Hainbarik

Oskar Arana Ibabe

Nahiko zabaldua egongo da, euskararekin lan egiten dugunon artean, niri noizbehinka pizten zaidan ardura txiki bat, alegia, zergatik ez ote duen izaten, ez ahozko ez idatzizko estandarrean, erabilera arrunt eta zabalagoa, norberaren inguruan nahiko bizirik izan ohi den hizkuntza baliabide edo forma batek.

Halaxe gertatu zait «hain barik» formarekin, gure inguruan egunerokoa eta nahiko arrunta den baliabidearekin. Idazteko uzkur, estandarrean jasota ote dagoen eta onartzen ote den ikertzea izan da nire lehenbiziko burubidea. Eta, bai, jasota dator Hiztegi Batuan, ez hor idatzi dudan moduan, baizik eta hitz bakarrean lotuta; adibide eta guzti dator, eta euskalkiaren oharrarekin.

hainbarik: adlag. Bizk.: dela txokolateagaz, dela hainbarik, ondo gozo dago pastel hori.

Esango nuke ezen, zenbait esapidetan, gainera, hainbat aukeren artean hobetsia izaten dela, nik ezagutzen ditudan erabiltzaileen artean bederen.

    1. Kontuz baloiarekin erreka ondoan jolasten zabiltzala, hainbarik geratuko zara-eta bestela.
    2. Kontuz baloiarekin erreka ondoan jolasten zabiltzala, barik geratuko zara-eta bestela.
    3. Kontuz baloiarekin erreka ondoan jolasten zabiltzala, baloi barik geratuko zara eta bestela.
    4. Kontuz baloiarekin erreka ondoan jolasten zabiltzala, hura/bera gabe geratuko zara eta bestela.

Izenordainaren eta postposizio-elementuaren arteko elkartzetik sortutako forma horren aipamenak hizkuntzalarien artean bilatzera joanik, Azkueren hiztegian artikulu luzexka aurkitu dut ain sarreran, eta merezi lezake, agian, hemen darabilgun baliorako zertzuk jaso zituen aipatzea:

Ain : 1° (c), tan, tanto – 2° (B), tal, tel. (V. Aen.) AIN EDERRA, tan hermoso (como aquello), si beau (que cela). AIN MENDITAN, en tal montaña, sur telle montagne. AIN AIÑEAN, poco más ó menos, à peux près (Añ.) AIN AIÑETAN (B-a-o-t8), indeciso, indécis. AlJ.in (S, Sal.), ligero, léger. Val’. de ARIN. (V. Introd.) Hain (BN, L, S, Sal.), ain: 1° tan (de 3er grado): si, aussi. – 2° (L), Contr. de HAGIN. – 3° tanto, autant. EZTITU HAIN SENTITZEN, no los siente tanto, il ne les sent pas autant. (Ax. :l. a-90-13.) – 4° (BNald), promedio, moyenne. OREN BATEN HAINA, cosa de una hora, une heure  environ.

HAINA: 1° (BN-ald), casi, presque. OREN BATEN HAINA (BN-ald), cosa de una hora, une heure environ. – 2° (L), aquel, aquella, aquello: celui-la, celle-la, cela. NORK ERE  MAITEAGO BAITU AITA EDO AMA NI BAINO, HAINA EZTA ENETZAT ON; ETA NORK ERE MAITEAGO BAITU SEMEA EDO ALABA NI BAINO, HAINA EZTA ENETZAT GAI: el que ama á padre ó á madre más que a mí, no es digno de mí; el que ama á hijo ó á hija más que á mí, no es digno de mí: celui qui aime son pere ou sa mere plus que moi, n’est pas digne de moi; celui qui aime son fils ou sa fille plus que moi, n’est pas digne de moi. (Har. Matth. x-37.) HAINA HAEK (L-s), aquel de marras, celui d’autrefois. HAINA HARK, aquel, celui-la. HALAKOARI ETA HALAKOEI, HAINARI ETA HAINEI: á semejante y semejantes, á aquel y á aquellos: a tel et tels, a celui-la et aceux-la. (Ax. 3′-166-14.) HAINA BATEK (BN-ald), una persona, certaine personnc. HAINA HURA (Lc), aquella persona, cette personne-la.

Aiña: 1° (B, G), tanto como, autant que. Zu AIÑA ONA (B-m), tan bueno como V., aussi bon que vous. – 2° (B), proporción, medida: proportion, mesure. IHABAZI ERAN AIÑAAN, en la proporción que mereció, dans la proportion qu’il mérita. (Baser. 268-5.) – 3° (B, BN-s, R), nodriza, ama, nourrice. = En BN y R no da pecho á los niños, en BN et R elle n’allaite pas les enfants. – 4° (L), aquel, celui-la. ~ 5° segunda llanta de la rueda para afirmarla, second bandage de fer autour de la roue pour la renforcer. _6° (B-m), escarpias, trozos de hierro que se fijan á la rueda del carro para consolidarla: crampons, morceaux de fer qui se fixent a la roue d’une charrette pour la consolider. – iD (R), cabrito, chevreau.

Bestalde, bi aldaera jasotzen ditu Labayru hiztegiak, eta adibide aski argigarriak, gaurko mintzairan eman dezaken joko oparoaren erakusgarri:

hainbarik
1
adb. aparte de, además de. Sarritan be(re)/ere indargarriagaz. Diru gitxitxugaz gabilz, baina hainbarik ondo. Behar asko emoten deustazu, baina hainbarik be badaukat zeregina!
~ bestela, osterantzean

2 adb. sin ello, sin nada. Ogitan joan eta atzenean hainbarik etorri naz etxera. Indabak txorizoagaz gozo dagoz, baina hainbarik be ondo pozik jango doguz guk. Dala gogo txarrez dala hainbarik, agintzen jakona egiten dau beti.
~ hainbaga (bizk.), haingabe (bat.)

hainbaga (bizk.)
1 adb. sin ello, privado de. Jakituria beharrezkoa da; esaterako, ez dago hainbaga mediku ona izaterik. Edozertarako behar dozu dirua, hainbaga ezer ez dago eta.
~ faltaz, hainbarik

Eta esapidea izenlagun bihurturik, Hiztegi Batuak, ahozkoan bizi-bizirik dagoen forma:

hainbako izond. Bizk.: botoiduna hainbakoa baino gehiago gustatzen zaio.

Erlatiboetako korrelato-izenordain anaforikoaren balioa ere hartu zuen gure idazle klasikoen eskutik, lehen aipatu ditugun egungo erabilera arruntagoetako balio anaforikoaren bidetik, baliagarritasun anaforiko horrek aurreko perpausako izena ez baizik eta izenaren inguruan eratutako erlatiboa jasotzen zuela:

Nork ere maiteago baidu aita edo ama ni baiño, haina ezta enetzat on: eta nork ere maiteago baidu semea edo alaba ni baiño, haina ezta enetzat gai (J. Haraneder, Mt 10, 37).

Balio anaforiko horren erabilera murriztuz joan zaigu, antza. Gaurko hainbarik esapidekoa baino erabilera zabalagoa zukeelako aierua egin izan dut, eta are klasikoen erlatiboetako izenordain-korrelato anaforikoarena baino erabilera zabalagoa ere, eta, inoiz, aurkitu ere bai, aditzera ematen duen ahal horrekin, gaurko testuren batean, Manu Erzillaren Ez eleberrian, esaterako. Baina ez diot antzematen zertan izan zitekeen espezifikoa izenordain hori, non eta ez zen anaforikotasun horretan bertan, eta izenordain arruntagoen eta gaur guztiz erabilien aldean anaforikotasun horrekin hobetsiak izan zitezkeelako susmoan (Hura/haina, …). Baina susmoak, susmo.

Gainera, erraztasunak eta ekonomiak ez dute gupidarik izaten beharrezkoak ez diren formekin. Orotarikoan, argi eta garbi ematen da aditzera posposizioak aurrekaria errepikatu beharrik ez duela:

e) (Lar, Dv, A Apend). (Empleado sólo, ref. gralmte. a un antecedente sobreentendido). Sin nada, sin ello. “Carecer, […] bage egon, gabe egon, baga egon” Lar. “(Quedarse en) cruz y en cuadro, uts eta gabe geratzea” Ib. “Baga, bage, gabe egon, ez izan, iduki, euki, carecer, n’avoir pas, manquer de” Dv. “Faltar, […] carecer, […] gabe izan (S). Me falta, […] gabe niz” A DBols. “Gabe zira, no tiene Vd.” A Apend. Cf. …ALA GABE. v. GABEKO IZAN. Tr. De uso general, salvo en vizcaíno. Ezen zuri behar bezala eskatu zaitzunik gabe bihurtu dela eztut egundaino enzun. Harb 100. Ezta pobrearen gabe egotzterik eta ez athean oihuz edukitzerik ere. Ax 228 (V 152). Purga ezin bertzez, eri zarenean, premia duzunean hartzen duzu […]; eta baldin gabe iragan al bazindezi, […]. Ib. 255 (V 171). Ezta nihor ere hain konplirik eta hain saindurik, non eztuen noizpait zenbait tentazione, eta ezin gaudezke osoki gabe. SP Imit I 13, 1 (Ch, Mst, Leon -rik gabe, Echve 35 aiek gabe). Ondasun gutirekin edo gabe arkitzen dira. Mb IArg I 203 (II 269 bage). Zerbait [eritarzün] hetarik dükianak ükhen, zer balio dian bage izaitia daki. Egiat 184. Segitzendúte [Jesus guruzifikatua] ón diren guziék, nork bere gurutzearéki, gábe niór ez. LE Ong 15r.

Eta abar luzea, adibide-zerrenda horren ostetik.

Tematu naiz, tematu naizenez, gogoko dudan baliabide baten apologia egiten, euskalkiarena baino hedapen handiagoa merezi lezakeelako iradokizuna egiten, baina alferrik, seguru asko.

Badarik, bizirik dugu esapidea, eta ez gaitezen, bada, hainbarik geratu.

2 Iruzkin

Oskar Arana atalean

2 responses to “Hainbarik

  1. Xabier Aristegieta

    Asko gustatu zait zure artikulua, Oskar. Oso jakingarria.
    Gogoeta bat: “gabe” hitza erabiltzen duen testu batean, “hainbarik” erabiltzea koherentzia-faltatzat har liteke, ala euskalki guztietatiko ekarpenak jasotzen dituen euskara estandar batean normaltasun osoz hartu beharrekotzat? Ni bigarren ikuspegi horretarantz lerratzen naiz, baina interesgarria litzateke blog honen irakurleen iritziak ezagutzea.

  2. oskar arana

    Kaixo, Xabier.
    Niri ere poza eman dit zuk artikulua irakurri izanak.
    Ez dakit ondo inkoherentzia izango ote litzatekeen. “hainbarik” formaren ondoan, “hainbaga” ere badago. Eta, atzerago, “haingabe” izango zen, agian…Izenekin ere gertatzen da sinonimia, eta, beharbada, beste egitura batzuekin ere onargarriak izan litezke baliokideak. Hizkuntza ez da ez ekonomia, ez matematika, eta, alferrekoa dirudien arren, batzuetan baliabide bat baino gehiago izaten dira gauza berbera adierazteko. Badakit, ordea, nire inguruko hiztun askok, kasu horietan, “hainbarik” hobetsiko luketela “barik” edo “gabe” ren ondoan. Ez dakit zergatik, eta ikertzen saiatu naiz.
    Hiztegi batuan dialektoaren marka du. Xabier Elosegik Davanten hitzak ditu aipu bere azken artikuluan, eta Davantek ere uste du hitzaren ondoan marka hori jartzea kaltegarria dela estandarrerako. Dena den, testuak era askotakoak izaten dira, irakurleak ere bai, erregistroak ere bai…nik ez diot uko egin nahi inongo eta inolako baliabideri, bizirik baldin bada eta testuari kolorea edo bizitasuna edo sinesgarritasuna edo zernahi eransten badio eta irakurleak higuinik ez badio.
    Hori “hainbarik” hitzari dagokionez. Beste hainbati dagokionez ere, berdintsu uste dut.
    Goraintziak.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s