra, esaldi abarra). Zergatik? Malgutasunez hartzen badugu, funtzionala delako. Bai, patroi bat barik patroiak egon litezke, kontuan izan behar dira testu-mota, testuingurua, espektatiba sintaktiko-semantikoak, esamoldeak eta abar, bai. Baina, horiek guztiak kontuan izanda zalantza geldituz gero, funtzionatzen du. Eta erabiltzaileak batez ere funtzionalitatea bilatzen du, baita hizkuntzan ere.

      • Beste hizkuntzetan, “patroiak” baliatzen dira askotariko erabilerak aztertzeko eta, nahi izanez gero, bakoitzaren emankortasuna kuantifikatzeko. Ez dira baliatzen erabilerak patroi gutxi batzuetara ekartzeko, onena(k) d(ir)elakoan. Hizkuntza askoz ere konplexuagoa da bururatu dakizkigukeen patroi guztiak baino.
        Hizkuntzaren normalizazioa jomugan badugu, “hizkuntza normalei” begiratu behar dieguela uste dut nik.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s