Zer adierazten du eskuak? Etimologiaren erakuspenak

Beñat Oihartzabal

Izan dut berrikitan, P. Urteren Grammaire cantabrique basque delakoaren eskuizkribuari soako baten emateko parada. XIX. mendearen azken urteetako argitalpena aspaldi hostokatua nuen, baina kuriostatea banuen eskuizkribua nola egina zen ikusteko. Hain zuzen, orain Sancho el Sabio fondazioko EMDk sarean irakurtzeko gisan ezarria baitu jatorrizko bertsioa,  hartan ikuska ibili naiz. Lehenbizikiko orrialdeetan, Urtek letren ahoskeraren deskribapena egiten duen orrialdeetan, bada begia jo didan etimologia bat, euskaldun hitzari dagokiona. Honela dio Urtek u letraren ahoskera aipatzean: [1]

Qua silaban den u ere ondoriorik gabekoa da: esquäldúna ‘cantabre’; esqualherria ‘cantabrie, pays de cantabres’. Zenbaitek, ca edo ka, u gabe idatzia balitz bezala ahoskatzen dute qua, eta beste batzuek, escaldúna, eskaldúna  idazten dute. Baina beste batzuek u ahoskatzen dute, hala nola latindarrek qua; haatik, azpiko hautsi-markarik gabeko c batekin izkiriatzen dute: escualdúna. Hitz hau, ‘main’ erran nahi duen escúa, eta ‘ayant’ edo ‘celuy qui a’ erran nahi duen aldúna hitzez osatua da. Horrela, diotenaren arabera, escualdúna dioenak ‘un homme tout main et tout bras’ dio, erran nahi baitu ‘un homme très agissant’.

Blog honetan berean, duela zenbait aste, euskaldun hitzaren osamoldeaz ari izan zitzaigun  I. Segurola, eta bere dudak agertu zituen noizkoa zen euskalduna “euskara duena” dela dioen ipuina. Zahar-usain haundirik ez zion hartzen ixtorioari. Urteren etimologiak erakustera ematen digu, preseski, duela hirurehun urte ez zela hain argi euskaldun hitzak euskara izan zezakeela oinarrian. Alabaina, hark eskualdun hitzaren etimologiaz gogoeta egin zuelarik, ez zitzaion eskuara gogoratu, esku baizik, –aldun izanik orduan hitzaren beste osagaia (esku+aldun).

Ez dakit noizez gero onartua den euskalarien artean euskaldun hitza euskara hitzetik abiaturik eratua dela. Chahok argiki hala erran zuen bere 1836ko gramatikan,[2] baina ez du iduri mende bat lehenago holakorik aitzinatua izan zen, edo, orduko norbaitek jadanik egina bazuen, biziki zabaldua izan zen. Etxeberri Sarakoak, adibidez, Urtek bere gramatika idatzi zuen urteetan euskararen hastapenak goraipatu zituenak, ez zuen holako lotura formalik egin, nahiz argi zeukan eskualdun herriak zirela eskuaraz mintzo zirenak. XVIII. mendeko ezin baztertuzko erreferentzia den Larramendik ere ez zuen egin, ez behintzat, usteak engainatzen ez bainau, Arte delakoan, ez eta ere, ez modu argian behintzat, hiztegi hirukoitzean.

Baina itzul nadin ene harira: esku-ra.

Urteren gramatika ez zen bere garaian argitaratu, kasik bi mende geroago baizik. Eskuizkribua Ingalaterran izanki, ez zuten haren berririk izan, ez Larramendik, ez Chahok. Bizkitartean, bien lanetan ageri da euskara hitzaren oinarrian esku ezartzen duen ideia, Urtek ere, ikusi dugun bezala, beste gisaz, euskaldun hitza aztertzean lehenago agertu zuena.

Interesgarri da ikustea euskara izenaren oinarrian esku emanik, beren aldetik zer interpretazio egin zuten bi autoreek hitz honetaz, zer kolore eman zioten motibazioa azaltzerakoan. Larramendik honela zioen: [3]

Eusquera, escara, escuara significa modo de hablar manual, y libre, como si dixera escuera, escucoera, de era que significa forma, modo, y tiempo, y de escu, escua ‘mano’, y escuco ‘libre’, y dueño, eznaiz escuco ‘no soy libre, ni dueño de hacer algo’: todo lo qual quadra bellamente a la lengua vernacula, y materna. Al Bascongado generalmente llamamos Euscalduna, y à todo los paìses en que se habla el Bascuenze, Euscalerria.

Euskara hitzaz esku/eskuko+era azterketa eginez, Larramendik ez zion esku(ko) izenari Urtek bezalako interpretaziorik eman, haren arabera, libertatea eta eskukotasuna adierazten baitzituen. Herri hizkuntzaren izenean berean aurkitu nahi zituen kontzeptu haien zigiluak, harentzat aitzinako euskal herriari zegozkion hatzak.

Chahok, berriz, urrunago eraman zuen euskararen zahartasuna, ez baitzuen noizbaiteko Euskal Herrira mugatu, baizik ere giza mintzoaren urruneko hastapenetan kokatu, gizakia oraino eskuz mintzatzen zen garaietan. Etimologia jokoetan arau hertsiegirik gabe ibiltzea gustatzen baitzitzaion Chahori ere, Aitorren leienda Lara bardoari kontarazi ziolarik, ele hauek eman zituen haren ezpainetan: [4]

Eskua mihiaren laguntzailea da, eta haren lehenbiziko adiera lehenbiziko mintzairatik ezin bereizizkoa da. Jestua begiei mintzo zaie. Hotsak belarria jotzen du. Biak gogoari ari zaizkio. Zein populuk izan du, eneak baino goragoko mailan, elearen inspirazioa eta jestuaren eta pentsaeraren arteko adostasuna? Imitazioaren antze horrek, besoen, eskuen, erhien mugimendu kalkulatuek laguntzen zuten hizkuntza artikulatua, beharrez ordezkatzen: Eskuara izena eman zitzaien, erran nahi baitu jestuaren zientzia, eskuekin mintzatzeko artea. Hitz bera ene populuaren hatsarreko mintzairaren izendatzeko ere baliatu zen, eta haren beraren izena araberan eratu zen: Eskualduna!

Hiru euskalari, euskaldun edo euskara hitzez etimologia bertsua, zeinek bere aldetik aitzinatu zutenak, hiruek esku oinarritzat emanik. Bizkitartean, etimologia bakar horren gibelean euskaldunez eta haien jatorrizko eta berezko izaeraz hiru itxuratze desberdin, nozio adierazgarri batzuetan gorpuztuak: aritzea (Urte), libertatea eta beregaintasuna (Larramendi), giza hizkuntza agertu zen garaiko primitibotasuna eta jatorrizko hizkuntza-naturaltasuna (Chaho).

Iraganeko euskalarien etimologiek ez zuten beti hitzen erabidea arras zuzenki argitzen, bai, haatik, molde segurago batean menturaz, haien egileen eta hauen garaiko zenbait ikusmolde erakusten.


[1] Grammaire cantabrique basque [eskuizkribua, datarik gabekoa, baina 1716 ingurukoa], 11. argazkia. Sarean: http://www.memoriadigitalvasca.es/handle/10357/2105

[2] “Les Basques pyrénéens donnent à leur langue le nom de Eskuara; ils s’appellent entre eux Eskuaradun, ‘qui a, possède, connaît, ou parle l’idiome eskuara et par euphonie, Eskualdun.” Etudes grammaticales sur la grammaire euskarienne, Paris, 1836, 2. liburua, Grammaire euskarienne,  3. orr. Sarean: http://books.google.fr/books?id=yObJHJK0p6YC&printsec=frontcover&hl=fr&source=gbs_ge_summary_r&cad=0#v=onepage&q&f=false

[3] Diccionario trilingüe del castellano, bascuence y latin, Donostia, 1745,  sarrerako XIII. lerroaldea, xxvii. orr. Sarean: http://www.memoriadigitalvasca.es/handle/10357/1773

[4] Histoire primitive des euskariens-basques, Madrid et Bayonne, 1847, 179. orr. Sarean: http://books.google.fr/books?id=M0UOAAAAQAAJ&printsec=frontcover&hl=fr&source=gbs_ge_summary_r&cad=0#v=onepage&q&f=false

6 Iruzkin

Beñat Oihartzabal atalean

6 responses to “Zer adierazten du eskuak? Etimologiaren erakuspenak

  1. Manex Fuchs

    Aspaldi huntan, euskara klaseak emaiten nituela Alduden, ikasle Qubekiar batek jada saldu zidan ikusmolde hau. Aritz Ardanaz izeneko gizon hori, Ameriketako lur haietan sortua zen, bere gurasoak eta guraso aintzinekoak bezala funtsean, baina hasierako arbaso emigratzaileek erabaki zuten beren seme alabak euskal izenez deitzea, eta hala segitu zuten oinordekoek ere. Gizon berezia zen Aritz. Bere aita eta ama, biak gor-mutuak zituenez gero, eskuen hizkuntza izan zen bere ama hizkuntza. Berak aldiz ez zuen entzuteko arazorik, eta ingelesa eta frantsesa ikasi zituen, eta eskuen hizkuntza erakasten hasi zen. Eta Kanadan hizkuntza hori koofiziala izanki, estatuak Inuiten herri batetara bidali zuen erakasle gaztea, hango haur elkor bati, bere familia guziari eta gogoa erakutsi zuten herritar guziei esku mintza praktikak transmititzera. Han zegoela, euskara ikastea deliberatu zuen. Erran eta egin, Euskal Herrira etorri eta euskaldundu edo eskualdundu zen. Bestazale, irri gose, eta maitale paregabea omen. Beste teoria bat ere saldu zidan : irrintzina ez zela zaldien oihuaren imitazioa, baina ekintza sexualaren adierazpen poetiko bat. Hala nola, lehenik boza berotu, gero jaka-jaka oihuan sartu, goxoan hasi eta gero arin, berriz goxoan eta berriz arin, eta hola azken hatsa askatu arte. Eta azken oihu horren oihartzun bakotx, orgasmo bat gehio emaztearendako. Ez dakit zer funts duen horrek, baina euskara hitzaren jatorriaz huna haren ikuspundua : gure arbasoek eskuera erraiten ziotela gure hizkuntzari. Esku era, harriaren arotik heldu zaigun hizkuntza hori, lurtarren lehena bere erranetan, gor mutuen eskuen hizkuntzaren luzapena zela. Eskuera, ESKUen ERAbilera hortarik hitz ahozkatura pasatzean sortu zela. Geroztikako denboran, ez dut Aritz Ardanazen berririk, baina huna saretik ene goraintziak.

    Manex Fuchs

    • Iñaki Iñurrieta

      Bide batez, zorionak, Manex, antzerki sariagatik. Irrikaz nago “PUblikoari gorroto” ikusteko. Harritu naiz inork ezer ez aipatu izana, atzo blog honetara agertu zinenez geroztik.

      • Iñaki Iñurrieta

        Barka trakeskeria. “Harritzen nau inork ezer aipatu ez izanak”, hobeto.

      • Manex Fuchs

        Hau ez da peopleismoa… Eskertzen dira animoak, baina zu lasai, garai hauetan komentario erreka batean galtzea baino hobe botoila bat itsasora botatzea. Baina, barkatuko didazu Iñaki, ze ez dakit ezagutzen ditudan zein Iñaki zaren…
        Besarkada bat.
        manex

  2. Beñat

    Manex,
    Zure Quebecktar lagunari lehengo zenbait idazleren irudimenaren hatzak gelditu zaizkio. ‘Esku’ hitza ikusiten du ‘eskuara’ hitzean, eta sexu jokaldiaren irudikatze poetiko bat irritzian. Bigarren kontu honi buruz, gogora dezadan hemen Etxepare medikua ez zela hain urrun ibili. Hona haren solas batzuk, 1905ko Baigorriko euskaldun besten ondotik eginak (‘Burruxkak’ liburuan agertuak). Garai hartan, lore-jokoetako egin-moldeari jarraikiz, irrintzi lehiaketak izaten baitziren, irrintzi zeingehiagoka bat izan zen Baigorrin ere. Hura aipatzean erran zuen Etxeparek zer zen harentzat irrintzia:
    “Marruma bitxi lazgarria, nehork ez baitaki noiz eta zeren gatik athera zuen gizonak lehen aldikotz! Ohartzen bagira, egungo egunean artzainek dute egiten ardurenik, guziz ilhuntzetan, ardien biltzera helduak direlarik mendi gain batetarat. Handik ilhunak hartzera doan ordokiari behatzen duenean, bera erne eta gazte, deuseren ez beldur, ospan, erho batek gainditzen dako gizonari bihotza; orroaz, irri karrasiaz, zintzurra mehetik ethentzerainokoan, adiarazten du zeruari, mendier, zelhaiari, artzain laguner, goren hartan dagola hura xutik, nausi, azkar, zainak beren baithako indarraz mozkortuak. Gizon basaren barneko zorionik erhoena, hainbertzetarainokoa non bertze gizonak berak ez baitzaizko orduan deus, erhauts bailitzazke gogotik bere aztaparren artean eta heien ondotik lurreko izaite guziak, horra zer derraukun irrintzinak.”
    Eta egun marxoaren 8a izanagatik, ez nagoke Etxepareren beste erran bat –bortitzagoa hau— hona ekarri gabe. 1903ko Donapaleuko besten ondotik egin kronikan agertzen da. Egun hartan etxera nahi baino goizago sartu behar eta, huts egin ikuskizunak aipatu zituen kronikaren hondar partean, hau zerasalarik:
    “… uste dut loriatuko nintzela ikusi ahal ukan banu godalet-dantza. (…). Loriatuko, aditzeaz irrintzina zenbeit, gauaz… basa ihiziaren, emazte bortxatuaren marruma airos lazgarri hura; loriatuko entzuteaz koblarien gudua, …”
    1903tik 1905ra, aldatu zitzaion Etxepareri irrintziaz zuen ikuspegia, ’emazte bortxatuaren marruma airos lazgarria’ (!!!) zena ‘artzainaren marruma bitxi lazgarri’ bilakatuz … Dakigun bezala, handik aitzina, ‘Buruxkak’ liburuarekin gertatuen ondotik bereziki, ez zuen holako solasik erabiliko medikuak.
    Nire partez ere, Manex, goresmenak antzerki saria irabazirik.

    • Manex Fuchs

      Esker mila ta erdi Beñat. Donapauleko krudelkeria eta Baigorriko lirismoa biak luma beretik ari, airos eta bitxi, gure mamuen marruma lazgarriak.
      Eta badakizu beharbada, ama ikastolan eta xalbador ikastegian zure semearen klaseko laguna izan eta, orain herri berean bizi girela. Biziak menditik behera nola eramaiten gaituen beti aintzina, itsaso zabalera.
      Egon pixkor eta besarkada bat.
      Manex Fuchs

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s