Berbak eremuka itzultzea: Musika aldarteak

Iratxe Goikoetxea Langarika

Kanta bat deskribatu nahi dugunean, hainbat bidetatik jo dezakegu. Frank Sinatraren klasiko hau entzun, eta esan dezakegu balada bat dela, swing eta jazz ukitukoa. Eta horri gehitu diezazkiokegu sortzen dizkigun emozioak ere: atsegina, amultsua, erromantikoa, kitzikagarria, dotorea… Edo musikari eta hitzei dagozkien ezaugarri teknikoagoak.

Ingelesez, musikaz diharduten irrati eta webguneetan, nahiko finkatuta daude kantak deskribatzeko aldarteak. Allmusic atarian, esaterako, zerrenda luzea darabilte kanten eta diskoen gaineko informazioa emateko.

Gure irrati esatariek horren beharrizana bazutela jakitun, EITBko Euskara Zerbitzuan lanean ekin genion. Oinarria, ingeleseko 285 berba. Asko eta asko, sinonimoak. Edo eremu semantiko berekoak. Gehienak, adjektiboak.

Hitz hutsak ez ezik, musika bera ere bageneukan, kontzeptu bakoitzarekin zer adierazi behar zen zehazteko. Baina berehala konturatu ginen, kontzeptuak apur bat antolatu ezean, galduta geundela. Alde batetik, ezinezkoa zen ingeleseko zerrendako berba guztietarako oso-osoko sinonimoak topatzea. Eta bestetik, euskarazko ordain askok ingeleseko hainbat kontzeptutarako balio zuten. Beraz, berbak banaka barik multzoka aurkeztea pentsatu genuen.

Hiru multzo handitan sartu ditugu: aldarte positibokoak (alaia, lasaia, delikatua…), aldarte negatibokoak (iluna, zaila, lehorra…) eta bestelako ikuspegia dutenak (erritmoa, soinua, asmoa eta mezua). Eta multzo handi bakoitzaren barruan, poltsa txikitxoagoetan batu ditugu hurreko esangurakoak. Zerrenda osoa hementxe duzue ikusgai.

Ingelesetik euskarara ekartze horretan, hiru arazo nagusi topatu ditugu:

  1. Ingeleseko ugaritasun horretarako behar adina ordain ez dago hiztegietan. Kasurako, ingelesez perky, jolly, animated, cheerful, joyous, sunny, merry eta gleeful eduki, eta euskarazko ordainetan alaia, animatua eta bizia baino ez jasotzea.
  2. Kasu askotan, euskarazko hitza beste sinonimo batekin «hartuta» geneukan, eta eskura genituen bitartekoekin bete ditugu hutsuneak, erabateko sinonimoak izan ez arren. Esaterako: eztia / gentle; goxoa / warm; sosegatua / mellow; lasaia / calm; leuna / smooth.
  3. Zerrendako hitz guztiak euskaraz adjektibo bidez ematea ezinezkoa zen. Zelan konpondu arazoa? Aditz batzuk adjektibo bihurtu ditugu: urratua / heartbreak; atsekabetua / regretful… Beste hainbatetan, aditz edo izenari –(z)ko erantsita eraiki ditugu izenlagunak: pentsatzekoa / pensive; garaipenezkoa / triumphant; gomutazkoa / wistful; haur-ukitukoa / child-like; astindu handikoa / shacking; adore ematekoa / encouraging… Eta lotsa barik mailegatu ditugu baten batzuk: kapritxosoa, errebeldea, fluitua

Banaka beharbada ez, baina multzoka bederen bete egin ditugu eremu guztiak, eta irrati esatariek eskertu egin dute eskura eman diegun tresna. Eta guk geuk ere, buruhausteak buruhauste, jolas polita daukagu harrezkero entzuten ditugun kantak sailkatzen.

5 Iruzkin

Iratxe Goikoetxea atalean

5 responses to “Berbak eremuka itzultzea: Musika aldarteak

  1. Alfontso Mujika

    Ondo dago zerrenda hori eskura izatea. Eskerrik asko. Ez hartu orain datorrena kritika moduan, gogoeta moduan baizik: atentzioa eman dit “fluitua” horrek. Zerbait isurbera edo soltea edo holako zerbait dela adierazteko erdal adjektiboa mailegatu behar izanez gero (alde batera utzirik mailegua behar den ala ez), egokia ote da partizipio-itxuraz mailegatzea (euskarazko “fluitu” balizko aditzetik aterako litzatekeena)? Ez ote litzateke normalago “fluido” mailegatzea, lehenago izen gisa mailegatua dagoena eta Hiztegi Batuan bertan ageri dena?

    • Iratxe Goikoetxea

      “Fluitu”-rekin batera, “isuri oneko” ere proposatu dugu, eta, esatariei emandako argibideetan, berbekin jokatzea eta hizkuntzaren bitartekoak erabiltzea aholkatu diegu. Baina zergatik “fluitu” eta ez “fluido”? Adjektiboak sortzeko aditzak hartu ditugulako oinarri (kasu honetan, ahoz baino bizi ez den aditz bat), beste hauetan bezala: estrobertitu, entretenitu, animatu, sofistikatu…

  2. Xabier Aristegieta

    Nire zorionik beroenak, izan duzuen ideia honengatik. Iruditzen zait hitz-zerrenda horrek, itxurazko bere sinpletasunean, gogoeta mamitsua eskatzen duen itzulpen-lana egitera behartu zaituztela. Oraintxe bertan ez dut denborarik izan zuen zerrendari axaleko begiratu bat besterik emateko. Gero arreta gehiagoz begiratuko dut, eta oharren bat-edo bururatzen baldin bazait, idatziko dizuet; izan ere, eta esan bezala, oso itzulpen-ideia interesgarria iruditzen zait zuena.

    • Iratxe Goikoetxea

      Estimatuta daude halako loreak, udaberrian sartu garen honetan. Eta estimatzekoak izango dira zure ekarpenak ere.

  3. oskar arana

    Artikulu ederra, eskura dauzkagun aukerak ongi baliatzen ikasteko! Zaletasuna dut inoiz gertukoren bati entzun baina idatziz jasota ikusi ez ditudan hitzak nonbait zabaltzeko. Horietakoa da “goargitu”! Nik entzun dudan adieran, ez dagokio Orotarikoan jasotakoa (goiargi-inspiración…). Jakiez ari garela entzun izan dut, “entsalada bat goargitu” (piztu edo, izango litzateke), baita eguraldiaz ari garela ere “egun goargia”…eta, beharbada, musikaz ari garela ere erabiltzeko modukoa izan daiteke.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s