Artxiboak hilabeteka: ekaina 2013

Kolorin-kolorau

Iñigo Aranbarri

Kolorin-kolorau, hala esan zidan alabak lehengoan utzi zizkiola azazkalak lagunari. Ulertu nion, eta esango nuke ikusi ere ikusten nuela laguntxo hori, Erromako zubia atzamarretan, pozez oihu batean, begira zer egin didan Laidak. Hala esan zion biktimaren amak, kolorin-kolorauak utzi dizkiozu eta!, eta halaxe ikasi besteak. Orain dena utzi nahi du kolorin-kolorau, eta ez da erraza edozer monokromora ekartzea gurean.

Ez zen astebete pasako, ordea, eta koloreen eskolak huts. Afaltzen ari ginen, eta gelakide bat aitatu nion, nola ikusi nuen kalean amarekin eta txakur gorri batekin eta…

–Laika ez da gorria, marroia da.

Hasi gaituk, pentsatu nuen neure artean. Jai ederra zaukaagu, eta pedagogietarako aski indarrik gabe, berehala etsi nuen. Beharbada gure aititarekin akordatu nintzelako benaz akordatu gabe, 40ko hamarkadako halako beste afari batean alabak mahai bueltan zuzentzen, ez zela laranja esaten, naranja baizik, naranja aita, eta esan gabe pentsatuta, ezjakina zer da ba gure hau! Edo arrazoi sinpleagoren bat izan zen, jakizu, beharbada Laida bera ez, baina ni leher eginda nengoelako eta asto zurira igotzeko amorratzen nengoelako. Kontua da hurrengo baterako utzi nuela abelgorriena, gorringoarena eta Patziku Perurenaren eta Joseba Sarrionandiaren armamentu atomikoa, nola da, koloreen ibiliarena euskal usadioan (burutik pasatzea ere! ume bat da!).

2009ko Sanferminak. Zezenak gizona hil du entzierroan Telefonika pare horretan. Hildakoak X du izena, eta hiltzaileak Y. Albistea ETB1eko albistegian eman zuenak nola duen ez dio ardura, urteak daramatza ofizioan. Herdoilik gabe ateratzen zaio hizkuntza kamera aurrean, egoki mintzo ohi da. Eta hara:

— …Y izeneko zezen koloredun batek harrapatu duenean.

Nola ez dakidala gas teknikoren baten arima penitentea jabetu zen nitaz. Eta hala, hondamendi gunetik atzeranzko bidea egitea deliberatu nuen. Barkatu nion esplikerrari (esan dut, hiztun ona da, ez zukeen halakorik egundo idatziko), sartu nintzen erredakzioan (uda, oporrak, bekario-esklabuak, asmaezak), aurkitu nuen jatorria ustez (nola ez, erdarazko testua atzean: un toro colorado de nombre Y), eta pentsatu nuen albistea ulertzeko gaztelera dezente jakin beharra zegoela, ezin dela bestela euskaraz animalia bat koloreduna izan, ez bada alabak eta bere lagunek margotu dutelako azazkalak egitekoarekin, baina era berean gure umeak Laika txakurra marroia ikustea gorria beharrean ez dela gure begi-gaitza soilik, auzoan ere denboralea dela, antza, colorado hitzari batzuek gorri guztia kendu diotela kolorin-kolorauren bihotz eta muin izateko.

Ez dakit zer idatzi nion gas konpainiari txosten teknikoan, seguru asko colorado «koloredun» itzuli zuenak euskaraz itxuragabe, baina gazteleraz ere ez zekiela ondoegi. Baina tira, ohituta behar genukeela gure ditxozozko hizkuntza honetan, zertara datozen espantu hauek, sortzaileak huts, kontrolekoak kale, hizketan ari dena konturatu ez, eta ohartzerako halako pieza politak heltzea etxeetara, berriz ere hemen ditugun sanfermin sargoritsu eta zezen gorrizaleen gozagarri.

Iruzkin 1

Iñigo Aranbarri atalean

Garunak ikusten ez duena

Isabel Etxeberria Ramírez

Topikoak dio itzultzailea dela testu baten irakurlerik onena. Areago esango nuke nik: testu bat itzultzea eta ondoren testu horren beste hamabost edo hogei itzulpen irakurtzea da testu hori ezagutzeko modurik onena. Aurrekoan, testu itzuliak ebaluatu beharrak sortzen dituen kezkez aritu ginen. Dena ez da larritasuna izaten halakoetan, ordea. Ariketa zinez interesgarria izaten da konparatu ahal izatea zer irtenbide eman dioten arazo bati hamabost edo hogei izaki adimendunek. Ikastegi bikaina izateaz gain, norberari buruzko ustea edo iritzia apaltzeko ere balio izaten du beti.

Misterioz ukituak ere izaten dira maiz halako konparazio-saioak. Demagun: Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat (Susa, 2013) nobelaren hasiera eman zaie itzulpengintzako ikasle batzuei, euskaratik gaztelaniara itzultzeko. Testuaren bigarren esaldia, hauxe:

Ama hil zitzaidan, hiru hilabete eta erdian, obarioetako minbiziaren kausaz, hogeita hamazortzi urte nituela.

Hamasei pertsonak itzuli dute testua. Hamasei bertsio. Hamaseiren artean, bostek honela aldatu dute zenbakietako bat:

Perdí a mi madre, en tres meses y medio, por culpa de un cáncer de ovarios, cuando yo tenía dieciocho años.

A mi madre, quien falleció a tres meses y medio de descubrir que tenía un cáncer de ovarios, la perdí cuando tenía dieciocho años.

Mi madre falleció en tres meses y medio, debido a un cáncer de ovario cuando yo tenía dieciocho años.

Mi madre murió debido a un cáncer de ovarios, en el transcurso de tres meses y medio, cuando yo tenía dieciocho años.

Mi madre murió a los tres meses y medio, debido a un cáncer de ovarios, cuando yo tenía dieciocho años.

Erraza da ulertzen hutsegitearen arrazoia: hogeita eta hamazortzi osagaien artean, bigarrena bakarrik ikusi dute bost pertsonaren begiek (edo garunek?). Ohar argigarri bat: itzultzaileei eman zaien jatorrizkoaren formatuak ez ditu hogeita eta hamazortzi osagaiak lerro banatan kokatzen; aitzitik, biak ageri dira lerro berean, erdi aldera.

Beste batek, alabaina, honako hau eman du:

Mi madre murió en tres meses y medio a causa de un cáncer de ovario, cuando yo tenía veintiocho años.

Nola ulertu beste akats hori? Hiru osagairen artean (hogeita, hama(r), zortzi), erdikoa huts egin du beharbada, eta bi muturretakoak gorde?

Kontuak ez du aparteko garrantzirik, jakina, baina ezin da ukatu kopuruak baduela pisurik: 16 bertsiotatik 6tan egin zen akatsen bat zenbaki hori zela eta. Eta beste bitxikeria bat: testuko aurreko esaldian (nobelako lehena, eta ikasleek begien aurrean zuten testu zatiko lehena ere bai) beste zenbaki bat ageri zen, eta hartan inork  ez zuen hanka-sartzerik egin:

Begi bat galdu nuen, ezkerrekoa, hamahiru urte nituenean.

Hamasei itzulpenetatik hamaseiek eman zuten trece. Lehen esaldia zelako, ziurrenik, neurri batean; eta idazkeran osagai bakarreko unitatea delako ere bai, agian?

Harkaitz Canoren Twist (Susa, 2011) nobelako beste pasarte batek ere eman zituen datu esanguratsuak:

…zinpeko guardak furgoi blindatuetan bakarrik ezagutzen ditugu oraindik, film noiretako glamurra iradokitzen dute eta ez hogeita bost urte geroagoko erruki mileurista.

Oraingoan, hamaseitik lauk baino ez zuten aldatu zenbakia. Laurden batek.

…sugieren el glamour del film noir, y no la compasión mileurista de veinte años más tarde.

…evocan el glamour del film noir y no la lástima mileurista de veinte años más tarde.

…preven el glamur de los film noire pero no la compasión mileurista de dentro de cinco años.

…sugieren el glamur de los film noir y no la lástima mileurista que los rodeará quince años más tarde.

Lehen hiru hutsegiteak berriro ere esplika litezke esanez zenbakia osatzen duten bi osagaietako bat gailendu dela itzultzailearen begietara: hogei lehen bi adibideetan, bost hirugarrenean. Eta laugarren bertsioa? Zer informazio mota prozesatu du itzultzaile horren garunak 25 > 15 egiteko? Ez dirudi arrazoi grafiko batez azal litekeenik lapsusa. Zer da, beraz, itzultzaile horren neuronetan harrapaturik geratu den informazioa? Itzuli beharreko zenbakia bosten multiplo bat dela, eta zenbaki baxu samarra, adibidez?

Utz ditzagun zenbakiak alde batera, eta gogoeta egin dezagun aditzondoen izaeraz eta garrantziaz. Zein tasun da nabarmenagoa, esanguratsuagoa, garrantzitsuagoa… objektu batean: borobila izatea ala leuna izatea? Zer eragin du izenondoen arteko ordenak haien ikusgaitasunean? Ikus dezagun. Oraingoan Joseba Sarrionandiaren «Gutunak» ipuinak emango digu erantzuna:

…eta une horietan nik luma estilografikoaren punta orritik altxatu, beste punta borobil leuna ahora sartu, eta…

Itzultzaileak, berriro ere, hamasei. Hamasei bertsioen artean, hauxe:

…y en esos instantes yo separé la punta de la pluma de la hoja, metí la otra punta redondeada en la boca, y…

…y en ese momento levanté la punta de la pluma estilográfica de la hoja, me llevé la otra punta redonda a la boca, y…

…y en ese momento levanté la punta de la pluma estilográfica del papel, me metí en la boca la otra punta redondeada y…

…y en esos instantes levanté la punta de la pluma estilográfica de la hoja, introduje la otra punta redonda en mi boca, y…

…y en esos instantes (…) retirando de la hoja la punta de la pluma estilográfica y metiendo la otra punta suave a la boca.

Zergatik ahaztu dute lau pertsonak leun izenondoa, eta zergatik batek borobil? Adierazten al digute adibide horiek ezer izenondo batzuen eta besteen izaeraz, garrantziaz, kategoriaz…?

Artikulutxo honen hasieran ohartarazi behar zintuztedan, eta ez orain: ni ez naiz neurohizkuntzalaritzan aditua, inondik inora. Honelakoak aztertuta eta frogatuta egongo dira jadanik, beharbada. Hala bada, divertimento gisa balioko ahal dio testu honek inori sikiera…

Iruzkin 1

Isabel Etxeberria atalean

Chelsea Hotela

Juan Luis Zabala

Bestelako kontu, ohar edo komentariorik bururatu ez, eta blog honetara Leonard Cohenen Chelsea Hotel kantu ezagunaren hitzen itzulpena ekartzea bururatu zait, ea zer irizten diozuen.

Jakina denez, Janis Joplini zuzentzen zaio kantuaren hitzetan Cohen, New Yorkeko Chelsea Hotelean elkarrekin emandako gaua gogoan. Hala dio behintzat kondairak.

Leonard Cohen eta Janis Joplin euskaraz hizketan irudikatzean, elkarri hika hitz egiten sumatu ditut.

Chelsea Hotela

Ondo oroitzen haut Chelsea Hotelean,
gogor eta gozo hitz egiten huen
burukadak emanez ohe deseginean
kalean limusinak zain ziren artean.

Haiek zitunan arrazoiak eta hura zunan New York.
diruaren eta haragiaren atzetik genbiltzanan.
Eta hori zunan maitasuna kantuaren langileentzat
eta oraindik ere hala izango dun han direnentzat.

A, baina hi joan egin hintzen, ezta, txiki?
Jendeari bizkarra eman eta joan egin hintzen,
Behin ere ez hindudan entzun esaten:
behar haut, ez haut behar,
behar haut, ez haut behar,
eta musika hura guztia soinu egiten.

Ondo oroitzen haut Chelsea Hotelean,
ospetsua hintzen, hire bihotza kondaira bat.
Goapoak nahiago hituela esan hidan berriz,
baina nirekin salbuespena egingo huela.

Eta ukabila itxiz gu bezala
edertasunaren formek zapalduta gauzkatenon alde,
heure buruari begira esan huen: “Axolarik ez dik
gu zatarrak izateak, musika zaukaagu”.

Eta orduan joan egin hintzen, ezta, txiki?
Jendeari bizkarra eman eta joan egin hintzen,
Behin ere ez hindudan entzun esaten:
behar haut, ez haut behar,
behar haut, ez haut behar,
eta musika hura guztia soinu egiten.

Ez dinat iradoki nahi ni naizenik ondoen maite hinduena,
ezin dinat txantxangorri erori bakoitzaren berri jaso.
Ondo oroitzen haut Chelsea Hotelean,
horixe dun dena, ez haut sarri izaten gogoan.

* * *

Chelsea Hotel

I remember you well in the Chelsea Hotel,
you were talking so brave and so sweet,
giving me head on the unmade bed,
while the limousines wait in the street.

Those were the reasons and that was New York,
we were running for the money and the flesh.
And that was called love for the workers in song
probably still is for those of them left.

Ah but you got away, didn’t you babe,
you just turned your back on the crowd,
you got away, I never once heard you say,
I need you, I don’t need you,
I need you, I don’t need you
and all of that jiving around.

I remember you well in the Chelsea Hotel
you were famous, your heart was a legend.
You told me again you preferred handsome men
but for me you would make an exception.

And clenching your fist for the ones like us
who are oppressed by the figures of beauty,
you fixed yourself, you said, “Well never mind,
we are ugly but we have the music”.

And then you got away, didn’t you babe,
you just turned your back on the crowd,
you got away, I never once heard you say,
I need you, I don’t need you,
I need you, I don’t need you
and all of that jiving around.

I don’t mean to suggest that I loved you the best,
I can’t keep track of each fallen robin.
I remember you well in the Chelsea Hotel,
that’s all, I don’t even think of you that often.

4 Iruzkin

Juan Luis Zabala atalean

Bide barrijak (II)

Gotzon Egia Goienetxea

Itzulpengintzaren bide berrietan aurrera egiteko aukerak aipatu nituen izen bereko aurreko atal batean, itzultzaileak, hizkuntzalariak eta ingeniariak biltzen direnean itzulpengintzari bideak errazteko xedera.

Eztabaidara ekarri nahi nituzke, oraingoan, itzultzaileon eta teknologiaren arteko harreman terminologikoak eta, orobat, itzultzaileok horren aurrean erakusten ditugun jarrerak. Gauzak nola izendatzen diren garrantzizkoa dela ongi daki itzultzaileak, beste inork baino hobeto, agian; izendapenak arbitrarioak izaten baitira gehienetan, oso gutxitan neutroak.

Har dezagun itzulpen automatikoa. Izendapen horren barruan ulertu izan dugu, XX. mendearen erdiaz geroztik:

Definizio bat: «iturburu-hizkuntzako testu batetik abiatuta helburu-hizkuntzako testu (ia) baliokide bat lortzea makina bat erabilita», Wikipediak Itzulpengintza automatikoa sarreran ematen duena hitzez hitz hartuta. Artikulu landua da, esan nahi dut ez dela Wikipediaren labur beharrez horietako bat. Ez bakarrik da artikulu landu bat, baizik ere Wikipediako kategoria oso bat.

Izendapen labaingarria, itzulpen eta automatiko horrela, besterik gabe, lotzea. Iruditzen zait ilusio bat gizentzen duela, itzulpengintza balitz bezala mekanismo automatizagarri bat. Izan ere, itzulpen automatikoa baldin badago, itzulpenak (oraingoz, ez dio axola nolako itzulpenak diren) automatikoki egin badaitezke, baldintzatik derrigortasunera hurbil da urratsa: itzulpenak ez bakarrik egin daitezke, baizik egin behar dira automatikoki. Labur, itzulpenak automatikoki egiten dira, horrela, subjektu inpertsonal batez. Itzultzaile orok dakienean, aldiz, itzulpen eta automatiko direla oximoron handi bat: baldin bada itzulpen, ez da automatiko; eta, alderantziz, automatiko bada, ez da itzulpen.

Ingelesez begiratzen badugu Wikipediaren artikulua, Machine translation aurkitzen dugu. Makinak egindako itzulpena: lilura baten ispilua berriro, iraultza industrialetik zainetaraino errotua dugun miresmen bat, makinak ez baitu huts egiten. Behar da, bakarrik, makina ongi eratua eta doitua izatea. Hori lortuz gero, makinak ez du behin ere kale egiten; itzultzaileak bai, makinak ez.

Horrela, itzulpengintza lotzen badugu, ñabardura gabe, makinaren zehaztasun automatikoarekin, elikatzen ari gara jende gehienaren ezjakintasuna gure lanbideaz. Ekuazio errazei ematen diegu bide: gizakiak egindako itzulpengintza da lan astun, luze, garesti eta eztabaidagarri bat; makinak egindako itzulpen automatikoa da gauza arin, merke (doan!) eta berehalako bat, bere inperfekzio guztiekin bada ere. Dena zaku berean, Wikipediak egiten duen moduan, Itzulpengintza automatikoa kategoriaren azpian jarrita Itzulpen memoria artikulua (hau marka, OpenMT-2 wikiproiektuaren barnean gizakien partaidetzarik gabe itzulia!) edo OmegaT ordenagailuz lagundutako itzulpen sistema. Dena aska beretik jan dezagun, gizakiaren ukiturik gabeko itzulpengintza bezala, itzultzaileari laguntzeko sortutako tresna informatikoak.

Nahasbide horrek kalte besterik ez dio egiten itzulpengintzari, bere (g)izatasuna ezkutatzearekin batera, teknologia inkamikarien sorora lerratzen baitu. Esan dezagun argi: gauza bat dira itzulpengintzaren lagungarriak, garai bateko paperezko hiztegiak bezala, ordenagailuz lagundutako itzulpen tresnak; eta beste gauza bat, ordenagailuak sortutako itzulpenak. Horrela esatea hobe, @natalykelly-k aspaldi ez dela proposatzen zuen eran. Erraz ulertzen da; zehazki esaten da ordenagailu batek sortu duela itzulpena, ez gizakiak; ordenagailuak sortu egiten du, prozesu konplexu bat behar du, ez dago automatismorik. Oharpen itxura du esaldiak, esaten ariko bagina bezala: «erne, itzulpen hori ordenagailu batek sortu du, ez itzultzaile batek».

3 Iruzkin

Gotzon Egia atalean

Epeak

Patxi Petrirena Altzuguren

Dena hain antolatua eta denbora hain neurtua dugun garaiotan, epeak ditugu noiznahi hizpide eta betebehar:  epe labur, ertain eta luzerako helburuak, dena delakoa egiteko horrenbesteko epea… Niri ere iritsi zait epea (epe hau), nonbait, luzamendutan ibili ondoren, eta tarte bat hartu dut hiztegietan eta testuetan barna itzuli txiki bat egiteko, epe hitza aitzakia hartuta.

Hiztegi Batuan, epe, epealdi eta epeka ditugu sarrerak. Bigarrenari buruz (epealdi), hauxe dio: «epealdi iz. Batez ere Admin. (Gehienetan aski da epe)». Neurri batean, harritzekoa iruditu zait epeka bakarrik ikustea hor, hiztegi gehienetan (Orotariko Euskal Hiztegia barne) epean eta epetan ditugularik nagusi: «Epetan erosi eta epetan saldu, tratulari eskasan jiria» (Etxba Eib). «Gero joan zen erosi berri zuten pick-up ederrera, epean erosia, bixtan da, eta ospil bat ipiñi zuen» (Mde Pr 148).

Epe jakinak adieraztean, badirudi «zenbateko epea» moldea darabilkigula nagusiki (beste aukerarik ez balitz bezala?). Baina -ko ez ezik -en ere hor dugula gogorarazten digu Zehazki hiztegiak: «en el plazo de, -en/-ko epean: en el plazo de dos días, bi egunen epean, bi eguneko epean». Gogoratzekoa da, esate baterako, «bost minutuko/tantoko aldea» ez ezik «bost minuturen/tantoren aldea» ere hor dugula, ongi errotua. Orotariko Euskal Hiztegian ere bi aukerak ageri zaizkigu epe hitzarekin: baditugu «lau urteko epea» eta «lau urteren epea».

Galdera egitean, «zenbateko epea» ez ezik, «zer epe» ere aukeran dugu. Hona adibide bat, Herria aldizkarikoa: «Zer epe eman behar litzaioke aterabide horri?» (2004-09-16). Beharbada gehiagotan gogoratu beharko genuke aukera hori, beti zenbateko baliatzen ordez.

Erantzunean ere, egiazki, ez da aukera bakarra zenbateko erabiltzea, hor baitugu zenbat ere: «Epea astebete da, izenak emoteko». (Ibaizabal, Mokoroaren lokuzio-bilduman jasoa). Ildo horretan, aurreragoko pauso bat erakusten digu Herriako beste adibide honek: «Bi egun epe eman diete frantses buruzagieri, edo bi kasetariak hilen dituztela». (Herria, 2004-09-02).

Gure administrazio-testuetan ere aurkitzen dugu epea adierazteko -ko gabeko moldea: «Horretarako epea bi hilabete da, egintza hau jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita» (Arabako Aldizkari Ofiziala, 2006-03-08).

Zenbateko erabili ordez zenbat erabiltze horrek aukera erosoagoa ematen digu, zenbaitetan, osagarriak antolatzean:

  • Diru-laguntzaren eskaera hiru hilabeteko epean aurkeztuko da, argitaratzen den datatik hasita.
  • Diru-laguntzaren eskaera aurkezteko epea hiru hilabete da, argitaratzen den datatik hasita.

Hitzaren beste adiera bat da, jakina, Kirikiñoren honetan ageri zaiguna (ekialdean ere arrotz ez dena): «Biyer esangotzut, ordura arteko epeik badozu». Alegia, lasaitasuna, pazientzia, egonarria.

Iruzkin bat utzi

Patxi Petrirena atalean

Arakaitzak

miel a. elustondo

Gau batez, talka egin nuen nahigabe gizon baten kontra, eta, beharbada, inguruko ilunpeagatik, ikusi egin ninduen, eta iraindu. Eraso nion, berokiko hegaletatik heldu eta desenkusa zedila eskatu nion gogor. Gizon garai ilehoria zen, eta nire aurpegia harenera hurbildu zenean, bere begi urdinetan barrena lotsagabe begiratu eta maldizioka eraso zidan, haren arnasa beroa nire aurpegian, borroka egiten zuen bitartean. Haren kokotsa doi jo nuen nire burugainaren kontra, Mendebaldeko indiarrei egiten ikusia nien moduan jo nuen, eta haren zauria eta handik zerion odola sentitu nituen, eta garrasi egin nion: «Desenkusa hadi! Desenkusa hadi!». Baina maldizioka eta borrokan segitu zuen, eta behin eta berriz eta askotan jo nuen harik eta astun erori zen arte belauniko, odola parrastaka zeriola. Ostikoz jo nuen behin eta berriz amorraturik, irainka atertzen ez zuelako, ezpainak odoletan blai zituen arren. O, bai, ostikoz jo nuen! Eta, amorrarazirik bainengoen, labana atera nuen, gizonari eztarria xerratzeko prest, hantxe, farolpean, kale huts hartan bertan, esku batez lepotik helduta nuela, eta neure hortzekin labana irekiz. Baina, orduan, bururatu zitzaidan gizon hark, berez, ez ninduela ikusi; berak zekiela, zorigaiztoko ibilaldi baten erdian zegoen, inondik ere! Eta labanaren ahoa gerarazi nuen, airea xerratuz, gizona niregandik urrun bultzatzen nuen bitartean, kalera itzultzen utzirik. Zorrotz begira geratu nintzaion, auto baten argiak ilunpean azaldu arabera. Hantxe zetzan, asfaltoan, auhenka; hantxe gizon bat, fantasma batek ia hil zuena. Zeharo nahastu ninduen horrek. Haserre eta lotsa nintzen, biak. Niri zegokidanez, mozkorturik bezala nengoen, hanka ahulen gainean zanbuluka. Bat-batean, libertigarria iruditu zitzaidan. Gizon honen buru handian zerbait piztu egin zen, eta hil baino izpi bat lehenago loratu zen. Barrez hasi nintzen deskubrimendu ero hura egin nuelarik. Esnatu egin ote zen hilzorian zenean? Heriok berak liberatu ote zuen esna bizitzetik? Ez nuen denborarik galdu. Korrika abiatu nintzen ilunpean barna, barruan zerbait hautsi zitzaidala beldurturik, hainbesteko barre algara egin nuen! Biharamunean haren argazkia ikusi nuen Daily News-en, «eraso» egin ziotela zioen argazki-oinak. Gizajo zoroa, gizajo zoro itsua, pentsatu nuen, zinez eta benaz errukiturik, gizon ikusezinak «erasoa».

Iruzkin bat utzi

Miel A. Elustondo atalean

Crowdfounding eta Fracking

Eneko Bidegain

Bi hitz hartu ditut, joera orokorrago baten adibide gisa, adierazgarriak direlako. Lehena, «Crowdfounding» hitza da, azkenaldian franko modan jarri dena. @txargain eta @edulartzanguren-en arteko elkarrizketak poza eman zidan, nire kezka adierazi zutelako.

Captura de pantalla 2013-06-19 a las 17.10.52

Euskal Herrian lehen ere diru bilketa franko antolatu izan da, «Crowdfunding» izenik eman gabe. Orain ingeles hiztunen artean dirua biltzeko ohitura hori deskubritu dutela-eta, zergatik jokatu behar dugu zerbait berri balitz bezala? Zergatik erabili behar dugu ingelesezko hitza? Ikastolak laguntzeko, Berria egunkaria sortzeko, Laborantza Ganbera altxatzeko edo Xora filma ekoizten laguntzeko diru bilketak egin dira. «Crowdfunding», ororen buru; baina ez dira balio gutxiagokoak izan, izen hori gabe ere.

Bigarren hitza (azkenaldian modan jartzen ari dena, hori ere), «fracking» da. Araban agertu da gaia, gasa lurretik ateratzeko egitasmo baten harira. Gas hori haustura hidrauliko bidez ateratzea da asmoa, eta haustura hidraulikoari erraten zaio «fracking»-a. Araban bezala, munduko beste toki anitzetan ere badago teknika horri buruzko eztabaida, azkenaldian anitz aipatzen ari diren energia iturriaren ustiatzeko proiektuen harira.

Begiratu dut Euskal Herriko prentsak zein hitz erabiltzen duen gehiago: «fracking» ala «haustura hidrauliko». Gauza bera egin dut Frantziako, Espainiako eta Italiako egunkari batzuekin. Frantzian salbu, beste guziek anitzez gehiago erabiltzen dute «fracking» hitza, eta anitzez gutxiago «haustura hidrauliko» (bakoitzak bere hizkuntzan, bistan da). Frantziaren erresistentzia ez da harrigarria, beti daukatelako ingelesarekiko lehia eta uzkurtasun hori.

Dena den, uste dut ez dugula deus irabaztekorik «fracking» eta «crowdfunding» bezalako hitzak hautatuz, oharkabean gisa horretako gero eta hitz gehiago sartzen ari baitzaizkigu, batere jakin gabe zer erran nahi duten. Aldiz, «haustura hidraulikoa», gutxi gora behera zer izan daitekeen uler dezakegu («fracking»-arekin baino argiago ulertzen dut nik bederen); eta beste hainbeste gertatzen da «crowdfunding»-ekin (esplikatu zidaten arte zer zen, ez nintzen ohartu zer deabru izan zitekeen).

3 Iruzkin

Eneko Bidegain atalean