Forma edukiaren lagungarri

Jesus Maria Agirre Berezibar

Batzuetan gogo gutxi izaten da lanerako eta, gainera, ezer gutxi aportatzeko, eta gaur dut horietako egun bat. Hala ere, konpromisoak bete egin behar baitira, itxuraz munta txikikoa baina aldi berean oinarrizkoa den puntu batez arituko naiz gaurko entregan: azalak nola lagundu dezakeen mamia hobeto adierazten, edo forma-jokoek nola argitu dezaketen edukia.

Alde batetik daukagu batasunaren jokoa. Adibidez, multzo kontzeptualetan hobe da seriearen azkenean marka bakarra jartzea, batasun semantikoa baliabide sintaktikoz berresteko (marken ekonomia). Hona hemen testu juridiko bateko enumerazio bat eta bikote batzuk, Nekazaritza eta Elikadura Politikako Legearen aldaketa-legetik hartuta:

La comercialización de productos o materias y elementos para la producción y comercialización agroalimentarias sin el etiquetado, rotulación, presentación, embalajes, envases o recipientes que sean preceptivos.

Elikagaigintzako produktuak edo elikagaiak produzitzeko materiak eta elementuak komertzializatzea aginduzkoak diren etiketarik, errotulaziorik, aurkezpenik, bilgarririk edo ontzirik gabe.

Aginduzkoak diren etiketa, errotulazio, aurkezpen, bilgarri edo ontzirik gabe komertzializatzea nekazaritza eta elikadurako produktuak, edo nekazaritza eta elikadurako produkzio eta komertzializaziorako materia eta elementuak.

Beste alde batetik daukagu berdintasunaren jokoa, hau da, paralelismoa. Alegia, adierazi biren berdintasuna markatzeko errepikatu egin daiteke adierazle bat, gauzak argiago uzteko, berdintasun semantikoa berdintasun sintaktikoz berretsiz (marka berdinak). Joko honetan, errepika daitezke deklina-markak, posposizioak, preposizioak, hitz-elkarketako osagaietako bat, erreferentzia anaforikoak, aditzaren jokoa… Hona adibide bat aurreko lege beretik hartuta:

Sectores de actividad de la industria agraria y alimentaria y comercialización de productos agrarios y alimentarios que deberán contemplarse en el Registro de Industrias Agrarias y Alimentarias de la Comunidad Autónoma del País Vasco:

Hauek dira Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Elikagaigintza Industrien Erregistroan jaso beharko diren nekazaritzako eta elikagaigintzako industrien eta nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuak komertzializatzearen jarduera sektoreak:

Honako hauek dira Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Elikadura Industrien Erregistroan jaso beharko diren nekazaritza eta elikadurako industrien jarduerako sektoreak eta nekazaritza eta elikadurako produktuen komertzializazioaren jarduerako sektoreak:

Eta beste alde batetik daukagu ezberdintasunaren jokoa, hots, kontrastea. Hau da, adierazi biren ezberdintasuna markatzeko, adierazle ezberdinak erabiltzea da onena, ezberdintasun semantikoa ezberdintasun sintaktikoaren bidez berretsiz (marka ezberdinak). Kontraste-jokoa egin daiteke elementu hauek baliatuta: aditz jokatua eta jokatugabea, izenlaguna eta izenondoa, genitiboz lotutako hitza eta hitz-elkarketa, bi genitiboak, adierazi bereko postposizio, juntagailu eta menderagailu ezberdinak… Hona hemen adibide bat Euskadiko Ondareari buruzko Legetik hartuta:

Cuando fuera declarado desierto un previo procedimiento de concurrencia, siempre que no se modifiquen las condiciones originales y no haya transcurrido más de un año desde la fecha de celebración de dicho procedimiento.

Aurretiaz, lehia-prozeduraren bat esleitu gabe utzi bada, baldin eta jatorrizko baldintzak ez badira aldatu eta prozedura hori egin zenetik ez bada urtebete baino gehiago pasa.

Aurretiaz lehia-prozeduraren bat esleilu gabe utzi denean, baldin eta jatorrizko baldintzak aldatu ez badira eta prozedura hori egin zenetik urtebete baino gehiago pasa ez bada.

Beraz, hiru forma-joko (marken ekonomia, paralelismoa eta kontrastea) edukiaren lagungarri (batasuna, berdintasuna eta ezberdintasuna nabarmentzeko). Hau ez da gramatika-kontu bat, baizik eta zerbait oinarrizkoagoa, estilo-kontu bat, komunikazio-senak aktibatu dezakeena.

2 Iruzkin

Jesus Maria Agirre atalean

2 responses to “Forma edukiaren lagungarri

  1. Igone Zabala

    Oso azalpen interesgarria eta didaktikoa. Eskertzen dira egitura eta estrategia diskurtsiboak lotzen dituzten azalpenak. Oso erabilgarria izan daiteke irakaskuntzan ere.

  2. Iñaki Iñurrieta

    Niri ere iruditzen zait oso ekarpen interesgarria egin duzula, Jesus Mari. Itzultzaileok eguneroko lanean izaten ditugun “tropismo” txiki horien berri elkarri emateko leku aproposa iruditzen zait blog hau, aurkikuntza edo usadio estilistiko horiek aberasgarri dira denontzat.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s