Itzulpenaren gizartea

Koldo Biguri Otxoa de Eribe

Aspaldi esana dago gaur egungo mundu globalizatuan «itzulpenaren gizartea» delakoan bizi garela, hiztunek jasotzen ditugun informazio asko eta askoren iturrian itzulpena dagoelako; eta hori, gure kasuan, hala da bai gaztelaniari, bai euskarari ere bagagozkie. Aldea, seguru aski, proportzioan dagoke: euskararen kasuan –aspaldi esana dago hau ere–, proportzio handiagoan jasotzen ditugu hizkuntz-input itzuliak, hainbesteraino ere non –hau ere lehendik esana dago, barka originaltasunik eza– itzulpena baita euskararen normalizazioaren zutabe nagusienetako bat, nahiz eta ez, inola ere, aitortuenetakoa.

Hori berez ona ote den, txarra ote den, iritzi asko daude, baina esango nuke itzultzaileok, harrokeriaz agian, garbi dugula euskarazko itzulpen asko jatorrizko euskarazko (eta erdarazko) testu asko baino hobeak direla eta hobeto idatzita daudela; eta garrantzitsua iruditzen zait argudio hori ondo-ondo azpimarratzea hain zuzen ere gure gizarte euskaldunean, oraindik itzulpenak ospe txarra duelako askorentzat, bigarren mailako «euskara»tzat edo hartzen delako, eta «Mihiluzeok» oso ondo pasatzen dugulako itzulpen akatsak ehizatzen. Euskal idazleen zenbat akats-antologia ez ote litezkeen egin ahalko, horretara ere jarriz gero, ordea!

Egia da itzultzaileok (ere) akatsak egiten ditugula, akatsen kontrako borroka etengabea dela gurea, eta itzultzailerik onenetan onena ere ez dela zaurigabe irteten borrokaldi horietako bakoitzetik. Beste edonor bere alorrean bezala, ordea. Horregatik, nire ekarpen honetan ez dut itzulpen akatsei buruzko topiko erraz horretara makurtu nahi. Baina bai egin nahi dut itzulpen-akatsekin zerikusia duen aipamen bat, azterketaren objektiboa apurtxo bat zabalduz eta izenburuko euskarazko itzulpenaren gizartearen arriskuetara apuntatuz.

Izan ere, itzulpena informazio-iturri hain garrantzitsu duen gure gizarte euskaldun honetan, kezkagarriagoa iruditzen zait ez jakitea itzulitako testu mota batzuen gaineko kanpoko kontrolak ahulak ala indartsuak ote diren. Irakaskuntzaz ari naiz, bereziki, eta, ohi bezala, adibide soil batez irudiztatuko dut nire kezka hau, jakin gabe, noski, zenbateraino zabalgarri edo orokorgarri den adibide hori. Batxilergoko historia ikas-liburu batetik aterata dago; ikus dezagun adibide horretako erdarazko jatorrizkoa eta euskarazko itzulpena:

Este tipo humano fue un ancestro del neandertal (Homo sapiens neandertalensis), mucho más extendido por la Península –Cova Negra (Játiva), Bañolas (Girona), Gibraltar, El Sidrón (Asturias), etc.– y que habitó en ella entre el 230000 y el 20000 a.C. aproximadamente.

Gizaki mota hori [Homo heidelbergensis delakoaz ari da] Neanderthal gizakiaren (Homo sapiens neandertalensis) arbasoa zen. K.a. 230000. urtetik 20000. urtera bizi izan zen, gutxi gorabehera, penintsulako hainbat tokitan –Cova Negra (Játiva), Banyoles (Girona), Gibraltar, Sidrón (Asturias), etab.

Ulermena oso herdoilduta ez badaukat, esango nuke, euskarazko testuko bigarren esaldiari begiratuta, K.a. 230000. urtetik 20000. urtera bizi izan zena aurreko esaldiko subjektua («gizaki mota hori») dela, Homo heidelbergensis delakoa, alegia; eta erdarazko testuan, aldiz, neandertala izan zela, haren ondorengoa. Akatsa, aurreko blog sarrera batean Jesus Mari Agirrek zioen bezala, jatorrizko testu jarraitua euskaraz eteteagatik gertatu da; zehazkiago, jatorrizko mendeko perpaus erlatiboa itzulpenean ezabatu eta alborakuntzan jartzeagatik, subjektuak nahastuz. Ondorioa, itzulpen akatsa ez ezik, historiari edo testu-liburu hau erabiltzen duen zientziari dagokion akatsa ere bada, informazio zientifiko okerra ematen baitie liburuaren erabiltzaile diren ikasle-irakasleei.

Nire kezka da ea liburu horren euskarazko bertsioa erabili duten irakasleek ba ote duten behar diren jakintza, argitasuna eta oharmen-zorroztasuna akats horretaz konturatzeko eta, ematen dituzten eskoletan, zuzentzeko. Beldur naiz ezkorra izateko arrazoi gehiegi daudela. Eta erruaren zama itzultzaileei bakarrik ez egoztearren, beldur naiz euskaraz idatzitako testu-liburua izan balitz akats horren antzekorik ere ez ote litzatekeen berdin-berdin egongo.

Atera ahal eta nahi dudan ondorio bakarra ez da ondorio, beldur hori baizik. Literatura itzulpen bateko akatsek axola erlatiboa dutela esango nuke, kalte txikitzat hartuko nuke horiek egiten dutena: irakaskuntzarako baliatzen diren testu itzulietako akatsak larritasun handiagokoak iruditzen zaizkit, zientziaren eta didaktikaren ikuspegitik. Eta esango nuke gure gizarte euskaldun txikia ez dagoela behar bezain ondo babestuta akats horiek egin dezaketen kaltearen aurrean.

Edo, agian, adibide zoro bat baino ez da, ez da hainbesterako, azken batean dena da erlatiboa, eta nori axola dio irakaskuntzak edo zientziak gaur egun. Horra kalteetan handiena. Ez?

6 Iruzkin

Koldo Biguri atalean

6 responses to “Itzulpenaren gizartea

  1. Pruden Gartzia

    “Eta erruaren zama itzultzaileei bakarrik ez egoztearren, beldur naiz euskaraz idatzitako testu-liburua izan balitz akats horren antzekorik ere ez ote litzatekeen berdin-berdin egongo.”

    Akusazioa oso larria da, eta erabat doanekoa. Ondo ulertu badut (barka, ez naiz itzultzaile) testu bat, euskaraz egote hutsagatik, ez da fidagarria. Ederra. Eta alde batera utziko dut aurreko esaldian euskal irakasleen estupidotasun kongenitoaz eskaintzen diguzun perla dizdizaria.

    Denok ditugu egun txarrak, munduaren aurka (in toto) jo-ta-ke aritzeko aitzikia bila jartzen gaituztenak. Baina hau neurriz gainekoa iruditzen zait.

    Irakaskuntza txarto, dago, ados. Baina berdin Ebrotik behera edo Aturritik gora (susmatzen dut), eta horren arrazoia ez da irakasleak lerdoak izatea.

    Ez dakit hau lekua ote den eskolaren arazoez jarduteko. Zu ari zaren bidetik ez behintzat.

  2. Koldo

    Pruden, esan dudanaz egiten duzu interpretazioa ez da nik egiten dudana edo egin nahi nuena: euskal irakasleen estupidotasuna zure “perla” da, ez nirea. Nik bakarrik esan dut euskal irakasleek erabiltzen dituzten testu-liburuez fidatu egingo direla, eta bertan akatsik egonez gero, nahiko zaila gertatuko zaiela horietako batzuk (asko? Gutxi?) harrapatzea, adibidekoa kasu, nire ustez behintzat. Itzulpena normalizazio tresna nagusi duen gizarte batean bizitzearen arazoetako batez aritu naiz nire testua, eta ez, zuk oso azterketa azaleko eta okerra eginda diozun bezala, inoren kontrakoa.
    Eta diot euskaraz idatzitako liburuetan ere antzeko akatsik egon litekeela, hain zuzen ere ez dagoelako euskaraz sortutako testu-liburu “puru”rik, beti erabiliko baita itzulpena edo itzulpen moduko zerbait beste hizkuntza batean ekoitzitako jakintza zientifikoa gureratzeko, itzulpenak dituen arazo, arrisku eta, noski, akatsekin. Nondik atera duzu testu bat euskaraz egote hutsagatik fidagarria ez dela esaten dudala?
    Hobeto uler dezazun, eta itzultzailea ez zarenez, itzultzaileen defentsa egin nahi nuen, hain zuzen ere: oso dibertigarria izaten delako hain zuzen ere itzulpen akatsak bilatzen ibiltzea; beste inork akatsik egingo ez balu bezala. Baita euskal idazleek ere. Ala ez? Eta horregatik ez zaie idazleei akats horiengatik ezer aurpegiratzen.
    Eta bukatzeko, esaten nuen itzultzaileok egiten ditugun akatsetan, testu-liburu batean larriagoak iruditzen zaizkidala esaten nuen, ondorio didaktikoak izan ditzaketelako; hori ez dut uste gertatzen denik beste alor batzuetako itzulpen akatsekin.

    Hara, hurrengo batean, deskafeinatua gosaldu: itzulpen akatsei buruzko gogoeta egin baitut, eta ez zuk egin duzun interpretazio okerra. Denok egiten baititugu akatsak. Ala ez?

    • Pruden Gartzia

      Bai, Koldo, denok egiten ditugu akatsak. Adibidez neuk beroaldi batean idaztea, kontua bi aldiz begiratu gabe. Tonuagatik, gutxienez, barkazioa eskatzen dizut, bihotzez.

      Baina mezua? Ez, ez nauzu guztiz konbentzitu.

      Egia da (aitor dut) nabarmena dela ez dela zure asmoa izan inor iraintzea (hori nire gaizkiulertua baino ez da izan), baina egia da nire (nire ustez behintzat), itzulpengintzaz egiten duzun defentsa sobera lerratzen dela erasora, aski indiskriminatua gainera. Baina bego hori hor, niregatik behintzat.

      Zeren nire balorazio pertsonal hori alde batera utzirik, uste dut bai zuretzat bai niretzat interesgarriagoa izan daitkeela itzulpengintzak gure gizartean betetzen duen paperaz hausnartzea (eta polemizatzea beharrezkoa izanez gero, baina beste tonu batean, jakina).

      Eta ildo horretan uste dut argi eta garbi esan behar dela itzulpengintzak toki handiegia betetzen duela; jende askorentzat, gainera, Harry Potterren makilaren moduko bat da, euskararen normaltasun ezak gure gizarteari paratzen dizkion mila eta bat arazo abrakadabra batekin konpontzeko soluzio miragarria. Administrazioan bereziki, eta hezkuntza sisteman ere biziki nabarmen: arazorik?, bada, gaztelaniatik itzuli eta kitto. Oso tristea da.

      Eta itzultzailea morroi esaneko edo neskame apal gisa tratatzen denez gero, de facto, bada, hurrengo maila, beraien akatsez barre egitea da. Normala da itzultzaileak kabreatzea, oso normala. Bistan da gure gizarte honean duten (duzuen) estatusa oso bitxia dela: konpontzaile unibertsala batetik, baina zulo-tapatzaile hutsa bestetik, zeinaren lana ez den batere errespetatzen. Karikaturizatzen ari naiz, agian, baina esango nuke kasu askotan hori dela gertatzen dena.

      Beste modu batean esango dut: euskaldunok gutxiegi produzitzen dugu itzulpengintzarekin oreka osasuntsu bati eutsi ahal izan diezaiogun. Berriz diot, hori Administrazioan eskandalu hutsa da (izan beharko luke), eta irakaskuntzan, tira, kezkagarria esanda konformatuko naiz.

      Gehiegi luzatu naiz. Ideia solte eta nahastu batzuk jaulki ditut, oraingoan ere gehiegi begiratu gabe zertan ari nintzen. Espero dut oraingoan tonu egokiago bati eutsi izana.

      • Koldo Biguri

        Bai, Pruden. Ondo erantzun ere; gutxi gorabehera, nik esan nahi nuena. Bertsolarien antzera, gaizki esanak…

      • Koldo Biguri

        A, eta idazleen okerren antologiarako, asko miresten dudan idazle eta pertsona batena: etxeko altzariak ipini beharrean, etxeko altzairuak. Anjel Lertxundi. Homero ere lo geratzen baita tarteka…

  3. Iñaki Iñurrieta

    «Akatsa (…) jatorrizko testu jarraitua euskaraz eteteagatik gertatu da; zehazkiago, jatorrizko mendeko perpaus erlatiboa itzulpenean ezabatu eta alborakuntzan jartzeagatik, subjektuak nahastuz», dio Koldok.
    Niri iruditzen zait alderantziz dela kontua: jatorrizko testua oker ulertzeagatik eten duela itzultzaileak testua, pentsatuz “mucho más extendido” eta “que habitó”ren antezedentea “un ancestro del Neanderthal” zela, eta ez “Neanderthal” bera. Eta ulertu, pasarte hori besterik ez irakurrita bederen, uler daiteke horrela ere, gramatika aldetik ez litzateke okerra.
    Alegia, errua ez dela sintaxi etenarena edo erlatiboa saihestu nahi izatearena.
    Errua beste nonbait dago: ez jakitean Heidelbergensis gizakia K.a. 600.000-250.000 tartean bizi izan zela, eta ez K.a. 230.000-20.000 artean. Baina horrelako disparateak, apustu egingo nuke, ez bakarrik itzultzaileek: idazle, kazetari, kritikari, legelari, tertuliano, parroko, apezpiku, epaile, notario, euskaltzain, idazkari nagusi, ministro, sailburu… askok eta askok ere ez lukeela erantzuten jakingo, bat-batean galdetuta.
    Oro har, bat nator Koldok dioenarekin, batez ere lehen bi paragrafoetan. Baina adibide horri dela-eta, hain puntada finak ematen hasita… Izango da egokiagorik.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s