Euskara batua Iparraldetik (eta II)

Xabier Elosegi Aldasoro

Maiatzaren 26an argitaratutako testuaren bigarren partea da hau.

Plural hurbila

Gaur egun Hegoaldean gero eta gehiago erabiltzen dira horrelakoak: «muinook osatzen dute», «haizeok oso bortitzak dira», «honako aziendok hazten dira», eta pluralak ez direnak ere «asteon», «uneon» eta abar (noizko astearteon eta horrelakoak?): guzti horiek zailtasunak dira Iparraldeko probintzietako euskaldunentzat, ez baita gehiago erabiltzen o hori, nahiz literatura klasikoan agertzen den.

Hau idazterakoan duela 40/60 urteetako liburu batzuk hartu ditut eskuartean eta harriturik naiz plural hurbilaren erabileraren «azelerazioaz», gipuzkeran bederen. Duela mende erdia doi-doia «jaun-andreok» eta horrelakoak entzuten genituen. Orain, aldiz, zenbaiten testuak ikusirik iduri luke «o» horietan finkatzen dela euskararen funtsa, arrazoia, eta esentzia; anartean ez dute batere kasurik egiten bizkaieraren tradizioari, hori izanik urteetan hobekienik gorde dena. Arazoa da neurrian erabiltzea eta gogoan hartzea ere Ipar Euskalerritarrentzat gaur egun oztopo larria dela ulermenaren aldetik.

Ergatiboa nahitaez?

Nolazpait esateko «ergatibitis» (Mitxelena XVI.aren pozerako) izenda daitekeen eritasuna. Iduri luke esaldi bat ez dela zuzena aditz trantsitiborik gabe: eta berdin du objekturik gabekoa baldin bada ere; eta horrela «Josek metro eta laurogei neurtzen du» eta «Josek mahaina neurtzen du», biak berdin onargarri bailitzan.

Estilo liburuak aski garbi esan zuen: «pasiboa baino hobe aktiboa». Eta berez, ez da dudarik aktiboa euskararena izanki gorde beharra dela… baina pasiboa ere geurea da. Arestiko aholkua «pasiboa baino hobe aktiboa» behar litzake osatu, betiere ulermena kontuan hartuz edo horrelako zerbait gehituz… baina gurean badira beti soldadoak…

Gure kazetalariek, hasteko, soldado fin eta leial gisa, agindu zorrotzat hartu bide dute delako kontseilua eta gure euskal kazeta bakarrean gogor ari dira nahitaez, izenburutan, ergatiboa agerrarazten. Jakinik kazetaritzan titulua erakargarria izan behar litzakeela, iduriz xedea ez dute beti betetzen. Horra adibide batzuk:

  • «argazki on bat ateratzeko, zoritxarren batek gertatu behar du»
  • «Greziaren erreskateak airean segitzen du»
  • «hildakoen kopuruak gora egiten ari da»
  • «eraso eta enfrentamenduek segi egiten dute»

Eta kazetariez kanpo, esatariek ere horrelakoek esaten dizkigute:

  • «autobusek ezin dute pasatu»
  • «horrek preokupatzen nau»
  • «erlijioari jarraitzeak tradizioan du babes handi»
  • «Harane errekak beste hiru kilometroz segitzen du»
  • «tenperaturak fresko dirau»
  • «gizonak eritetxeraturik darrai»

Herria astekarian (Berria kazeta bezainbat euskara batuaren erabiltzailea den kazeta), gauza ageria denez, aktibo diren izenburuak agertzen dira behar direlarik, baina zergatik ote maiztasun anitzez tipiagoan?

IEHko hiru probintzietako irakurleek, deblauki (bat-batean) ez dituzte Berria kazetako izenburu asko ulertzen. Zergatik ote? Ez ote, parte batean bederen, «ergatibitis» honen ondorioz? (Egia erran, azken hilabetetan, izenburuak anitzez hobetu dira.)

Zenbait kasutan aktibotasunari eransten zaio datiboaren erabilpen zinez interesgarria, baina zoritxarrez iparretiarrentzat zailagoa (ez da dudarik erabilgarria dela baina ez behar bada izenburutan).

  • «Olazabalgo elizak parrokia izateari utzi zion»
  • «Gerraren bidez Estatuak bere adarrak luzatzeari ekin zion»
  • «duela mende hiru laurden utzi zitzaion ereiteari»
  • «Marokok eta Polisarioak zortzigarrenez ekin diete elkarrizketei»
  • «bakarrik sartzeari uko egin zion zinegotziak»
  • «inoiz ez dio lehen indarra izateari utzi»

Ariketa sinplea da: edozein formulazio aktibo pasiboan eman eta ulergarriagoa denetz galdetzea, bai Hego bai Iparraldekoentzat…

Bitxikeriak eta modak

Hemen, nahas-mahas, denetarik.

  • Jardun eta ari izan. Bata eta bestea euskararenak baina bigarrena anitzez ulergarriagoa lehena baino Iparraldeko euskaldunentzat: «dihardu» ezarri testu batean eta ezin ulertua sortu da.
  • Papera/rola.  Ene ustez rola hitza mugaren bi aldetan ulertzen da. Papera hitza IEHn ez.
  • Pelikula/filma. Filma bietan, Pelikula soilik HEHn
  • gainean/…z (ekonomiaren gainean/ekonomiaz).
  • Baxua, kaxa eta horrelakoen modazko erabiltze zentzugabea (Iparraldekoentzat… eta funtsean denentzat)
  • Bueltan: «22/23 graduren bueltan»… horrelakoak gero eta gehiago irratian
  • ...tik atzizkiaren erabiltze gaiztoa: «eguna freskotik hasieratik»…, «ezegonkortasunetik izango dugu ere»…, «belaunetik operatu dute»…, «goizaldea bustitik hasiko da»…
  • ...kin atzizkiaren erabiltze okerra: «mobilizazioarekin jarraituko dutela iragarri du»…, «giro nahasiarekin esnatuko gara»…, «indarkeriarekin amaitzea eskatu du»…, «eskopetarekin itxi den gizonezko bat atxilotu du Ertzaintzak»…, «dispertsioarekin amaitu»…

***

Horrelakoez beteak dira egunero entzuten ditugun irrati eta telebista nazionaletako solasak eta batzuetan, gutiagotan  halere, Berria kazetaren orriak. Iduri luke lehenesten duten gauza bakarra dela ezagutzen dute euskara erabiltzea. Eta lapurtarrak, baxenabartarrak eta zuberotarrak ez ote  dira euskaldunak? Hedabide nazionaletako arduradunek jakin beharko lukete zer den ulergarria IEHan eta, batez ere, zer ez den ulertzen IEHan.

Orain arte aipatutako edozein hitz edo esaldi ulergarri (Hego eta Ipar Euskalerritarrentzat) bilakaraztea ez da, zinez, lan handia. Borondatea da falta; borondatea eta ere euskalkien ezagutza.

Erranaldiak

Erranaldiak dira, dudarik gabe, gure ahuleziaren seinalerik nabarmenenak. Kopiatzen ditugu auzo hizkuntzen erranaldiak, esaldiak, esamoldeak. Askoz larriagoa da «eskua bota diot» (le he echado una mano) esatea «bi herrien juntan den mugarria hautsi dute» baino. Lehenean esaldi osoa da espainierazkoa, nahiz euskal hitzak erabili; bigarrenean junta hitza izan daiteke Hegoaldekoentzat baztergarria (nahiz hitz hori aspaldidanik errotua den Ipar Euskal Herrian), baina funtsa euskararena da.

Hona adibide batzuk:

  • «Patxi Lopez Mariano Rajoyrekin gelditu da»
  • «aurretik dena eramanez»
  • pena merezi
  • atentzioa deitu
  • tokatu

Espainierazko «tomar el pelo», «meter la pata», «dar la lata», «no pegar ojo» esaldi euskaratuak (?) ez dira ulergarriak Iparraldetik. Eta horrelakoak zenbat eta zenbat!

BOTA

«ezin zaio beti errua gaixoari bota» – «faltan bota nuen» – «pelikula bota» – «siesta bota» – «eskua bota» eta abar, eta abar. Guztiak Iparraldekoentzat ulertezinak espainiera jakin ezean.

JARRAITU/JARRAIKI

Jarraitu aditzaren erabilera asko aldatu da azken urtetan.

Iparraldeko euskalkietan, bai literaturan nola herritarren ezpainetan, jarraiki aditza pasiboa izan da beti. Hego Euskal Herrian eta bereziki Bizkaian izan da literatura tradizioan aktibo erabilera «jarraitu eban bere bidetik». Duela 50/60 urte  giputzentzat aski zailak ziren «urten eban etxetik», «jarraitu eban lanean» eta horrelako esaldiak. Gaur egun besterik da: jarraitu aditza, hala beharrez, aktibo gisan erabili behar da beti.

Baina ez da hori aski. Espainieraren adiera «seguir = continuar» (eta ez da hori gertatzen frantses hizkuntzan), kopiatu beharra da nahitaez. Horrela gero eta gehiago erabiltzen dira Iparraldekoentzat ulertezinak diren esaldiak: «bik oraindik ihes eginda jarraitzen dute» – «gurean berria izaten jarraitzen du» – «funtzionatzen jarraitzen du» – «Lolik zinegotzi izaten jarraitzen du» – «ezegonkortasunak gurekin jarraituko du» – «gora egiten jarraitu du hildakoen kopuruak» – «gehienek kontrabandoan jarraitzen dute» – «atxilotuak eritetxeraturik jarraitzen du» – «istripurik gabe jarraitzen dugu» – «guda erasoekin jarraitzen du Israeleko armadak Gazan» – «Gorritxoek azken tokian egoten jarraitzen dute» – «Gazan ez dute etenik Israeleko armadak egiten dituen bonbardaketek»

Horrelakoak konta ezinak dira bai esatarien ezpainetan baita prentsan ere…

***

Esaldi arrotz batek, eta espainiera arrotza da, ezinezkoa egiten du ulermena.

Kontuan hartu behar da Iparraldean gero eta gutiago ikasten dela espainiera. Are gutiago frantsesa Hegoaldean. Hiru hizkuntzak ongi dakitenen kopurua beheititzen ari da egunetik egunera eta egoera hori ez da aldatuko, epe laburrean bederen. Hegoaldekoek indarra egin behar dute Iparraldekoei buruz eta alderantziz. Ez da onargarria Iparraldeko bertsolarien artean hainbeste espainierazko hitzak erabiltzea (1998ko finalean: «suabe», «patilla», «por ahi», «kabida», «tinbrea», «treta», «aldaba»… eta abar).

Gauza ageria da gaur egun «euskara batua» bezala sakatua den hori gipuzkera ertsi eta idorra baizik ez dela, eta Davant jaunak dioen bezala espainierari tolestua.

1996an, Jakin aldizkarian, Gotzon Garateren «Bizkaiera eta gipuzkera» saiakeraren azken hitzak: «Arrisku handi bat dago – Euskaltzaindian giputzok gara jaun eta jabe. Idazleok ere gehienok Gipuzkoako gara. Poliki poliki, ezjakintasunez, bizkaieraren eta beste euskalkien aberastasunak baztertu eta geure gipuzkera txepel eta maxkala (egituraz denaz bezainbatean) eredu bakartzat ezartzen ari gara».

Gotzon, hemen, gipuzkeraren nagusitasunak egin kalteez ari da, arrazoi osoz, baina, ene ustez oraino larriagoa da espainieraren nagusitasuna. Zeren izenean behartuko ditugu Ipar Euskalerritarrak espainiera ikastera?

Xarles Bidegaini egin zion Euskaltzaindiaren harrera-hitzaldia Beñat Oihartzabalek aditza zuka alokutibo moldean erabiliz;  Hegoaldeko entzule asko eta asko harritutik ziren uste baitzuten indefinidoa zuka moldea zela. Alta gauza bizia da hori Ipar Euskal Herriko eskualde zabal batean (zenbait tokitan xuka). Zoritxarrez iduri luke betirako ahantzia duela gai hori Euskaltzaindiak. Alabaina horra zer erraten zuen hikako moldea arautu zuelarik 1994ean: «Lehen-lehenik erran beharra da aditz alokutiboen parte bat baizik ez duela finkatu Euskaltzaindiak, hikako moldeari doakiona, hain zuzen ere. Zukako adizkera alokutiboek, ekialdeko euskalkietan bereziki erabiltzen direnek, batu gabe segitzen dute, beraz, oraino».

Euskara «batuaren» onerako Iparraldeko euskaldunek galdu behar ote dituzte beren aberastasunak ? (hiztegiaz eta zukako alokutiboaz bestalde, hainbat eta hainbat berezitasun?). Eta «batuaren» aldarearen aurrean men eginez ikasi behar ote dute espainiera ?

Ala espainieraren (eta IEHan frantsesaren) pleguetarik ateratzen saiatzen gara, egiazki eta gaur berean hasirik. Indar hori eginez gero HEHko eta IEHko batuak elkarrengandik, zinez, hurbilagoak izango lirateke!

Gauza ageria da IEHkoen zailtasunaz ari garelarik bi motakoak direla: batzuek dira HEHko hitz eta formulazio arras zuzenak, besteak, aldiz espainieraren kalko hutsak. Bigarren horiek dira, ene ustez, baitezpada zuzendu beharrak, batua nazionala bilakatzea nahi badugu behintzat. Eta zinez ez da gauza erraza, maiz ez baikara konturatzen ere. (Berrikitan entzun dut esatari bikaina den bat «meter la pata» eta «quedamos para mañana» esaldien kalkoak egiten).

«Marra gorriak» hain modakoak direnean, hedabide nazionaletako arduradunen gain egon beharko luke espainieraren «kutsadura» baztertzeko erantzukizuna, marra gorri horiek ez pasatzeko gisan. Horretarako borondatea behar bada eta, ene ustez, bada.

Eraikuntza nazionalaren denboretan omen gara. Has gaitezen hizkuntza nazionaletik!

Ezjakintasunetik besteen jakintasunera urratsak egin behar ditugu.

Oharra: Lan honetako aipamen gehien-gehienak hedabide nazionaletatik hartuak dira. Bakar batzuek, aldiz, bizpahiru liburuetatik.

7 Iruzkin

Xabier Elosegi atalean

7 responses to “Euskara batua Iparraldetik (eta II)

  1. Asier Larrinaga Larrazabal

    Xabier, EiTBn, erakunde modura, badugu euskaldun guztientzako hizkuntza-eredu bat erabiltzeko kezka, eta, horrenbestez, bat egiten dugu zure mezuarekin. Urrunago joan barik, hainbeste bider hausnartu dugu «jarraitu» aditzarekin kazetaritza-hizkeran osatzen diren esaldi ilunei buruz: «Borrokek jarraitzen dute gaur Afganistan iparraldean». Ez dira gutxi aukera zentzudunagoak:«Gaur ere borrokak gertatu dira Afganistan iparraldean», «Oraindik ere borrokan ari dira Afganistan iparraldean», «Borrokak lehengo berean dira Afganistan iparraldean»…

    Zure posta irakurrita, dena dela, ohar bat eta galdera bi agertu nahi ditut.

    Oharra: terminologia-arazo bat igarri dut. Zuk «aktibo» eta «pasibo» diozun lekuan nik «aditz iragankor» eta «aditz iragangaitz» esango nuke. «Aktibo» eta «pasibo» aditzaren bozari dagozkio. Hala, egia da kazetaritzarako egitura pasiboak gaitzetsi («Proiektua txarto hartua izan da auzokoen aldetik») eta egitura aktiboak gomendatzen direla («Auzokoek txarto hartu dute proiektua»).

    Lehen galdera: denontzako euskara-ereduan zer garrantzi eman behar zaio pisu demografikoari? Ez nuke esan barik utzi nahi mendebaldeko euskara darabilgunok beste euskaldun guztiak baino gehiago garela. Noraino jar liteke zalantzan, beraz, euskara batuan «jarraitu» aditza laguntzaile iragankorrarekin erabiltzea?

    Bigarren galdera: euskaldunak, hamar urtetik aurrera, ez dira gai euskara gehiago ikasteko? Euskara-ereduari buruzko debatea sortzen den bakoitzean, beti pentsarazten didate euskaldunen burmuinak mintz iragazgaitz moduko bat osatzen duela adin jakin batean, eta hortik aurrera erabat ezinezko zaiola hitz berriak ikastea, egitura berriak ulertzea…

    • Xabier Elosegi

      Asier,
      Milesker zure erantzuna dela-eta.
      Pozten nau ene mezuarekin bat egiten duzuela jakiteak (pentsatzen dut EiTB erakundeaz ari zarela plurala erabiltzen baituzu).

      Guztiz ados zure oharrean aipatzen duzun terminologia-arazoaz.

      Egitura pasibo-aktiboaz ari zarelarik zure adibidea guztiz onargarria zait (proiektua txarto hartua izan da / auzokoek txarto hartu dute), baina nik aipatzen nituenek:

      «hildakoen kopuruak gora egiten ari da»
      «eraso eta enfrentamenduek segi egiten dute»
      «autobusek ezin dute pasatu»
      «horrek preokupatzen nau»
      «tenperaturak fresko dirau»
      «gizonak eritetxeraturik darrai»

      badituzte egitura pasiboko ordain arras zuzenak eta IEHtarrentzat ulergarriak:

      “hildakoen kopurua handitzen ari da”
      “eraso eta enfrentamendu gehiago gertatu dira”
      “autobusak ezin dira pasatu”
      “hortaz preokupaturik nago”
      “gaur ere tenperatura freskoa da”
      “gizona eritetxean da oraindik”

      Normala iruditzen zait egiten duzun lehen galdera: “denontzako euskara-ereduan zer garrantzi eman behar zaio pisu demografikoari?” Baina ez al da normala ere espainiera ez dakiten euskaldunek (eta horrelakoak dira IEHan gehien-gehienak) euskara batua ulertzea? Eta hori da, funtsean, nik aldarrikatzen dudana: euskara batua ez bada aldentzen modelu espainiarretatik ez da ulertua izanen IEHan.

      Zure bigarren galdera ez dut arras ulertu.
      Zuk euskara-eredua aipatzen duzu eta IEHtarrentzat arazoa ez da euskara gehiago ikasteko gaitasuna, baizik espainieraren ez-jakintasuna. Hitz berriak ikastea ez du inork baztertzen (azken urtetan lapurtarrez eta baxenabartarrez mintzo diren anitzek xiberotarra ulertzera eta estimatzera heldu dira IEHko irratiei esker; eta, zer esanik ez, euskal telebistaren bidez HEHko hitz asko eta asko sartu dira IEHtarren hiztegian).

      Eta bururatzen duzu “egitura berriak ulertzea…” esaldiarekin.
      Eta hortan ez dizut arrazoinik ematen ahal egitura berri horiek espainierazkoak baldin badira…

      Adeitasunez

  2. Ni ere bat nator idatzi denaren asmoekin; ez, ostera, “deklinabide hurbilaz” (ez dakit zelan izendatu, baina argi dago ez dela “plural hurbila”) esaten denarekin.

    Mendebaldeko euskara da, zalantzarik gabe, euskara batuaren auzian “amorerik handienak” eman dituena, bera baita (baitzen?) hiztun gehien zituena, eta hala ere, batuera urrun samar gelditu baitzitzaion.

    Jakina, horren ostean, bazegoen arriskua -eta halaxe gertatu izan da sarritan- mendebaldeko hizkera bazterretsita gelditzeko. Zeren, nahiz eta hiztun gehien zituen euskalkia izan, euskararen batasunaren izenean hainbestetan amore emanda, jendea bizkaiera alde batera uzten ohitzeko arriskuaz ohartarazi ziguten askok, besteak beste, aipatzen duzun Gotzon Garatek berak. Eta egiaz eta begiaz ikusi dugu hau 1968tik hona.

    Hau guzti hau, nire iritziz, nahiko datu objektiboa da. Eta berau kontutan hartuta bakarrik uler daiteke deklinabideko kasu hurbilez goiko lerroetan esaten dena (eta inongo erantzunik izan ez duena).

    Maiz aipatu izan dira blog honetan denok barruan ditugun hizkuntzarekiko detuak (txarrak, askotan). Xabierri ez bide zaio gustatzen “deklinabide hurbila”. Esan dezagun, nahi baduzue, begiz jota duela (edo gutxienez ez du gustuko hartu dituen erabilerak eta joerak).

    Ederto, onartzen diogu, denoi gertatzen zaizkigu horrelakoak-eta. Baina oso larria da, zeren eta batasunaren izenean (iparraldeko haurrideak ondo ulertzen ez digutelako, kasu honetan), hamar milaka (bai, Xabier, hala da) euskaldunok egunero-egunero erabiltzen dugun euskararen berezko baliabide hau bazterrean (ere) uzteko iruzkin ulergaitz eta guztiz pertsonala.

    Bai, hala da. Iparraldeko euskaldunek guri ulertzeko zailtasunak dituzte (eta alderantziz), baina hori ez da gertatzen ari euskararen berezko baliabide biziak erabiltzen ditugulako, baizik eta erdarakaden eraginez izkiriatzen eta berba egiten dugulako. Izan ere, Gotzon Garate erabat zuzen zebilen; ez, ordea, Xabierrek uste duen ildoan, kontrakoan baino (“jardun”-i buruz dioena ere oso arriskutsutzat hartu behar da, nire iritziz bederen, oso bide labainera eroan gaitzakeelako).

    Nire ustez mendebaldeko hizkeraren arazoari kontrako ikusgunetik oratu behar zaio, hain zuzen ere, hiztun gehien dituena delako. Ala uste dugu ezen “hura/bera-hark/berak” bikoteekin orain dugun auzia lotuta dagoela bakarrik gazteleraren nagusikeriari, eta ez “hura/hark” bikotea esklusiboki hautatu izanari? Jakina, orain hiztun gehienek, “ha” eta “harek” (bide batez, eta jakitearren, non esaten dute “hark”?) debekatuta izanda, “bera”-ra jo dute sistematikoki (duela urtebete, idazle bizkaitar gazte baten oso liburu goraipatuan “huraren” (!) ere irakurtzeko abagunea izan genuen).

    Bestalde, hagitz argigarria da Gotzon Garateren aipua dela-eta Xabier Elosegik egin duen iruzkina:

    “Gotzon, hemen, gipuzkeraren nagusitasunak egin kalteez ari da, arrazoi osoz, baina, ene ustez oraino larriagoa da espainieraren nagusitasuna“.

    Argi dago hori idatzi duena zein euskalki duen, baina iritzi orekatuek eta jakintsuek (G. Garaterena, kasu) esaten digute, “giputz zentrismo” delakoa espainieraren nagusikeria bezain kaltegarria suertatu ahal zaiola euskarari, besteak beste, euskalki zabalduenaren hiztunoi are gehiago arrozten digulako hizkera batua, ezbehar horrek dakartzan ondorio oker guztiekin, noski.

    Hortaz, ez ginateke dedikatu behar auzokoaren euskalkia arbuiatzeaz. Lehen-lehenik etxerako lanak egin barik, gutxienez, ez. Zeren badakizue zer esan zidan ni-neuri iparraldeko batek: hegoaldeko euskaldunen euskaratik gehien urrunarazten zuena “jota espainola” zela. Hots arrotz hori entzun eta nahigabetu egiten zela zioen. Baina, jakina, hori gipuzkerak guztiz berea duenez, ez du inporta.

    Hala ere, errealitatea tematia da eta esaten digu “jota” hori (adibide bat baino ez da, zoritxarrez hamaika dira-eta “giputz zentrismo” delakoak eragiten dituen kalteak) bai dela erdarakada gaiztoa eta alferrikakoa; eta “hark” bai urruntzen gaituela mugaz bestaldekoengandik; eta ez deklinabide hurbilak” (edota “jardun” barra-barra erabiltzeak), zeina, seguruenik, iparraldekoek “erdararen eraginez” (ere!) galdu zuten. Begirunez.

  3. Pitu

    Xabier aipatzen dituzunak, berriz ere, ez dira “pasiboak”, “iragangaitzak” baizik.

    Niko, errespetuagatik bada ere, gipuzkerazko “j” ez da erdarakada, baizik eta gutxienez XVIII. mendetik honantz gertatu den aldaketa bat. Beste gauza bat da euskara batu jasoaren ahoskera “yota” izatea (ni ere horren alde nago).

  4. Xabier Elosegi

    Nikori,
    Zurea arretaz irakurri dut. Arrazoin osoa duzu “giputz-zentrismoa” aipatzen duzularik. Horretaz guztiz bat egiten dut zuk diozunarekin.
    “Argi da hori idatzi duena zein euskalki duen” esatean nitaz ari zarela ez dut dudarik. Sortzez giputza izanagatik, 1961. urtean ikasi nuen bizkaiera ez duk sekulan ahaztu; 1962az geroztik IEHan bizi izanik, lapurtera eta baxenabarrera dira ene euskalki erabilienak, bai hitzegitean bai idaztean ere.
    Guztiz ados naiz zurekin mendebaldeko euskalkiak, hala beharrez, giputzaren aldarean amor emate handienak egin dituela diozunean. Ez da batere dudarik egin duzuen indarra zinez handia izan dela “batua” delakoari buruz.
    Eta ez da batere dudarik giputz anitzek ez dutela horrelako indarra egiteko beharrik somatu ere sekulan. Eta asko eta asko lezione emaile dira…!

    Baina utz ditzadan arazo horiek eta zure iruzkinean esaten dituzunei erantzun bat ematen saiatuko naiz.
    Hasteko ene testuan IEHtarren zailtasunaz ari naiz eta aurrerago bi motakoak, garbiki, bereizten ditut: “arras zuzenak” batzuk eta “besteak espainieraren kalko hutsak”.

    “Deklinabide hurbila”z ari zara eta ni “plural hurbila”z. Egia esateko, “plural hurbila”z hitzegiterakoan Euskaltzaindiaren arauaz ari nintzen nahiz banekien ere bizkaieraz ba direla pluralak ez diren beste erabilerak. Zailtasunen artean sartu ditut ene artikulua ontzeko hainbat jendeekin hitzegin baitut eta maiz aipatua izan baitzait.
    “Orain, aldiz, zenbaiten testuak ikusirik iduri luke «o» horietan finkatzen dela euskararen funtsa, arrazoia, eta esentzia; anartean ez dute batere kasurik egiten bizkaieraren tradizioari, hori izanik urteetan hobekienik gorde dena.” Lerro horiek idazterakoan, bistan dena, ez nuen batere gogoan edozein bizkaitarren idazmoldea, “konbertso” berriena baizik: deklinabide hurbila berrikitan erabiltzen hasi direnak eta jo eta ke (eta zenbaitetan ez zuzenki) ari direnak.

    Jardun hitzari buruz ber gauza esango dizut. Soilik IEHtarrentzat ari diren HEHtarrek behar dute jakin hagitzez ulergarriagoa dela ari izan formulazioa.

    “Jota”ri buruz diozun pentsaera biziki hedatua da IEHan. “Baina, jakina, hori gipuzkerak guztiz berea duenez, ez du inporta.” Bada enetzat egiazko arazoa da eta, bistan dena, ez dut erabiltzen hemen.
    Dena den jakingarria da 1729an Manuel Larramendik (El imposible vencido) dioena “jota”ri buruz: “ahoskera hori ez da euskararena. Egia da zenbait eskualdetan erromantzen bezala ahoskatzen dela (“muy gutural”)… “baina ez bakarrik Frantzian (sic) baina Espainiako (sic) euskaldun gehienek ere latinezko “j” gozoa bezala ahoskatzen dute”.
    Bururatzeko esango dizut Niko, IEHra mintzaldi bat ematera-edo etortzen diren gehienak ez direla batere axolatzen “jota”z ez eta beste gauzetaz: normalean gipuzkeraz egiten dute sinestsirik hori dela “lingua franca” orokorra, zuzena eta bakarra.

    Nahi duzun arte

    • Erramun Gerrikagoitia

      Interesaz iracurri dut, generalqui, dioena Xabier Elosegi-c, batez ere noiz aiphatzen du ze hain textu dira ulergaitz edo incluso inulergarri tzat haimbat euscal iracurle, referituz batez ere ipharraldeco euscaldunac noiz duten iracurri nahi textuac redactatuac hac hegoaldeco euscaldunac (edo euscaldunoc, diot hau ze neu ere bait naiz “hegocoa”).

      Nola jada errana bait dut nago acorduz dioenaz Xabier Elosegic, baina nahi dut precisatu eta nabarmendu berac dioen hau zeren bait dioscu hauche

      “Jardun hitzari buruz ber gauza esango dizut. Soilik IHEtarrentzat ari diren EHEtarrek behar dute jakin hagitzez ulergarriagoa dela ari izan formulazioa”

      Xabier hori goicoa diozularic, dirudienez, antza zeren zure azquen urtheotan (urtheetan) bargangotic sarthucheago bait zara Laphurdico eta Nafarroa Behereco dialectoetan -antza, ba- ahaztuche duquezu hegoaldeco euscaldunon (sic) mintzoa edo bedere berequico apreciationea zeren zuc diozuna Xabier -ezen, buruz erabili preferentequi edo “jardun” edo aitzitic “ari izan”- ez du valio soil tzat ipharraldeco euscaldunac baizic ze baita tzat euscaldun guztiac, garelaric hango edo hemengo, ipharreco, hegoco, esteco edo oesteco.

      Nahi izatea eta ahaleguinac eguitea resuscitatzeco “jardun” (ihardun) da edo litzateque gueure indarrac chahutzea alferreco ahaleguinetan. Da, nola bait diozu Xabier clarqui, infinituqui funtionalago eta anhitzez errazago edo aisago erabiltzeco edozeinec nola izquiriatzeco hala ere iracurtzeco. Ahaztu gabe, horregatio mesedez, erraztasunaren conceptua.

      Erran bezala ia redundantequi, jardun hegoaldean ere da residuala, total residuala eta atrebituco nintzateque ere esatera arrotza eta herbesteco euscara.

      Da evidentea ze behar dela erabili euscaraz -nonnahi, noiznahi- preferentequi “ari izan” structurea respectuz “jardun” (ihardun).

      Patras-tic, Grecia.

  5. Eskerrik asko, Xabier, erantzunagatik.

    Agerian dago zu bezalako euskaldun gutxi izango dela, izatekotan, gure herri txiki honetan; euskalki gehienak ezagutzen dituzu-eta.

    Bestalde, esan behar dizut, zure azken bi artikuluak benetan bikainak iruditu zaizkidala, ematen dutelako zerrenda luze bat, mugaz bestaldeko haurrideek guri ulertzeko dituzten zailtasunen inguruan.

    Eta hori oso garrantzitsua da, zeren, Ibon Sarasola euskaltzain jakintsuak behin aipatzen zuenari jarraituz gero, Euskal Herrian ia elebakarrik ez denez, Iparraldeko euskaldunak betetzen dute rol hori gure kasuan. Hau da, beste hizkuntza guztietan, hiztun elebakarrek osatzen duten “erreserba”- multzoa-edo, gurean, iparraldeko haurrideok osatzen duzue. Baina, kontuz, baita alderantziz ere, beti ere elkarren osagarri. Horregatik da hain garrantzitsua auzi hau. Eta baliatu behar dira, noski, zoritxarreko muga horrek ekartzen dizkigun abantaila apurrak.

    Barkatu, bestalde, norbaiti min eman badio “jota espainola” erdarakada dela esan izanak. Ez nuen inor mindu nahi. Dena den, zelan izendatu “mailegu fonologiko” hori (hiztegikoak edo joskerakoak baino “etxekalteagoak” ematen duena)? Juan Garziaren dekalagoa aplikatuz gero, gutxienez, “ustela” badela esan beharko genuke; nahasmena besterik ez duelako ekarri, ezertxo ere aportatu barik. Eta horretxegatik iruditu zait biziki estonagarria, zuk, zerrendatik kanpo utzi izana (eta, ostera, “deklinazio hurbila” aipatzea. Barka, baina iruditu zait zerbait esan behar zela kontuaz, beti adeitasunez).

    Bestalde, Xabier, galdera bat egin nahi dizut. Ez du zer ikusirik aipatu dituzunokin (kar, kar, kar), baina zuk beste, kontu honetaz, gutxik jakingo du-eta. Gainera, kontuaren inguruan asko idatzi da aspaldion (“Kalko Okerrak”-en adibidez):

    Nola esaten duzue iparraldeko euskaldunok batuerazko “hark” (“hark emango dizu laguntza”)?

    Niri iruditzen zait orain dugun nahaste-borrastea arinduko litzatekeela, ontzat (ere) emango balitz “harek”, hau da, “harek emango dizu laguntza” eta “Ha etorri da” -ren gisakoak. Gutxienez, hamar milaka euskal “hiztun on” errekuperatuko genituzke. Eta hala, mendebaldekook ez ginateke ibiliko orain bezala idazten jotake “berak emango dizu laguntza” “berak prestatuko du afaria” eta “berak garbituko ditu gelak”. Ene! Hori ez da lan makala, ba, lagun berarentzat?

    Hara! Paradoxikoki, erabaki (triste) “hark” ekarri du “hura” ere gero eta gutxiago erabiltzea; Hegoaldean, bederen. Izan ere, beste guztiek batuta beste hiztun dituen euskalkiaren formak betiko gaitzetsi aurretik, erabakia ongi hausnartu beharra dago. Beste bat arte.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s