Two in one

Irantzu Epelde Zendoia

Ad Backus hizkuntzalari turkiarraren lan baten[1] izenburua ebatsi dut gaurko sarrerari hasiera emateko. Aspalditik Tilburg (Herbehereak) hirian bizi diren etorkin turkiarren hizkera ikertu zuen Backus-ek bere doktore tesian, maisuki. Turkierak eta euskarak badituzte ezaugarri komun batzuk, eta, horregatik, interes berezikoa da guretzat lan hori, hizkuntzaren alderditik. Izan ere, hizkuntza ukipenaren ondorioz gertatzen diren fenomenoak aztertzen gabiltza azken urteetan Baionako IKER gunean, euskaldun elebidunekin. Eskuen artean dabilkigun gertakari horietako bat da hizkuntzalaritzako lanetan code-switching esaten zaiona: hizkuntza batean hasi eta bestera lerratzea, hitz gutxitan esanda. Lerratze kontu hori, ordea, ez da nolanahizka gertatzen, orain arte ikusi dugunagatik, eta problematikoa da izatez, berez bezala ekartzen baitu hiztuna, halakoetan, bi kode batera erabiltzen ari dela, batetik bestera saltoka ariko balitz bezala. Eta batzuetan halaxe gertatzen da, baina ez beti. Hiztun batzuentzat hain da naturala eta ohikoa hizketa molde hori, kode ez-markatutzat jo liteke garbiki, zenbaiten kasuan behintzat. Halakoak dira Euskal Herri osoan egin berri ditugun grabazioetatik hartutako adibide hauen sortzaileak. Seguru ezagunak egingo zaizkizuela ondoko hauen antzekoak, hiztun gipuzkoarrei egindako elkarrizketetatik hartu ditut eta:

«Joaten ginen a la tienda que teníamos al lado, a Xuxana, eta han erosten genun un caramelo de esos de sin palo, pues balio zuen cincuenta céntimos uste dut. Eta pipitta pakete bat. Otros cincuenta céntimos».

«Neri esaten naute que tengo todo el carácter de ella. Y lo reconozco que sí».

«Aitta zen super sensible del todo».

«Begira horko argazki hori que estamos las tres hermanas. Hori han aterea da, eskolan».

«Pues tenía unas uñas así [eskola maistrak], así de largas, todavía estoy viendo, eta nik enakien erderaz deus ere! Etorri nintzen baserritikan, eta ni baserritikan herrira etortzen nintzen urtian behin edo, jaiatan edo horrela… Eta etorri nintzenian eskolera, pues me preguntó algo en esto… En erderaz, y claro, no sabía contestar… ¡Me metió una leche en toda la cara, que me dejó cuadrada para un lado y para el otro! Bai, bai. Como lo oyes. Eta ondoko egunian, dije: “no. Se acabó. Pues orain egingo dut ihesi eskolatikan”. Eta egin nintzen joan. Lau urtekin».

Gazte hizkerarekin lotzen dira honelako adibideak gehienetan. Gazteen ahotik bildutakoak direla uste dut Koro Garmendiak bere entsalada berezian erakutsi zizkigunak ere, 2013ko martxoaren 18ko sarrera politean. Baina, goiko adibideen kontaketa gaietatik igarriko zenuten bezala, adin bateko hiztunenak dira gaurko honetan ekarri ditugunak, 65 urtetik gorakoenak, hain zuzen. Arduragabeko solas librean, oso antzeko jokamoldeak atzeman ditugu Iparraldeko berriemaile adintsuetan ere. Fenomeno orokorra dela, alegia, gazteena nahiz helduena, etxe barrukoa nahiz kalekoa. Orokorra, eta bere barruko lege propioak dituena.

Barkatuko didazue plaza hau propaganda egiteko erabiltzea, baina irakurleen artean inork interesik balu ere, gai honen eta beste zabalago batzuen inguruko Elkargunea antolatu dugu EHUren aurtengo Donostiako Uda Ikastaroen barruan, datorren hilerako: Elebitasuna eta hizkuntza kontaktua Euskal Herrian eta beste erkidego batzuetan. Egitaraua hemen aurkituko duzue, eta ez dago esan beharrik ere ongi etorriak izango zaretela gurean.


[1] Backus, Ad. 1996. Two in one. Bilingual Speech of Turkish Immigrants in The Netherlands. Studies in Multilingualism 1. Tilburg: Tilburg University Press.

2 Iruzkin

Irantzu Epelde atalean

2 responses to “Two in one

  1. Martin Rezola

    Pozten naiz gaia hona ekarri izanaz, Irantzu. Batez ere, gure arteko bi uste oker argitzen dituelako: kode-aldaketa gazteen hizkerako fenomenoa dela bakarrik, eta adierazkortasun faltak sortutako gertaera dela. Ez baita beti horrela.

    Saltokako joera hori, eskala batean bezala, zero gradutik ehuneko ehunera irits daiteke. Kasurik larrienean (euskararen ikuspegitik), erdarazko diskurtsoa bixi-bixi doa, euskarazko makulu gero eta bakanago batzuz ziprintinduta. Eta egia da diozuna: kode ez-markatua izatera iristen da askotan, ez bakarrik esamolde berezien premia dagoenean edo subjuntibo bihurriak esan beharra sortzen denean.

  2. Erramun Gerrikagoitia

    Ni ere pozten naiz iracurtzearequin honaco ‘salaquetac’ zeren da ekartzea arguitara, publicora affaira realac ahal direnac constatatu. Seguru ze phenomeno hori ez dela soil gazteen artecoa baizic ze dela caracteristicoago adinduen arteria. Baita, seguruenez, aguertzen dela hori phenomenoa artean ere euscaldunac dutenac nivel expresivo ona euscaraz, asco gainera izan zirenac umetan monolingue euscaldunac dutenac orai 60 urtheac ongui iraganac.

    Baina eretchia dut ez dena horraitio heltzen izatera opinione ezen horiotan personotan duela erdarac habilezia gradu asqui handiagoa ezi euren euscarac, izan baziren ere inoiz monolingue euscaldunac. Daigun ekarri gogora ze, nola ere aguertzen du X Amuritzac, ze euscaldun guehienoc daquigu hobeto hain erdara ezi euren gueure euscara ‘propioa’.

    Phenomeno hori ez dut ikusi secula artean euscaldunac dutenac difficultateric kin erdara. Da aguertzen hori phenomenoa, esan bezala nire eretchiz, artean euscaldunac daquitenac hobequi hain erdara ezi Aitorren hizcuntza zaharra. Neure eretchiz.

    Problemeac, baldin hartzen bada problematzat, seguru, ba dituzque variable anhitz edo behintzat batzuc.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s