Artxiboak hilabeteka: apirila 2013

Arratia inguruko hiztegia

Eneko Bidegain

Duela zenbait egun Arratian izan nintzen, Begitu Arratiako aldizkariko kide batekin elkarrizketa bat egiten, Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko komunikazioko graduko lankide batzuk euskarazko tokiko aldizkariak ikertzen ari baikara, Tokikom-ekin batera. Beste tokiko aldizkari batzuen gisan, aldizkari honek ere baditu urtero diru-laguntza ematen dioten irakurleak, kasu honetan Begitu-lagunak. Begitu-lagunek Zertu kultur elkartearen argitalpenak jasotzen dituzte eta zozketetan parte har dezakete. Eta horietako bat izan zen Arratia inguruko hiztegia. Asko eskertu nahi dut “Iñigo Begitu” (Iñigo Iruarrizaga), hiztegi horren ale bat eman didalako. Altxor bat da, eta eredugarria. Ez da berri-berria, 2011koa baita, baina ez nuen horren berririk.

Lan ikaragarria da, 11 urte iragan dituzte horretan lanean, Arratian irakasle diren Angel Larreak eta Juan Rekaldek, Zeanurikoa lehena, Zornotzakoa bigarrena. Ahozko elkarrizketa andana egin dute, idatzizko dokumentu pila bat aztertu dute. Emaitza sekulakoa da: Arratia eskualdeko 26.000 sarrera, hitz bakoitzaren definizioa (euskaraz), esaldi batzuk adibide modura, esaerak, hainbat sarrera kolorezko argazkiz lagunduta, edizio lan ederra… Horrez gain, onomastikari edota ezizenei buruzko atalak daude, gazteleratik euskararako lexiko bat, gramatikari buruzko azalpen atal bat. Sekulako lana, beste nehon egin den baino sakonagoa.

Eskualdeetako hiztegi gehiago badago Euskal Herrian, nahiz eta denak ez diren berdinak izaeraz, sakontasunez edo metodologiaz. Hemen osatu dut beste eskualdeetako antzeko hiztegien zerrenda bat:

Ez dakit zerrenda osoa den: horiek dira nik aurkitu ditudanak, eta norbaitek beste erreferentzia bat balu, eskertuko nuke iruzkinetan gehituko balu.

Interesgarria litzateke bilduma hau osatzea, gainerako eskualdeetako hiztegiekin ere, badelako oraino altxor anitz biltzeko. Arratian egin duten lana erreferentzia gisa harturik, ez litzateke txarra gauza bera egitea beste eskualdeetan ere. Gero, sarera egokitutako bertsio bat ere behar litzateke, denak plataforma bakar batean elkartuz, aurkezpen eredu berari jarraiki.

11 Iruzkin

Eneko Bidegain atalean

Kontzesioa eta emakida

Oskar Arana Ibabe

Erromatarrek, latinarekin, eta inguruko hizkuntza erromanikoek ere bai, bide luzea egina zuten, gu bidegurutzera orduko:

Orotariko Euskal Hiztegia:

kontzesio, konzesio. Concesión. Bula guruzádakoa da Aita Sanduarén konzésio edo emakida bát. LE in BOEanm 575;

emakida. “Concesión” Lar. –Zer dá Bula gurutzadákoa? —Dá aita Sanduarén konzésio edo emakida bát. LE Urt ms. 36.;

Biek dute sarrera Orotariko Euskal Hiztegian, emakidak eta kontzesiok, eta berbera aipua. Lizarraga Elkanokoak jarri gintuen bidegurutzean, Urteko igande guztietarako platicak edo itzaldiac idatzi zituenean, aipuaren xehetasunez Orotariko Euskal Hiztegiak ematen duen informazioaren arabera. Definizioetarako molde bat ere utzi zuen –definizioa laburra izanik ere, balio zuena– garai hartan, euskara erromanizatuagoa bide zen eskualde bateko erretoreak, zuzenbide kanonikoaren kontzeptu bat, edo elizaren ohitura bitxietako bat, garai eta eskualde hartako euskaldunentzat argitzeko.

Euskaltzaindiaren Hiztegian, trenkaturik geratuko da kontua, non eta ez zaion beste adieraren bat gehitzen, juridikoa baina arrunta, kontzesio sarrerari, eta non eta ez den emakidarentzat soilik gordetzen zuzenbideko adiera espezializatuagoa:

Euskaltzaindiaren Hiztegian:

Kontzesio: amore ematea. Bi aldeek kontzesioak egin behar izan dituzte.

Kontzesionario: Zerbitzu edo produktu jakin bat saltzeko eskua duen pertsona edo enpresa.

Emakidak ez du sarrerarik.

Gérard Cornuren Vocabulaire Juridique hiztegian, artikulu luzea du concession hitzak:

Concession:

1. Acte juridique bilatéral ou unilatéral en vertu duquel une personne, le concédant, accorde à une autre, le concessionnaire, la jouissance d’un droit ou d’un avantage particulier. Comp. cession, location, licence

2. Par ext. et plus spécialement, le type d’activité ou le mode d’exploitation ouvert au bénéficiaire de la concession.

3. Plus particulièrement encore (lorsque la concession porte sur un espace déterminé), le terrain ou le territoire concédé.

I (adm)

Terme générique désignant des actes très divers, unilatéraux ou conventionnels, par lesquels l’administration (*concedant) soit confère à un particulier (*concédant) soit confère á un particulier (*concessionnaire) des droits et avantages spéciaux sur le domaine, soit confie à une tierce personne l’exécution d’une opération administrative.

Concessionnaire: le titulaire d’une concession; son bénéficiaire; désigne ainsi le preneur dans la concession immobilière et le béneficiarie de la concession commerciale (encore appelé fourni).

Horien arteko lehenbiziko adiera emateko, ezingo genuke, gaurko hiztegiaren arabera, eta aurreragoko hiztegi juridiko batek besterik esan ezean, kontzesio erabili: amore ematearen adiera eman zaio. Emakidak ez du sarrerarik oraindik, eta, pentsatzekoa da, sarrera ematekotan, administrazio-zuzenbideko sarrera emango zaiola, edo Lizarraga Elkanokoak «bula gurutzadakoa» definitzeko baliatu zuena.

Hemen azaldu nahi dut zergatik, emakida eta kontzesioren arteko bidegurutze horretan, hautatuko nukeen Cornúren hiztegiko lehenbiziko adiera horretarako —zuzenbide orokorreko adiera da, ez soilik administrazio-zuzenbidekoa— kontzesio. (Ohartua zegokeen lehendik baten bat; haren lerrora lerratzen naiz ni).

Alegia, kontzesio bat duelako da kontzesionarioa kontzesionario, ez emakida bat duelako. Kontzeptua bat bera da, jatorriz, zuzenbide pribaturako eta zuzenbide publikorako, eta adar bietarako balio duelako, hain zuzen, hartuko nuke kontzesio.

Bide luzeegia hain bidegurutze soilerako, pentsatuko duzue.

Hori, orain arteko kasuistika laburrean, kasu bakarra, gaurkoz.

Batere enpirikoa ez den metodologiaz baliatuta, gogoeta bat, estrapolazio bat, edo proiekzio bat, edo aieru bat, orain: iruditzen zait, batzuetan, terminologia in vitro egitea ere zilegi izan litekeela, batzuetan.

Zeren eta berdin gertatzen baitzait dibertsitate hitzarekin.

Hiztegi Batuan:

dibertsitate 1 iz. Biol. 2 iz. (Bestelakoetan erabil aniztasun, bestelakotasun, desberdintasun, eta abar)

Mahai hau jabilt ikara, hanka bakarraren gainean zutik egon beharrez…

Iruzkin bat utzi

Oskar Arana atalean

Bigarren txistukatuena?

Iratxe Goikoetxea Langarika

Nafarroako Parlamentuko zentsura mozioaren gaineko albistean, esaldi hau entzun nuen ostegunean: «Roberto Jimenez izan da iristean txistu gehien entzun duen bigarren parlamentaria». Atentzioa eman zidan, bi arrazoirengatik. Alde batetik, dena sailkatzeko eta zenbakitzeko dagoen joera horrengatik. Eta bestetik, esaldiaren egiturarengatik.

«Txistu gehien entzun duen bigarren parlamentaria». Zenbakitzeko beharrak harrapatuta ez gaudenok «Roberto Jimenezek ere txistu asko entzun du» edo holakoren bat esango genuke. Baina «bigarrena» dela azpimarratu nahi izanez gero, zelan esan? Txistu gehien entzun duten parlamentarietan bigarrena? Bigarren parlamentaririk txistukatuena?

Sailkatzeko joera hori ingelesetik zabaldu da, antza. Ingelesez, «the second-highest mountain» eredua erabiltzen da, eta gaztelaniaz eta frantsesez, horri jarraituz, «la segunda cima más alta» eta «le deuxième plus haut sommet» nagusitu dira, hizkuntzalarien gomendioak gorabehera[1]. Euskaraz, berehala hasi zen zabaltzen nire ustez okerra den eredu bat: «hirugarren hiri(rik) jendetsuena».

Badira zortzi urte egitura horren gaineko zalantza plazaratu nuela ItzuL zerrendan, batez ere -(r)ik partitibodun esaldiek eraginda. Superlatiboa egiteko -etan eta -etarik atzizkiak ere erabiltzen dira, eta ez dut uste inork «bigarren herrietan txikiena» edo «seigarren mendietatik altuena» esaten duenik. Zergatik partitiboarekin bai? Mezu hartan, bide horretatik aldentzen ziren bi adibide aipatu nituen. Bata, Eusebio Bengoa Akordagoitiak XX. mendearen hasieran Txinaz idatzitako artikulu batean irakurritakoa: «Ibai hau munduan dagozan handienetatik hirugarrena da». Eta bestea, Andoni Egañari entzuna: «Aurtengo txapelketan, bigarrena naiz zaharrean».

Ordurik hona, urak bide handia egin du, eta Wikipedia hazi eta kaskondu egin zaigu. 150 mila artikulutik gora ditu euskaraz, eta hainbatetan agertzen da zehaztuta elementu geografikoek zenbatgarren lekua duten munduan. Horregatik, aproposa iritzi diot egungo erabileraren erretratua egiteko. Apur bat arakatuta, denerik apur bat dagoela ikusi dut:

  1. Hego hemisferioko bigarren mendirik altuena da.
  2. Mexikoko bigarren mendi garaiena da.
  3. Munduko herrialdeetan seigarren handiena da.
  4. Europako hiriburuetatik hirugarren zaharrena da.
  5. Munduko mendirik altuenetan bigarrena da.

Zenbakiok ez dute zerikusirik agerpen kopuruarekin; desegokienetik egokienera antolatu ditut. Bosgarrena, aitzakiabakoa da, nire ustez. Baina esaldia korapilatzen denean, zenbateraino dira praktikoak egiturok? «Munduko mendirik altuenetan bigarrenean hasiko dute abentura»??? «Altuenetan bigarrena denean»???

Batzuetan, testuinguruak argitzen digu. Lasterketa batean «bigarren denbora egin du» esatea nahikoa den bezala, «munduko bigarren tontorra» edo «munduko bigarren potentzia» esanda ondo ulertzen da. Baina hori nahikoa ez denean, eta goiko bost ereduei helduta, non ipiniko zenukete egokitasunaren marra?


[1] Dena dela, badirudi gaztelaniaz eta frantsesez berri samarra dela egitura hori. Fundeuren Manual de español urgentek ingelesaren kalkotzat jotzen du eta konparazioa izenaren gainean egitea aholkatzen du: LA SEGUNDA MAYOR. Dígase «la segunda en tamaño, en importancia o en volumen». Frantsesez ere antzeko irtenbidea proposatu zitzaion Wordreferencen ingeleseko «second/third best/tallest…» egiturako ordaina galdetu zuen bati: «le troisième pays en superficie / de par la superficie / en importance…».

Iruzkin 1

Iratxe Goikoetxea atalean

Salaketak

Iñaki Segurola

Itzultzaileentzat jarritako toki batean ez dakit ongi ematen duten ipuin soziolinguistikoek, baina gogoa hartaraino lerratu zaidalarik, holakoxea beharko du gaurkoak.

Hizkuntzei buruzko salaketak egiten dira hemen eskuarki errotulazioagatik, paisaia linguistikoa deritzanagatik, erakunde publiko nahiz pribatuen jarduera erdaldunagatik eta holakoengatik. Denok dakigu, ordea, hizkuntza baten bizian gehien inporta duena jendea dela, jendearen edo herriaren aho-mihitan zer dabilen eta entzuten den; orduan ni beti harritu izan nauena eta neure buruari ixilka galdetu izan diodana da ea zergatik ez den sekula egin salaketa edo protestarik zuzen-zuzenean jendearen, herriaren edo herritar soilen kontra. Harritu naiz eta ixilka galdetu, baina sekula inoren aurrean holako deus esatera ausartu gabe, bai baitago hor zentzuzkoa ez dirudien zerbait, edo erokeria usainen bat esplikatzen ez dakidana. Eta hala ere, arrazoiaren beste mutur batek lehengoa esanarazten dit berriro: zergatik ez salatu zinez inporta duena, hots, jendea edo herria bera?

Ea behar bezala adierazten dudan: ez dut esaten hori egin behar litzatekeenik, baina ez dut ikusten arrazoi garbirik ez egiteko ere. Harritzen naiz, beraz, zergatik ez dituen inork zuzenean salatu erdaldun garbiak izateagatik Erandio, Irun edo Urepelgo herri (ia) osoak, edo Lesaka edo Azkoiti (ia) erdia, adibide bakan batzuk besterik ez aitatzeagatik; edo gizabanakoetara etorririk, Ondarru, Goizueta edo Azpeiti batean arrazoi berberagatik herritar edo gizabanakoak zuzenean salatzea bertako agerkarietan; holako zerbait, konparazio batera: «Atzo, goizeko hamaikak aldean Azpeitiko plazan Halako eta Holako, bertako alabak, 55 urte ingurukoak, erdaraz ari ziren (ia erabat)». Bai, jabetzen naiz erokeria usaina dariola, eta gizartea, egiturak, boterea, giza-uste ustelak eta abarrak kontuan hartu behar direla eta erretolika hori dena. Baina erretolika psikosoziologikoaren azpitik, zuzeneko sentimendua dago, bitartekaririk gabea, intelektual eta adituen jardun teknikoaren aditzerik ez duena… eta bai, oraintxe oroitu naiz Xalbador batek horixe berori egin zuela, erokeria dirudien horixe berori:

nik ez dakit jendea zeri buruz doan,
euskara itotzea hartu du gogoan.

Jendea, bai: herria bera salatzea; protestaldiak, agerraldiak, oihualdiak, agiriak eta abarrak. Erokeria dirudi, baina agian ez da. Eta gehiago oraino: nork segurtatzen dit ez dela egin daitekeen gauzarik zuhurrena? Nork ixilaraziko du nere baitan artzain haren arrazoia?

Eta hala ere… egia da: nekez irudika nezake «herriaren kontrako» ekintza edo ekitaldirik.

Alferrik da. Gauza garbirik ez dago. Aunitz maite duenak aunitz dudatzen du.

2 Iruzkin

Iñaki Segurola atalean

Burua eta paraxuta

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Patxi Goñi Zabaldikak[1] 50 urte bete zituen joan den astean. Sasoi betean dago, bidaiazale amorratua da eta aspalditik zerabilen kaskoan Europa iparraldera joatea hango bazterrak eta mendiak ezagutzera. Gurasoek, horren jakitun, opari berezia egin nahi izan diote aurten. Aurreko astelehenean, beraz, semearen urtebetze egunaren bezperan, ustekabeko afari-merienda antolatu zioten. Bapo jan zuten, edan ere ausarki, eta Patxiri, tartaren seigarren hirukia mozten ari zela, urre-koloreko kutxa zapal luzekara bat agertu zitzaion txokolate krematsuaren erdian. Kutxa metalikoaren barnean, Danimarka eta Norvegia ezagutzeko bidaia itxuraz zoragarri baterako gonbitea. Zorion beteko istant horietako bat izan zen, mundua ederra begitandu zitzaion, perfektua ia.

Biharamunean, bere urtebetze egunean, bihotz alai gerturatu zen Unibertsitatera (XXXXko irakaslea baita, EHUn) eta, arruntean ospakizunen oso zale ez izan arren, egun hartan lankide hurbilenendako otamen berezia prestatzea otu zitzaion. Berehala aipatuko zien, baita bidaiaren kontua ere, irrikan zegoen eta; hortaz, bulegora sartu bezain laster bota zien albistea Jokin eta Mikel lankideei:

-Aurten bai, aurten badiagu udarako plana! Danimarka eta Norvegia! Dohainik gainera! Atzo…

-Da-ni-mar-ka, Nor-ve-gi-a…!? Tira, motel, hi beti igoal, hitz egin normal behingoz!

Gizon patxadatsua da Patxi, nekez sumintzen den gizon klasea, baina 50 urte sasoi on-onean bete zituen egun hartako une hartan su gorri batek kiskali zizkion tupustean erraiak. Halere, arnasa sakon hartu, bulegoko atea atzera astiro ireki, arnasa sakon hartu berriro eta… eta danbateko zakar batez itxi zuen atea, bi lankideen mutur harrituen aurrean itxi ere.

Patxi euskaldun berria da, gaztetan euskaldundutakoa, eta 20 urtetik goiti daramatza EHUn Ibaetako campusean eskolak euskaraz ematen. Langile fina da, euskaltzale porrokatua. Ongi moldatzen da, euskaraz eta gaztelaniaz ez ezik, ingelesez ere. Horregatik, lankideek, Jokinek, Mikelek eta Mertxek bereziki, sarritan eskatzen diote laguntza, batez ere materialen bat edo beste gaztelaniatik edo ingelesetik euskaratu behar denean; tamalez, oraindik ere haiek hartu behar izaten dute-eta maiz lan hori. “Laguntza”, dena den, eufemismo ttiki bat baino ez da esateko normalean Patxi arduratzen dela departamentuan euskaratu beharreko material guztiaz. Gustura hartzen du lan hori bere gain, nahiz eta batzuetan ez den oso konforme egoten –nekez erakusten duen arren– Jokinek aitakeria bigun eta onbera batez oroitarazten dionean euskaraz bukaeran jarri behar dela aditza, eta aitortu beharra du gaizki hartu zuela Mertxek testu batetik “okela” kentzeko proposatu zionean, Donostian zeudela argudiatuz.  Bestalde, gogoan du nola lotsagorritu zen beste behin, irakasle talde handi samar bat bazkaltzeko elkartu ziren batean, berak auskalo nongo futbol-zelaian ez dakit zer gertatua zela aipatu eta aldameneko lankidea iji-ajaka hasi zitzaionean esanez oso graziosoa zela, futbol-zelaia, ene! hori zela hori hizkera ponposo eta dotorea, “gurean beti kanpodefutbolean esan dugu”; iji eta aja, nor eta Mikel, departamentuko azken bilerako bere esaldia “las últimas vicisitudes y contingencias del proceso generativo de la actual situación tienen su fundamento no tan solo en meros factores coyunturales sino también y en mayor medida en causas cuyo origen es indiscutiblemente estructural” aktan hitzez hitz jaso ez zelako zalapartaka ibili zena, departamentuko (gaztelaniazko) dokumentu batzuen narraskeria salatuz bidenabar.

Patxik, bada, bere urtebetetzeko egunean danbateko zakar batez itxi zuen bulegoko atea eta elbarriendako komunera joan zen aterpe eske. 5 minutuko meditazio saiotxo batek mesede eginen zion.  Uste baino minutu gehiago behar izan zituen erabat baretzeko, zeren, banan-banan, txinpartak bailiran, erasoan etorri zitzaizkion unibertsitatean hasi zenetik bere euskara zela eta ez zela lankide batzuengan sumaturiko begirada isekari eta barre-murritx guztiak; hitz edo esapide baten kontura jasandako iruzkin graziosoak, gatz gutxiesgarriz ongi hornitutakoak askotxotan: behin “jun” beharrean “joan” esan zuelako batuera jasoegian mintzatzea leporatu zion batek; itzulpen batean “arras” jarri zuenean, aldiz, periferiako txokokerien sobera zalea izatea egotzi zion lankide berberak. Dena den, azkenean ere, Patxik modua izan zuen erabat baretzeko eta bulegora itzuli zen. Tarte bat zuenez, Berria hartu eta atzekoz aurrera irakurtzen hasi zen. Lehenbizi, Santi Leoneren zutabea, ohi bezala: Estua. Irakurri ahala, atzera gorritu ziren aienaturiko txinparta ernegagarri guztiak, su gorri batek kiskali zizkion berriz kostata hoztutako bere errai minberatuak. Azken esaldiarekin batera, arnasa sakon hartu eta ordenagailua piztu zuen. Igandean prestaturiko azterketaren artxiboa osorik ezabatu eta gero, artxibo berri bat ireki zuen: “Galdera bakarra: 1. Ba al dakizu zertan diren berdinak burua eta paraxuta?[2] Jar itzazu hainbat adibide berdintasun hori azaltzeko”.

Astebete pasatu da eta ez zaio damutu. Azterketako igarkizuna asmatu dutenei 6 jarri die. Bizpahiru adibide jartzen moldatu diren bakanei, 10. Igarkizunaren mamiaz jarduteko saio berezi bat prestatu nahi du, irakurgaiak biltzen hasi da, ikuspegi zabalak izatearen onurez, ez soilik ikerketa zientifikoetan, noski. Gazteek hainbeste merezi dute; gure belaunaldikoen hertsikeriaz libratzea, “nik nola, denok hala” dihardutenen matrakaz askatzea. Lankideei mezu elektroniko bat bidali die goizean, azaltzeko kirolzale bihurtu dela azkenaldian, ez zaiola iruditzen hemendik aurrera larunbat-igandeetan astia nahikoa izanen duenik departamentuko materiala itzultzen aritzeko, baina balitekeela kanpodefutbolean maizago elkar ikusten hastea. Mezua bidali eta leihora hurbildu da. Kanpoan, udaberri giroa. Zabal-zabal ireki du leihoa, ea zoko-usaina garbitzen den. Mundua ederra begitandu zaio, perfektua ia.


[1] Egileak, segurtasun arrazoiak direla eta, egiazko istorio honetako protagonistaren benetako izena aldatzea erabaki du.

[2] Igarkizuna: “ba al dakizu zertan diren berdinak burua eta paraxuta? Zabaldu ezean ez dutela ezertarako balio ez batak ez bertzeak”.

5 Iruzkin

Itziar Diez de Ultzurrun atalean

Gabriel Aresti, itzultzaile

Bego Montorio Uribarren

Ez nuke jakingo esaten zerk eraginda, baina Paul Verlainen Chanson d’automne poema etorri izan zait gogora egunotan. Verlainen poema eta Arestiren itzulpena, neurri batean, biak bat baitira niretzat; bata entzun edo ahoskatzen hasi orduko, bestearen oihartzuna datorkit burura.

Itzultzen zaila da poema –errazik ba al da inon?–; erabilitako hitzetan bezainbeste, esamoldean baitago udazkena. Entzun ezazue:

Chanson d’automne

Les sanglots longs
Des violons
De l’automne
Blessent mon coeur
D’une langueur
Monotone.

Tout suffocant
Et blême, quand
Sonne l’heure,
Je me souviens
Des jours anciens
Et je pleure

Et je m’en vais
Au vent mauvais
Qui m’emporte
Deçà, delà,
Pareil à la
Feuille morte.

Bada, 1963an, Arantzazuko Batzarra baino bost urte lehenago, honela eman zuen euskaraz Gabriel Arestik:

Udazken-kantua

Udazkenaren
arrabitaren
zotinak
biotzeratzen
zerauzkidaten
musinak.

Zurbil, itorik,
Ordua iorik
zenean,
egun zaarra
nuen (negarra)
barnean.

Orbelen pare
neraman aire
gaixtoan,
ortik, arantza,
edonorantza,
ninoan.

Grafiak grafia eta arauak arau, ederra deritzot euskarazko poema horri. Gaur. Euskarazko poemari.

Testu horren itzultzea samurra ez dela adierazten dute beste hizkuntza batzuetarako bidean Verlainen hitzek, musikak izan dituzten arazoak. Gaztelaniaz, esaterako, irakurriak ditut poema horren zenbait itzulpen, hiru behintzat bai, eta, Carlos Fujol-ena izan ezik, ahazteko modukoak iruditu zaizkit; eta antzera gertatu omen da alemanez ematerakoan, Michelle Wilmarti entzun nionez. Zaila baita poesia hizkuntza eta kultura batetik bestera pasatzea, baina ez ezinezkoa.

Arestik lortu egin zuen, ekarri egin zigun, Bilbon, 1963an. Itzultzen zuenean ere, mundiala zen-eta Aresti, mundial hitzaren adiera guztietan. Eta horren froga nahi duenak Susa argitaletxeak plazaratu zuen Arestiren obra osora jotzea baino ez du.

Zazpi liburuki dira, eta, horietako bi, itzulpenak. Edizio hori apailatzen ari zirela, aukera izan nuen Jainkoaren hitzak (Divinas Palabras, Ramón María del Valle-Inclán) testuaren eskuizkribuak ikusteko –eskuz itzuli zituen Gabriel Arestik–, eta txunditu, miretsi… egin ninduten. Koaderno txiki bat zen, txarto gogoratzen ez badut, eskuz idatzita, eta oso gutxitan agertzen ziren ezabatutako hitz edo esaldiak. Miretsi, txunditu, hunkitu… egiten nau Arestik.

Eta orain, banoa, Pero Gailo, Mari Gaila, Simoniña  eta konpainiarekin, Valle Incláni bizarretik tira egitera.

Iruzkin bat utzi

Bego Montorio atalean

Bihar, eguraldi

Asier Larrinaga Larrazabal

Post honetan jaso ditudan datuak eta gogoetak Ugarteburu Terminologia Jardunaldietako Hizkuntza-bitartekariak eta terminologia mahai-inguruan zirriborratu nituen 2013ko urtarrilaren 23an, eta ETB1eko eguraldi-iragarpenaren hizkerak izan duen bilakaeraren berri ematen dute.

Aroa Euskal Telebistan

EiTBren hastapenetan, eguraldiaren iragarpenaren ildoa Pello Zabalak urratu zuen Euskadi Irratitik. Telebistan, lehen eguraldi-aurkezleak ―Ainhoa Etxebestek― Zabalaren hitz egiteko modu herrikoiari jarraitzen zion, meteorologo batek gaztelaniaz prestatzen zuen iragarpena pantailaratzen zuenean.

1980ko hamarkadak aurrera egin, eta Edurne Otaegik ordezkatu zuen Etxebeste. Hizkeran, berrikuntza bat egon zen baliabideen aldetik, UZEIk Meteorologia hiztegia argitaratu baitzuen 1988an. «Brisa», «itsaskirria» eta beste termino asko betiko itsatsi ziren eguraldiaren iragarpenean, eta banalerro garbi bat trazatu zuten herri-hizkera soilaren eta eguraldiko aurkezleen mintzamoldearen artean. Luze gabe, ezin saihestuzko bihurtuak ziren soluzio terminologiko bermedunak, eta, hala, eski-estazioen berri ematen hasi zenean, 1992-93ko neguan, ETBko Meteorologi Zerbitzuak eta Euskara Zerbitzuak Euskaltzaindiraino helarazi zuten elur-motei zegozkien terminoen kontsulta: «udaberri-elurra», «elur-hautsa»…

Herri-hizkerak eta terminologia meteorologikoak formatu dute, beraz, Euskal Telebistako eguraldi-aurkezleek darabilten hizkera. Nahastura horri oratze on bat egin zioten 1990ko hamarkadaren erdialdean Andoni Aizpuruk, Asier Sarasuak eta Jon Albisuk. Sarasua, Zientzietan lizentziatua, ETBko lehen meteorologo euskalduna izan zen, eta iragarpenak zuzenean euskaraz lantzen lehena. Aizpuruk, Sarasuarekin elkarlanean, Pello Zabalaren ildoari jarraitu, eta diskurtso natural, dotore eta iristen erraz bat aurkitu zuen. Urteagarrenean, 1994an, Albisuk hartu zuen Sarasuak utzitako lekua, eta iragarpena kontzeptu meteorologikoen azalpenekin hornitzen hasi zen. Iragarpenen edukia maila teknikorantz jaso zuen. Eduki “meteorologikoago” hori ere, egokiro integratu zuen Aizpuruk bere diskurtsoan.

Euskara Zerbitzuak, bere aldetik, Aizpururi eta berriemaile-taldea osatzen joan ziren Urko Aristiri, Aurkene Iturriozi eta gainerakoei laguntzeko asmoz, herri-hizkeran eguraldiaz jarduteko erabiltzen diren hitz eta esamoldeak biltzeari ekin zion. Emaitza HIKEAn kontsulta daiteke, “Gaia (1)” eremuan Orokorra eta “Gaia (2)” eremuan Eguraldia aukeratuta.

2000ko hamarkadaren erdialdean, Euskalmeteko meteorologoei eman zitzaien ETBko iragarpena prestatzeko ardura, lehendik irratian egiten zen bezala, eta meteorologo haietakoren bat edo beste ―Onintze Salazar…― kamera aurrean ere jarri ziren, lehenago irratiko mikroen atzean jarriak ziren bezala.

Urrats hori egiteko, meteorologoei komunikatzaile-prestakuntza ematea hitzartu zuten EiTBk eta Euskalmetek. Ekimena 2008-2009 epealdian eraman zen aurrera, eta, hizkuntzari zegokionez, arreta berezia ipini zitzaion ‘teknolekto’ kontzeptuari. Teknolektoa, meteorologoek euren txostenetan erabiltzen dute, eta, ondoren, txosten horiek eguraldi-iragarpenaren lehengaia baitira, ikus-entzuleentzako hizkerara itzultzen dute.

Prestakuntza haren emaitza interesgarri bat Euskaltermen euskarazko terminologia finkatzea izan zen. Euskalmeteko meteorologoek, EiTBko Euskara Zerbitzuaren laguntzarekin, terminologia guztia bildu, sistematizatu, eta definitu egin zuten, eta gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko ordainekin biribildu zuten, 100 erregistrotik gorako taula batean. Taula, Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuko lantaldeari aurkeztu zitzaion 2008an, eta hainbat ohar eta iradokizun egin zituen. Euskalmetek darabilen behin betiko bertsioa HIKEAn kontsulta daiteke, “Gaia (1)” eremuan Zientzia eta Teknologia eta “Gaia (2)” eremuan Meteorologia aukeratuta.

Teknolektoa vs. herri-hizkera

Uste dut adibide oso ona dela lanbro hitza, eguraldiaren aurkezleek herri-hizkeraren eta teknolektoaren artean egin behar dituzten oreka-ahaleginak ilustratzeko.

Herri-hizkeran, «lanbroa» oso gauza zehaztugabea da, leku batzuetan ideia bati dagokiona, beste batzuetan beste bati, eta beste batzuetan beste bati. Hiru ideia horietako bakoitzerako, sinonimo ugari daude herri-hizkeran. Teknolektoak, ugaritasun horren artetik, forma bakarra aukeratu du termino modura.

 

LANBRO HITZAREN EREMU SEMANTIKOA

ideiak

1

2

3

herri-hizkerako berbak

laino

behe-laino

laino-behera

gandu

gandu

lanbro

euri lapratz

euri mehe

garapa

euri-landur

zirimiri

lantxurda

garo

lanbro

teknolektoko terminoak

«laino»

«lanbro»

«zirimiri»

gure inguruko hizkuntzetan

es: «niebla»

fr: «brouillard»

en: «fog»

es: «bruma»

fr: «brume»

en: «mist»

es: «llovizna»

fr: «bruine»

en: «drizzle»

terminoaren definizioa

Ur-tanta oso txikien aireko suspentsioa, lurrazaleko ikuspen horizontala kilometro bat baino gutxiagora murrizten duena. Ikuspena 200 m baino gutxiagokoa bada, orduan, laino itsu terminoa erabiliko da

Ur-tanta mikroskopikoen edo zatiki higroskopiko bustien aireko suspentsioa. Lanbroa denean, ikuspena 1 km eta 5 km artekoa da, eta hezetasun erlatiboa % 70 edo gehiagokoa

Prezipitazio nahiko uniformea, elkarren kontra oso hurbil dauden ur-tanta oso txikiz (0,5 mm baino diametro txikiagokoz) osatua

Eguraldi-aurkezleak ez du ezer konpontzen «lanbroa» esanda, ikusleen “deskodetze-gakoa” ez baita teknolektoa, herri-hizkera baizik. Aurkezlearen lana da, beraz, testuinguru egokian kokatzea iragarpenerako aukeratzen dituen hitzak, eta behar den beste argibiderekin hornitzea. Esaldiak eta testuak sortzea, alegia.

Esaldietan dago gakoa

Esaldiak eta testuak sortzeko artearen jabe den aurkezlea teknolektoaren uztarpetik aska daiteke, eta samurrago komunikatzen da.

Adibidez, hodeiek zeruaren erdia baino gutxiago estaltzen badute, partez hodeituta dagoela esaten da teknolektoan. ETBren eguraldiaren tartean, nekez esango da hala. Modu hauetakoren batean, bai:

Zeruan oskarbiguneak zabaldu dira.
Zeruan hodeiak eta ostarteak daude.
Hodeitza saretu egin da.

Ederra da hodeitza saretzearen irudia, eta zaleak ere baditu aurkezleen artean. «Eguraldi ona» esapide topiko eta ―ETBko ikusle askoren mundu-ikuskearen arabera― gezurrezkoak, ostera, nekez du zalerik, baina, horregatik, ez dago aurkezlerik udako egun garbi, eguzkitsu eta bero bat egokiro aipatzen ez dakienik.

ETBko eguraldi-aurkezleak ―lehengoak eta oraingoak― hitzaren zinezko artistak dira. ETBko meteorologo eta hizkuntzalariekin eskuz esku, hizkera berri bat sortu dute, eguraldi-iragarpenaren hizkera.

Iruzkin bat utzi

Asier Larrinaga atalean