Aniztasunak bizi (eta hondatzen) gaitu

Alfontso Mujika Etxeberria

Garai batean, izakiak zelulabakarrak edo zelulanitzak zirela ikasten zen euskarazko zientzietako liburuetan. XX. mendeko euskararen corpus estatistikoak esan dit 1976an (duela 37 urte!) dagoeneko erabili zela zelulanitz Aranzadik eta Jakinek argitaratutako Natur Zientziak hiztegian. 20 urte geroago, 1996an, Ibon Sarasolaren Euskal Hiztegian ageri zen zelulanitz sarrera. Molde berean sortutako balioanitz ere ez da jaioberria. 1988an agertzen da EUSTATen liburu batean. Eta eleanitz 1991an ageri da lehen aldiz, corpus horren arabera.

Hala ere, XX. mendearen bukaeran, agertu ziren zelulanitz erakoen kontrako iritziak. 2000. urterako, Ibon Sarasolak berak gaitzetsi egin zuen zelulanitz, 5 urte lehenago argitaratu zuen hiztegian hitz hori sartu bazuen ere. Eta arrazoiak ere eman zituen. Honen modukoak:

zelulabakar hitzak ez du arazorik, IZENA + IZENONDOA erakoa delako, adarbakar edo adarbakoitz den bezala.

zelulanitz hitzak, berriz, ez du egitura hori, anitz ez baita izenondoa, zenbatzaile zehaztugabea baizik. Alde horretatik, zelulanitza esatea zelulaskoa esatearen parekoa litzateke. Hegoaldekooi zelulaskoa bezain bitxia gertatzen bide zaie zelulanitza Iparraldekoei.

Horiek horrela, zelulanitz ez eta zelulaznitun proposatu zuen Ibon Sarasolak.

Gai hori Itzulisten ere ibili zen 2001ean (Ikus 10.452 mezua eta segidakoak). Garai hartan, ez ginen oso konforme agertu zelulanitz baztertzearekin, baina, tira, onartu behar zen eraketa zalantzagarria behintzat bazela.

Gogoan daukat 2001ean orain blogkide dudan Igone Zabalarekin mezu-trukea izan nuela kontu hori zela eta. Igonek aipatzen zuen, alde batetik, zelulaniztun loturik idaztea ere zalantzazkoa zela, eta, bestetik, aipatzen zuen anitzek mugatzailea har dezakeela kasu batzuetan, hau da, ugariren parekoa ere izan daitekeela, eta, hori hala izatera, bakar bezain izenondo izango zela, eta, orduan, zelulanitz gisako hitzak eratzea zilegi izan zitekeela.

Orduan ez genituen orain eskura ditugun baliabideak. Orotariko Euskal Hiztegiak esaten digu anitz izena eta izenondoa ere badela, tradizioaren arabera, eta mugatzailea ere har dezakeela, hori erabilerarik hedatuena eta ohikoena ez bada ere (Halakotz erraiten drauat barkhatu zaizkala bere bekhatu anhitzak; Dugun aphurra edo hainitza zureganik da; Hauta zazu hobeki gutia, ezen ez hañitza; Meza haukin hain duk, handi eta hanitz nonbrea;…).

Nolanahi ere, zirrikitu hori itxi egin zuen Euskaltzaindiak Hiztegi Batuarekin. Hiztegi Batuaren lehen itzulian (lehen bertsioan), 2000. urtean, anitz izenondoa debekatu zuen:

anitz 1 zenbtz.: jende anitz etorri da. 2 (*industria anitza e. askotariko industria).

Gero, 2. itzulian,  orain dela 5-6 urte, 2000. urteko bideari eutsi, eta are gehiago zehaztu zuen: [IZEN + anitz] formakoak debekatu egin zituen, eta [IZEN + aniztun] agindu.

aldeanitz* e. aldeaniztun

aldeaniztun izond. ‘alde anitzekoa, alde askokoa’

balioanitz* e. balioaniztun

eleanitz* e. eleaniztun

eleaniztun

Eta, esanekoak garenez, zintzo betetzen dugu Euskaltzaindiaren agindua itzultzaile gehienok. Baina, kanpoan, zer giro?

13 urte joan dira Euskaltzaindiak industria anitza debekatu zuenetik, ezta? Bada, joan den urtean, Ezker Anitza – IU alderdi politikoa sortu zen, gaztelaniazko izenik ez duen alderdi politikoa. Alegia, komunikabideetan, batez ere hauteskunde garaian, egunero-egunero agertu da Ezker Anitza, euskaraz eta gaztelaniaz. Zoaz orain ikastolara, eta esan ikasleei «Euskal gizartea anitza da» gaizki dagoela eta hobe dutela «Euskal gizartea plurala da» esatea.

—Plurala? Maisu, zu bai erdalzalea.

Hartu ikasleak, eta eraman itzazu Donostiako San Telmo Museora Badu, Bada erakusketa polita ikustera. Ai, ama! Begira izenburua: Badu, Bada. Euskara mundu eleanitzean (El euskera en un mundo multilingüe). Han ibiliko zaizkizu ikasleak korridore batean barrena; paretak, ezker–eskuin, «Eleanitza» dioten kartelez josiak. Itzuli orain ikastolara, eta esan ikasleei «mundu eleanitza» gaizki dagoela, «mundu eleaniztuna» behar duela.

—Eleaniztuna? Maisu, nondik atera duzu hitz hori?

Eta, hurrengo goizean, esan baitiezu «eleanitza» deskuiduan jarriko zutela eta badirela ia 6 urte eleanitz hitza debekatuta dagoela, hantxe etorriko zaizkizu ikasleak:

—Maisu, ba al dakizu zer esaten duten Euskadi Irratian Euskal Eskola Publikoaren iragarkian? «Euskal Eskola Publikoa eleanitza da».

Eta etsia nabaritu dizute begitartean.

—Maisu, tio, eske zu ez zara enteratzen!

3 Iruzkin

Alfontso Mujika atalean

3 responses to “Aniztasunak bizi (eta hondatzen) gaitu

  1. Koldo Biguri

    Sisiforen madarikazioaren euskal bertsioa da: gizarte euskalduna ederki kostata iristen denean harri bat tontorrera eramatea (ados jartzea eta euskak dituen kanal desberdinetan zabaltzea halako baliabide semantiko edo sintaktiko bat), hara non datorren beti norbait esatera “ume, kaka!”, hori gaizki dago, bota ezazu harri hori hortik, ez du balio. Eta gero guztiok ardikeriaz zintzo bete! Joan den mende hasieratik daukagu gaitz hori: horrela bota dugu zakarrontzira edo kakaontzira aurreko mendeetan euskaraz idatzi zutenek ederki kostata pilatutako altxorra. Begira zer gertatu zen/den ZEIN erlatiboarekin, adibidez: euskal testu zahar ia gehienetan funtzionala izatetik guztiz bazterrekoa izatera eraman da. Euskara beti kamusten, inausten ari gara, arrazoiarekin edo gabe. Eta Sisifok euskaldunak inoiz ez du bukatzen bere zigorra: harria tontorrera eraman eta gero, berriro botako diote haranera.
    Eta, sentitzen dut: begira dezagun ingurura. Begira nola funtzionatzen duen antzeko gauzetan Academia Españolak. Begira zer gertatu den zuzendu beharrekotzat jo zituen hainbat baliabiderekin; adibide bakarra: elite idatzi behar omen zen, hitza jatorriz ez delako esdrujuloa, eta gaztelaniazko tildea frantsesaren idazkeratik zetorren. Baina gizarteak erantzun zion urte asko zeramatzala élite esaten eta idazten. Eta azkenik, onartuta dago. Bitartean, hemen… Sisifo.

  2. oskar arana

    Hau ere, beste arrazoibide horien haritik, edo aldamenetatik, batek ez daki jada nondik, ez dut nik oso ondo ulertzen:

    dibertsitate 1 iz. Biol. 2 iz. (Bestelakoetan erabil aniztasun, bestelakotasun, desberdintasun, eta abar)

  3. Igone Zabala

    Nahi baino beranduago lotu natzaio Alfontsok plazaratutako gaiari: gauza guztietara heltzeko ezintasuna. Nire izena aipatuta ikusi dut gainera. Ahaztuta neukan aspaldian Alfontsorekin izandako iritzi-trukea, baina beti ere kezka sortu didaten gaietako bat da hain zuzen ere ‘zelulanitz’ bezalakoak zokoratzearena. Izan ere, 2002an artikulu bat idatzi nuen gaiaren inguruan: http://www.ei.ehu.es/p289-content/eu/contenidos/informacion/euskara_inst_jardunaldiak2002/eu_jard2002/adjuntos/14.pdf
    ‘Anitz’ zenbatzaileak adjektibo (predikatu) modura jokatzeko (Gizartea oso anitza da) ahalmenetik harantzago doa kontua. Izan ere, ‘zelulanitz’, ‘eleanitz’ eta ‘balioanitz’ bezalakoetan adjektibo elkartu exozentriko bat daukagu, eta horren gramatika-kategoria ez da izan behar ‘anitz’ osagaiarena. Alegia, ‘anitz’ zenbatzaile hutsa izanda ere, ‘zelulanitz’ arazorik gabe izan daiteke adjektibo, hitz elkartu exozentriko bat delako. Izena+zenbatzaile moduko hitz elkartuak baditugu: lauburu, ehunzango… Izena+ adjektibo modukoak ere: sudurluze, hankamotz… Bestelako hitz elkartu ugaritan ere ez dator bat hitz elkartuaren kategoria osagaien kategoriarekin: joan-etorri (aditz), buru-belarri (adberbio), hitzontzi (adjektibo).
    Kasu honetan, beraz, beste askotan bezala, hizkuntzaren baliabideei bidea moztea baino are kezkagarriagoa iruditzen zait “okerreko arrazoi linguistikoengatik” moztea oso emankor eta beharrezkoa den hiztegi-sorkuntzarako bide oso bat.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s