Aukera elemenia dugu

Iñigo Errasti Aranbarri

Sarritan aipatzen den gauza da bide-seinale lagungarri gertatzen direla –hala esaldien katea antolatzeko nola irakurleari bidea erosoago erakusteko– kasuan-kasuan perpausen aurrean jartzen diren markak: nahiz (eta), zeren (eta), baldin (eta), nola…-(e)n, ezen

Perpaus mailako aurrekarien saila, beraz, pentsa litekeen baino ugarixeagoa da. Sintagma barruko antolaketari dagozkionak, berriz, ez dira hein berean ugari; alegia, izenaren inguruko osagaiak zurrunago-edo direla beren kokalekuetan.

Dena dela, gaurko ekarpenean, ugaritasuna adierazteko erabiltzen ditugun zenbait osagai azaldu nahi nituzke, azal-azaletik bada ere, eta erakutsi badela, haien artean, ezker-eskuin jokatzeko modua ematen duenik.

Ugaritasuna adierazteko, bada, aukeran ditugu baliabideak; zenbatzaileetatik hasi eta izen, izenondo nahiz adizlagunetaraino: asko, anitz, ugari, franko, pila, pilo, mordo, hamaika, makina bat, ezin konta ahal(a), samalda, andana, elemenia

Haietariko batzuek, leku finkoa dute izenaren inguruan: ugari, esaterako, izenaren eskuinean kokatzen dugu, nahiz eta bestela jokatzen duen adizlaguna denean.

Beste batzuek, euskalkien arabera hartzen dute posizio bat edo bestea:

Asko matel-hezur gorritu ziren eta asko begi argitu (Laffitte).

Lotsagabe begiratzen zioten kalean oztopatzen zitun mutil gazte askok (T. Agirre).

Egia esateko, hegoalde guztian ere erabili izan da (eta, inoiz, erabiltzen da) asko izenaren aurretik, baina esango nuke izenaren ostean jartzen dugula, nagusiki, gaur egun.

Hala ere, bi horiek bezain arruntak ez diren beste batzuk aipatu nahi nituen, erdaretako izen-esapide «jasoagoen» ordain legez erabiltzen direnak: multitud, infinidad, gran número, una lluvia de, une série de, une suite de

Halakoetarako, besteak beste, andana (bat), samalda (bat) edo elemenia (bat) dauzkagu. Badakit ez direla elkarren sinonimo peto-petoak, baina, adiera batean, esparru semantiko berekoak direla esan liteke.

Printzipioz, aurretik hartu ohi dute hirurek izena:

Gobernamenduak ororen sakelatik atxik bitza mota guzietako eskoletxe andana bat. (Buruxkak)

Han etorri zitzaion aingeru-arkitekto samalda bat. (Sagua, eulia eta gizakia)

Eta berehaha bidera atheratu zitzaioeten gizon elemenia batekin. (Testament zaharra – Duvoisinena)

Hirurotariko batek, ordea, badu izena eta haren osagaiak bere eskuinean kokatzeko aukera. Eta, halakoetan, aurrekari moduko bat dela esan genezake:

Bere bekhatu-oste izigarria, elemenia bat bekhatu, bereak eta bertzerenak, egundaino menturaz kontutan hartu etzituenak. (Meditazioneak gei premiatsuenen gainean)

Horrek, behar dugunean, aukera ematen digu izen sintagma konplexuagoak eskuinean kokatzeko, elemenia bat aurretik jarriz bide-seinalearena egiten nolabait; edo balio lezake, bestela ere, izen sintagma konplexu baten osagaiak elemeniaren ezker-eskuin banatzeko:

(…) jaio, hazi, ugaldu eta hilko ziren elemenia bat izakiz hornitua (…) (Sagua, eulia eta gizakia)

Ereduzko Prosa Gaur eta beste zenbait bilatzailetan begiratuta, ikusi dut ez dela andana/samalda bikotea bezain ugari agertzen elemenia, eta horrexegatik ekarri dut hona, baten bati baliagarri gerta dakiokeelakoan. Barkatu txarto esanak.

Iruzkin bat utzi

Iñigo Errasti atalean

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s