KalkoManiak (eta II): ‘desberdintasun’ kontzeptuaren euskarazko desagerrarazpena

Xabier Aristegieta Okiñena

Kalko okerrak liburuari buruzko bigarren (eta, asmoz, azken) iruzkin kritiko honetan, nire desadostasuna adierazi nahiko nuke diferente, distinto, diverso adjektiboen euskal ordainari buruz liburuak adierazten duen iritziari dagokionez, alde batera utzirik lan horren egiletza dela-eta ustekabean sortu den nahaste-borraste xelebrea –eta liburuaren sarreran «egile nagusi»ari buruz egiten den aipamen garbia–.

Zehazki, Erdaraz izenaren aurretik doazen adjektiboen euskal ordainak izeneko atalean lantzen da gaia (31. orrialdetik aurrera, oro har, eta 35.etik 39.era bitarte, aipatu ditudan adjektiboei dagokienez).

Lehenbizi, liburuaren ikusmoldea laburbilduko dut eta, jarraian, nire desadostasuna oinarritzen duten arrazoiak azalduko.

Liburuak gaztelaniazko diferentes adjektibo pluralaren hiru erabilera bereizten ditu («gaztelaniatik datorkigunez gehienbat uholdea», dio):

  1. Kokagune «normala» (izenaren atzetik). Adibidez: Son casas diferentes –> Etxe desberdinak dira. Liburuaren arabera, bakar-bakarrik tankera honetakoak dira euskaraz desberdin/ezberdin erabiliz itzultzekoak.
  2. Kokagune «berezia» (izenaren aurretik), izen-sintagma mugagabearekin («mugagabe absolutua, zenbatzailerik-edo gabea»). Alegia, artikulurik gabe. Adibidez: Diferentes casas, diversos autores, diferentes actividades. Horiek euskaratzeko ezberdin/desberdin erabiltzea kalko okertzat jotzen da. Liburuak dio kalkoa saihesteko ez dagoela formula automatikorik ematerik: batzuetan, euskarazko «kuantifikatzaile arrunt» bat erabili beharko da, hala nola zenbait, hainbat, bai eta bat baino gehiago, hiruzpalau… Beste batzuetan, «esaldi osoa beste ikuspuntu batetik ematea izango da egokiena, zenbatzailerik ere gabe». Beste irtenbide batzuk ere aipatzen ditu.
  3. Kokagune «berezia» (izenaren aurretik), izen-sintagma mugatuarekin (alegia, los edo las artikuluekin). Adibidez: Las diferentes (distintas, diversas) lecciones, los diversos espacios publicitarios. Kasu honetan ere, kalko okerra omen da euskaraz ezberdin/desberdin erabiltzea, eta, kasurik gehienetarako, liburuak proposatzen duena da «batere ez markatzea». Adibidez: *Animalien eta landareen elikatzeko modu desberdinak –> Animalien eta landareen elikatzeko moduak.

Honaino laburpena. Ez dut uste muntazko ezer jaso gabe utzi dudanik, baina, badaezpada ere, nahi duenak zuzenean kontsulta ditzake liburuko orrialde jadanik aipatuak.

Garrantzitsua: euskarazko desberdin/ezberdin adjektiboen erabilera hori ez du Kalko okerrak liburuak soilik gaitzesten, edo mesfidantzaz ikusten. Hona zer dioen Euskaltzaindiaren Hiztegiak (2012), ezberdin sarrerapean:

«Oharra: udaleko alderdi politiko ezberdinak eta kideko esapideen lekuan, Euskaltzaindiak udaleko alderdi politikoak eta kidekoak erabiltzea gomendatzen du».

Gertatzen dena da ohar horren ulermenerako problematikoa dela «kideko» horrekin zehazki zer esan nahi den asmatzea. Ez dakigu Kalko okerraken egiten den sailkapenaren ildotik doan ala ez. Bestalde, azpimarratzekoa da Euskaltzaindiak ezberdinen erabileraren ordezkoa gomendatu besterik ez duela egiten.

Azaldutako guztitik ondorioztatzen da ezen, Kalko okerraken eta Euskaltzaindiaren aburuz, gaztelaniazko diferentes/distintos/diversos adjektiboek ‘desberdintasun’ esanahia adierazten dutela izenaren ondoren doazenean soilik (coches diferentes, leyes distintas), baina izenaren aurreko posiziora pasatzen direnean haien esanahia aldatu egiten dela (diversas leyes  –> zenbait lege, las distintas administraciones  –>  administrazioak, administrazio guztiak). Posizio-aldaketari loturiko esanahi-aldaketa garbia litzateke, eta hortik dator, pentsatzen dut, Kalko okerrakeko gomendio biribila: posizioa izenaren aurrera aldatzearekin, ‘desberdin’ esanahia galdu egiten da, eta horregatik ezin da euskaraz horrela eman.

Horri buruz, honako hau pentsatzen dut:

1.- Zenbait kasutan, egia da gaztelaniaz posizio-aldaketarekin ‘desberdintasun’ esanahiaren zurbiltze bat gertatzen dela («esanahi-galera erabatekoa» esatea askotxo iruditzen zait). Adibidez: los alcaldes de las diferentes localidades, representantes de las distintas facultades… Baina ez beti. Areago: ezta gehienetan ere, esango nuke. Horregatik, eta betiere nire ustez, Kalko okerrakek izenaren aurreko posiziorako egiten duen proposamenak on baino kalte gehiago egiten du, maizago eramaten duelako itzulpen-akatsa egitera, asmatzera baino.

Ezen inola ere pentsa al daiteke ondoko adibideotan (iturri… zera, desberdinetatik, atereak) ‘desberdintasun’ esanahia galdu denik?

  • Altura regulable según las distintas necesidades
  • Diferentes representaciones pictóricas de la torre de Babel
  • No es conveniente mezclar desde el punto de vista legal las situaciones de carencia puramente coyuntural de ingresos con las distintas problemáticas de la exclusión social
  • La experiencia de un grupo de víctimas de diferentes expresiones violentas
  • Merkel y Sarkozy se reunirán en París mañana para perfilar las distintas propuestas de reforma del Tratado, que implican una refundación de la Unión Monetaria
  • Tenemos que decidir qué estructuras le vamos a dar a la UE, cuando los diferentes países que la integran buscan distintos tipos de integración
  • La ingente experiencia institucional disponible en muchos países y diferentes contextos económicos y sociales
  • Nos encargamos de satisfacer las diferentes necesidades de los miembros de la familia
  • En arte llámase así la obra que combina elementos de distintos estilos.
  • El Parlamento de Navarra insta al Gobierno de Navarra a propiciar el encuentro entre las diversas corrientes historiográficas existentes…
  • Supo distinguir las diferentes circunstancias en las que se encontraban los académicos ante esta votación
  • El propósito de dar una muestra razonablemente amplia de nuestra tradición literaria ha tenido notables repercusiones a la hora de establecer las distintas acepciones dentro de un artículo

Kalko okerrak esaten ari zaiguna da esaldi horiek euskaratzerakoan jatorrizko testuan ‘desberdintasun’ gisa esplizitatzen zaigunari propio ezikusiarena egin behar diogula, «batere ez markatuz». Edo jatorrizko testuan adierazten zaigun nolakotasun bat, «kuantifikatzaile arrunt bat» tarteko, euskarazkoan zenbatekotasun bihurtu behar dugula.

2.- Utz dezagun orain alde batera gaztelaniaz posizioaren araberako esanahi-aldaketa hori gertatzearen hipotesia. Zer gertatzen da gure inguruko hizkuntzetan? Hona adibide-sorta murritz bat:

  • Alemanez, adibide dugu Friedrich Schleiermacher-en lan famatua, Ueber die verschiedenen Methoden des Uebersezens (garai hartako ortografiaz idatzia)
  • Italieraz: Le diverse religioni, le diverse fonti di energia, le diverse forme di governo
  • Ingelesez: Which are the different options for the mobility of doctorates?, The Different Forms of Flowers on Plants of the Same Species (Charles Darwin-en liburu bat)

Ez dakit ondorioztatu behar ote dugun aipaturiko hizkuntzetan (eta gehiagotan) ere kasuan kasuko adjektiboak bere ‘desberdintasun’ esanahia galdu duela. Eta, horrela balitz, galde genezake ea zergatik euskaraz ere ezin diegun utzi desberdin/ezberdini beren esanahia aldatzen.

Edo, agian, ondorioztatu beharko dugu adjektibo horiek beren ‘desberdin’ esanahiari eusten diotela. Eta, horrela balitz, galde genezake ea zergatik euskaraz ere ezin zaion eutsi.

3.- Nire ustez, eta gorago esan dudan bezala, ‘desberdintasun’ esanahiari eutsi egiten zaio ia beti (baita gaztelaniaz ere; baita, neurri txikiagoan, kasurik esanahigabetuenetan ere: bestela, zergatik ez du kasuko hiztunak todos/as, varios/as edo euskararako proposaturiko alternatiba horietako bat erabili, eskueran izanda?). Emandako adibideez gain, honako argudio hauek ere kontuan hartu beharrekoak iruditzen zaizkit:

3.1. Gaztelaniaz diferentes izenaren aurretik doanean ere, graduatua ager dakiguke. Eta egia balitz artikulua+diferentes+izena = todos/as+izena dela, graduatze horrek ez luke zentzurik izango, todos/asek ez baitu graduatzerik onartzen; ez indartze aldera eta ez ahultze aldera:

  • …cuando convenga, no por motivos de ordenación territorial, sino por los más diversos motivos…:
  • la autonomía como un principio dispositivo susceptible de muy diversas concreciones
  • la mayoría de los diferentes servicios que prestamos (eta beste hizkuntza batzuetan ere: most of the different / La plupart des differentes…)

3.2. Beste batzuetan, argi gelditzen da nolakotasunaren adjektiboak horixe, nolakotasuna, adierazten duela, eta ez zenbatekoa. Zergatik? Bada, kuantifikatzailea ere esaldian txertatuta ageri delako:

  • ikusi duguna da aztertu diren zerbitzu ezberdin guztietan erabat aleatorioa dela euskara eta gazteleraren arteko portzentajeen afera (Nafarroako Parlamentuko parlamentari bati entzuna)
  • culture is an independent force and deserves to be treated as central to the many and varied areas sociologists have traditionally studied

3.3. Azken gogoeta modura, honako galdera hau egin genezake: posizioaren araberako erabateko esanahi-aldaketaren teoria horri heltzen badiogu, zerk eragotziko digu esanahi-aldaketa horixe bera baieztatzea honako kasu hauetan?

  • The many deaths and atrocities associated with the Spanish Civil War
  • La politica fiscal de los numerosos gobiernos conservadores
  • Los correspondientes/oportunos permisos

4.- Luze atera zaidan artikulu hau laburbilduz: nire iritziz, zeharo zuzena da gaztelaniazko diferentes/distintos/diversos adjektiboak desberdin/ezberdin erabiliz euskaratzea, baita gaztelaniaz izenaren aurrean agertzen direnean ere. Zeharo zuzena eta, gehienetan, zuzenena.

20 Iruzkin

Xabier Aristegieta atalean

20 responses to “KalkoManiak (eta II): ‘desberdintasun’ kontzeptuaren euskarazko desagerrarazpena

  1. Alfontso Mujika

    Planteatzen den zalantza interesgarria da. Nolanahi ere, idazkian agertzen diren adibide batzuen jatortasuna edo zuzentasuna (errealak direla ez dut zalantzan jartzen) zalantzagarria gertatzen zait. Adibidez, nire gaztelanian (iritzi subjektiboa, beraz), “la mayoría de los diferentes servicios que prestamos” esaldia ustela da; hau da, “la mayoría de los servicios que prestamos” esan nahi du, eta ez besterik. Baina baliteke ni oker egotea, jakina.

    Gaztelaniaz, adjektiboaren posizioak kategoria-aldaketak eragin ditzakeela, eta, batzuetan, argi eta garbi eragiten dituela, dena den, ez da zalantzagarria. Egia frogatua da. Zenbaitetan, izenaren ondoan doazela, adjektibo kalifikatzaileak dira; izenaren aurretik doazela, berriz, determinatzaileak edo zenbatzaileak dira. Eta hor sartzen da, bete-betean, “diferente“ adjektiboa: “acepciones diferentes” (“no iguales”) batetik, eta “diferentes acepciones” bestetik (“varias”).

    Era horretako gehiago ere badira: “semejante, cierto, determinado…” (improperios semejantes [similares] / semejantes improperios [tales]; esperanza cierta [segura] / cierta esperanza [alguna]; cuestiones determinadas [establecidas] / determinadas cuestiones [algunas]). Hori guztia ez da nire interpretazioa: Real Academia Españolak esaten du bere gramatikan.

    Bestalde, Nafarroako parlamentari baten ahotan jarritako “ikusi duguna da aztertu diren zerbitzu ezberdin guztietan erabat aleatorioa dela euskara eta gazteleraren arteko portzentajeen afera” adibidean, ez dut inon nolakotasuna ikusten, egia esateko. “ikusi duguna da aztertu diren zerbitzu guztietan erabat aleatorioa dela…” beste interpretaziorik ez dut ikusten. Esango nuke, duela gutxi arte “desberdin” duten era horretako esaldiak ez zirela normalak. Gaur egun, berriz, gero eta gehiago ikusten/entzuten ditugu.

    Gainerako erdarei buruz, berriz, ez naiz ausartzen iritzirik ematen, nire ezjakintasunagatik. Guztiarekin ere, ingelesean bada bereizketa bat. Ingelesez, gaztelaniaz ez bezala, adjektiboaren posizioa aldagaitza da. Baina “different” adjektiboak adiera bat baino gehiago ditu:

    Adibidez, “different age groups” izen-sintagman, “different” adjektiboak “desberdinak, berdinak ez direnak” esan nahi du: “different age groups” (“adin-talde desberdinak”).

    Baina “different members of the class” izen-sintagman, “different” adjektiboak “zenbait, batzuk” esan nahi du: “different members of the class” (“klaseko kide batzuk” eta ez “klaseko kide desberdinak”).
    Hori ere ez da nire interpretazioa, Webster hiztegiarena baizik.

    Hasieran esan dudan moduan, interesgarria iruditzen zait gaia.

  2. Xabier Aristegieta

    Kaixo, Alfontso:

    Parlamentariaren hitzak ere, gainerako adibideak bezala, errealak dira, eta ez nik haren ahoan “jarritakoak”. 2011ko abenduaren 20ko Foru Araubideko Batzordearen bilkura batean esan zituen. Ez daukat adibide-asmaketan ibiltzeko beharrik batere. Nahi baduzu, esteka hauetan egiazta ditzakezu:

    • Ikus-entzunezko grabazioa kontsultatzeko, esteka honetan klik egin: http://www.parlamentodenavarra.es/47/section.aspx/viewvideo/4269 . Jarraian, Aitziber Sarasola parlamentariaren parean dagoen eskuineranzko gezitxoa sakatu, eta gutxi gorabehera 51:01 minutu-segunduetatik aurrera entzun ahalko duzu esaldia.

    • Hitzen transkripzioa, berriz, hementxe duzu: http://www.parlamentodenavarra.es/UserFiles/File/Diarios/REGF8005.pdf Control+f-rekin bilatuz, berehala aurkituko dituzu hitzak.

    Eta, nire ustez, hitz horiek badute zentzurik: “aztertu diren zerbitzu ezberdin guztietan” dioenak azpimarratu nahi du azterketa-lana dibertsifikazio-ahalegin batekin egin dela. “Liburu ezberdin pila bat erakutsi zioten, baina bat ere ez zitzaion gustatu” esaldian zer esanahi gehitzen du “ezberdin”ek? Ba, horixe bera: ez gehiago eta ez gutxiago.

    Gainera, ez ditzagun terminoak alderantzikatu: kontua ez da “ezberdin” erabiltzeak zer duen onetik. Kontua da zer duen txarretik. Nire abiapuntua, nirea behintzat, eta lehenbiziko artikuluan adierazi nuen bezala, da okertasuna frogatu behar dela, ez zuzentasuna.

    Esaten duzu ustela iruditzen zaizula “la mayoría de los diferentes servicios que prestamos” esaldia. Lehenik eta behin, gogorarazi nahi dut ez dela inola ere gaztelaniaren kasua bakarrik: proba egin dezakezu Googlen bilatuz ingelesezko most of the different+izena, frantsesezko la plupart des différent(e)s, adibidez, eta agian harrituko zara.

    Niri, “la mayoría de los diferentes servicios que prestamos” esaldia “la mayoría de los ochenta trabajadores que tiene la empresa” esaldia bezain egokia iruditzen zait. Esaldi batean ezberdintasuna aipatzen da, eta bestean, kopurua. Beste gauza bat da kasuko adjektiboak ekarpen semantiko handiagoa edo txikiagoa egitea, eta horren arabera, adjektiboa kentzeak informazio-hutsune handiagoa edo txikiagoa uztea. Egia da, eta halaxe esan dut, batzuetan “diferentes” horren esanahia gehiago zurbiltzen dela beste batzuetan baino. Baina ez dut uste niri, itzultzaile bezala, dagokidanik, euroaren hasierako garaietan egin ohi genuen bezala, “redondeo”ak egiten ibiltzea, eta jatorrizko testuaren egileak esaldi batean on iritzi dion “diferentes” bati nik txipli-txapla batean soberako iriztea eta, nolabait esateko, zaborretara botatzea.

    Pentsatzekoa da jatorrizko testuaren egileak zenbat, hainbat, guztiak, edo proposaturiko alternatiba horietakoren bat erabili nahi izan balu, berak zuzen-zuzenean erabiliko zuela, ez baitzaio bere hizkuntzan horrelako hitzik falta. Eta, hala ere, aztergai dugun kasuan “diferentes” erabili du.

    Esanahi-“zurbiltze” horri buruzko beste ohar bat. Nire ustez badago gauza bat kontuan hartu beharrekoa: “desberdin” ez da soilik “berdin”en antonimoa. “Bera”ren antonimoa ere izan daiteke. Hau da:
    – Kotxe berdinetan etorri ziren  Kotxe desberdinetan etorri ziren
    – Kotxe berean etorri ziren Kotxe desberdinetan etorri ziren.
    Esango nuke esanahi-zurbiltzea “bera”ren antonimo gisa erabiltzearekin bat etortzen dela: los diferentes representantes, las diferentes facultades.

    Baina, kasu horretan ere, gure inguruko hizkuntza guzti-guztiek egiten dutena da “desberdin” adjektiboari eutsi, eta ez, Kalko Okerrak liburuan esaten den bezala, jatorrizko testuaren egileak eskueran izanda ere baztertu egin zituen hitzak erabilaraztea: zenbait, hainbat, eta horiek guztiak.

    Ibon Sarasolaren Euskal Hiztegiak “desberdin”en erabileraren adibide interesgarri hauek ekartzen ditu, besteak beste: Bi izate desberdin ditu beregan, Jakite aski desberdinen elkarlana, Beren iritzi desberdinak bateratzeko, Herri desberdinen artean, Hizketa desberdinetakoak.

    Duela gutxi esaldi honekin topo egin nuen: La posición actual de los distintos cuerpos del sistema solar: el sol, la luna y los planetas. Desberdintasuna nahiz “desberatasuna” adierazi, nik ez dut ikusten zergatik ote litzatekeen okerra hori desberdin/ezberdin erabiliz euskaratzea.

    Beste esaldi bat: “Los distintos pareceres que se manifiestan en el seno del PP son también reflejo de algunos de los problemas que más preocupan a la sociedad”. Esaldi horretan ez da esaten iritziak asko, gutxi, zenbait, ala guztiak diren. Esaten dena da iritziak ezberdinak direla.

    Horrek gogorarazten dit Kalko Okerrakeko 38. orrialdean okertzat jotzen dela “iritzi ezberdinak daude” esaldia (!), eta horren ordez “badaude era guztietako/askotariko iritziak” erabili behar dela esaten duela. Horra, beraz: “iritzi interesgarriak daude” esan omen daiteke, baina “iritzi ezberdinak daude”, ez omen.

    “Desberdintasun” kontzeptuaren euskarazko desagerrarazpena, izenburuan adierazi dudanez.

  3. Koldo Biguri

    Atzo irakurri nuen testu batek hauxe zioen: “Somos diferentes, pero no desiguales”. Nola itzuliko dugu hori? Edo “Sí a la diferencia, no a la desigualdad”.

    • Xabier Aristegieta

      Nik “desberdintasun” eta “desparekotasun” hitzak erabiliko nituzke: “Desberdinak gara, baina ez desparekoak”.

  4. Bego Montoriok hemen agertutako arazo bera, ezta?

    https://31eskutik.com/2013/05/16/bereizkeria/

    Ez dakit zerbait aurreratu ote duen…

    Badira ‘berdinez(tasun)’ hitzaren adibide polit askoak OEHn, baina ez dirudi erraza espezialitzatzea: –Gizon guziak era berean birpiztuko ote dira? –Ez, berdiñeza txoil aundia izango da autatuen eta galduen gorputzen artean. Inza Azalp 111.

    Bestela, iruditzen zait ‘berdintasunik eza’ esanda adiera bietako bat bakarra hartzen dugula ia, eta ez nuke absurdutzat joko esaldi hau: “Desberdintasuna ez da berdintasunik eza”.

    ‘Desparekotasun’, gaur-gaurkoz, gogortxo gertatzen zait, baina ez nioke aterik itxiko ezeri. Lan batean erabili da lehenago, dirudienez.

  5. Sabiñio Madariaga

    “Duela gutxi esaldi honekin topo egin nuen: La posición actual de los distintos cuerpos del sistema solar: el sol, la luna y los planetas. Desberdintasuna nahiz “desberatasuna” adierazi, nik ez dut ikusten zergatik ote litzatekeen okerra hori desberdin/ezberdin erabiliz euskaratzea.”

    Ez dakit nola itzuli horko distintos hori; izan ere, ez dakit nola itzuli esaldia, ez dudalako ulertzen batez ere. Esaldi horrek ez du aitzakiarik, gaztelaniaz, gramatikaren aldetik; pragmatikaren aldetik, ostera, hainbat.

    • Xabier Aristegieta

      Zeintzuk lirateke?

    • Asier Larrinaga Larrazabal

      Nik «bakoitz» erabiliko nuke. EIMAren estilo-liburuan 3. kasu modura azaltzen den «diferente» adjektiboaren erabilera, nire ustez, banakatzeari dagokio askotan. Horregatik itzuliko nuke «bakoitz»-en bidez:

      La posición actual de los distintos cuerpos del sistema solar: el sol, la luna y los planetas
      Eguzki-sistemako gorputz bakoitzaren egungo posizioa: Eguzkiarena, Ilargiarena, eta planetena.

      • Xabier Aristegieta

        Nire iritziz, “bakoitz” erabiltzearen hautua oinarritzen da, aurretiazko urrats gisa, esaldi horretarako “desberdin”en gaitzespenean.
        Horrela, ba, lehenbizi ebatzi beharrekoa litzateke zergatik dagoen gaizki hor “desberdin”.
        Hortxe dago, nire ustez koxka.
        Gaztelaniazkoan “cada cuerpo del sistema solar” ager zitekeen. Baina ez dute hitz hori aukeratu. Eta gure inguruko beste hizkuntzetan ere, kasu horretarako ez dute “bakoitz”en ordezkoa erabiltzen, oro har.

  6. Sabiño Madariaga

    Zeintzuk?

    Zenbat eta zein motatakoak dira los distintos cuerpos del sistema solar?
    Badakit desberdinak direla, baina ez dakit zenbat diren. Guztiak? Batzuk? Mota jakin batetik, batzuk bai eta beste batzuk, berriz, ez?
    Zer motatakoak dira los distintos cuerpos del sistema solar? El sol = izarra; la luna = satelitea, los planetas = planetak. Eta asteroideak? Eta kometak? Eta…

    Jakina, izarra bakarra daukagu = el sol. Eta nola behar du sol horrek, letra xehez edo larriz? Eta, la lunak? Orokorra da ala Lur planetaren luna? Bakana bada, nola behar du: letra xehez edo larriz? Eta orokorra bada, zergatik ez du esan las lunas? Are, zergatik darabil luna berba satelite erabili beharrean?

    Nor da testuaren jasotzailea: Lehen Hezkuntzako neska-mutilak, edo DBH eta Batxilergokoak? Lehen Hezkuntzakoak badira, ez da egokia La posición actual de los distintos cuerpos del sistema solar; eta DBH eta Batxilergokoak badira (eta gainerako irakurleak), ez da egokia paragrafo osoa.

    Ulertu dudan? Bada, distintos horren desberdintasuna gorabehera, eta letra larri-xehe eta plural-singular kontuak alde batera utzita, uste dut ulertu dudala. Baina bakarrik uste. Ze gauza bat da zer esan nahi den ulertzea eta besterik zer esan den jakitea.

    Eta hala goaz: A esan eta B ulertu, jakinik A esan arren B esan nahi izan duela eta jakinik A esan duela ez dakielako nola esaten den B. Edo idazleari berdin diolako zer esaten duen (A), jakin dakielako oker esan arren (A) irakurleak zuzen (B) ulertuko duela.

    • Xabier Aristegieta

      Sabiño, ez dakit oso ondo ulertzen dizudan.
      Bestela esatearren: zuk egiten dituzun galdera horien tankerakoek ez dakit zergatik zamatzen duten aitzakiaz esaldi zehatz hori, eta ez, oro har, edozein esakune.

  7. Sabiño Madariaga

    Esaldi zehatz horrek zehatz zer esan nahi duen jakiteko tankera horretako galderak egin behar baditut, seinale ez den esaldi egokia eta ondo eraikia. Hau da, edozein esakuneren aurrean berben esanahiari buruzko galderak egin behar baditut oker gabiltza. Irakaskuntzan edo informazioa ematean ezin da utzi esaldi baten esanahia irakurlearen interpretaziora.
    Nire lagun batek era horretako esaldiak parodiatzeko honako hau erabiltzen du: lau ebangelistak hiru ziren: San Lucas eta San Mateo. Esaldia zuzena da, baina ez du zentzurik eta modu berean Eguzki-sistemako gorputzen posizioaz diharduen esaldi horrek ere ez du zentzurik, zientziaren ikuspegitik behintzat. Hizkuntzarenetik again bai.

    • Xabier Aristegieta

      Eta, adibidez, “nire aitak auto gorria erosi du” esaldia ere desegokitzat joko zenuke, aipatu duzun ikuspegitik?

  8. Sabiño Madariaga

    Ez. Kontua beste bat da

    Autoa esaten badidate badakit ez didatela motoa esaten, ezta bizikleta ere. Eroslea aita bada, ez da ama ezta amuma ere. Eta gainera, aita izateaz gain, nirea bada, ez da zurea izango, seguruenik. Eta sekula ez dut pentsatuko saldu egin duenik, erosi egin duela esaten zaidalako.

    Galdetu dezaket ea zergatik erosi duen, edo ea zergatik erosi duen gorria, eta ez, berdea. Galdera asko egin ahal dizkiot neure buruari baina esaldiaren esanahia bakarra eta zehatza da, ez dago zalantzarik esaten duenaz eta esan nahi duenaz. Berdea erosi duela eta hori esanda esataria gezurretan ari dela… bada hori haren kontua da, ez nirea.

    Baina gure ditxosozko esaldian ez da hori gertatzen, los dichosos cuerpos del sistema solar ez direlako el sol, la luna y los planetas. Bi puntuak jarrita idazleak ostekoa aurreko esanaren zehaztapena dela iragartzen du; baina ez da halakorik gertatzen gauza bi diferente esaten dituztelako bi puntuen aurreko esapideak (orokorra) eta bi puntuen osteko esapideak (zehatu egiten duena). Beraz, esaldi horrek huts egiten du oinarri-oinarrian: zalantzan uzten du irakurlea, denak behar zutenak denak ez direlako. Hori bai, argi dago denak behar zuten horiek diferenteak direla haien artean.

    Ez dakit neure burua azaltzen dudan: ikusten dudanez zuk eta biok diferente ulertzen dugu esaldia.

    • Xabier Aristegieta

      Eguzki-sistemari buruzko esaldi horretatik interesatzen zitzaidan gauza bakarra “distintos” adjektiboaren esanahia zen. Hortik aurrera, autoreak zeri deitzen dion “cuerpos del sistema solar” eta zeri ez, edo izendapen horretatik kanpo uzten ote dituen berez barruan egon beharko liratekeenak, hori nirea ez den beste eztabaida ben gaia dela esango nuke.

  9. Xabier Aristegieta

    Eztabaida “baten” gaia, idatzi nahi nuen.

  10. Sabiñio Madariaga

    Egia da, horixe da kontua: zer esanahi duen “distintos” adjektiboak. Eta distintos horrek ez duenez gauza bera adierazten “de los distintos” eta “de distintos” esapideetan; eta, gure kasuan, atzeak erakusten duenez aurreak nola dantzatu behar zuen, bada taket: esaldia ez da zuzena.

  11. Xabier Aristegieta

    Eta nola “zuzenduko” zenuke?

  12. Sabiñio Madariaga

    Testu bat zuzentzeko jakin egin behar da zer esan nahi duen delako testuori idatzi duenak. Nik ez dakit zer esan nahi duen dagokigun testua idatzi duenak; beraz ezin dut zuzendu.
    Beste kontu bat da guztiok modu berean dekodifikatzea: halakoak gertatzen dira irakurleak listoak direlako, ez idazleak esaldi egokia paratu duelako.

  13. Xabier Aristegieta

    Sabiño,
    Lehenik eta behin: taketak, ondo jakingo duzunez, pisu deusezekoak dira eztabaida bateko arrazoiketa gisa.
    Eta bigarrenik, eta oso labur: zuk planteatzen duzun ikuspegitik, edozein esaldi da okerra.
    Zuk esaten zenuen: “Zenbat eta zein motatakoak dira los distintos cuerpos del sistema solar?
    Badakit desberdinak direla, baina ez dakit zenbat diren. Guztiak? Batzuk? Mota jakin batetik, batzuk bai eta beste batzuk, berriz, ez?”
    Jakina, ikuspegi horretatik, “nire aitak auto gorria erosi du”ri buruz galde liteke: “Zer nolako gorria? Tomatearen gorria? Marrubiarena? Gorri fosforitoa? Nolako autoa? Monobolumena? Coupé-a? Familiarra? Erosi, nola? Eskudirutan pagatuz? Kreditu-txartel bidez? Kontzesionarioan? Bigarren eskukoa, partikular bati?”
    Argi dago eztabaida hori ez dela nire eztabaida.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s