Artxiboak hilabeteka: apirila 2013

Gorriak, gorriminak eta eskarlatak

Isabel Etxeberria Ramírez

Eleberri bat euskaraz sortua ala itzulpena den jakiteko aztarnez idatzi zuen Angel Errok blog honetan (I eta II) duela ez asko. Auzi benetan interesgarria plazaratu zuen, nire iritzian. Ba al da alderik euskarara itzulitako testuen eta euskaraz sortutakoen hizkeren artean? Hala bada, zein dira bataren eta bestearen bereizgarriak? Eta zer adierazten digute bereizgarri horiek? Hainbat ikuspuntutatik eta alderdi askori erreparatuta azter daiteke gaia: nolakoa den lexiko-aukeraketa testu batzuetan eta besteetan, zenbatekoa lexiko espezializatuaren erabilera, nolakoa konplexutasun sintaktikoa, zer-nolako  garrantzia duten euskalkiek eta zer-nolakoa euskara batuak, zenbateraino den jatorra eta zenbateraino artifiziala batzuen eta besteen hizkuntza, zenbateraino berritzailea eta zenbateraino kontserbadorea…

Gaian sakondu nahian, zenbait alderaketa eginak ditut euskarara itzulitako eta euskaraz sortutako literatur testuen artean, Ereduzko Prosa Gaur corpusa probaleku hartuta, eta emaitza bitxi eta adierazgarriak lortu ditut zenbaitetan.

Egin dezagun saio xume-xume bat, testu batzuen eta besteen ñabardurarako, xehetasunerako eta espezifikaziorako joera neurtzeko. Azter dezagun, bada, zer maiztasunez erabiltzen diren testu batzuetan eta besteetan oinarrizko kolore baten izena eta zer maiztasunez kolore horren ñabardurak zehazten dituzten hitzak. Gure lehen adierazle multzoa, hortaz, gorri eta haren ñabardurak: gorri, gorrix/ska, gorrizta, gorrimin, gorrail, gorrikara, bermiloi, karmin(-koloreko), purpura, eskarlata, gorrindol eta granate.

EPGk eskaintzen dituen bi datu moten artean (liburu kopurua eta agerraldi kopurua), liburu kopuruari dagozkion emaitzak ekarriko ditugu testu honetara. Hau da, zenbat liburutan erabaki duen egile batek gorrimin hitza erabiltzea pertsonaia baten buru-zapia, aterkia edo autoa deskribatzeko; eta bazter utzi dugu, beraz, zenbat aldiz aipatzen den berriro testuan dena delako buru-zapi, aterki edo auto gorrimin hori[1].

Eta azken ohar bat. Liburu kopuruak konparatzen ari garenez, eta corpusean itzulitako liburuen kopurua eta euskaraz sortutakoena berdinak ez direnez (EPGk 111 itzulpen jasotzen ditu, eta euskaraz sortutako 176 liburu), faktore zuzentzaile bat erabili dugu datuak orekatzeko: itzulpenei dagozkien datuak bider 1,58 egin ditugu (176/111 zatitzetik lortua).

Hona hemen emaitzak:

Euskarara itzulitakoak

Euskaraz sortutakoak

gorri

gorrixka, gorriska

gorrizta

gorrimin

gorrail

gorrikara

bermiloi

karmin(-koloreko)

purpura

eskarlata

gorrindol

granate

164,3

67,94

34,76

30,02

4,74

6,32

3,16

3,16

58,46

12,64

3,16

3,16

167

44

17

15

9

4

0

2

6

5

0

15

Emaitza batzuk erraz esplika daitezke. Bermiloi, purpura eta eskarlata itzulpenen corpusean gehiagotan agertzea mailegu izateari egotzi ahal zaio: erraza da pentsatzea itzultzaileek jatorrizko testuan hitz horien erdal aldaerak topatu dituztelako eman dituztela, automatikoki nolabait esateko, euskal bermiloi, purpura eta eskarlata[2]. Nolanahi ere, komeni da ohartaraztea xehetasuna edo ñabardura adierazten duten hitzak sarriago eta ugariago ageri direla, guztizkoei erreparatuta, itzulpenetan euskaraz sortutakoetan baino. Adiera oinarrizko edo neutroko gorriren erabileran oso txikia da bi corpusen arteko aldea: 164,32 itzulpenen corpusean, 167  euskaraz sortutakoenean. Ñabarduraren bat dakarten guztien baturak konparatuta, aldiz, handiagoa da aldea: 227 itzulpenen corpusean, 117 euskaraz sortutakoenean.

Antzera gertatzen da urdin eta berde koloreen multzoekin ere:

Euskarara itzulitakoak

Euskaraz sortutakoak

urdin

oztin

urdinxka+urdinska+urdinsko

urdinkara

urdinarre

urdinantz

urdiño

zeru-urdin

itsas(o) urdin

urdin elektriko

(urdin) turkesa

(urdin-)anil

altzairu-urdin

arbel-urdin

150,1

0

22,12

22,12

0

1,58

1,58

9,48

3,16

1,58

12,64

1,58

1,58

1,58

146

0

20

5

0

0

0

1

0

1

2

1

0

0

Urdin oinarrizkoaren datuak: itzulitako 150,1 liburutan erabili da, eta euskaraz sortutako 146tan. Gainerako ñabarduren baturari erreparatuta: itzulitako 79 liburutan eta euskaraz sortutako 30etan.

Euskarara itzulitakoak

Euskaraz sortutakoak

berde

berdezka, berdexka, berdaxka, berdeska

berdekara

berdetsu

berdats

berdail

orlegi

botila-berde, berde-botila

esmeralda(-berde), (berde-)esmeralda

sagar(-berde)

oliba(-berde), (berde-)oliba

140,62

28,44

4,74

3,16

0

0

7,9

3,16

15,8

6,32

14,22

142

14

2

1

1

1

17

0

6

1

4

Berde oinarrizkoaren datuak: itzulitako 140,62 liburutan erabili da, eta euskaraz sortutako 142tan. Gainerako ñabarduren baturari erreparatuta: itzulitako 83,74 liburutan eta euskaraz sortutako 47tan.

Ikus dezagun beste adibide bat. Nolako joera ageri dute euskal eta erdal idazleek ehun motak zehazteko orduan? Edo, bestela esanda, zer ehun motaz janzten dituzte beren pertsonaiak, haien gortinak eta oheak, eta bestelako osagarriak? Hemen bilaketaren emaitzak:

Euskarara itzulitakoak

Euskaraz sortutakoak

flanela, franela

belus

satin, saten

muselina

popelina

poliester

nylon, nailon

tafeta

mahoi, mahon

feltro, fieltro

tul

pana (heg.), belus ildaskatu (ip.)

20,54

67,94

20,54

18,96

1,58

4,74

9,48

9,48

0

30,02

7,9

9,48

3

14

6

4

0

0

6

1

7

2

1

16

Emaitzek txantxarako eta ironiarako bide ematen dute, egiaz. Bi ehun motaren erabileran soilik gailentzen zaizkie euskaraz sortutako testuak itzulitakoei: mahoia eta pana / belus ildaskatua. Eta batek irudikatzen du euskal literatura Hamaika pausoko Daniel Zabalegiz beterik. Egia da badirela salbuespenak, eta Ramon Saizarbitoriak berak ematen digu horietako bat:

Soineko oso estu bat zeraman, berdea, belusezkoa zirudiena, eta galtzerdi zuriak, zilar koloreko marraren bat zutenak; oker ez banago, garai hartan modan egon zirenetakoak.

Eta hala ere, zergatik dira hain gutxi, itzulpenekin konparatuta, horrelakoak euskal literaturan? Hitzok adierazten dituzten errealitateak erdal idazle bati bezain ohikoak zaizkio euskal idazle (eta irakurle) bati: muselina espainolei, frantsesei eta abarri bezain ezaguna (edo ezezaguna) zaigu euskal hiztunoi. Eta muselina ehun mota bezalaxe muselina hitza ere.  Zergatik, orduan, erabiltzen dituzte maizago adiera-ñabardurak zehazten dituzten horrelako hitzak erdal idazleek euskal idazleek baino?

Bi corpusen osaera ahotan hartuta esplika liteke beharbada. Ereduzko Prosa Gaur datutegian eredugarritasunaren erakusle aukeratu diren euskal liburuak 700.000 hiztun inguruko hizkuntza bateko literatur ekoizpenetik hautatu dira. EPGn itzulpenen azpicorpusa osatzen duten liburuek, aldiz, iragazki oso garrantzitsu batetik pasatu behar izan dute EPGra iritsi aurretik: nazioarteko literatura guztien artean horiexek izan dira aukeratuak euskaratuak izateko. Bestela esanda, Matias Mugikaren libelo haren oihartzunak ekar daitezke esplikatzeko zer-nolako eredugarritasuna aitortu behar zaien testu batzuei eta besteei. Eta nolanahi ere, EPGn azalpen argirik ematen ez bada ere (Igone Zabalak horretaz idatzi du duela gutxi blog honetan), pentsatzekoa da corpus horretan biltzen diren testuak beren hizkuntza-eredugarritasunagatik izan direla hautatuak. Eta literatura, hizkuntza ere baden arren, beste gauza asko ere da.

Nire ustez azalpena soziolinguistikaren arloan bilatu behar dugu: diglosiaren eraginean. Hizkuntza pobretu egin zaigu erabilera mailan. Euskarak hitz horiek guztiak (gorrimin, purpura, urdinkara, berdexka, satin…) izan baditu. Eta ezagutu ezagutzen ditugu hiztun gehienok. Baina gure hizkuntza ekoizpenetan, baita maila jasoko literatur ekoizpenetan ere, ez ditugu erabiltzen. Euskarak baditu baliabideak, batzuetan guk uste dugun baino gehiago, eta hiztunok ezagutzen ditugu baliabide horiek, askotan guk uste dugun baino gehiago ere, baina lozorroan egoten dira gure baliabideen gordailuan, eta betiko hiruzpalau aukerekin moldatzen ohitu gara.

Galdera interesgarri bat eratortzen da hortik: lagundu al dezake itzulpengintzak hiztunen sena zabaltzen, lozorroan dauden baliabideak aktibatzen eta hiztunen pertzepzioa baliabide ezohikoetara ohitzen? Eta beste galdera are interesgarriago bat: laguntzen ari al da?


[1] Hautu hori eginez, beste informazio mota esanguratsu bat galtzen dugu, jakina: zenbat objektu deskribatzeko erabili duen egileak kolore-izen hori liburuan. Bi informazio mota esanguratsuren artean hautatu behar eta, goian aipatutakoaren alde egin dugu. Nolanahi ere, hitz bakoitzaren agerraldi kopurua ere aztertua dugu, emaitzak hona ekarri ez baditugu ere, eta datuek berretsi egiten dute liburu kopuruetan ikusten den joera.

[2] OEHn kontsulta eginda, antzeko joera bat ikusten da: bermiloi, purpura eta eskarlata itzulpenetan ageri dira gehienbat.

3 Iruzkin

Isabel Etxeberria atalean

Urrezko mihia

Iñigo Aranbarri

Garena gara, eta hizkuntza ez zaigu arrotz. Lexikoan zein lokuzio bidean, geuk bezala, historiaren zakarrak batzeko usadioa baitu mintzairak.

Hala, ez da harritzekoa gazteleraz «no lo haría ni por todo el oro del mundo» hori sugelindera sugandila subekandela buztana baino biziago ibiltzea egun ere. Nola ez ba, katedraletako, parrokietako, edozein elizatxotako errataulak urre orriz apainduta ageri bazaizkigu. Bistan denez, hauek ez dira ez Almaden-etik, ez Rio Tinto-tik, are gutxiago Asturiasko haran berdetako zulo beltzetatik atereak.

Urre gorria mintzora ekartzea, zintzoak izan gaitezen, ez da espainolen kontua soilik. «Non bene pro toto libertas venditur auro» dio Cervantesek On Kixoteren sarreran, Horazio aipatzen ari delakoan; orain urte parrasta bat Dubrovnikeko harresietan, Lovrijenaceko gotorlekuan zizelkatua ikusi nuen lelo bera. Nolanahi ere, beste garai bateko oihartzunak dakartzan moldeak dira, aberastasuna Pizarroren baratzean zegoenean, Potosiko meatzetan. Mantxako kaparearekin bagabiltza, ikasiko dugu zer den «valer un Potosí», baita non duen honek zuztarra ere: «Santxo, sendagarri honen handitasuna dela eta ontasuna dela, ordaindu behar banik, Beneziako altxorra edota Potosiko meatzak guti lituzkek hire sarirako; har ezak heuk dadukaan neurearen kontu eta ezar ukaldi bakoitzeko jo-saria» (eusk: Eneko Iñarrondo).

Esan gabe doa, espainolak ez dabiltza bakarrik lokuzio inperialen abentura honetan. Kitxueraz Sumaj Orcko deritzon eremutik aldendu gabe, «ce n’est pas le Pérou» esaten da frantsesez zer edo zer ez denean zoratzeko modukoa; eta Peru balio, «ça vaut un Pérou!», zerbait handia, miragarria, txundigarria denean. Gazteleraz bezalaxe. Ingelesek, aldiz, bakoitzari berea, itxuraz gurago ekialdeko tea mundu guztiko urrea baino: «not for all the tea in China».

Xelebrea da. Euskaldunok konkistatzaile espainol bipil ere izan gara, kontratupeko soldadu frantses, indio-kalitzaile bezain urre biltzaile eta bilatzaile nonahi, gaur arte, eta harriaren gorria mihipean eramanagatik, Baionan ditugu inon izatekotan gure Potosi-Peruak. Hala jaso zuen Azkuek Nafarroan egun grabazio berriei esker berriro ere jendearen ahotan den «Gure haurraren haur ona! Balio luke Baiona» hori.

Baiona bakarra dela munduan, ez naiz ni izango hori ez dela egia dioena. Urola aldean, Bilbon egon izan da Baiona, ordea. «Bertan Bilbo!» esan izan da begien aurrean gauza zoragarriren bat azalduz gero. Baita «bertan Paris!» ere. Zein urruti inondik ere Potositik.

Eta hau dela uste dut joera nagusia; alegia, bipolarrak garela elebidunak garen neurrian. Gazteleraz edo frantsesez gabiltzala, Fray Juan de Zumarragaren, Urtsuaren, Legazpiren seme-alabak gara geure Potosí, Pérou, eta abarrekin. Euskaraz, ez gara haien laurdenik ere. Gure adierazkortasuna ez da behialako loria militarretan bermatzen.

Ahal bagenu, ez ginateke urruti:

«LAB pone una pica en Nafarroa»

Ez zen ez ABCn, ez La Razónen, ez Diario de Navarran atera, gazteleraz ari naizela ohitu ezin naizen moldeak salatzen duenez. Eginek, bere estilo liburuari jarraiki, ikusi zuen «Nafarroa» behar zuela, baina ez, erregular, «poner una pica en» horrek duen itzala, Perun edo Potosin ez, baina Albako Dukearen apatxaren pean, Flandriako lur hezeetan sartzen dena sast.

Egia da, urrutiko zaigu, baina bidean gara. Kirola da, seguru asko, maila sinbolikoan bada ere, mozkorraldi militarraren antzik handiena duen jarduera, gerraren sublimazio jostaria. Eta hortxe da:

«Athletic-ek Old Trafford konkistatu du».

EITBren webgunean irakurriko duzue azkenaldian telebistan eta irratietan hainbeste zabaldu den egituraren adibide hau. El conquistador del fin del mundo saioak izango duen zerikusirik, jakizu. Gehiago, badaude. Blogetan asko: «Realak Vicente Calderón konkistatu nahi du». Baita kirol mundutik kanpo ere: «Santo Tomaseko azoka nagusiak Konstituzio plazako eta Alde Zaharreko mugak gainditu ditu eta Erdialde osoa konkistatu du» (Noticias de Gipuzkoa).

Beti ikasten euskalduna.

Orandik pixka bat falta dugu, hala ere, gure auzoak harrapatzeko. El Correo Españolena da perla:

«El Athletic ya se prepara para ‘la batalla del Ebro’».

Galanta da. Zer eta Club Deportivo Mirandesen kontra jokatu behar zuelako.

Bitartean, geure xumean, hor gabiltza Potosiko garai bateko itzalen ametsetan, bateko «urrezko gola» eta besteko «urrezko aizkora», bide egile. Horrelako maixu-maistrekin, laster harrapatuko ditugu.

«Homologazioa» deitzen den hori.

Iruzkin bat utzi

Iñigo Aranbarri atalean

Batutik ihesi

Juan Luis Zabala Artetxe

Ezin da ukatu, begien bistakoa da: gazteen artean oso zabaldua dago batutik ihes egiteko joera. Ez bakarrik hitz egiterakoan, baita idazterakoan ere; ez bakarrik lagunartean, baita jendaurrean ere. Euskaraz libre eta bizi aritu nahi dutenean batutik ihes egin beharra sentitzen dute askok, antza denez. Kasu batzuetan justifikatuta egon daiteke, baina nik ez diot batere susmo onik hartzen joera hori izaten ari den zabalkundeari.

Guztiz ados nago Santi Leonék Estua artikuluan esandakoarekin: «zenbaitetan, batua baino gehiago, euskara estua irakasten dela» uste dut nik ere, eta horrek aurkako erreakzioak sortzen dituela. Baina estutasun hori, bere larrian, zailtasun gehitua dela iruditzen zait, ez gazteek batutik ihes egiteko duten motibo nagusia.

Ezagutza falta da, nire ustez, benetako motiboa, sustraian dagoen arazoa. Gordin esanda: analfabetismoa. Kasu gehienetan batutik ihes egiteko joera analfabetismo maila larri baten ondorio zuzena delakoan nago, eta ez ondo ikasitako arau batzuen zorroztasunaren aurkako protesta ironiko, errebelde eta transgresorea. Adierazkortasun gabezia baten ondorioa dela, alegia, adierazkortasuna indartzeko ahalegin bat baino gehiago.

Azken egunotan horren ezagun egin zaigun Aske Gunearen inguruko hasierako agerraldietako batean, atxilotzeko ordena emana zitzaion gazteetako bat entzun nuen, irratiaren bidez, gisa honetako zerbait esaten: «Ez diegu erraza jarriko guri eramatea» (etzana neuk eraitsi dut, jakina).

Jar daitezkeen milaka adibideetako bat baino ez da. Beste askotan ere pentsatu nuena pentsatu nuen berriro neure artean: Euskal Herriaren independentziaren alde hainbeste emateko prest dagoen gazte batek, euskaraz hitz egiten eta idazten ondo ikasteko aukera izan eta gero, mikrofono baten aurrean horren akats oinarrizkoa egiteak ez al du porrot ikaragarri bat jartzen agerian? Eta porrota aipatzerakoan, ez naiz ari horrela mintzo zen gazteaz, jakina, gizarte osoaz baizik.

Koldo Mitxelenak esana omen da gazteak bere duela, gutxienez eta ezinbestean, arrazoi biologikoa. Gazteentzako errietak, mehatxuak eta zigorrak lekuz kanpo daude beraz. Azken batean, euskara inguruko erdaren ondoan menperaturik daukan diglosiaren ondorio okerretako bat baino ez da lehen aipatu dudan analfabetismoa. Batua jakiteko eta batuaz gozatzeko, batua lagun sentitzeko eta ez etsai, euskara ondo jakitea komeni da lehenik, eta gero batua eguneroko tresna izatea, edo ohikoa bederen. Gaur eta hemen horrek zorte edo/eta ahalegin handiegia eskatzen du. Oso jende gutxik daukan zortea edo/eta oso jende gutxik egiten duen ahalegina.

Batuari eta batutik ihes egiteari buruz twitterren eztabaidatzen hasita, Ander Lipusen erantzuna jaso nuen behin: «Adibidez, Maskarada bat batueraz entzutea, eta ez xiberutarrez. Hori bai izango litzatekeela aztertzekoa!», bota zidan, nik batutik ihes egiteko joera gero eta zabalduagoa aztertzekoa zela esan nuenean. Zer pentsatua eman zidan Lipusen komentarioak. Eta pentsatu nuen: zergatik ez? Ez al da tristeagoa maskarada eta pastoraletako aktore askok euskara batua denik ere ez jakitea? Ez al litzateke hori —Zuberoako maskaradak eta pastorala euskara batuan— euskararen hizkuntz egoera zeharo sendo baten adierazgarririk ziurrena, ukaezinena, behin betikoena?

Batutik ihes egitea ez da berez txarra. Baina nik gazteak batutik ihesi jolasteko gogoak eramanak nahi nituzke, ez arrotza zaien batuaren beldurrak larrituak.

Txillardegi parafraseatuz, bera ere ados izango zelakoan: batuarekin ere, ez dakit euskararik izango den etorkizunean; baina baturik gabe seguru ezetz.

49 Iruzkin

Juan Luis Zabala atalean

Bide barrijak

Gotzon Egia Goienetxea

Ken dezagun, aurrera baino lehen, zalantza hori gure gainetik: itzulpenak, itzulpen onak, gizakiok egiten dituzte, ez makinek. Zer esanik ez, interpretazio onak, gizaki interpreteek egiten dituzte.

Bainaka hasi gabe, baina, aitor dezagun saio asko egin direla ordenagailuak itzultzaile lanetan jartzeko. Aurrerabidea galanki hobetzera iritsi dira hizkuntzalariak eta ingeniariak elkar hartuta, egia da hori, tresna ugari dira sarean, hizkuntza batetik bestera esaldiak zehaztasun handi samarrez aldatzeko gai direnak. Adibide ziur aski ezagunenak euskara ere jasotzen du hizkuntzen eskaintza luzean: Google Translate. Esaldi lau gehienak txukun ematen ditu, esanahia ulertzeko adina; aski, agian, esamoldea à la lettre itzultzea ezinbestekoa ez denean.

Alabaina, teknologia itzulpengintzarekin ­(eta, garabidez, ahozko hizkuntzaren interpretazioarekin) konbinatzen denean, bide berrietan abiatzeko aukerak zabaltzen zaizkio gure lanbideari.

Urrutira gabe, gertuko adibide bat, Dualia etxearena, Arrasaten. Interpretazioak telefono bidez eta denbora errealean eskaintzen ditu, 51 hizkuntzatan: telefonoaren alde batean A hizkuntzan esandakoa, B hizkuntzan entzuten da beste aldean, Dualiarenetik igaro ostean. Teknologiak laguntzen du, pertsonak dira interpretatzen, noski.

Aukera bihurrituagoak eratzeko sormena erakusten du Will Powell britainiar teknologoak. Google Glass proiektuan oinarri harturik, Vuzix betaurrekoak, Raspberry pi miniordenagailuak eta beste elementu arrunt batzuk konbinatuta, hizkuntza banatan ari diren bi pertsonen arteko solasa aldi berean itzuli eta azpidatzi gisa erakusten du betaurreko adimendunetan, Projet Glass izeneko esperimentuan.

Xedez eta hedaduraz, ausartagorik ere bada, adibidez Luis von Ahn guatemalarra; ikertzaile ospetsua da, besteak beste, Interneteko formularioetan ordenagailuei bidea oztopatzeko captcha ezagunen asmatzaileetako bat. Orain, proiektu handizale bat du esku artean: Duolingo, Internet osorik itzultzea, gratis et amore hominis, hizkuntza bat doan ikasteko aukeraren truke. Irudi luke asmo guztiz burugabe bat dela, baina erne, hiztun ugari duten hizkuntzen kasuan, hizkuntza bat ikasteko amuari heltzen diotenen kopurua atalase mailara heltzen bada.

Poetak esana: bide berriak? Bide guztiak!

Iruzkin bat utzi

Gotzon Egia atalean

Mailak eta abar

Iñigo Errasti Aranbarri

Itziar Diez de Ultzurrunek gaur zortzi edo blogeratu zuen testuak Santi Leoneren zutabe interesgarrira eraman gintuen, eta egun horretako Santiren abisuak, akuilatzaile, beti kezka edo gogoetagai izan dudan auzi batera ekarri nau, zeharbidez bada ere. Euskara batuaren mailez ari naiz; jasoaz batez ere, baina ez goi mailaz bakarrik, behe mailak ere buruhauste dezente ekarri dit eta maiz.

Ibon Sarasolaren bizpahiru ideia gogorarazi zizkidaten bi testuok, beste inon ez baitut kontu hau hain argi eta garbi (gordinki eta zorrotz?) irakurri:

Eroan/eroale elektrizitate arloan erabiltzea, aldiz, ez zait hain ereduzkoa iruditzen, hitzok bizkaierazko tradiziokoak direlako, eta barka, baina bizkaitarrek berek badakite ez dela beren tradizioa gure literaturako gaina eta bikaina, gipuzkerazkoa ez den bezalaxe. Hortaz, tradizio horietako aldaerak ez dira egokienak hizkuntzaren goi maila eratzeko. […] Baina argi dago euskaldunen begientzat oro har, Iparraldeko tradizio zaharreko formak eta aldaerak badutela jasotasun bat hizkuntzaren goi maila eratzeko erabat egokia dena.

Euskara batuaren ajeak, 95. or.

Maila kontu honetan, esan behar dut euskara neutrotzat, gaur egun Bizkaia-Gizpuzkoetan idazten den batua hartu dudala; eta, hortaz, Nafarroa eta Iparraldeko hitzek goi marka erakutsiko dutela sartaldeko batuan sartu ez diren heinean. Nafar eta iparraldeko idazleek jakingo dute horrelako markari kasurik ez egiten. Hegoaldean baizik erabiltzen ez diren gaztelaniazko hitz berriei, aldiz, beh marka ezarri diegu.

Zehazki hiztegiaren sarreran

Lehenengo eta behin, esango nuke gaur egungo euskara neutroa gehiago dabilela, Juan Garziak oraintsu zihoen bezala, «gipuzkeraren inguruan» eta «bizkaieraren edo nafarreraren koloreaz janzten dela idazlearen arabera».

Uste dut goiko aipuek ondo adierazten dutela zer gertatzen ari den, neurri handi batean, gaur egun euskara batuan hizkuntzaren mailekin; alegia, badugula eredu estandar bat gipuzkeran oinarritua (eta hari eransten diola bakoitzak, nondik datorren, bere usaina); eta, horrekin batera, badugula, gutxi-asko, eredu jaso bat tankeratua, batez ere sortaldeko ekarpenek bihurtzen dutena jaso. Ez dut horren kontra ezer; hala dira gauzak, eta, orain arteko emaitzak ikusita, ondo irizten diet euskara batuarentzat egiten ari garen bideei. Alegia, eredu jaso eder askoa erakusten dutela, esate baterako, hala literaturan nola zientziaren zein administrazioaren arloan «ereduzkotzat» ditudan testuek. Eredu ulergarria eta baliagarria, gainera.

Hala ere, albo kalteek kezkatzen naute. Batetik, bizkaiera ikusten dut pixka bat lekuz kanpo, zeren, Sarasolak dioen bezala, haren tradizioa ez bada onena eta, Juani sinestera, gipuzkera bada estandarraren muina, eta, aldi berean, sartaldekoei hartzen badiegu eredu jasoa osatzeko gaia, non geratzen da sortaldekoon hizkera? Zer harreman dugu alde honetako hiztunok estandarrarekin eta maila jasoko euskararekin?

Bestetik, sortaldeko hiztunak egoera bitxi samarrean suertatzen-edo dira: goi markari kasurik egiten ez badiote ere, haien testuak, beste euskalki batekook irakurtzen ditugunean, jasoak begitantzen zaizkigu ezinbestean. Hala gertatzen zait, esate baterako, Santi Leonek aipatzen zituen hitz eta esapide askorekin edo Fernando Reyk, Siziliako dialektoa itzultzeko, Montalbanoren kasuei nafar ukitua ematen dienean. Nire ezjakina izango da kausa, baina hala da: kosta egiten zait testuok hizkera arrunt gisa interpretatzea.

Eta, azkenik, zer pentsatu handia ematen dit behe mailak ere, iruditzen baitzait erregistro horixe dela, paradoxikoki, literaturan-eta gutxien landu dena. Nondik osatu behar dugu erregistro hori? Gaztelaniatik hartutako hitz eta esapideetatik abiatuta? Ez, behintzat, euskalki jakin batean oinarriturik.

Jakina, bizkaitarra naizelako ikusten ditut kontuak horrela; ziur asko, nafarrak eta iparraldekoak beste iritzi batekoak izango dira. Eta gipuzkoar asko eta arabarrak ere, ez dago esan beharrik. Ez da nire asmoa euskalki jakin baten egoeraz kexatzea (bakoitzari dagokio bere euskarari behar duen thornuia ematea) edo, besteak hobeto daudela eta, lehen ere inora eraman ez gaituzten eztabaidak piztea. Bat da euskara, eta, garbi dago, denok gaude ontzi berean. Baina uste dut merezi duela gai honi buruz gogoeta egitea; denok elkarrekin bada, hobe, interesa komuna baita.

Iruzkin bat utzi

Iñigo Errasti atalean

Bat dira bi

Jesus Maria Agirre Berezibar

Inpresioa nuen Euskalterm arlo batzuetan halako saski-naski bat bihurtuta zegoela, dispertsio handiegia zeukala hainbat terminoren ordainetan. Pentsatua nuen, gainera, nonbait planteatzea ea komeni ez ote zen garbitu bat ematea (Terminologia Batzordeak edo), iritzirik termino batzuen kasuan ebatzi bat hartu beharra zegoela bi edo hiru ordainetatik bat hartzeko.

Eman nuen atzo begiratu arin bat Euskaltermen, eta nire barrutiari dagokionez ohartu naiz dispertsioa baino gehiago dualitatea dagoela, eta lasaitu txiki bat hartu nuen, egoera ez baitzait iruditu nik uste bezain grabea. Hona adibide batzuk:

interpelación: jabeldura, interpelazio

ponencia: txosten/talde txostengile [Legebiltzarrean lantalde]

comité: batzorde, lantalde, komite…

institución: erakunde, instituzio…

(consejo) rector: artezkaritza, errektore…

actividad: jarduera, aktibitate…

asistencia: laguntza, asistentzia

diversidad: aniztasun, dibertsitate

variedad: askotarikotasun, barietate

solidaridad: elkartasun, solidaritate

ejecutar: betearazi, egikaritu, burutu, gauzatu, exekutatu…

urgente: presako, berehalako, premiazko, urgente

Esan dudanez, uste nuen txarragoa zela egoera. Erreparatzen badugu, dualitatea gehienbat hitz propioz eta maileguz osatuta dago. Beste gauza bat ere hauteman daiteke: mailegua gehiago agertzen da arlo teknikoetan (informatika) eta oraintsueneko bildumetan (Administrazio sanitarioa), eta hitz propioa, ordea, gehiago arlo sozialetan (zuzenbidea, politika, hezkuntza…), non aspaldi finkatu baitziren terminoetako asko.

Hiru ondorio xume atera daitezke datuotatik. Bat, arlo zientifiko-teknikoetan agian bestetan baino aurreiritzi linguistiko edo karga ideologiko gutxiagoz jokatzen dute, edo agian unibokotasuna zorrotzago gorde behar dute. Bi, adibideetako hitz propioak askotan adiera orokorragokoak edo hizkera-maila arruntagokoak dira maileguak baino. Eta hiru, hitz propioz osaturiko hainbat terminorekin egina dugu dagoeneko 25-30 urteko tradizio bat, kolpean iraultzea komeni ez zaiguna.

Hona iritsita, gogora etorri zait Xabier Amurizaren hura: «Ez dago gaia konfrontazio bihurtu beharrik. Hitz komuna eta ustezko euskal ordaina sinonimotzat utz litezke, elkarren lagun. Duda kasuan, biak jasotzea da gutxien kostatzen dena, bataren ala bestearen errotzea (edo biena) erabileraren esku utziz» (Zazpi ebidentzia birjaiotzarako, 247).

Ez zait okurritzen beste biderik.

Iruzkin bat utzi

Jesus Maria Agirre atalean

The Grifters

miel a. elustondo

BAT
Dendatik zanbuluka irten zenean, Roy Dillonen aurpegia berde gaixoti kolorekoa zen, eta arnasaldi bakoitza agonia izugarria zitzaion. Horixe egin diezaioke gizonari kolpe gogor batek sabelean, eta Dillonek galanta jasoa zuen. Ez ukabilarekin, hori nahiko gogorra izango baitzen, heavy club makila astun baten muturrarekin baizik.

Nola edo hala, beraren autora itzuli ahal izan zen eta aulkian irristatzea lortu zuen. Baina horixe izan zen egin ahal izan zuen dena. Auhena egin zuen jarrera aldatzearekin batera sabeleko giharrak trinkotu zitzaizkionean; orduan, hasperen itoa egin eta leihotik atera zuen burua.

Hainbat auto iragan ziren berak kalean botaka egiten zuen bitartean, eta barrukoek burla egiten zioten, betozkoa jartzen zioten errukiturik, edo beste aldera begiratzen zuten, higuinez. Baina Roy Dillon gaixoegi zegoen horretaz jabetzeko, edo kezkatzeko, jabetu izan balitz. Azkenean, haren sabela hustu zenean, hobeki sentitu zen, nahiz eta gidatzeko behar bezain ongi ez. Ordurako, ordea, atzean geratua zitzaion polizi autoa, sheriffarena, Los Angeles hirian ez baina konderrian baitzebilen Dillon, eta brown-clad marroiz jantzitako agentea espaloira irteteko gonbita egiten ari zitzaion.

Dillonek zalantzan obeditu zion.

–Soberako bat, jauna?

–Zer?

–Ez dio ardura –polizia jabetua zen pattar usainik ez zegoela–. Ikus dezagun zure gida-baimena.

Dillonek erakutsi egin zion, aldi berean, eta nahigabe bezala, kreditu-txartel sorta erakutsiz. Errezeloa desagertu egin zen poliziaren aurpegieratik, eta kezka agertu.

–Oso gaixorik ematen duzu, Dillon jauna. Batere ideiarik bai, zerk eragin dizun?

–Bazkariak, inondik ere. Badakit jakin behar nuela, baina oilasko-entsalada sandwicha jan dut, ez zuen oso gustu ona jaten ari nintzenean, baina… –Ahotsari bere bidea egiten utzi zion, lotsati barre eginez, damuturik.

–Mmm… –poliziak buruarekin baietz, serio–. Zabor horrek egingo zizun. Tira –goitik behera aztertu zuen–. Ongi zaude orain? Nahi duzu medikuarenera eraman zaitzagun?

–O, ez. Ongi nago.

–Azpibulegoan lehen laguntzak emateko pertsona bat dugu. Arazorik batere ez dugu zu haraino eramaten.

Royk uko egin zion, atseginez baina sendo. Txakurrekin harremana luzatzeak txostena ekarriko zuen, eta zeinahi txosten endredagarri izango zitzaion. Ordu arte ez zuen batere; iruzurrek eragin zizkioten saltsak ez zuten txakurretara eraman. Eta horrela irauteko asmoa zuen.

Iruzkin bat utzi

Miel A. Elustondo atalean