Hazi sokratikoa (on baliabide prepositiboak)

Iñaki Iñurrieta Labaien

Esaera jatorrak dira «nora eta Burgos aldera!», «nork eta morroi sastar hark oinperatu behar!», «hori guztia zertarako eta ehun euro triste irabazteko!»… Halako esaldien ezaugarri bi dira 1) galdera-erantzuna dutela jatorri, eta 2) tonu neutroa baino adierazkortasun-puntu bat gehiago dutela (harridura-marka jarri ohi zaiela).

Elkarrizketetako «galdera-erantzuna» dinamika dute jatorrian:

—Nora joan zen Sandia?

—Burgos aldera.

Pertsonen arteko jardunetik esaera jator horietara iritsi arteko bidean, noizbait hiztunak bere egiten du aurreramodu dialogiko hori, entzulearen galderari aurrea hartuz bezala, eta berak ematen ditu biak, galdera eta erantzuna:

—Nork oinperatu zuen Berendia?, galdetuko didazu; erantzungo dizut ba: morroi sastar hark.

Prozedura hori ugalduz eta maiztuz joango zen, eta, arrunt bihurtu ahala, baita soilduz ere, hizkuntza-ekonomiaren legepean eta elipsiaren bitartez, hasierako esaldietara iritsi arte: «nora eta…», «nork eta…», «zertarako eta…»…

Orain, esan bezala, balio adierazkorrez jantzita erabili ohi ditugu esaldiok, harridura adieraziz. Nik neuk  joera dut idatzizkoetan balio adierazkor hori gabe ere erabiltzeko, hau da, gramatikalizatuago, baliabide prepositibo gisa, mendeko perpaus baten hasiera markatzeko bide-seinale. Hainbatetan baliatu izan dut sintaxi-arazoei irtenbide bat emateko. Esate baterako, kasu honetan, helburuzko perpausa baten hasiera markatzeko:

Ondoren, hil egin zuten deskribatu den zeremoniarekin, zertarako eta, artean gaztea izanik, haren indarra odola edaten zutenengana pasa zedin.

Esaldi horretan, zertarako eta bide-seinaleak mugatzaile gisa balio digu; izan ere, hori gabe,

Ondoren hil egin zuten deskribatu den zeremoniarekin, artean gaztea izanik, haren indarra odola edaten zutenengana pasa zedin

ez genuke jakingo zein aditzen lagun den «artean gaztea izanik», hots, nola ulertu behar den esaldia: «artean gaztea zela hil zuten» ala «artean gaztea izateari esker haren indarra odola  edaten zutenengana pasa zedin».

Oro har, horrelako marka prepositiboak bide-seinale baliagarria gerta daitezke esaldi luze, sintaxi gutxi-asko bihurrikoetan. Honako hauetan, esate baterako:

  • Hain zuzen, aurki hainbeste jakingo dugu tximinoarengan diren loturen eredu orokorraz eta haietarako transmisore eta errezeptore kimikoek garunean duten kokalekuaz, non informazio berri horretaz guztiaz baliatzeko bide bakarra ordenagailuetan biltzea izango baita, nola eta erraz ulertua izateko, hots, modu grafiko biziren batean agertua izateko moduan.

  • Horretarako, alde batera uzten da, lehen aldiz, hirigintzako teknika jakin batzuk —hala nola plan motak edo lurzoru motak—, arautzea, eta haiei dagozkien teknizismoak erabiltzea saihesten da, zertarako eta aldez aurretik ez markatzeko, ezta zeharka ere, hirigintza eredu jakin bat, eta herritarrek esparru komun hau errazago uler dezaten.

Frazer-en The Golden Bough itzuli nuenean (Urrezko abarra), erruz erabili nituen halakoak: zergatik eta, zertarako eta, noiz eta, nola eta… Harrezkero, beroarena kenduta, galga eman izan diot hainbatetan prozedura hori erabiltzeko apetari, funtzionaltasun osorako bidean erresistentziak sumatuta, hau da, tentsio edo kontraesan halako bat oraindik ere egiturari eman ohi diogun balio adierazkorraren eta erabilera gramatikalizatuago horren artean.

Baliabide hori, bestalde, Europako hizkuntzetan izan den bilakaera orokorrago eta aspalditik datorren baten barruan legoke, «galderatik menderakuntzara» bilakaeraren barruan alegia, zeinaren arabera galdera-hitzak (nor, zer, non, noiz…) mendekotasun-adierazle izatera pasatu baitziren. Transferentzia bat gertatu zen pertsonen arteko funtzioetatik (batek galdetu, besteak erantzun) testu-funtzioetara, eta ondorioz menderakuntza modu berriak sortu ziren. Hori Europan baino ez omen da gertatu (salbuespena: beste kontinenteetan europar hizkuntzekin harreman luzea izan duten hizkuntza gutxi batzuk); Europan, eta Europako hizkuntza guztietan gertatu da, zergatik eta hizkuntzok, senide izan nahiz ez, tipologia berekoak zein desberdinekoak, indoeuroparrak edo preindoeuroparrak, kontaktuan egon direlako elkarrekin, eta kontaktu horren ondorioz elkarren antza hartuz joan direlako eta doazelako. Halaxe jaso zuen euskarak ere erlatibo erromanikoa (zein baita, zeinek baitu…). Guk ere geure baitan daramagu hazi sokratikoa, «galdera-erantzuna» bitasunaren gainean aurrera egiteko aukera hori.

5 Iruzkin

Iñaki Iñurrieta atalean

5 responses to “Hazi sokratikoa (on baliabide prepositiboak)

  1. Helburuzko perpausek, subjunktibo jokatu bidez gauzatzen direnean, hitz iragarle markatu gabeak erabili izan dituzte tradizioan, esaterako:

    NAHIZ ETA
    Haietaz ere arta hartzen du, NAHIZ ETA noizbait bederen harengana itzul daitezen.

    ARREN (ETA)
    ARREN ETA jin dadin.

    AMOREAGATIK
    AMOREAGATIK lehen bezain bero eta zalu jar dadin berehala.

    ZEREN
    ZEREN ledin publika mundu guzietara, bertze lengoaiak bezala hain eskribatzeko on dela.

    • Alfontso Mujika

      Ulertzen dut baliabide prepositiboak bilatu beharrarena, horretan ahalegintzearena. Hala ere, egiturak, orain artean, balio adierazkorra eta oso markatua izan du, Erregistro jakinetarako erabili da, hanpadura emateko. Iñakik jarri dituen adibideetan (testu tekniko neutroak) bitxiak gertatu zaizkit egitura horiek. Benetako testu batean irakurriko banitu, ez nituzke ulertuko, erabilera hori guztiz berria baita, idiolektotzat hartzekoa.
      OEHn jasota dago egitura hori, eta sarreretan:
      ————
      (En exprs. del tipo nork eta Peruk esan behar ‘mira por donde fue precisamente Peru quien lo dijo’). Tr. Documentado en textos meridionales del s. XX.
      Mutillaren burubidea! Nora ta Burgos aldera! Ag G 56.
      Zer egingo ta, gaixo zegoalakoa egin zun. Or SCruz 46.
      Nork-eta, morroi sastar arek oinperatu behar! TAg Uzt 186.
      Nor agertuko ta… / zu, Zorentxu bat batez. EA OlBe 39.
      Non eta Arantzan zaude? nor eta Arantzan Zu? Smitx Aranz 34.
      Nun eta Etxahunian! Nor eta Engrazi Mattinekin! Etxde JJ 137.
      Zer eta, sasi-artetik urtenda pizti txiki bi ez ioiazan ba salto-saltoka zelaian zear? Bilbao IpuiB 118.
      Ta, dana zertarako ta galtzatorratzak eta tronpapuntak egiteko. SM Zirik 105.
      Nortzuk eta zeruaren eta probidentziaren ukatzailleak datozkigu aurrerapen-lege delako ori goratzera! Vill Jaink 179.
      Non eta Arantzan zaude? nor eta Arantzan Zu? Smitx Aranz 34.
      Nun eta Etxahunian! Nor eta Engrazi Mattinekin! Etxde JJ 137.
      Zer eta, sasi-artetik urtenda pizti txiki bi ez ioiazan ba salto-saltoka zelaian zear? Bilbao IpuiB 118.
      Ta, dana zertarako ta galtzatorratzak eta tronpapuntak egiteko. SM Zirik 105.
      Nortzuk eta zeruaren eta probidentziaren ukatzailleak datozkigu aurrerapen-lege delako ori goratzera! Vill Jaink 179.
      Madrilera bidali zituen paper-metak. Zertarako, eta lekutxo baten eske jende ustel horren artean. MEIG I 260.

      NON
      e) (Seguido de ines.). Nada menos que en, precisamente en.
      Batzuek asten dira / orduan kantatzen, / non-da baleudez legez / oe bigun baten. JanEd II 17.
      Alata ere, baña, Ama errukitsu!, / non eta Arantzan zaude? Smitx Aranz 34.
      Euskeraz ari dek. Nun eta Panpa-aldetako etxe-baztar onetan! NEtx Antz 110.
      Deiadar, oiu, zinkurin ta asberapen, maitetasunak nun eta antxe, agindu eutsan tokian bertan egin ere. Erkiag Arran 95.
      Kargu hartzen datorkidala Amale, non eta Agur-en. MEIG VIII 31.
      ————–
      Bestalde, adibideetako batean, agertzen da moduzko baten aurretiko markatzaile gisa (). Kontua da egitura, balio adierazkorraz gainera, “okupatuta” dagoela beste esanahi batzuetan:
      —————
      – NOLA ETA .
      b)
      (Con hain, hainbeste). Tan… como, tanto… como. // Añ urrean daukagu erioa geron etxean, nola ta gerran gabiltzanean. Arr GB 13. Ez añbeste egin zuen lapurreriagatik, nola ta luma arrez egiñ zituen lanakgatik. Arr May 27.
      c) De modo que. // Matralla ubeldua erabilli zuen, nola ta beatzen markak lurreko eskuaz egiña etzala ezagu zezan. Arr May 27s.
      d) Así como. // Erregiñak daukan esku eta ontasun andia txit argi eta garbi agertzen duen gertakaria, nola ta debozioaren ordañsaria. Arr May 34. Saia zaite debozio eta modesti andiaz elizan egotera, nola ta etxean, kalean eta beste zernai lekutan. Ib. 67.
      —————
      Horregatik, esperimentu gisa baliagarria da, baina, hortik aurrera, behartua iruditzen zait.

  2. Iñaki Iñurrieta

    “Benetako testu batean irakurriko banitu, ez nituzke ulertuko, erabilera hori guztiz berria baita, idiolektotzat hartzekoa”, dio Alfontsok.

    Baietz hauek ulertu:

    …baina zalantzek indar berezia hartu dute orain. Noiz eta Arabako Foru Aldundiaren ekimenez udaberrian osatu zen jakintsu taldearen frogak eta txostenak lasaitasunez aztertu ahal izan dituztenean.
    (Alberto Barandiaran, BERRIA, 08/10/08)

    Tradizio zabal hori aipatzean, ausart ari zen Mitxelena azpimarratzen zertan datorren bat euskara inguruko hizkuntzekin, noiz eta sarritan zertan ez datorren indartu nahi izan denean.
    (Pello Esnal, Hitz ordena. Erabilera estrategikoa)

    Horretara, la Administración actuará de oficio esaeran, hainbat testutan de eta oficio berben hitzez-hitzezko itzulpena azaltzen da, noiz eta de oficio esapidearena azaldu beharko litzatekeenean.
    (Pello Esnal, ibid.)

    Bana-ezazu Euskalerrietan; batezere non eta Jesusen ballera santuak jaso dituzun.
    (Lardizabal, OEHtik hartua)

    Beste hau ere badio Alfontsok: “Kontua da egitura, balio adierazkorraz gainera, ‘okupatuta’ dagoela beste esanahi batzuetan”,
    eta horretan ere ez nago ados: egitura ixten duen markak bereiziko luke erabilera hori Alfontsok aipatzen dituenetatik: noiz eta… enean; zertarako eta… -t(z)eko; nola eta… moduan.
    Salbuespen bakarra, Lardizabalena, -en menderatzaileaz ixten baitu esaldia; hala eta guztiz ere, haren esaldia hurbilago dago nik azaldu nuen erabileratik, Alfontsok aipatzen dituenetatik baino.

    • Iñaki Iñurrieta

      Oker bat zuzentzeko: Alfontsori eman nion erantzuneko azken adibidea ez da Lardizabalena, Larramendirena baizik, eta ez nuen OEHtik jasoa, baizik eta “Manuel Larramendi Euskal Testuak” liburuko 5. testutik: “EUSKARA BERRIAREN ‘CARTA MAGNA'”, Sebastian Mendibururi bidalitako gutun bat.

  3. Alfontso Mujika

    “Benetako testu batean irakurriko banitu, ez nituzke ulertuko” idatzi dut, baina, zehatza izatera, hau idatzi behar nuen: benetako testu batean irakurriko banitu, ez nituzke lehenengoan ulertuko, hasiera horrek esanahi adierazkorraren peskizan jartzen bainau, eta, halakorik ez izanik, esaldia berriro irakurri beharko nuke.
    Iñakik orain jarri dituen adibideak irakurrita, Alberdo Barandiaranena bitxia gertatu zait, eta Pello Esnalenak irakurri ditudanean balio adierazkorrarekin ulertu ditut lehenengoan. Dena dela, denborazkoa ere izan zitezkeen, baina, orduan, adizkian ez zuketen –(e)NEAN atzizkia izango. Izan ere, NOIZ ETA egitura aspalditik “asmatua” dago denborazko mendeko perpaus baten hasiera markatzeko, baina ez NOIZ ETA…-(e)NEAN egituran, baizik eta NOIZ ETA…BAIT-/-(e)N egituran, OEHn ikus daitekeenez:
    ——–
    – NOIZ ETA (Izt 32r, H), NOS ETA (Izt 32r). a) (Introduciendo una oración subordinada de tiempo). Cuando. Tr. Documentado en todos los dialectos. El verbo de la oración subordinada toma bait- en los textos septentrionales y -(e)n en los meridionales. Al Norte se documenta hasta principios del s. XX (Barbier); al Sur el último ejemplo es de Mendigacha.
    (Con bait-). “Noiz eta mintzatzen hasi baitzen, sitôt qu’il commença à parler” H. v. NOIZ ERE.  Zeure odol preziatua isuri baitzenduen noiz-eta gurutzean hilez geroz zure saihetsa soldadu batek dardo puntaz idekirik odola urarekin athera baitzerautzun. Mat 207. Eta hala, noiz eta uste baituzu heriotzea zureganik dagoela urrunenik, orduan ohi dago komunzki hurbilenik. Ax 60 (V 39). Zazpi urthe eta bestain beste berrogei egün indüljenzia noiz eta bisitatüren beitüie erran den Eliza. Mercy 7. Noiz eta konfrariako persona zonbait hil baitate, bestek orok erranen dütie zazpi psalmiak edo xapelet bat. Mercy 34. Nuiz eta Alfonsak / feit hura beizian ikusi / Xarlemaiñari beizeron / enbasada bat igorri. Xarlem 1514. Noiz eta baitziren / othuruntza gozoaren / hoberen-hoberenean, / ikharatzen dire betan. Gy 35. Noiz eta siropa erditan egina beita, emaitzu zure merxikak salda baten egiteko. ECocin 49. Denbora guzia obra onetan zeraman, […] noiz eta aphirilaren hemeretzian, 1527an hiriko muthilak lothu baitzitzaizkon. Laph 87. Sugea bezalatsu akhabatuko direla yudukeria eta framazonkeria, noiz eta baitute uste izanen direla puxantenik eta orduan berean! Elsb Fram 178. Noiz eta heldu baitziren hiriaren erdira, erregek golkotik sartzen dio kanieta erreginari. Barb Leg 133. v. tbn. Harb 51. Dv LEd 11. Jnn SBi 118. Ip Hil 89. Nuiz eta: UNLilia 4.
    (Con -(e)n). (Lar, Añ (+ nos)). “Quando, si al verbo que rige precede otra oración, noiz eta” Lar (tbn. Añ).
    “Quando Dios, después de haber vivido solo en toda una eternidad, sacó de la nada este mundo, noiz eta
    Jainkoak, ezerezetik atera zuen mundu au, betiraude guzian bakar bizitu ezkero” Lar. “Ala deritza izuak edo ikarak diakargun damuari, noiz eta ifernua gogoratu ta, aren bildurraz damu artzen degun Jainkoa ofendituaz. Ib. (s.v. atrición).  –Noiz dira horien kontra? –Noiz eta Jainkoaren edo Elizaren aginteren bat gauza grabean ausitzen dan. CatBurg 39. Espiritu Santua zebillen Eleizari bere argia prestatzen […] noiz-da bat-batean agertzen dan munduan San Agustiñ-en argia. Lar SAgust 9. Noiz ta admititzendén Jangoikoaren legearen kontra, dela akziones, dela itzes. LE Bail1 222. –Noiz dire mortalak? –Noiz eta Jangoikoaren ta lagunprojimoaren maitetasun ta karitatearen kontra diren. Añ CatAN 57. Nos eta obeto emon bear genduan jai santua, orduantxe geitu doguz geure pekatuak. Añ MisE 244. Eta, noizta gutxiena uste duan iltzea, arkitzen da bereala ill bear dualako berriarekin. AA III 569. Andik irugarren egunean, noiz eta zirkunzisioaren oñazeak surik andienean zeuden. Lard 45. Noizta presentatu zabein perletikatu bat etzinik oi batian. Hual Mt 9, 2.
    ——
    OEHk berak NOIZ ETA…-(e)NEAN egitura duen adibide bat ematen du, bakarra, Mariano Mendigacharena (hortik idiolektoarena):
    (Con -(e)nean). Nestatia oboroagotan da ungurunetan, noiz ta, karrontek eta arrosadek eta lantxurdak galaraztan teinian erintziuak. Mdg 145.

    Eta Iñakik ekarri duen azken adibidean, Larramendirenean, gauza bera dugu, hau da, ez da NON ETA…-(e)NEAN egitura, baizik eta NON ETA…BAIT-/-(e)N egitura:
    ———-
    – NON ETA. a) Donde.  Bana-ezazu Euskalerrietan; batezere non eta Jesusen ballera santuak jaso dituzun. Lar, carta a Mb 280. Non eta baitire, Jainkoa han da. Lap 40 (V 22). Hala Irlandan, non eta abertzale kar batekin hasi baitziren joan den mendean. Mde Pr 44.
    ———
    Horregatik esaten nuen esperimentuak iruditzen zaizkidala. Baditugu tradizio ongi errotuan mendeko perpausen hasieraren markagailu galdetzailerik gabeak (BALDIN [ETA]… BA-; NAHIZ [ETA]… BAIT-/-(e)N; HARIK [ETA]… ARTE), eta baditugu galdetzailedunak ere (NOIZ ETA…BAIT-/-(e)N; NON ETA…BAIT-/-(e)N; NOLA ETA…), baina ez NOLA ETA…MODUAN, NOIZ ETA…-(e)NEAN, NON ETA…-(e)NEAN, NORA ETA…-(e)RA, ZERTARAKO ETA…-T(z)EKO gisakorik.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s