Salaketak

Iñaki Segurola

Itzultzaileentzat jarritako toki batean ez dakit ongi ematen duten ipuin soziolinguistikoek, baina gogoa hartaraino lerratu zaidalarik, holakoxea beharko du gaurkoak.

Hizkuntzei buruzko salaketak egiten dira hemen eskuarki errotulazioagatik, paisaia linguistikoa deritzanagatik, erakunde publiko nahiz pribatuen jarduera erdaldunagatik eta holakoengatik. Denok dakigu, ordea, hizkuntza baten bizian gehien inporta duena jendea dela, jendearen edo herriaren aho-mihitan zer dabilen eta entzuten den; orduan ni beti harritu izan nauena eta neure buruari ixilka galdetu izan diodana da ea zergatik ez den sekula egin salaketa edo protestarik zuzen-zuzenean jendearen, herriaren edo herritar soilen kontra. Harritu naiz eta ixilka galdetu, baina sekula inoren aurrean holako deus esatera ausartu gabe, bai baitago hor zentzuzkoa ez dirudien zerbait, edo erokeria usainen bat esplikatzen ez dakidana. Eta hala ere, arrazoiaren beste mutur batek lehengoa esanarazten dit berriro: zergatik ez salatu zinez inporta duena, hots, jendea edo herria bera?

Ea behar bezala adierazten dudan: ez dut esaten hori egin behar litzatekeenik, baina ez dut ikusten arrazoi garbirik ez egiteko ere. Harritzen naiz, beraz, zergatik ez dituen inork zuzenean salatu erdaldun garbiak izateagatik Erandio, Irun edo Urepelgo herri (ia) osoak, edo Lesaka edo Azkoiti (ia) erdia, adibide bakan batzuk besterik ez aitatzeagatik; edo gizabanakoetara etorririk, Ondarru, Goizueta edo Azpeiti batean arrazoi berberagatik herritar edo gizabanakoak zuzenean salatzea bertako agerkarietan; holako zerbait, konparazio batera: «Atzo, goizeko hamaikak aldean Azpeitiko plazan Halako eta Holako, bertako alabak, 55 urte ingurukoak, erdaraz ari ziren (ia erabat)». Bai, jabetzen naiz erokeria usaina dariola, eta gizartea, egiturak, boterea, giza-uste ustelak eta abarrak kontuan hartu behar direla eta erretolika hori dena. Baina erretolika psikosoziologikoaren azpitik, zuzeneko sentimendua dago, bitartekaririk gabea, intelektual eta adituen jardun teknikoaren aditzerik ez duena… eta bai, oraintxe oroitu naiz Xalbador batek horixe berori egin zuela, erokeria dirudien horixe berori:

nik ez dakit jendea zeri buruz doan,
euskara itotzea hartu du gogoan.

Jendea, bai: herria bera salatzea; protestaldiak, agerraldiak, oihualdiak, agiriak eta abarrak. Erokeria dirudi, baina agian ez da. Eta gehiago oraino: nork segurtatzen dit ez dela egin daitekeen gauzarik zuhurrena? Nork ixilaraziko du nere baitan artzain haren arrazoia?

Eta hala ere… egia da: nekez irudika nezake «herriaren kontrako» ekintza edo ekitaldirik.

Alferrik da. Gauza garbirik ez dago. Aunitz maite duenak aunitz dudatzen du.

2 Iruzkin

Iñaki Segurola atalean

2 responses to “Salaketak

  1. asus

    Iragan egun batez, ostatu batean
    bi lagun ari ziren eztabai betean;
    biak ziren euskaldun zintzoak ustean,
    hala da ezin adi elgarren artean;
    entzuten egona naiz umore tristean.

    Ez dut osorik hartu baten parabola,
    erderaz mintzo baitzen, berak jakin nola:
    gure herri maiteaz zuela axola,
    hau, bere gain beharra, bertzen men dagola,
    “Gora euskal-herria”, frantsesez ziola.

    Bertzea oldartu zen euskera garbian:
    “Gure hizkuntza ez da galduko agian!
    Hori dugu bereixi guk Euskal-herrian,
    Gainerakotan gaude besteen negurrian;
    frantses eginak gira joan den aspaldian!”

    Bi gizon horietan, zugaitz onekoa
    batek ondoa zuen, bertzeak ostoa;
    gauza arraro hori ez dut gustokoa,
    mendian bizi arren, dut ikustekoa
    gaztainaren aldaxkez jantzirik pagoa.

    Bat herria goratzen arrotz baten gisa,
    arrotz nahiak berriz herriaren hitza;
    gureak ja egin du, gaiten garbi mintza,
    lainopean bezala galduak gabiltza,
    ez daizke bi nagusi batean zerbitza!

    Elkarri direlakotz bi gizon jazarri,
    gauza bat bera dute bi pusketan zarri;
    erakatxi hahi dut nik puskak elgarri,
    gure hizkuntza eta gure Euskal-herri,
    konparatzen bait ditut izaite bateri.

    Anai-arrebak, entzun ene ahotsa:
    izaite bat ez daike hezur hutsez osa;
    herria da gorputza, hizkuntza bihotza;
    bertzetik bereiztean bitarik bakotxa,
    izaite horrendako segurra hil hotza.

  2. Joxemari

    Ez duk erokeria, ez, Iñaki, erdaltzaleak salatzea. Eta ezin uka eraginkorra ez litzatekeenik. Baina burubidea ez duk hirea, lagun, soka luzeko tradizioa baitzeukak gure artean, beste jite batean baina. Etsaiek ez al gaitiztek bada urte luzetan salatu euskaraz egiteagatik? Ez al gaitiztek bada zigor-eraztunez apaindu? Euskara ez al zigutean bada plazatik atera eta etxe txokora behartu, lotsakizun? Buelta emateko garaia duk, izan. Hunkigarria bezain txit ikustekoa iruditu zaidak erdaltzaleen zerrendak agerkarietan zabaltzeko hire proposamen hori. Epelek jantziak urratuko dituztela? Bah, giza-uste ustelak eta erretolika hutsa, hik dioan moduan. Animo, Iñaki, hik hasi?

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s