Elurra ari du Gasteizen

Itziar Otegi Aranburu

Elurra ari du Gasteizen. Gogotik. Ordenagailu aurrean eserita nagoela, leihora joaten zaizkit begiak ihesi, luma arinen pare haizearekin jolas eginez goitik behera datozen elur malutengana. Begiekin batera, gogoa ere urrun joan zait, duela urte batzuk beste leiho baten aurrean, beste elur maluta batzuei begira egon nintzen hartara.

Mon pays, c’est la neige… etorri zait gogora. Baina ez, ez zen horrela zehazki. «Mon pays ce n’est pas un pays, c’est l’hiver» kantatzen zuen Gilles Vigneault Quebeceko kantariak. Neguan, zuria baita nagusi Quebecen. Elurrak den-dena hartzen du, metrotik gorako altueran pilatzen da espaloitan, eta, aldian behin, oinezkoentzako lekua egiteko, kamioitan kargatu eta beste norabait eraman behar izaten dute, elur-hondakindegietara.

Baina tira, jarrai dezadan irakurtzen.

Badakigu, hala ere, ezinezkoa dela hizkuntza baten argazki oso eta zehatza lortzea; bai une historiko jakin bat harturik (banakako erabileren batez bestekoa baita Hizkuntza, hots, abstrakzio bat), eta bai, areago, denboran zehar (aldatuz baitoa etengabe).

Mon pays ce n’est pas un pays, c’est ma langue bota dit gogoak, traizioz. Hara, hemen dut. Sumatzen dut. Badatorkit, berriz ere, nire irudimen-inflazio ditxosozkoa, lana galaraztera. Uxatu, eta berriz ere irakurketari lotzen saiatzen naiz.

Hizkuntza guztiei dagozkienak dira, beraz, kontuok, indar finkatzaileen eta aldatzaileen arteko dialektika hori barne. Bestetik, orain arte bakarturik irudikatu badugu ere hizkuntza, gauza jakina da elkarrekiko tratua dutela hizkuntza askok.

Ez al hion behin idazle bati irakurri, leku fisiko bati lotua baino, norberarekin eramaten den zerbait dela egun euskara, edo hala ikusten zuela berak? Halako zerbait. Ez dakit ba…

Garbi dago hizkuntzaren gizarte-egoera horrek isla garbia izango duela banakako hiztunen buruan (aldi berean gizartezkoa eta norbanakakoa baita hizkuntzen izaera), eta, hiztunok hizkuntza biotan elebidun diren kasuan, erlazio desorekatu horren proiekzio moduko bat aurkituko dugula sarritan: hizkuntza nagusia sendo(ago) eta menderatua ahul(ago).

«Le français, on l’apprend; l’anglais, on l’attrape» esan zuen Brunswick Berriko irakasle hark, Laval Unibertsitatera elebitasun gehigarriaz hitzaldia ematera etorri zenean. Alegia, Quebecen frantsesa ikasi egiten dutela, baina ingelesa… ingelesa sartu egiten zaiela hezurretaraino, nahi gabe, izurrite bat bezala. Ondo sartu ere. Gogoan dut nola Miren Ibarluzea eta bioi, Quebecera iritsi berritan, jendeari helbide bat galdetu eta, eskerrak eman ostean, «Bienvenu» erantzuten ziguten. «Arraioa, hau da jende abegikorra, hau!» esaten genuen geure artean. Handik gutxira, ordea, konturatu ginen ez zitzaizkigula ari ongietorria ematen, baizik eta ez horregatik esateko, ingelesezko «You’re welcome» esapidearen kalkoa erabiltzen zutela.

Kontaktu estuaren kasuan, hizkuntza bataren berezko moldeetan nahasmenak sor ditzake bestearen eraginak (tipikoki, elebidun batzuek ez dituzte guztiz bereizten bi kodeak).

Kalko-ehizan gogotik aritzen ginen Mireille Martin irakaslearen Grammaire et Lexique ikasgaian, Lionel Meney-ren Dictionnaire Québécois-françaisez horniturik. Pour mieux se comprendre entre francophones, zioen, azalean, 1.800 orritik gorako liburukote hark. Bezperako Le Soleil eta beste egunkari batzuk hartu, eta luze gabe aurkitzen genituen, alafede, kalkoak eta interferentziak. Gurean bezalatsu.

Eragin guztiz desorekatuaren kasuan, hizkuntza nagusiak jan egin dezake menderatua (aurrena desitxuratuz, hurrena desegituratuz eta azkenik deseginez).

Desitxuratu, desegituratu, desegin… Deserritu.

Tira, alferrik da. Gaur ez nago lanerako. Eman dezadan amore. Kontra egiten saiatu gabe, berriz ere leihoz haratagoko elur malutei lotu diet begiratua.

Negua ari du aurten, bota dit orduan gogoak. Hasperen egin dut. Otzan, nire gogo hezikaitzari men eginez, tiraderatik paper batzuk atera eta ariketa gisa aspaldi egiten hasi nintzen itzulpen bati heldu diot berriz.

Negua ari du aurten. Hotza. Bustia. Hezurrak zurminduta gaude, sabela beti erdi bat gose eta beste erdia huts. (…) Hotzak, aiduru gaude baina, ez gaitu hiltzen ahal guk nahi bezain fite. Bizia biziari aldezten zaiola.

Gogoratu dut oso zaila iruditu zitzaidala esaldiok gaztelaniara itzultzea. Itzulpen-ariketa horretan sumatu nuela, oso garbi, elkarrengandik zeinen urrun dauden euskara eta gaztelania, hizkuntza gisa. Antipodetan. Eta halako lasaitasun bat sentitu nuela, esaldi gozakaitz horiekin borrokan.

Baratzeko hormaren kontra fusilatuak nola abailtzen diren begira egoten gara geure aterpetik, euriari begira bezala. Ikusteko ederrenak isilik jausten direnak dira, ez negar bat, ez erantzukirik, harro nahiz apal, keizuak itsutuak zein penak sorgortuak bala tantolak lotu eta etzan.

Bala tantolak lotu eta etzan… Ah, zer zaila, zer zaila gaztelaniara itzultzen… Zer aparte dauden hizkuntzok elkarrengandik. Aparteago baleude hiztunon buruan…

6 Iruzkin

Itziar Otegi atalean

6 responses to “Elurra ari du Gasteizen

  1. Iñigo

    Zer testu ederra, Itziar! Oroitzapen politak ekarri dizkit, eta zer pentsatua ere bai. Eskerrik asko!

  2. Xabier Aristegieta

    Aparteago egotea? Hiztunon buruan, eta kutsadurak saihesteko baldin bada, bai, noski. Baina, itzultzaile garen aldetik, eta egia bada hainbestetan esaten den hori, itzultzaileok gure hizkuntzaren garapenari egiten diogun berariazko ekarpenaren garrantziari buruz… komeni zaigu gogoan ondo edukitzea beste hizkuntzak nola garatu diren, eta hortik gutxienez ere ikasbideren bat edo beste ateratzea. Gainerakoan, niri ere oso testu polita iruditu zait.

  3. Miren

    Je me souviens…

  4. Iñaki Iñurrieta

    Oso-oso testu polita, Itziar. Zure aurrekoak bezala, bestalde. Horrelakoak ere behar ditugu, itzultzaileon eguneroko “fenomenologia” horren ildokoak. Era guztietakoak agertzen dira blog honetan, motzak eta luzeak, alaiak eta serioak…, eta hori, berez, ona da. Bide batez, Itziar: nondik hartu dituzu hizkuntzari buruzko pasarte aldatu horiek?

    • Itziar Otegi

      Mila esker guztioi. Iñaki, zure galderari erantzunez: hizkuntzari buruzko pasarte horiek Juan Garziaren “Kalko okerrak” txostenetik hartuak dira.

      Bestalde, Xabier, txosten horretan bertan, beste pasarte batzuetan, zuk diozun hori ere adierazten da, alegia, hizkuntza guztiak direla mestizoak eta beste hizkuntzetatik hartuz egiten dutela aurrera, hein batean, hizkuntza guztiek. Hitz batean, kalko guztiak ez direla okerrak. Elebitasun (desorekatu)aren kasuan, ordea, bi hizkuntzen kodeak ondo-ondo bereiztean dago koxka. Etengabe atezuan egon behar nekagarri hori…

      Beste aipuak Jose Luis Otamendiren “Arratoiak” ipuinekoak dira, “Euri kontuak” liburukoa.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s