Du ala dauka?

Juan Garzia Garmendia

Iepa, Joaniko!

Zer moduz bizi gara?

Jonek ez du lagunik.

Jonek ez dauka lagunik.

Zein da irizpidea? Mendebaldean dauka erakoez abusatzen da, bale, baina zein da egiazki araua? Noiz da zuzena, berez, eduki?

Zenkiu!

Iepa, Amayika:

Hemen, nobedade handirik gabe.

Ea:

Badira/baditugu bi sistema. / Bi sistema daude/dauzkagu.

Mendebaldean gero eta nagusiago den sistema ulertzeko modurik sinpleena, nik uste, gaztelaniaren bilakabideari erreparatzea da, horren kalkoa baita gakoa.

Gaztelaniaz, gaur egun, ha, arkaismotxoren bat gorabehera, aditz laguntzailea da soilik; bestela, tiene erabiltzen da sistematikoki. Funtzio-banaketa hori kalkatzen du(gu), gupidarik gabe, oraingo mendebaldetar hiztun askok edo, dagoeneko, gehienek; idazle batzuek ere, hala nola Atxagak, bide horretatik jo dute.

(Eredu horretan, formalki eduki aditzaren adizkia izan arren, izan aditzaren formatzat ere erabiltzen du hiztun/idazle askok dauka: Ez du inoiz lagunik izan baina Ez dauka lagunik).

Salbuespenen bat bada, hala ere, baina azalpen hori baiestera datorrena; izan ere, oraingoz, jende gutxik esango luke *Pellok anaia dauka Mikel: joskera horrek ez du paralelorik gaztelaniaz, eta horregatik salbatu da, noski, haren anaia da>anaia du moldea inbasiotik.

Kontua konplexuagoa da (izan/egon ere tartean sartuz gero, batik bat[1]), eta joskerari ere eragiten dio (baditu arazoak / arazoak dauzka), baina horixe da funtsezkoena du/dauka formen lehiari buruz.

Gertatzen da, ordea, euskara jada egina zegoela ha>tiene aldaketa hori kalkatzen hasi aurretik, eta eredu zaharrago hori bizirik dagoela neurri handi batean, baita euskal hiztun gaztelaniadunen artean ere. Zer esanik ez, ekialdean (iparraldean, frantsesez halako aldaketarik gertatu ez delako noski), ez du halako lekurik dauka orotariko horrek.

Jakina, du>dauka aldaketa nagusitu ez den sisteman, du da, berdin berdin, laguntzaile zein trinko. Sistema horretan, beraz, libre geratzen da dauka adizkia du adizki trinkoaren ordezkoa izatetik, eta zentzu markaturen bat izaten du, iraute batekin lotua betiere:

gordinik/egosirik daukagu[2] [eduki, tener: egoera]

eskuan dauka ezpata [eduki, sostener: heldu, eutsi]

bi elektroi dauzka [eduki, contener: barruan]

egoki(tzat) daukate [eduki, considerar: uste izan (X Y dela)]

Araua eskatzen duzu. Zer nahi duzu esatea? Nik neuk (ez ahal naiz bakarra izango!), azaldu ditudanengatik, batuagotzat daukat halako esanahi markatuetarako gordetzea dauka, baina auskalo zertara garamatzaten soziologiak eta arrunkeriak.

Egia esan, nagusi-nagusi dabilena nahaste kaotikoa da: dirua daukat (?) baina ikusita ditut (!), eta abar. Mendebaldeko hiztun askorentzat, bistan da, gauza bera-edo dira dauka eta du (hots, adizki trinkoetan behintzat, eduki eta izan).

Eta, ez pentsa, nire eta nire antzeko batzuen erabileran ere, justifikagaitza da formalki aukera joskera berezi batzuetan (belarriak hala agindurik): esan beharra daukat, ez daukazu hori esaterik

Tarte bat bada, beraz, lausoa, baina, gainerakoan, eredu bien artean aukeratu behar. Zure hizkeraren kasuan, ez da dudarik; inorenak zuzentzerakoan, berriz, ahal baduzu, pertsuaditu testugilea, eta, ezin baduzu, koherentzia behintzat eskatu.

Eta, batez ere, saiatu ez erotzen.

Juanito Argilun

Gabon!

Oraintxe aztertu dut zure azalpena. Arras argigarria!

Hala ere, ez daukat dirurik erakoek ez didate holako belarriko minik ematen (baina ni beti ez dut dirurik-en alde!), baina ikusita ditut… puf! Gogorra! Lankideei, hala ere, ez zaie kaskoan sartzen ikusiak ditut ere euskara dela, eta, tira, lortu dut ikusita ditut baztertzea eta gutxienez ikusita dauzkat edo ikusiak dauzkat erabiltzea (ikusirik zientzia-fikzioa da).

Mila esker!


[1] Horretaz eta bestez: <<Bada arazoriketik arazoak dauderaino: existentzia-predikazioa eta inespezifikotasuna>>, Juan Garzia, in GRAMATIKA JAIETAN: PATXI GOENAGAREN OMENEZ, X. Ariagoitia, J. Lakarra (<<Julio Urkixo>>  E. F. M.aren Urtekariaren Gehigarriak, LI).

[2](r)ik atzizkiarekin konbinaturik, (ia-ia) hizkera guztiek darabilte dauka/dago, eta ez du/da, eta berdin, noski, –ta/-da atzizkiarekin ere. Artikuluarekin, aukerakoak dira bi moldeak: ikusia dut/naiz zein ikusia daukat/nago.

Iruzkin 1

Juan Garzia atalean

One response to “

  1. Iñigo

    Argiarria, benetan ere, Juan. Eskerrik asko!

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s