Zuk baizik ez nauzu maite, ni baizik ez duzu maite

Baizik-en erabilera murriztailea eta komunztadura

Beñat Oihartzabal

Gramatika solasa nire gaurkoa, gehienetan bezala. Gramatika liburuetan aipatzen ez ohi den puntutxo batez: baizik-en erabilera murriztailea eta pertsona komunztadura.

Has gaitezen baizik-ek juntaduretan duen erabilerarekin, komunztadurari dagozkionetan argiago delakoan hau. Baizik morfemaren bidez eratzen diren juntaduretan bi osagai agertzen dira aurkaritzan direnak: bata, ezaren besarkaduran da, bestea, baizik-en pean dena, ez. Ondoko adibideek erakusten dute erabidea:

(1a)    Niri nehork ez dit deus erran, zuk baizik.
(1b)    Ez dizute zuri eman, niri baizik.
(1c)    Ez gara gu mintzatuko, haiek baizik.

(1)eko adibideei soako bat emanez, ikus daiteke aditzak pertsonan komunztatzen direla ezaren pean den osagaiarekin (nehork, zuri, gu), eta ez, beraz, harekin aurkaritzan den baizik-en peko denarekin (zuk, niri, haiek).

Erabide hau garatuz edo haren ildotik, baizik-en beste erabilera bat ere bada, hartan ez baitira (1)eko adibideetan bezala bi osagai aurkaritzan agertzen, baina osagai bakarra. EGLU-IVk, [1] baizik-en erabilera hau murriztailea deitzen du, eta nik ere hala eginen dut hemen. Ondoko adibideek erakusten dute baizik-en erabilmolde hori:

(2a)    Zuk baizik ez dakizu hori.
(2b)    Horrelakoak guri baizik ez zaizkigu gertatzen.
(2c)    Zu baizik ez zara mintzatu.

(2)ko adibideetan, (1)ekoetan ez bezala, baizik-en pean den osagaiarekin egiten da komunztadura, ergatiboa izanik lehen adibidean (zuk/dakizu), datiboan bigarrenean (guri/zaizkigu), eta absolutiboan hirugarrenean (zu/zara). Holako adibideetan pertsona komunztadura agertzea naturala dela erran nezake. Konpara ditzagun (2)ko perpausak, komunztadurarik ez duten hauekin:

(3a)     *Zuk baizik ez daki hori.
(3b)    *Horrelakoak guri baizik ez da/zaizkio gertatzen.
(3c)     *Zu baizik ez da mintzatu.

Ez dakit irakurle guziek eman lezaketen izarñoa holako perpausetan, baina, eskuin eta ezker galdatu ondoan, badirudi holako testuinguruetan baizik erabiltzen duten hiztun gehienentzat ez direla ongi eratuak (3)ko perpausak.

Alta bada, ez da hori EGLUk baizik-en erabilera hori aztertzerakoan dioena. Alabaina, Euskaltzaindiko Gramatika batzordearen lanean franko garbiki aditzera ematen da erabilera murriztaile horretan ohiko jokabidea dela baizik-en pean den osagaiarekin komunztadurarik EZ egitea (aditza 3. pertsona singularrekoarekin komunztatzen balitz bezala). Honela dio EGLUk baizik-en erabilera murriztaileaz ari izanez: Komunztadura hura-rekin egiten du sarritan aditzak, sintagmaren lehen osagaia 1. edo 2. pertsonari dagokionean ere.

Bi adibide ekartzen dira ondotik, erranaren erakusgarri:

(4a)     Zu baizik ez dut maite.
(4b)    ?Zu baizik ez zaitut maite. (Galdera marka aipuaren parte da)

Ikus dezakegunaz, EGLUk zalantzazkoa ematen du zu osagaiarekin komunztadura dakarren adibidearen onargarritasuna (4b), bestea hobestekoa dela azpimarratuz. Azalpena ere ematen du: Horrelakoetan badirudi zu baizik gisako egitura horren hura-ri dagokion beste elementuren bat duela bere baitan, isilpean-edo, eta horrexekin egiten duela aditzak komunztadura:

(5)       Ez dut inor maite zu baizik.

Zertan gaude, beraz: EGLU bide okerretik ote dabil komunztadurarik eza hobestean? Ala makurrak ote dira hemen gorago, (3)an, eman gramatika epaiak, komunztadurarik eza baztertzen dutenak? Ez bata, ez bestea, nik uste. Goazen ikus hurbilagotik.

Kontu hau aipatzean, EGLUk erabilera murriztailearen konfigurazio mugatu jakin bat kontuan hartzen du, bere adibidean agertzen duena, eta testuetan maiztasun handi-handikoa dena. Perpaus eramolde horren arabera aztertzen ditu komunztadurako jokabideak, beste konfigurazioez deusik erran gabe. Halere, oker legoke, ene ustez, konfigurazio berezi bateko jokabideaz han errana erabilera murriztailearen arau orokorra egin nahi lukeena.

Zer desberdintasun da gorago agertzen diren adibideen artean? (2-3)ko hiru adibideetan, baizik-en pean den osagaia subjektu bati edo osagarri datibo bati dagokio. Orduan, ikusi dugunaz, komunztadura egiten ohi da, eta zalantzazkoa da komunztadurarik ez egitea bigarren mailan ere batere onartzekoa den. Aldiz, EGLUk aipatzen duen kasuan, objektu zuzen bati dagokio osagaia. [2] Azken kasu honetan, bi jokamoldeak ager daitezke, pertsona komunztadurarik gabekoa, EGLUren arabera hobestekoa dena, eta, bigarren mailan, komunztadura duena.

Baizik-en erabilera murriztailearen jokabide orokorra, honela, eman daiteke orduan:

Erabilera murriztailean, baizik-en peko osagaiarekin pertsona komunztadura erakusten du aditzak, non ez den osagai hura objektu zuzena (edo existentzia predikatu baten subjektua), orduan, pertsona komunztadurarik gabe geldi baitaiteke aditza (EGLUk hobesten duen jokabidea, objektuaren kasuan behintzat).

Adibideak:

(6a)     Gu baizik ez gara joanen. (Subjektu absolutiboa: komunztadura)

(6b)    Zuk baizik ez didazu horrelakorik kontatzen. (Subjektu ergatiboa: komunztadura)

(6c)     Zuri baizik ez dizkizut horrelakoak kontatzen. (Osagarri datiboa: komunztadura)

(6d)    Zuri baizik gustatzen zaizkizu  horrelako janariak. (Osagarri  datiboa: komunztadura)

(6e)    Zu baizik ez dut ikusi / Zu baizik ez zaitut ikusi. (Objektu zuzena: komunztadurarik eza hobetsia)

Uste dut piska bat barnago ikertu behar litzatekeen objektu zuzenarekin agertzen den aukera asimetriko hori, eta baita subjektu absolutiboen tratamendua ere. [3]

Beldur naiz, ordea, luzeegi lihoakedala orduan egungo lerroaldia. Beste aldi bateko utziko dut.

**************

Gehigarria:

Hemen errana erakusten duten testuetako zenbait adibide (gehienak Ereduzko Prosa Gaur corpusekoak):

Subjektu ergatiboa:

  • Nik baizik ez bide nuen solasa hiltzera ez uzteko nahikeria. (Rock’n’roll, Aingeru Epaltza, Elkar, 2000, 137)
  • Hastapenean, zuk baizik ez zenituela aditzen uste zenuen, paranoiak ozenagotzen zizkizula. (Elektrika, Xabier Montoia, Susa, 2004, 102)

Subjektu absolutiboa:

  • Ni baizik ez bide nintzaion Ximurraren mintzoari erreparatzen ari. (Rock’n’roll, Aingeru Epaltza, Elkar, 2000, 26)
  • Gu baizik ez ginauden egoitza hartan (Xabier Soubelet, Orroitzirriak, Maiatz, 19. at.)

Osagai datiboa:

  • Badakizua, bizkonde, zure gutuna bakana dela bere ausardian, eta karia horretara ez haserretzea niri baizik ez legokidakeela? (Arima hilak, Nikolai Gogol / Jose Morales, Ibaizabal, 1998, 48)
  • niri baizik zor ez didaten desira horren karra; horri ere on deritzot (Harreman arriskutsuak, Choderlos de Laclos / Jon Muñoz, Ibaizabal, 1997, 247)

Objektu zuzena, komunztadura duena:

  • Badakit, badakit, nire semea bart hil da… orain zu baizik ez zauzkat munduan, zu baizik ez (Emakume ezezagun baten gutuna, Stefan Zweig  / Eduardo Matauko, Igela, 2005, 9)
  • Hi hiz bakarrik ona! Ehut hi baizik maite! (Maitasunaren ikasten, Flaubert / JB. Orpustan, IV. kap.)

Objektu zuzena, komunztadurarik gabea:

  • badakik hi baizik ez dudala lur huntan! (JP. Arbelbide, Bokazionea, VI. kap.)
  • Eztakusat zu baizik (Sponde / JB. Orpustan, Maitasunezko hamalaurkunak, XXIV.a)

[1] EGLU-IV, 216-219. orr.

[2] Gauza ezaguna da existentzia predikatuekin subjektuen joskera berezia dela hizkuntza anitzetan. Badaiteke aztertzen ari garen kontuan ere horren ondorioak ager daitezkeen. Alabaina, Iparraldeko testu batzuetan bederen, holako predikatuen subjektuek ez dute baitezpada komunztadura ekartzen:

     Guretzat zu baizik ez da. (J. Irigaray, Amazonen deia, XVI. kap.)

Ez dakit, existentzia adierazteko egon erabiltzen duten hiztunek ere aukerakoa duten komunztadura:

     Gu baizik ez gaude hemen. / Gu baizik ez dago hemen.

[3] Halaber, ez dut ikertu hemen erranak zenbatetaraino balio duen besterik edo baino morfementzat ere,  hauek ere, oker ez banago, baizik-ek  bezalako erabilera murriztailea izan baitezakete.

Iruzkin bat utzi

Beñat Oihartzabal atalean

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s