Batutik ihesi

Juan Luis Zabala Artetxe

Ezin da ukatu, begien bistakoa da: gazteen artean oso zabaldua dago batutik ihes egiteko joera. Ez bakarrik hitz egiterakoan, baita idazterakoan ere; ez bakarrik lagunartean, baita jendaurrean ere. Euskaraz libre eta bizi aritu nahi dutenean batutik ihes egin beharra sentitzen dute askok, antza denez. Kasu batzuetan justifikatuta egon daiteke, baina nik ez diot batere susmo onik hartzen joera hori izaten ari den zabalkundeari.

Guztiz ados nago Santi Leonék Estua artikuluan esandakoarekin: «zenbaitetan, batua baino gehiago, euskara estua irakasten dela» uste dut nik ere, eta horrek aurkako erreakzioak sortzen dituela. Baina estutasun hori, bere larrian, zailtasun gehitua dela iruditzen zait, ez gazteek batutik ihes egiteko duten motibo nagusia.

Ezagutza falta da, nire ustez, benetako motiboa, sustraian dagoen arazoa. Gordin esanda: analfabetismoa. Kasu gehienetan batutik ihes egiteko joera analfabetismo maila larri baten ondorio zuzena delakoan nago, eta ez ondo ikasitako arau batzuen zorroztasunaren aurkako protesta ironiko, errebelde eta transgresorea. Adierazkortasun gabezia baten ondorioa dela, alegia, adierazkortasuna indartzeko ahalegin bat baino gehiago.

Azken egunotan horren ezagun egin zaigun Aske Gunearen inguruko hasierako agerraldietako batean, atxilotzeko ordena emana zitzaion gazteetako bat entzun nuen, irratiaren bidez, gisa honetako zerbait esaten: «Ez diegu erraza jarriko guri eramatea» (etzana neuk eraitsi dut, jakina).

Jar daitezkeen milaka adibideetako bat baino ez da. Beste askotan ere pentsatu nuena pentsatu nuen berriro neure artean: Euskal Herriaren independentziaren alde hainbeste emateko prest dagoen gazte batek, euskaraz hitz egiten eta idazten ondo ikasteko aukera izan eta gero, mikrofono baten aurrean horren akats oinarrizkoa egiteak ez al du porrot ikaragarri bat jartzen agerian? Eta porrota aipatzerakoan, ez naiz ari horrela mintzo zen gazteaz, jakina, gizarte osoaz baizik.

Koldo Mitxelenak esana omen da gazteak bere duela, gutxienez eta ezinbestean, arrazoi biologikoa. Gazteentzako errietak, mehatxuak eta zigorrak lekuz kanpo daude beraz. Azken batean, euskara inguruko erdaren ondoan menperaturik daukan diglosiaren ondorio okerretako bat baino ez da lehen aipatu dudan analfabetismoa. Batua jakiteko eta batuaz gozatzeko, batua lagun sentitzeko eta ez etsai, euskara ondo jakitea komeni da lehenik, eta gero batua eguneroko tresna izatea, edo ohikoa bederen. Gaur eta hemen horrek zorte edo/eta ahalegin handiegia eskatzen du. Oso jende gutxik daukan zortea edo/eta oso jende gutxik egiten duen ahalegina.

Batuari eta batutik ihes egiteari buruz twitterren eztabaidatzen hasita, Ander Lipusen erantzuna jaso nuen behin: «Adibidez, Maskarada bat batueraz entzutea, eta ez xiberutarrez. Hori bai izango litzatekeela aztertzekoa!», bota zidan, nik batutik ihes egiteko joera gero eta zabalduagoa aztertzekoa zela esan nuenean. Zer pentsatua eman zidan Lipusen komentarioak. Eta pentsatu nuen: zergatik ez? Ez al da tristeagoa maskarada eta pastoraletako aktore askok euskara batua denik ere ez jakitea? Ez al litzateke hori —Zuberoako maskaradak eta pastorala euskara batuan— euskararen hizkuntz egoera zeharo sendo baten adierazgarririk ziurrena, ukaezinena, behin betikoena?

Batutik ihes egitea ez da berez txarra. Baina nik gazteak batutik ihesi jolasteko gogoak eramanak nahi nituzke, ez arrotza zaien batuaren beldurrak larrituak.

Txillardegi parafraseatuz, bera ere ados izango zelakoan: batuarekin ere, ez dakit euskararik izango den etorkizunean; baina baturik gabe seguru ezetz.

49 Iruzkin

Juan Luis Zabala atalean

49 responses to “Batutik ihesi

  1. Sugar

    Gazte horrek bota duen esaldia ez da batua izango baina ezta Gipuzkera, Bizkaiera… , hori ez da joera bat batutik ihes egiteko , ezjakintasuna da besterik ez, eta tamalez (hirietan behintzat) asko gertatzen da. Umeak oso gaizki egiten dute Euskaraz, esaldi bakoitzeko gaztelerakada bat, nik hankasartze asko egiten ditut (B eta Dn ikasi dut) bainan gazteena (orokorrean) benetan tamalgarria da. Baina hori ez da batutik ihes egiteko joera, Euskaratik ihes egiteko joera baizik. Tristea da oso eta errudun asko daude (telebista indartu baten falta, itzulitako pelikulen falta, beharrezkotasun falta…), bainan niretzako bat da nagusiki, Euskarari diogun atxikimendu txikia, bai atxikimendu txikia..

    Beti edozein aitzakin gaztelera pasatzen gea eta badirudi ez zaigula inporta (orokorrean), edo batek ulertzen ez dulako, edo batzuk ondo hitzegiten ez dutelako, edo euskaldunak gazteleraz egiten didalako eta nik gazteleraz erantzun… Horrela ez goaz inora.

    • Iñaki Segurola

      “Batuarekin ere, ez dakit euskararik izango den etorkizunean, baina baturik gabe seguru ezetz”. Hori duk kulturmunduaren ahotsa. Euskara batu/bakandua (literato, akademiko eta esatariek hain maite dutena) ez duk, zehazki hitzeginda, beste dialekto bat baizik, baina dialekto artifiziala, eta badakik, jakin behar likek mundu guztiak, euskarazko herrietan ia beste hizkuntza bat balitz bezala sentitzen dela hori. Kulturmunduak ez zekik hizkuntza ezjakinen inbentu bat dela, ezin irentsi dik hori inolako moduz.
      Euskararik baldin bada, eta izango bada, pena merezi duen euskara bat, esan nahi diat, graziduna eta biziduna, autoritateak idatzitako arauen axolarik ez duena, hizkuntza naturala eta natula izango bada, hori batu/bakandutik aski kanpora ibiliko duk erremedio gabe, edo ez duk batere ibiliko. Hau ez duk kulturmunduan sentitzen, idatzizkoaren esanera moldatutako hizkuntzan ez duk sentitzen, baina bai euskaraz (asko, dexente, puskat) hitzegiten den herrietan.
      Neri bi zera horien artean jauzika bezala ibiltzea tokatu zaidak, lehorretik hezera eta hezetik lehorrera, igelak bezala. (Eta “berbatura” ere asmatu diat neure ustez, literaturako hizkuntza bakandu horretatik ihes egiteko eginahalean, nahiz ez dudan ihes haundirik egiten asmatu oraindainokoan.)
      Juanluix matte hori: hau hiri hola idaztie itxurebe kosta zitek; batu/bakandu moruko hontan idaztie, esan nahi nikik.

  2. Gazte horren akats hori ez da batutik ihes egitea, ados; baina batutik ihes egiteko joera, nire ustez, euskaraz ondo ez jakitearen ondorio izaten da gehienetan (ez beti, noski), ezjakintasunaren ondorioa (euskara egunero eta ekimen orotan ez erabiltzearen ondorio, gure gaurko gizarte diglosikoan hori oso zaila delako). Hori da funtsean esan nahi nuena.

  3. Ze esaten aiaiz, Iñaki, politt ori, eu aiz-ta numero uno praktikakin erakusten batue zein gertu senti leiken ta batukin zein urrutire ailegau leiken! Kulturmundun, gaur egun, geixenok gatxaudek (gure kintatik bera danok, esateko morun), nai edo nai ez. Baine kulturmundue erdaldune dek geixenbat, problemie ori dek nere ustez. Bestela balitz batue askoz’e errezo sartuko uke leku danetan, beintzet gauze batzuteako. “Marca” kastillano batu ondo araututekun eskribitzek baine, nik dakittela beintzet, inok etziok inun pegaik jartzen orreatik, ezta kastillano natulena eittebenak’e.

    • Iñaki Segurola

      Esangoiat: beste hizkuntze batekiñ konparatziek eztik jeneralien baliyo izeten. HIzkuntze bakoitze mundu bat dek. Hamen asuntue dek: dana eztek kulturmundue, dana eztek batue; euskeraz dexente hitzeitean tokiyetan batue beste hizkuntze eo (sub)dialekto bat bezela sentitzeek, eta hori hala dek eta izengoek baite erderaik ez eonda re. Euskerien kasue holakotxie dek eta punto. Batuek eztik triunfau euskerazko jendien belarriyetan. Batuek triunfau dik mundu formal eo kultural hortan. Ta Sugar dalako horrei esateyokanien batutik igeseitie euskeraz ondo ez jakitien seiñale izen leikela, garbi-garbi esangoiat alde erantzire re pasatzeala, ta nik nere inguruen hori oserbau detela geyenbat: batun hitzeiteun jendie hiztun motza eo euskerie erdi ahaztutekue izeteala.
      Esanda bezela, lehorretik udeta ta udetatik lehorrea ibliltzea kondenaute gatxaudek,

  4. Somorrostro Harana

    Orduan, euskara batuaz berba egiten dutenak alfabetatuak, pertsona argiak, altuak eta ederrak dira, euskalkiak erabiltzen dutenak, ostera, analfabetatuak, hau da, beste garai batzuetako baserritarrak. Espainiar agintariek erabili zuten estrategia berbera euskara desagertarazteko baina kasu honetan euskararen aniztasunaren aurka eta gainera Euskal Herritik barrutik. Elitista, berba bategaz esanda. Bigarren iruzkinagaz ados nago, guztiz. Textu honetan zerbait txarto idatzi badut edo berbak orden txarrean ipini baditut espero dut euskarazko garbizaleek (euskarazko textuak eta liburuak irakurtzen dutenak besteei zuzentzeko) barka diezadaten…

  5. Fermin Etxegoien

    Zer espero zenuten, ba?

    Kokodriloari deituko diogu krokodilo; Txipreri deituko diogu Zipre, eta beste ehunka erabaki ergel, edonor estetikoki oso deseroso sentiarazteko modukoak.

    Kokodriloari deituko zaio krokodilo, adituek arrazoi ugari dituzte-eta, honelako erabaki ergel bat hartzeko… Gainera euskaldunok herri-nazio handi bat gara, eta hasieran kostatuko bazaigu ere, kokodriloari krokodilo deitzea, ba azkenean lortuko dugu, pertsona bakar baten gisan helduko batiogu erronkari.

    Ez ba, jaun-andreok, ez dugu lortu eta ez dugu sekula lortuko, gure hizkuntza eraikuntza nazionalaren zerbitzura jarritako bereizgarri identitario abstruso bat den heinean.

    Euskarak baditu, estetika linguistiko gozagarria bilakatuko bada, konponketa eskatzen duten barne arazo askotxo, filologia eta marketin linguistikoa gururatzen diren eremuan konpontzekoak. Eta konpontzen ez baldin badira, jendeak agur esango dio euskarari bai herrian bai eta hirian, bai estatua lortu aurretik bai eta estatua lortu ondoren.

  6. k

    Irakaslea den adiskide batek esanda dakit gero eta arruntagoa dela euskaldun “zahar” euskalkidun omen diren ikasleek euskalkirik ez duten “batu”-dunak gaizki begiratzearena, bizi guztiko euskaldun zaharrak balira ere azken hauek.

    Beste enda batekoak balira bezala tratatzen omen dituzte.

    Eta, sarritan, erdara hutsez, hau da, gaztelania puru-puruan zuzentzen zaizkiela tokian tokiko fonetismo, hots laburtze, soinu-irensketa eta gainontzeko totolokerietatik urruti bizi diren euskara batu zuzenaren erabiltzaileei.

    Azken hauek ez bide dute euskara “naturala” erabiltzen!

    Nori zor zaion horrenbeste kirtenkeria ahaztuta ere (beste adiskide batek dioenez, Bonaparte baten kume eta kontrarreformista erlijioso zenbaitek dute bekatu-hedapen ostia horren errua!), neronek egiaztatutako kontua da tokian tokiko “hori” darabiltenek ez dutela ahaleginik txikiena ere egin estandarizatua beharko genukeen ereduaren alde eta, are okerragoa dena, haien lexiko-aberastasuna bostehun hitzetako lexikora mugatzen dela gehienetan.

    Eta, pobreziaren pobrezia, bostehuneko txanpon hori desenmaskaratzen ez zaien bitartean, harro eta eroso sentitzen dira gizagaixoak!

  7. Barkatu txaparengatik

    Euskara batua ez da beste dialekto bat, gaztelera batua beste dialekto bat ez den bezala (eta dialektoak ere hizkuntza dira berez), edo akaso gazteleradunek albisteetako edo liburuetako gaztelera erabiltzen dute? Ez. Gaztelerak 90 dialekto ditu gutxienez eta 5 gaztelera batu daude, eta? Neretzako gauza ez da artifizialki sortzea (denak artifizialki sortuak dialako) baizik eta badirudiela ez dakigula zertarako sortu genuen (guztiak bezala), euskaldunen artean ondo ulertzeko gure hizkuntza arautuz, hau da Frantzian, Espainian, Alemanian… egin zuten bezala. Dialekto guztiak ez zituzten geo eta beste dialektu sortu zian.
    Eta herri xumeak inoiz egiten du gaztelera ofizialean (hitz egiterakoan batik bat)? Gehienetan ez, beraien hitz egiteko joerak dauzkate (dialektoak). Baina gaztelera batua gabe dialektuak bereaien lekuetatik joanda ehundaka hizkuntza guztiz ezberdin hitz egiten bukatuko zuten, gertatzen zitzaien bezala.
    Zenbat eta estatu haundiagoa, orduan eta hizkuntza baturaren behar haundiagoa zuten horregatik, eta guk batua sortu izan ez bagenu azkenean ez zan inolako Euskal Herriko batasunik izango.
    Badakit dialektoekin batasun bat bazegoela (baina gero eta gutxiago), baina denborarekin bakoitzak bere aldetik joanez eta hain gutxi izanez, azkenean hori gerta zedin aukera gehiago zeuden. Guk batua daukagu eta eskolan garatu behar da, telebistetan, irratietan…. Eta aldi berean dialektoak ere garatu daitezke (bakoitzak berea duelako), baina batua behar da bai ala bai, eta batua naturaltasunez egiteko gaztelerarekin gertatzen den bezala gertatuko da, sortu zenean irakasten zen eta zabaltzen zen, ondo hitz egiten zekitenak erabiltzerakoan, ez zekitenak hizkera kopiatzen saiatzen ziren, azkenean jendeak naturaltasunez hartu arte.

    Israeldarrek ez zuten hebreoa berpiztu ba? Nork hitz egiten zuen hebreoa naturaltasunez? Eta orain?

  8. Pruden Gartzia

    Recuerde el alma dormida,
    avive el seso y despierte
    contemplando
    cómo se pasa la vida,
    cómo se viene la muerte 5
    tan callando,
    cuán presto se va el placer,
    cómo, después de acordado,
    da dolor;
    cómo, a nuestro parecer, 10
    cualquiera tiempo pasado
    fue mejor.

    Jorge Manrique (1440-1479)

    Oharra: goiko parrastada guztiak irakurri ondoren ez zait beste ezer egokiagorik bururatu. Barkatu, malenkoniak hartzen nau!

    Oharra bis: Edo melankolia? Melancolía? Ai jauna! Batek daki zuekin nola asmatu “naturala” izaten.

  9. kaikua!

    Gauzak dian bezela, batua hitzeitteko arrunten motela duk.
    Idazteko ta irakurtzeko ongi zeok biño…

  10. Irakurritako erantzun batzuei erantzunez:

    • Batua erabiltzen ez duten denak ez dira, Somorrostroko Harana, analfabetoak. Baina analfabeto askok egiten dute ihes batutik, jakinaren gainean baino gehiagotan oharkabean, nagikeria hutsez.
    • Izango duk euskaraz ondo jakin eta batutik ihes egiten duenik, Iñaki, baina horiek ez naitek batere kezkatzen. Horiek batuari indarra emango ziotek nahi ezta ere, “natural-natural”.
    • Inguruan erdararik gabe, Iñaki, ez diat uste egoera berdina izango zenik. Euskara diglosia baten azpiko aldean zapalduta ez balego (barka biktimismo negarti merkea, barka ardo mindua edan izana historiaren tabernan) batua eguneroko kontua izango lukek denon bizitzetan, natural-natural onartua; edo, tira, zer edo zer –eskelak eta haiekin datorren periodikoa besterik ez bada ere– irakurtzen duen ororen bizitzan bederen. Ez, orain bezala, soil-soilik horretarako zortea izan edo horretarako ahalegin berezia egin dutenen artean.
    • Krokodiloak krokodilo, euskara estuaren kritikan bat natorrek, Fermin, Santi Leonérekin. Baina ez zuan hori nire artikuluxkaren gai nagusia. Batuak arazo asko ditik konpontzeko, dudarik ez, “filologia eta marketin linguistikoa gururatzen diren eremuan” konpondu beharrekoak, hik dioen moduan. Baina ez diat uste batuaren onarpen sozialaren porrotaren motibo nagusia hori denik.

    Honekin guztiarekin, nahiko nukeena da, besterik gabe, ohartarazi ustezko adierazkortasun handiagoaren bila idatzietan, afixetan eta, bereziki, kantu, poema, antzerki edo dantza emanaldi, arte plastikoko obra, film, performance, ekitaldi, ziklo, kongresu eta orotariko festa eta orgien izenburuetan, batutik ihes egiten dutenei, nirekin behintzat guztiz kontrako eragina lortzen dutela kasurik gehienetan (salbuespenetarako zabalik nago, jakina). Eta ez naizela piztia bakarti arraroa. Edo, auskalo!, igual bai.

  11. SantioMenditik

    Ni ere bat nator Zabalarekin. Oinarrian, -gustatu edo ez- ezjakintasun problema dugu: ez dugu euskara behar bezala menperatzen, eta gero eta gehiago ari gara kastellano zerbantinoz euskal hitzekin; adierazkortasun falta erabatekoa da. Eta erreparatu, gainerakoan, AskeGuneko horri. Arazoa ez da mugatzen, zoritxarrez kokodrilo/krokodrilo gisakoetara. Nahiz eta azpeitiarrak dioen batua kulturmunduko horien zera dela, nik uste behar- beharrezkoa dugula: gizarte-funtzio gehienak betetzen dituzten hizkuntzek beren “batua” dute, eta azkoitiarrak dioen bezala guk ere gure “Marca” behar dugu. Hori bai, bestelako grazia eta airea emanda (eta hor bai txoke gure stablishment akademikoarekin); eta hor bai Segurolak, bai Zabalak, Egañak, Amurizak eta beste askok aportaziorik egin lezakete. Polemika behar-beharrezkoa da, bai, Hala ere pixka bat zentratu beharra ikusten dut: a) batua beharrezkoa da, euskarak gizarte-funtzio nagusiak beteko baditu. b) Batuak ere bere erregistroak ditu nik dakidala -jasoa, lagun artekoa, arrunta, etab,.- Ez du zertan horren zozo eta gustugabea izan behar; erregistro horiek gatz eta piper pixka batekin ere landu daitezke. Baita euskalkien moldeak hartu ere. c) Euskaldunzaharrak ez gaitezen hasi lixto-plantak egiten euskaldunberrien aurrean, eta euskaldunberriek ere ikus dezatela euskaraz egitea ez dela bakar-bakarrik gaztelaniazkoen ordainak juntatzea. d) Euskal irrati telebistetan, komunikabideetan, itzulpengintzan, irakaskntzan euskaraz egunero dihardutenenek zaindu dezatela bereziki beren lana. Euskararen eredua hortik zabaltzen duguna da; eragin biderkatzailea hortxe dago. e)Pazientziaz, umorez eta errespetuz, jarrai dezagun lanean, luzerako dugu-eta. Amen.

  12. Iñaki Segurola

    (1) Kaikua!-rekin bat natxatorrek. Hitz gutxi eta haiek onak. (Bidenabar: hikako formak batzea izan duk akademikoei bururatu zaien aldrebeskeriarik latzena, alde haundiarekin.)
    (2) 1968an “euskara batua” zena nik eus.bak.of.ha (euskara bakandu ofizial hiper-arautua) deitzen dudana bihurtu duk. Xehetasun denak esplikatzea luzeegia huke. Gero, kastillanotik ihesi ingelesaren mendean errendiarazi ditek euskara. Hortik “krokodilo” eta abar azkengabe bat. Erdara baten lekuan beste bat jarri nagusi: deputamaider! (sic). “Immigrazioa” eta horiek, berriz, marka denak hausten dizkiate: 1968an NB eta NP idaztea erabaki baldin bazen (eta ez MB eta MP), gero ez zegok inola ere MM idazteko agintzerik; NM duk tokatzen dena. Idazkera “fonologikoa” (1968an hartu zen bidea) utzi eta “nazioarteko” pedantekeria hobetsi diate Mitxelenaren ondorengo “teknikoek”, kastillanotik ihesi beti ere. (Barkaiezu, Koldo, ez zekiten zertan ari ziren.) Eta, bide beretik doaz “subjektu”, “absentzia” eta abarrak. Hor estatu-kolpe moduko bat gertatu huan, eta Arantzazuko Txostenaren espiritua bortxatu bezala egin huan. Gero dena era BATERA izan beharra… eta, bo, luzatzen ari nauk eta ez naizela luzatuko esan diat. Iritsiko duk noizbait kontu hauek denak argitzeko eguna.
    (3) Segitzen diat pentsatzen, JuanLuix, erdararik gabe ere eusbakofha ez litzatekeela hain “egunerokoa” eta hain “gure bizitzetakoa”.
    Nik beti esan ohi diat: “zer da munduan den gauzarik trixteena? ondarrutar bat batuan hitzegiten”. Dakienak bazekik horrekin dena esanda gelditzen dela, eta dena ez bada ere, asko behintzat bai.

  13. k

    Bekatu larriagorik erdara batua ezin modu naturalagoan dagiten ondarrutarrak euskara batuan mintzatzea baino?
    Ikaragarria eztabaida!
    Euskara batu arbuiagarria naturaltasun osoz darabilten solaskideak.
    Ohiko kintakolumnismotik ez urruti.
    Emmmmmigra dezagun!

  14. Gauza tristea behar dut nik, baita barre egin eta nire hortz okerren grazia agerian uzten dudanean ere, azkoitiar bat batuan hizketan!

  15. Ondarrutar bat ondarrutar artean batuan hizketan, hori bai, izan zitekek tristea, tristea litzatekeen bezala nik hirekin batuan hitz egitea (ezen ez, nik uste, orain bezala, nik hiri batuan idaztea). Baina berez eta izatez, beste ezer zehaztu gabe, zergatik izango da ba tristeagoa ondarrutar ba batuan, ondarrutar bat gaztelaniaz, ingelesez edo frisieraz baino? Bide batez, eus.bak.of-ha-ren historia hori noiz kontatuko duan haiduru gauzkak.

  16. beste bat

    Ondarrutar batek esana da “txupaiztak beko mienbru”. Oso adierazkorra izango da, nahi baduzue. Baina hori euskalki jatorra al da? Edo euskañola? Ulertuko al du Baigorriko euskaldun batek?

    Batuak bere akatsak ditu, baina hizkuntza guztiek dute, behar dutelako, beraien “batua”. Diglosiaren ondorioz ipurtzuloraino kutsatutako euskalkiak ere ez ditzagun mitifikatu.

  17. Xabier Aristegieta

    Aurrez aurreko elkarrizketetan, gure burua aurkezten dugu.
    Telefonoz deitzean, nor garen esaten dugu.
    Zergatik, orduan, Internet bidezko eztabaida hauetan, zenbait jendek ez du bere izena eman nahi?
    Beldurragatik? Ez delako ausartzen jakitera ematera halako pertsonak halako iritzia daukala jakin dadin? Lotsagatik?
    Mesedez!

    • beste bat

      Nik beti “beste bat” bezala idazten dut, Xabier. Ez naiz mundu osoarekin fidatzen, eta interneten idatzitakoa mundu osoak irakur dezake.

      Dena dela, nire posta elektronikoa jarria dago mezua idazterakoan, eta jakin nahi badituzu hor arazorik gabe emango dizkizut nire izen abizenak. Baina ez dut uste honek gaiarekin zer ikusi handirik duenik.

  18. Fermin Etxegoien

    Behin batean, tankera bereko txat batean bota nuen iruzkin naive bat, beharbada krokodilo bat bezain naifa:

    Zein da “dut” eta “det” laguntzaileen arteko desberdintasuna? Norbaiten arima -euskal arima- gorde ala galdu egiten da “dut” esan ordez “det” esan behar izateagatik, zein alderantziz?

    Alegia; beti bezala, arazo -batez ere- estetiko baten aurrean gaude, hizkuntza estetika gisa. Baina kontuz, ez bainabil arazoa erlatibizatzen, baizik eta kontrakoa; duen garrantzia bere eremuan kokatzen.

    Hiztunarentzat inportantea baita, oso, estetikoki osatu, koherente, jator agertzea euskaraz ari denean. Eta batzuek euskalkian ari direnean baino ez dute halakorik lortzen.

    Helburua, noski, badakigu zein den; euskara batuan aritu ahal izatea euskara jatorrean arituko bagina bezala.

    Euskalkiak zein hizkuntza aldaera partikularrak progresiboki desitxuratuz? Ezinbestean! Halere, izan dadila uztarketa-prozesu geeldo, luuuze, denontzat aberasgarri, ahalik eta “ez traumatikoen”…

    Enfin; ez da kontu erraza, ez gaitezen haserretu.

  19. Garbiñe Larrea

    Eztabaida honen berri eman diet gaur goizean nire ikasleei (alfabetatze taldea, donostiarrak eta ingurukoak, jubilatuak) eta zaharrenak bota duenak laburtzen du ongi haien ustea: “batua eztao gaizki baño neretzako beti faja jantzita ibiltzia bezela da!”.

  20. Pep

    Barka nazazue erderaz idazteagatik, Kataluniarra nauzue eta esaldi labur bat ere egiteko ordu bat behar dut. Disculpad tambien la falta de acentos..

    ados nago Juan Luisekin baina con matices:

    -1- la frase que nos pone como ejemplo me parece un caso de influencia del castellano, influencia que puede afectar tanto al batua como a cualquier euskalki. No es un caso de poca valorizacion del batua sino de castellanizacion.

    -2: que quien escriba una maskarada no conozca el batua me parece mal; pero que deba escribirlo en batua (o que no sea objetable que lo haga) no me parece una consecuencia logica de lo primero. Particularmente estoy de acuerdo en lo primero pero creo que las manifestaciones de cultura popular son mas “autenticas” en euskalki. De hecho cuando algunos comentais que el batua debe ser la lengua de los medios de comunicacion se intuye que las manifestaciones de cultura tradicional quedan al margen.

    -3: “batutik ihesi jolasteko gogoak eramanak nahi nituzke” me parece un poco condescendiente: me recuerda la situacion de los “dialectos” en Italia: la version oficial es que sirven para la broma, para lo intrascendente. Como diria el anuncio: para todo lo demas, la lingua. Con el resultado del descredito y la casi desaparicion de las variedades (El ejemplo reconozco que tiene sus limites porque en el caso italiano si se trata de lenguas diferentes italiano/”dialecto”, aunque al Estado italiano no le convenga reconocerlo)

    salutacions des de Catalunya

  21. Pedro Z.

    Hasteko, bistakoa den kontu bat: berbak eta idazkerak direla-eta, danok ditugu geure filia eta fobia irrazionalak. Kontu horiek irribarre batekin hartzea komeni zaigula begitantzen zait. Niri, adibidez, krokodilo eta Danimarka esatea gustatzen zait, baina ez daukat inongo arazorik tarteka Dinamarka edo kokodrilo esateko. Tira, harira; jarraian datorrena iazko ekainean idatzi nuen eta Bizkaia gehigarriko zutabe batean atera zen:

    (…) Asko dira oraindik euskara estandarra, artifizialegia dela iritzita, irentsi ezinik dabiltzanak; era berean, beste askorentzat gehiegizkoak dira bizkaierako aldaeren kontrakzioak eta elipsien dantzak. Batzuek zein besteek atzeraka egingo dute euskara entzun orduko, ez baitira gustura sentituko eta ikasketa negatiboen multzoan kokatuko dute bizipen hori. Hortik datorren hurrengo pausoa badakigu zein den: gaztelaniaren erabilera.
    Beraz, funtsezkoa da erregistro egokia erabiltzea une bakoitzean. Batzuetan gaitza da aukeratzea: Euskadi Irratian lau kontutxo esatea egokituz gero, zergatik ez egin ahalik eta bizkaiera garbienean? Beste alde batetik, ez da ariketa polita batua ahalik eta gehien blaitzea norberaren euskararekin? Baiezkoan nago. Biak dira hautu zuzenak eta asko gara batetik bestera saltoka ibiltzen garenok. Ez da harritzekoa, biek baitaukate alde onik. Bizkaierak adierazkortasuna eta musika ditu bere alde; batuak, berriz, zehaztasuna, bereziki aditzekin. Izan ere, zoritxarrez ahozkoan erdi galduta daude bizkaerako hainbat aditz-forma funtsezko, adibidez gure inguruko ziñuazen (zenbat bider entzun eta esan dugu “ikusi zaitxuten”, batuerako “ikusi zintudan”en pareko legez!).
    Gaurkoz hemen utziko dut kontua, lehen egunean urrutiegi joatea ez da komeni-eta, badaezpada be (eta ez porsiakaso sasijatorra).

  22. Iñaki Segurola

    JuanLuix matea (faja jantzita idatziko diat): bigarren aldia duk proposatzen didatena kontatzea batua nolaz bihurtu zen eusbakofha. Baina ezin diat. Aldaketa haundi bat gertatu zela bazekiat Arantzazuko Txostenaren espirituarekiko, “estatu kolpe” moduko bat ere bai nahi baduk. NIk badizkiat irudipen batzuk, baina ikerketa lan bat huke, jendea galdezkatu beharko nikek, eta abar. Erabaki eta arau xelebre asko etorri hituan garai batean, okerrekoak gehienak eta kalterako izan direnak nere eta beste askoren gusturako (batzuk aitatu dizkiat atzoko jardun batean). Baina, esanda bezala, momentuan utzi egingo diagu horretantxe. (Erakundean egondako jendeak denbora behar izaten dik Erakundeko trapu zikinak erakusteko, eta Erret (kar!) Akademia, jakina, erakunde bat duk; erakunde ez armatua, baina erakundea.)
    Batua eta batasuna: BAT-en sakralizazio bat zegok hemen: dena era batera izan beharra, eta abar. (Hori Erakundean hala izan duk oraintxe arte.) Nere ustea duk eredu española kopiatu dela, edo frantsesa. Beste hizkuntza batzuetan, are idatzizko munduan, are kulturmunduan, gauzak ez dituk horren estuak eta bat-zaleak. Italianoz, hango berri dakien batek esan didanez, literaturan bertan gero eta gehiago jotzen ditek batasun edo batkeria (bakteria?) hori haustera, eta hizkuntzari bestelako (hango eta hemengo) tankera ematera eta nahastera.
    Hizkuntzan ez dik inork agintzen. Idatzizko hizkuntzan ere komeniko huke batkeria izeneko bakteriak gero eta gutxiago agintzea.
    (Eta ondarrutar bat batuan hitzegiten entzutea gauza trixtea duk oso. Hau sentitzeko Ondarrun eta ondarrutarren artean ibili beharra zegok asko, eta hala ibili garenok eta bizi guztian ibiltzea espero dugunok bazekiagu zer diogun. Han gatza zegok hizketan, Pipi, gatza, xehea eta larria. Arauek ezin harrapatu duten gatz bat. Ez Ondarrun bakarrik, jakina, baina Ondarrukoa ateratzen diat oso kasu nabarmena delako… eta oso maitea dudalako.)
    Eta bukatzeko, Etxegoien jaun estimatua: ez gaitezen haserretzeko beldurrez ixilik gelditu. Haserretzen artixtak gaituk, baina gero hutsa behar izaten diagu atzera gozo-gozo adiskidetzeko, eta dixkuratu ezkero… elkar matte-matteka hartzeko. Beraz, bota egurra lasai!

  23. Pruden Gartzia

    Egin dezagun aldaketa txiki pare bat Segurolaren testuan, formazko aldaketa txiki hutsak, nahi bada, “espiritua” (berak goraxeago darabilen kontzeptu bera) ukituko ez dutenak:

    “Eta gasteiztar bat euskaraz hitzegiten entzutea gauza trixtea duk oso. Hau sentitzeko Gasteizen eta gasteiztarren artean ibili beharra zegok asko, eta hala ibili garenok eta bizi guztian ibiltzea espero dugunok bazekiagu zer diogun. Han ez zegok gatzik hizketan, Pipi, gatza, ez xehe, ez larria. Arauak ezin estali duten gatz falta bat. Ez Gasteizen bakarrik, jakina, baina Gasteizkoa ateratzen diat oso kasu nabarmena delako… eta oso maitea dudalako.”

    Zer, ez zaizue doinua ezaguna egiten? Ez duzue horrelakorik behin baino gehiagotan entzun euskaldun hiper-jatorren ahotik?

    Horren atzean dagoena homofobia mota bat besterik ez da (edo xenofobia, edo arrazakeria… nahi den izena jarri), euskaldunberrien kontrako homofobia bat besterik ez da. Disimulatu daiteke hola, edo hala, baina finean, jo ezazue Segurolak hain maite dituen herritar “natural” eta jator horietara, eta hori da aurkituko duzuena: euskaldunberrienganako mespretxua, beldurra, bazterkeria.

    Ez da arraroa. Homofobia gizarte-arazo bat da, kulturala, hitzaren zentzurik zehatzenean, eta ez da berehala konponduko mila eta bat ahalegin egiten ditugun arren. Eskolak lagundu dezake, noski, baina erro sakon-sakonak dituen arazoa da. Denbora beharko da gaitza konpontzeko.

    Jakina, normalean disimulatu egiten da, gaur egun (zerbait lortu dugu!) ez da sozialki onargarria homofobia bere gorrian erakustea. Orduan matizatu egiten da, maitasuna aipatzen da, “naturaltasuna”, eta abar. Aski da Munillari edo Rouco Varelari entzutea kontuaz jabetzeko (beraiek ez dira homofoboak, jakina! “Naturaltasuna” defenditzen dute, besterik ez, eta homosexualak txit maite dituzte).

    Homofogo gehienak, noski, ez dira monstruoak. Oso jende arrunta da, gu bezalakoak. Egia esanda, denok gara apur bat homofobo (kontu kulturala da, iraupen luzekoa), baina baitzuk, batzuk behintzat, homofobiarik gabeko etorkizun batekin amesten dugu, eta horretan saiatzen gara, nor bere neurrian.

    Neuk uste dut euskaldunberrien aurkako homofobia salatzeko ordua dela, eta haien aldezleen gezurrak agerian jartzekoa ere.

    Maite ditut pertsona jatorrak (kontrakorik ezin da esan euskaraz!), baina urrun, oso urrun egon nahi nuke hiper-jatorren samaldatik.

    OHARRA:
    “Homofobia: homosexualen aurkako jarrera eta jokabide pertsonal, moral, ideologiko, politiko eta erlijiosoen multzoa da, haien aurkako aurreiritzi, bazterkeria eta indarkeria ekartzen duena. Adiera zabalean, bisexual eta transexualen aurkako jarrera eta jokabideak ere biltzen ditu.” (Wikipedia)

  24. Pedro Z.

    Ba duela aste batzuk ikusi nuen bideo batean Mikel Etxaburu ondarrutarra agertzen zen Dokan batueraz berbetan eta haren hizkerak tristetik ez zeukan ezer.
    Bide batez, ea noiz gainditzen ditugun euskaldunberri/zahar terminoak. Ni Gasteizera, Eibarrera edota Hendaiara noanean euskaldunak entzuten ditut berbetan. Ez dira asko, ados, baina entzuten ditudanak euskaldunak dira. Zer axola dio non-zelan-norekin ikasi duzun hizkuntza?

  25. Iñaki Segurola

    Bo, jaun-andere xarmantok:
    gauza bat gelditzen da garbi nere iritzirako: batek belarria zertara jarria edo ohitua duen, halaxe mintzo dela belarri horrek entzuten duen hizkuntzaren gainean. Hemen muturra sartu dutenen artean, batzuek Gasteizen entzuten den euskarara jarria dute belarria (ze erremedio!), beste batzuek Donostialdekora (idem), beste batzuek Urola aldekora (idem), eta abar. Bat nondik ari den, horrexek erabakitzen du asuntoa. Halaxe iruditzen zait.
    Adibide kastillanozko bat jartzeagatik: hizkuntza oso desberdin sentitzen du Logroñon bizi den gazteleradunak, edo Arizonan (erdi ezinean) bizi denak. Desberdin sentitzen, entzuten, mintzatzen eta dena.
    Hemen ez dago jatorrismorik, fobiarik eta holako martingalarik.
    Hau ez da ideia kontu bat.
    Hemen belarriak agintzen du… asko uste ez dugula.

  26. E puor si muove...(horrela al zen?)

    Arrunt interesantea saioa! Gorago baten batek esan duen bezala, batuak –gustatu edo ez– balio, balio duen froga hementxe bertan: Segurola eta J.L. Zabala jaunak, biak hemen, mano-mano, batua sueltoan, grazia ederrakin (eta azkoitiar-azpeitiarrek egin dezaketena ondarrutarrek ezin-edo?). Hortaz, eta hasierara itzulita, Zabalak arrazoi, nik uste: problema handia dugu euskaraz behar adina ez dakigulako. Eta nola jakingo ba egoera DIGLOSIKOAN bizi bagara (kastellanoz/frantsesez ia erremediorik gabe), eta horren ondorio gisa komunikabideetan, eskoletan, itzupenetan, kultur kontuetan etab.etan zabaltzen ari zaigun euskara-eredu gero eta motel eta karganteagoa bada (itzulpena/erdal kalkoa jo eta su), organizazioak (akademikoak) hartutako eredua (atzo Segurolak komentatutako fonetismoak; gaztelania-frantsesaren moldeei gehiegi lotu izanak, beste batzuei erreparatu beharrean…; ahozkoari horren gutxi kasu egin izanak, estatu-kolpea… belikoso jarri behar ote dugu?) horren zurruna –faja– eta bertikala egiten bazaigu? Horiek guztiak aintzat hartuta baten batek Gasteizkoak (edo arabar, nafar…) gutxiesten ote diren bota du… ba, ezta gutxiagorik ere: areago Gasteizko euskaldun berri asko eta askoren kemena, nahiko nuke super-jatortzio-usteko askotxorentzat. Bide batez, euskaldun zahar/berri dikotomia, gainerako hizkuntza guztietan badago, gurean zergatik anatema: existitzen ez edo?
    Hortaz, gehiago ez liatzeko –eta nahi duzuena esango duzue erlatibismo-zaleok, estetika-kumeok, eta enfant terrible edadetuok…– hemen ere “…eppur si muove” esango nuke nik. Batua badabil, baldin eta norberak badaki euskaraz behar den bezala egiten. Eta ez dabilena, aldatu daiteke… nahi izanez gero, behintzat.

  27. Fermin Etxegoien

    Lehen esaten zen, on-beharrez, nik baditut lagun homosexualak… eta orain esan beharko dugu… nik ere baditut lagun handiak Ondarrun… Ui, edo alderantziz, nahastu naiz-eta: nik ere baditut euskaldun-berri diren lagun handiak… Ke koño… ni neu nauzue euskaldun-berri-eta!

    Hori bai: euskalduntasunean aurrera doan norbait naiz, pentsatu nahi dut, euskalduntasunean atzera doana baino, horren arabera egingo bainuke alderaketa: aurrera doazenen eta atzera doazenen artekoa, “zahar” asko baitaude geldi-geldirik edo atzera-martxan, eta “berri” asko ere aurrera begira.

    Gainera geure belaunaldia, Oñatin behintzat, historiako erdaldunena da, aguro esaten den zerbait: sekula ez da Oñatin egon, Pruden eta Ruper eta ni neuren ez aurretik ez ondotik, gu baino erdaldunago izan den belaunaldirik, tokate la vaina… eta sekula ez dugu lortuko –aipatutakook– araoztarren hizkera, ez badugu gure bizimodua horretara konsagratzen, txalogarria izan litekeena, nahiz eta ez eredugarria: hizkuntza ez da salbatuko bizitza konsagratu beharra eskatzen badigu, baizik eta alderantziz, zerbait komodo, bai horixe, bilakatzen dugun neurrian.

    Baina ez gara horretan ari.

  28. Iñaki Segurola

    (Fobiaz gehiago, agian gehiegi.) Nik Gasteiz ez daukat saltzeko. Urteetan bizi izana naiz bertan eta oraindik ere joaten naiz. Nik gogoan ditut adibidez hango aspaldiko bertsolari euskaldunberri maitagarri haiek, eta bereziki Xerapio Lopezekin izan nuen tratua. Flipatu egiten nuen. Ez nuen uste eta ez dut uste holakorik beste inon zegoenik orduan. Eta gogoan ditut Hertzainak-en letrak ulertzeagatik euskaraz ikasten hasten zirenak. Eta gogoan ditut beste gauza on asko. Nola saiatzen ziren gasteiztar batzuk gure modukoekin hika ikasten. Horiek nere barruan betiko josiak gelditu dira. Fobia? Mesedez, faborez eta karidadez! Maitasun puru-puruba zen hura. (Nik orduan bizi nuen era honetako fobia bakarra Donoxtifobia zen, baina hori beste ixtorio bat da.)
    Eta halaz guztiz ere, aitortu beharra daukat bazegoela fobia ere. Bo, nik ez nioke fobia deituko, baina P. Gartziaren terminologian fobia litzateke. Hauxe da kontua: 17 urterekin joan nintzen Gasteiza filologotzera (fakultate publikoa zen, ez ginen aberatsak eta Mitxelena zegoen han). Egun batean bertako Leirek, ni kastillanoz hizketan aditu, eta galdetu dit: “¿Dónde has dejao las vacas?” Eta nik: “¿qué vacas?” Ez nuen pitorik ulertzen. Zer ikustekorik zeukaten behiek (mendiko gauza bat) nerekin (kalezuloko umea)? Baina, berriro diot: belarriak agintzen du hemen eta Gasteizko Leireren belarriarentzat ni nintzen erdaldun motza, “berria”, graziarik gabea, kostata hitzegiten zuena, euskarazko azentu beldurgarria zeukana, eta abar. Eta halaxe izango zen gainera, nahiz nik uste nuen telebistako esatariek bezain zuzen hitzegiten nuela erdaraz. (Nik erdaraz erdi-natul gerora ikasi nuen, arabarrekin eta nafarrekin gehienbat.) Ez, Leirerena ez zen fobia; holako gauzei ezin zaie fobia deitu, Pruden (jode: apunteak uzten zizkidan, eta esango ez ditudan beste gauzatxo batzuk ere uzten zizkidan.) Baina alde haundia zegoen erdaraz Gasteizen ikasi edo Azpeitian ikasi. Leireren erdarak oso atzean uzten zuen nere hura. Erdaldun barregarri bat nintzen haren belarrirako. Eta honek ez dauka misteriorik: gaur ere alde haundia dago erdaraz Gasteizen ikasi edo Azpeitian ikasi, eta ni, beste milaka batzuk bezala, azpeitiar arrunt bat besterik ez naiz hizkuntzaren aldetik. Eta, hobeki uler dezazuen, eta erretolika hau dena bukatzeko, gaur egungo kasu bat: etorri da Pakistandik Azpeitira nexka bat, ikasi du euskaraz, baina erdaraz ez du behar bezala ikasi; gero tokatu zaio lanera Urretxura joan beharra, eta komeriak han; eta hor ari omen da orain erdaraz ikasten presaka.
    Holakoxeak dira kontuak. Nik umetan eta mutikoskorretan uste nuen Euskal Herri guztia Azpeitia bezalakoa zela. Gero urtea joan eta urtea etorri, irentsi egin behar izan dugu erdararen behazuna. Eta, numeroen aldetik, gu ginela xelebreak, gu ginela anomalia bat. Azkoitia bera ere ez zen (eta ez da) Azpeitia bezalakoa. Orduan ondarrutarrak agertu ziren, eta (oraingo) Oñatik ere poz ematen du belarrian eta bihotzean, eta… eman-behar neure bizia kontatzen ari naizela, eta hargatik ixiltzen naiz puntu honetantxe.

  29. Pruden Gartzia

    “… isilik egoteak / zenbat balio dun”, halaxe erantzun dit batek gorago, eta aitortu behar dut sarri esaten diodala hori nire buruari. Baina batzuetan ezin dut.

    Harira. Segurolari iruzkin txiki bat, azkena, ez bainuke astun jarri nahi: inoiz pentsatu duzu Ondarroan bertan badirela hain “jatorrak” ez diren euskaldun asko? Inoiz pentsatu duzu zeuk defenditzen duzun moduko estereotipoak sortzeak eta ahosgoran proklamatzeak min egiten diela? Inoiz pentsatu duzu Ondarroan bertan badirela euskara ederki kostata zela-hala hitz egiten ikasi arren, beti bigarren mailakotzat tratatuak direla sentituko duten ondarrutar asko? Eta, jakina, ondarrutar horiek ez dutela zure aurrean hitzik esango euskaraz, zure epaiak eta destainak ez pairatzeagatik?

    Nik ez dut Ondarroa batere ezagutzen, batere ez. Baina badakit honez gero ez dela Txomin Agirrek “Kresala” idatzi zuen garaiko herri “jator” hura. Izan ere, Ferminek ederki dioen bezala, oñatiarra naiz, eta ondo dakit Oñati aspaldi-aspaldi ez dela “Garoa” idatzi zen garaiko herri idiliko hura (inoiz izan bada, aski zalantzagarria dena). Eta badakit ere Oñatin bertan asko direla “jatortasun” maila adierazten duen herri-azterketa (ezin zorrotzagoa!) ez gainditzeagatik inoiz euskaraz mintzatuko ez direnak, errazagoa baita erdaraz egitea, eta kitto. Gutxiago sufritzen da.

    Eta hori arazo handia da? Nondik begiratzen den. Edozein gizartetan dira arazoak, etenak eta tirabirak, sexuarekin lotuak, jatorriarekin, erlijioarekin, ohiturekin, diruarekin… Kontua ez da herri “jator” ezinezko baten existentzia predikatzea, ezta hizkuntza-kontuetan ere. Kontua da arazoak gainditzen lagunduko digun jarrera bat hartzea, Ferminek ondo dioen bezala hizkuntza zerbait komodo izan dadin (eta ez guruzbide bat, askori gaur egun gertatzen zaien bezala, Oñatin edo Ondarroan Gasteizen baino gehiago, bide batez esanda).

    Azken oharra: beharbada oker nago eta Ondarroan arazo horiek guztiak gaindituta dituzte. Hala balitz, barkatu, eta gora zuek.

  30. Iñaki Segurola

    Leku/belarri/sentiera diferentatik mintzo gara, Pruden, eta ezin dugu elkar behar bezala ulertu. Horretantxe utziko dut.

  31. Garbiñe Larrea

    Ez dut ulertzen zergtik dagoen holako arazoa jatortasunarekin edo euskaldun jatorrekin. Ingelesezko irakaskuntzan ez al da naturaltasun osoz erabiltzen “native teacher” han eta hemen?. Ba niretzat gauza bera da. Gai honek ez luke inor mindu behar, eta hala bada, norberak atera ditzala konntuak, ez?

  32. Sabiño

    Arazoa ez da kokodrilo edo krokodilo, ezta Txipre edo Zipre, ezta… Zergatik dira erabaki ergel? Bat nator Segurolarekin: Euskal Herri euskalduneko bizilagunek beren euskaratik aparteko hizkuntzatzat daukate batua. Itaundu beharko genikoe geure buruari ea zer begi eta neuronekin atzematen duen euskara batu hori Santurtziko gazte batek. Zer iturri eta eredu ditu gazte horrek euskara ikasteko eta euskaraz aritzeko? Bi: liburua eta irakaslea. Baina delako irakasle horrek liburuak bezala hitz egiten du; beraz, Santurtziko ikasle horrek eredu bakarra dauka: ikasliburuetako euskara zabar erreproduzigaitz ulertezina, sentimenduak adierazteko balio ez diona, ikasitakoa kontatzeko ere balio ez duena, atzekoz aurrera josia, konplementuak aurrean eta mezua atzean ematen dituena… Testu horiek ditu Santurtziko gazteak begien aurrean, eta eredu horrek ez dio balio ezertarako, azterketa gainditzeko ez bada eta betiere buruz ikasita. Gaztelera dakigulako irakasleok ulertzen duguna. Eta hori Hegoaldean; Iparraldean horixe ere ez. Santurtziko gaztearentzat ez gauza den hizkuntza hori Azpetikoarentzat arrotza da, eta neurri berean ez gauza.
    Kontua da testuan irakurtzea eta irakaslearen ahotan entzutea: “ikasleak konpetentziaren (hizkuntzaren) lorpena frogatu duela” (eta ez dut nik asmatu), eta ez “gai dela zerbait egiteko (hizkuntza horretan hitz egiteko)”. Seguru delako ikasleori gai dela hainbat eta hainbat gauza egiteko, baina ez “ikasleak konpetentziaren (hizkuntzaren) lorpena frogatu duela” esaldiaren parekoak ekoizteko; baina, sorry… azken esaldi hau da guk euskara batutzat saldu dioguna, batu peto-petoa… eta ezertarako ere balio ez duena. Gure ikastetxeetako (berdin zait ikastola izan zein eskola nazional izan) ume eta gazteek batu deitu horretan ikasi behar badute ihes egiten segituko dute: Azpeiti-Azkoitikoek ihes eta beren eukalkira joko dute eta Santurtzi-Potugaletekoak ihes eta gazteleraz hitz egingo dute.

  33. Joao

    Baten batek al du euskaldun jatorraren definiziorik?
    Eta behin ari garela, zein da euskaldun “zaharragoa”, 5 urterekin etxetik euskara dakarren umea edo 20 urterekin ikasten hasi eta 35ekin gazteleraz baino hobeto euskaraz aritzen dena?
    Eta 5 urteko horrek batua “mordoilo” eta “txiroa” ikasi badu guraso euskaldun “berriekin”? zer da? “Zahar ez jatorra”?
    Noiz arte kategoria merke zein alperrikakoekin?
    Azkenik, historikoki euskalkidunak askotan mespretxatuak izan direla nabaria da. Gaur egun batuadunak zenbaiten aldetik mespretxatuak diren bezala. Eta orokorrean euskaldun guztiok gure hizkuntzagatik gutxietsiak garen bezala.
    Baina “naturaltasunaren” kontu honek euskarak aurrera egiteko duen etsairik handiena plazaratzen du: zer naturalagorik euskara ikasi eta (erdi)menperatuta duen gazteleraduna gazteleraz egiten baino? zein guraso-semealaba transmisio errazagorik “natural” ateratzen zaien gazteleraz egindakoa baino? zein adar-jotze joriagorik, eztabaida sakonagorik, gaztelera jatorrean egindakoa baino? Argudio hauek gaur egun euskaldun askok darabiltzate euren euskararekiko jarrera “merkeak” defendatzeko.
    Konturatzen al gara euskararen kontrako argudioak eraikitzen ari garela etxetik kanpo sortutako euskaldunek euskara erabat baztertu dezaten? Izan ere, normalean euren joera “naturala” gaztelera da. Noiz eta euskara menperatu arte. Ez al gara ohartzen euren euskararanzko bidea mozteko argudioak baino ez direla “naturaltasunarenak”?
    “Naturaltasunaren” beste kalte-kolateral bat: batua ikasi eta transmititu duten milaka euskaldunen hizkera bizitakoa, erreala, egunekoa gutxiesten ari da. Bereziki euskalki bizirik ez duten eremuetan bizi direnena, ezin baitute aberastu. Eta gustatu edo ez, horiengan dago euskararen hazkuntzarako gakoa.

  34. Iñaki Segurola

    Hau da hau bukatu ezina gurea!
    — “hizkuntza naturala” da, hizkuntzalaritzan, artifiziala ez dena (adib., esperantoa, edo logika edo matematikaren hizkuntza);
    — hizkuntza batu/akademiko/estandarrak hizkuntza erdi-naturalak dira, edo, nahiago bada, erdi-artifizialak;
    — kasu batzuetan, hizkuntza erdi-artifizial horiek lortu dute hizkuntza natural bihurtzea;
    — gure kasuan, eta beste askotan, ez erabat (dela zorioneko diglosiagatik, edo dela bestelako arrazoiengatik);
    — naturaltasunak (bizitasunak, gatzak…), gurean, ez baldin badu pisurik edo garrantzirik izan behar, eta naturaltasunik edo bizitasunik ezean baldin badago “euskararen hazkuntzarako gakoa”, ez du merezi euskararekin segitzerik. Hobe da mila bider, nahiz-eta oso tristea izan, abelazkuntza naturalean saiatzea… beste hizkuntza natural batean. Eta, ondo pentsatu ezkero, horixe da, gainera, gero-eta gehiago ikusten duguna: ai!

  35. Joao

    – TVE1eko hizkuntza estandarra erdi-naturala al da?
    – “Naturala” hitzak adiera asko ditu. Eta hurbiltzen zaren arlo akademikoaren arabera aldatzen da. Hizkuntza naturala ere horrela uler liteke: edozein pertsonak erabiltzen duena, hain zuzen, berea eta bizia delako. Beraz batua hiritar “eraiki-garaikidea” euskalki hutsa bezain naturala da, mintzatua, erabilia, bizia, transmititua, aldakorra den heinean.
    – “Naturaltasunak” jakina gurean pisua eta garrantzia duena. Eta hain zuzen, horregatik, milaka euskaldunen hizkuntza “naturala” ez delako euskalkia, lehendabizi ez dutelako hori ikasi, bigarrenez ez dutelako hori ikasteko aukerarik euren inguruan, eta hirugarrenez hori darabiltelako egunerokoan, euren hizkuntza bizia gutxiesten bada, arrazoi, ez dago erremediorik, hobe beste langintza baten xahutzen baditugu gure indarrak.
    – berriz ere: zer “naturalagorik” erronkariar bat piriniotako doinuekin mintzatutako gazteleraz solasean baino? zertarako berreskuratu euskara? artifizial eta triste hitz egiteko? anai-arreba baztandarren doinu jostariaren faltan (eta nabarmena da lehen belaunaldian ez dela erraz berreskuratuko), zer hoberik ipar-ekialdeko acenticoari eustea baino?

  36. Iñaki Segurola

    Hizkuntza berreskuratzea egin litekeen gauza da. Ez dakidana da posible ote den hizkuntza ber-ahoratzea, ber-mihiratzea, ber-bizitzea: ez hizkuntza menderatzea, baizik-eta hizkuntzak hiztun berria “naturalki” menderatzea. Ez dakit hori posible den euskararen kasuan, gaur egunean, dagoen egoeran, eta abar.
    Ez dakit. Dudak ditut. Gehiagokorik gabe.
    Baina dudarik ez duzuenok… segi aurrera eta jo gogotik!
    Eta neuk ere egingo dut –egiten dut– neure ahalegintxoa: zin dagizuet.

  37. Adeu !

    Hizkuntza ber-ahoratzea, ber-mihiratzea, ber-bizitzea… posible ote den? Hik halaxe egiten duk (hainbeste kritikatzen deken batuarekin gainera…). Hiztun berriak eta zaharrak ( herdoilduak) beti ikasiko du hizkuntza jolas eta gozagarri (ia bizigarri) darabilen haretxerengandik. Zabaldu egin behar horrelako moldeak hiztun motzak -berri nahiz zaharra izan- errefrentziarik izan dezan. Plazerra duk hire testuak, arrazoibideak eta doxia letzea, eta plazerra duk, baita, asko-askotan batere konforme ez egotea.

  38. Pep

    “zer “naturalagorik” erronkariar bat piriniotako doinuekin mintzatutako gazteleraz solasean baino? zertarako berreskuratu euskara?”

    Agian Zigoitiakoa beste adibide ona bat da: euskaldun zahar bat besterik ez.. baina euskera berreskuratu nahi duten euskaldun berri batzuk dago; batuaz egiten dutenak, imajinatzen dut.

    Baina nire ustez naturaltasuna ez da “etsaia”, mail ezberdinetan funzionatzen duelako: Ondarroan euskalkiaz egitea eta Zigoitian batuaz; hori da naturaltasuna.

    (barkatu nire akatsak)

    • Miren

      I. Segurolaren hitzak: “Euskararik baldin bada, eta izango bada PENA MEREZI DUEN euskara bat, esan nahi diat, graziduna eta biziduna, autoritateak idatzitako arauen axolarik ez duena, hizkuntza naturala eta natula izango bada, hori batu/bakandutik aski kanpora ibiliko duk erremedio gabe, edo ez duk batere ibiliko”.

      Badakit esango dudana huskeria dela hemen planteatu den eztabaida burutsu eta mamitsuaren itsasoan. Ari naiz dena irakurtzen eta irakurritakoaren gainean hausnarketa egiten, zin dagizuet. Eta oso interesgarriak iruditzen zaizkit, benetan, hemen agertutako iritziak.

      Baina ni euskara ikasteko ahaleginetan bainabil aspaldidanik, “hizkuntza-eredu” onak eta batez ere naturalak behar ditut. Eta horien bila etorri naiz foro honetara ere, leku ezin aproposagoa delakoan.
      Hau da nire zalantza:
      Ez al da erdarakada “PENA MEREZI DU” esatea? Edo esan dezakegu hemendik aurrera hizkuntza-eredugabeok PENA MEREZI DU, hiztun jator eta naturalen gaitzespena edo zuzenketa jaso gabe? Izango al dut hizkuntza naturala egiterik erderakadak botako ote ditudan beldurrik gabe?
      Edo erdarakaden sailkapena egin beharko dut?

  39. Iñaki Segurola

    Beldurra lagun txarra da hizketarako, Miren.
    “Pena merezi” hori erdara gutxiko jendeak lasai erabiltzen du, eta horregatik ateratzen zait neri batzuetan, nahiz badakidan erdi txartzat joa dagoela, eta kastillanotik zuzenean sartua dela. Beraz, badakizu: ni behintzat ez naiz eredu “zuzena”.
    Nere partetik, segi euskara ikasteko ahalegin horretan!

    • mantso baina seguru

      Ni neroni ere Segurolaren mireslea nauzue, baina grazia eta gatza izatea ez al da beste erdarada bat ? “tener gracia y salero” alegia, orduan gure galdera umila: esan dezakegu naturaltasungabeok lokuzio hori euskaldunzahar eredugarrien gaitzespenean erori gabe?

  40. Lukas Etxeberria

    Nik ere gogoz irakurri dut guztia eta oso ados Juan Luis Zabalak dionarekin: batutik ihes egiten duenak ezjakintasunagatik egiten du. Nik beste era honetan ere adieraziko nuke: batutik ihes egiten duenak, oro har, euskarari funtzio sozial guztiak ez dizkio onartzen, edo horiek gabe behintzat eroso dago; kirolaz enteratzeko badu nahiko erderazko prentsarekin, literatura agian ez du gogoko, lagun arteko txisteak ere erderaz nahiago, erreferente kultural zabalak (musika, zinema, antzerkia…) erdal hedabideetatik jasotzen ditu… Bistan da, horrela, euskara , etxeko hizkuntza izateko bidean dela. Hemen aipatu ditudan eremu hauetan euskaraz ari denak –berdin zait zein euskalktan–, ez du batutik ihes egingo, batua oso beharrezko baitu eta egunero-egunero aberasten baita bere bitartez.
    Zenbait arauren egokitasunak –Krokodilo, Zipre, Danimarka– ez dut uste hainbeste eragozpen sortzen duenik, benetan gazteleraren atzaparretatik ihes egin nahi duenarentzat behintzat. Ni Danimarkara joan nintzenean eta bertan nola idazten zuten ikusi nuenean, euskaldun aurreratua sentitu nintzen.
    Nire ustez arazo larria da benetan gazte hizkera bat ez sortu izana, eta adierazgarria da euskalkia bizi-bizi egon arren gazteek erderetara jotzen dutela. Edo honetan ere euskara batuak du errua?
    Bukatzeko gogoratu nahi dut euskara galdu zuten eremuetako euskal hiztunentzat batua dela haien jatorrizko euskalkia; komenigarriena haientzat eta baita gainerako hiztun guztientzat ere. Hizkuntza hori izango baita –eragin guztiak jaso ondoren, noski– herrian bizitzeko nahiz munduan irauteko hizkuntza noranahikoa.

  41. nuadera

    Konturatu naiz gaurko euskaldunekin hitz egiteko noranahiko gaitasun linguistikoen jabe izan behar duela batek, eta, areago, gaitasun linguistiko zorrotzagoak behar direla euskaldunak, isilik bada ere, entzuteko.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s